Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

165. zk., 2020ko abuztuaren 24a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3383

AGINDUA, 2020ko uztailaren 22koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2020an eta 2021ean euskal kultura-ondarearen babesaren arlora bideratutako ikerketa-lanak egiteko dirulaguntzen deialdia egin eta hartarako araubidea arautzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuak, 10. artikuluaren 19. apartatuan, Euskal Autonomia Erkidegoari ematen dio ondare historiko, artistiko, monumental, arkeologiko eta zientifikoaren gaineko eskumen esklusiboa, eta Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen du Estatuak ondare hori esportazioaren eta espoliazioaren aurrean babesteko ezarritako arauak eta betebeharrak betetzea.

Maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak, Euskal Kultura Ondarearenak, hau ezartzen du 1. artikuluan: «Lege honen xedea da EAEko euskal kultura-ondarearen araubide juridikoa ezartzea, beraren babesa, kontserbazioa eta balio-nabarmentzea bermatzeko, bai eta pertsona guztiek, oraingo eta etorkizuneko belaunaldiek, irisgarritasun unibertsaleko baldintzetan posible direnean, ondare hori ezagutu, ikertu, hedatu eta goza dezatela erraztea ere».

Sustapen-neurriei dagokienez, 6/2019 Legearen 79.2 artikuluak ezartzen duenaren arabera, Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiekin eta udalekin elkarlanean, kultura-ondareari buruzko gaietan ikerkuntza eta prestakuntza sustatuko ditu. Orain dela urte batzuetara arte, ondare hori, dokumentazioari eta babesari dagokienez, ondare historiko-arkitektonikora eta arkeologikora mugatzen zen, baina, denbora igaro ahala, zientzialariek ia landu ez dituzten eremuetara zabaldu da: industria-ondarea, ondare immaterial edo ukiezin deitutakoa, eta, nola ez, memoria historikoaren ondarea, bai eta ondare higigarria ere. Horrez gain, ez da ahaztu behar genero-ikuspegia txertatu behar dela ondare horiek identifikatu eta baloratzean.

Eusko Jaurlaritzak Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroaren bidez garatzen ditu 6/2019 Legeak esleitzen dizkion eskumenak. Egun, zentro hori Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikita dago, hala zehaztuta baitago sail horren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuan (apirilaren 21eko EHAA, 76. zenbakia).

Agindu honek, bada, kultura-ondarearen babesari aplikatutako ikerketa-proiektuak egiteko dirulaguntzak emateko prozedura eta baldintzak arautzeko esparrua zehazten du, eta dirulaguntzon deialdia egiten du 2020rako eta 2021erako. Deialdi honetan, hala ere, ez dira sartzen kultura-ondare immateriala xedetzat duten lanak; izan ere, 2020ko Dirulaguntzen Urteko Planean dirulaguntza-lerro espezifiko bat aurreikusi da ondare-kategoria horren ikerketarako.

Agindu hau Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (2018-2020) jasota dago (Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2018ko urtarrilaren 31ko Agindua, zeinaren bidez Sailaren Dirulaguntza Plan Estrategikoa 2018-2020 epealdirako onetsi zen), bai eta 2020ko Dirulaguntzen Urteko Planean ere. Biak ere Sailaren webgunean argitaratuta daude, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/sail-plana/sailaren-dirulaguntzen-plan-estrategikoa-2018-2020/web01-s2kultur/eu/

Hori dena kontuan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Iragarritako laguntzen xedea da ikerketa-proiektuak egitea, euskal kultura-ondare materialaren –higiezinaren nahiz higigarriaren– babesa hobetuko duen ezagutza berria sortzeko. Agindu honen xedetik kanpo geratzen da kultura-ondare immaterialaren ikerketa.

2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Kultura-ondarea –zentzu zabalean ulertuta– hobeto ezagutzen laguntzen duten eta berau babesteko irizpide oinarridunak zehazten eta tresna erabilgarriak egiten laguntzen duten proiektuak lagundu ahal izango dira diruz. Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-ondareari buruzkoak izango dira proiektuak –ondare immaterialari buruzkoak salbu–, eta iturri dokumental, bibliografiko, arkeologiko, toponimiko, grafiko eta ikusizkoak izango dituzte oinarri, bai eta ahozko transmisioko iturriak ere.

Dirulaguntza-lerro honetatik baztertuta egongo dira honako hauek:

– Laborategi edo profesional espezializatuek analitikak egiteko xede bakarra duten proiektuak; adibidez eta zerrenda osoa emateko asmorik gabe: datazio absolutuak, dendrokronologia, DNA analitikak edo biologia molekularra, isotopo egonkorrak, etab. Halere, kultura-ondarea –higigarria edo higiezina– ikertzeko proiektuek dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte baldin eta analitikak egin behar badituzte proiektuaren xede den ondarea ikertzeko erabilitako informazioa hobetu eta zehazteko laguntza gisa. Betiere proiektuan esplizituki justifikatu beharko da analitika horiek osagarriak direla, eta ez funtsezkoak.

– Kultura Ondarearen Zuzendaritzak deialdi honen aurretik egin dituen ondare-katalogoak egitea xede duten proiektuak.

– Jarduera bakar edo nagusitzat honako hauek dituzten proiektuak: datu-baseetan, informazio dokumentaleko sistemetan edota informazio geografikoko sistemetan bilketa soila egitea, edo higiezinen dokumentazio geometrikoa egitea, edo ondare-dokumentuen nahiz ondare-objektuen irudi edo modelo digitalak lortzea, edo iturri bibliografikoetan, ahozko iturrietan, artxibo-, dokumentu- eta museo-funtsetan, memorietan eta arkeologia-dokumentazioan dauden datuak edo informazioa lortzea, horiek hedatzeko edo argitaratzeko helburuarekin edo etorkizuneko ikerketetarako iturri gisa.

– Landa-lan arkeologikoak, lurpean nahiz eraikinetan (altxaeren analisia) eginak, foru-aldundiek abiarazitako beste dirulaguntza-lerro batzuen xede badira, lan horiek ikerketaren xede nagusia direnean.

– Euskal Kultura Ondarearen 6/2019 Legea aplikatuta nahitaezkoak diren lan arkeologikoak, babes bereziko eta ertaineko kultura-ondasun deklaratutako eremu arkeologikoei eta ustezko zona arkeologikoei eragiten dieten obren ondoriozkoak.

– Foru-aldundiak edo beste Administrazio Publiko batzuk egiten ari diren jarduerak.

3. artikulua.– Pertsona eta erakunde onuradunak.

1.– Dirulaguntza hau pertsona fisikoek eskatu eta jaso dezakete, baita pertsona juridiko pribatuek ere, betiere, estatutuen arabera, euren xede edo helburu soziala kultura-ondarearekin lotutako jarduerak garatzea denean.

2.– Sektore publiko instituzionala eratzen duten erakundeek ezin izango dituzte laguntza hauek jaso, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 2. artikuluaren arabera.

3.– Dirulaguntza pertsona fisiko batek eskatzen duenean, eskatzailea izango da dirulaguntzaren onuradun bakarra, eta hark hartuko du bere gain proiektuaren zuzendaritza zientifikoa, proiektua bakarka (bere kabuz) nahiz beste pertsona batzuen lankidetzarekin egiten duenean.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Aurreko artikuluan aurreikusitako xedera, 160.000 (ehun eta hirurogei mila) euro bideratuko dira. Horietatik 80.000 (laurogei mila) euro 2020ko aurrekontuari dagozkio, eta 80.000 (laurogei mila) euro 2021eko konpromiso-kredituetarako dira.

5. artikulua.– Muga edo gehieneko zenbatekoa, diruz lagundu daitezkeen gastuak eta dirulaguntzaren bateragarritasuna.

1.– Onartutako aurrekontuan jasotako diruz laguntzeko moduko gastuen ehuneko ehun (% 100) hartu ahal izango dute dirulaguntzek, proiektuko 13.500 (hamahiru mila eta bostehun) euro gainditu gabe; betiere Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren aurrekontu-kontsignazioen barruan.

2.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartzen dira zuzenean lana egitearen ondorioz sortu direnak eta agindu honen 21. artikuluan lana justifikatzeko ezarri den aldia amaitu baino lehen egin direnak, honako hauetan ezarritakoaren arabera: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikulua eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamenduaren –uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsia– 83. artikulua. Hain zuzen, hauek dira diruz lagundu daitezkeen gastuak: langileen gastuak, kanpo-zerbitzu profesionalak, landa-lanerako dokumentazio geometrikoa egiteko ondasun kontsumigarriak eta erremintak eskuratzeko edo makinak edo ekipamenduak alokatzeko gastuak, norbera babesteko ekipamenduak, mantenu- eta desplazamendu-gastuak (artikulu honen 3. puntuan zehazten diren baldintzen eta mugen arabera) eta proiektuaren prestaketaren eta justifikazioaren ondoriozko gastuak.

3.– Mantenu- eta desplazamendu-gastuak diruz laguntzeko modukoak izango dira, baldin eta arrazoituak badaude eta landa-lanak egiteko behar-beharrezkoak badira; horretarako, esplizituki justifikatu beharko dira proiektuan, eta gastuei dagokien partida ekonomikoa jaso beharko da eskaerarekin batera aurkezten den dokumentuan. Desplazamendu-gastuen kasuan, diruz laguntzeko modukoak izango dira garraio publikoaren erabilerari dagozkionak eta ibilgailu partikularrarekin egindako bidaien kalte-ordainak. Azken horiei dagokienez, 0,29 euro/km-ko dirulaguntza emango da gehienez ere. Hala badagokie, diruz laguntzeko modukoak izango dira autobideetako bidesariak eta aparkatzeko gastuak, landa-lanak egiteko beharrezkoak direnean. Garraio publikoarekin egindako desplazamenduei dagozkien dirulaguntzen zenbatekoa frogatzeko, bidaia-tituluaren egiaztagiria edo faktura aurkeztu beharko da. Hoteletako egonaldiei dagozkien gastuak diruz lagundu ahal izateko, ostatu hartu duten pertsonak nor diren eta zer datatan egin duten jaso beharko da gastuak arrazoitzeko erabiltzen diren fakturetan.

4.– Ez da inolaz ere diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko agindu arautzaile honetan zehazten diren bi ordainketetako edozeini dagokion PFEZaren atxikipena, hala badagokio eta indarrean dagoen tributu-arautegiaren arabera egin behar dena.

5.– BEZ kengarriaren zenbatekoa ez da, ezta ere, diruz lagunduko, baldin eta pertsona edo erakunde onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Horrelakoetan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa aurreikusitako gastu zuzenen eta egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da. Pertsona edo erakunde eskatzaileak eskabidean adierazi beharko du BEZaren aitorpena egitera behartuta dagoen eta zerga hori kendu edo konpentsa dezakeen.

6.– Dirulaguntza hauek bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada eta deialdi honetan ezarritako mugak gainditzen ez badira. Halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

6. artikulua.– Eskaera egiten duten pertsona edo erakundeen betekizunak.

1.– Jarduteko gaitasun nahikoa izan behar dute.

2.– Pertsona juridikoen kasuan, kultura-ondarearekin lotutako jarduerak gauzatzea izan beharko da euren xede edo helburu soziala.

3.– Egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta, hala badagokio, Gizarte Segurantzarekikoak.

4.– Ezin izango da eskaerarik egin Minimis-araubideko 200.000 euro baino gehiagoko laguntzak jaso badira, azken bi ekitaldietan nahiz uneko ekitaldian.

5.– Ezin izango dira aurkeztu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik jaso duten eskatzaileak, ezta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik dutenak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoa barne.

6.– Edonola ere, pertsona fisiko edo juridikoek ez dute dirulaguntzarik jasoko, baldin eta azaroaren 17ko 38/2003 Legearen –Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren– 13.2 eta 13.3 artikuluetan zehazten diren egoeretako batean badaude, hau da, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean.

7.– Dirulaguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz eta halakorik egingo ez balitz horretarako ezarritako borondatezko epearen barruan, indargabetu egingo da baldintzapean emandako laguntza, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik.

7. artikulua.– Proiektuen zuzendaritza zientifikoa, betekizunak eta azpikontratazioa.

1.– Pertsona fisiko batek nahiz pertsona juridiko batek eskaera eginda ere, lana banaka edo taldeka egiteko aukera egongo da. Nolanahi ere, dirulaguntza bakarra emango da.

2.– Edozein kasutan, lana banaka egiten duen pertsonak edota lanaren zuzendaritza zientifikoaren ardura hartzen duen pertsonak lizentziaduna edo graduduna izan beharko du, eta lizentziaren edo graduaren ikasketa-programak ardatz gisa izan beharko du honako ikasketa-eremuetako bat: Kultura Antropologia, Arkeologia, Historia edo Artearen Historia. Horiez gain, baliozkotasun bera izango dute graduondokoen, ikasketa aurreratuen diplomen, masterren edo doktoretzen edozein titulazio ofizialek, baldin eta titulazioa lortzeko egin den ikerlanaren xedeak lotura zuzena badu aipatu diren ezagutza-eremuekin.

3.– Proiektu baten zuzendaritza zientifikoa bere gain hartzen duen pertsona deialdi honetara aurkeztutako proiektu bakarrean baino ezingo da halakotzat agertu.

4.– Dirulaguntzaren eskatzailea pertsona fisiko bat denean, pertsona horrexek hartu behar du proiektuaren zuzendaritza zientifikoaren edo proiektua banaka egitearen ardura. Horretarako, ezinbestean izan behar du artikulu honen 2. puntuan zehazten den kualifikazio zientifiko eta akademikoa. Eskatzailea pertsona juridiko bat denean, artikulu honen 2. puntuan zehazten diren titulazio-baldintzak betetzen dituen pertsona bat izendatu beharko du proiektuaren zuzendaritzaz arduratzeko.

5.– Unibertsitateko irakasle batek edo unibertsitate zein erakunde zientifiko batekiko lotura estatutario edo laboral iraunkorra eta doktore-titulua dituen pertsona batek emandako abal zientifikoa izan beharko du proiektuaren zuzendaritza bere gain hartzen duen pertsonak.

6.– Diruz laguntzen den jardueraren azpikontratazio partziala baimentzen da. Azpikontratazio gisa ulertzen da pertsona edo erakunde onuradunak dirulaguntza jasotzen duen jarduera hirugarrenekin hitzartzea. Kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da onuradunak diruz laguntzen den jarduera bere kontura gauzatu ahal izateko egin behar dituen gastuen kontratazioa. Azpikontratatzen diren lanen zenbatekoak ezin du gainditu diruz laguntzen den jardueraren zenbatekoaren % 90. Nolanahi ere, azpikontratazioak bete egingo du Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan xedatzen dena.

8. artikulua.– Proiektuak egiteko epea.

Diruz lagundutako proiektuek 2020ko ekitaldian hasi behar dute edo dagoeneko hasita egon behar dute. Proiektuak amaitzeko azken eguna 2021eko urriaren 28a izango da, eta egiteko epea ezin izango da luzatu edo geroratu data horietatik aurrera.

9. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Pertsona fisiko interesdunek bide elektronikoak edo aurre aurrekoak erabili ahal izango dituzte prozedura honetako izapide guztiak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko. Pertsona juridikoek bide elektronikoak erabili beharko dituzte, nahitaez.

3.– Eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira, honako toki hauetan: Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoetan) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan zehazten diren leku edo bulegoetan. Eskabideak Kultura Ondarearen Zuzendaritzari zuzenduko zaizkio: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

4.– Eskaera-formularioa eskuragarri egongo da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan –artikulu honen 5. apartatuan adierazten den helbidean–, bai eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzan eta Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan ere.

5.– Eskabideak modu elektronikoan aurkez daitezke, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1030005

6.– Bide elektronikotik eginiko eskaeraren osteko izapideak egoitza elektronikoaren bitartez egingo dira. artikulu honen 5. apartatuan adierazitako helbidetik sar daiteke egoitza elektroniko horretara; bestela, zuzenean dagokion espedientera sar daiteke Nire Karpeta ataletik: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

7.– Pertsona fisikoen kasuan, eskaera egiteko eta dokumentuak aurkezteko bide elektronikoa edo aurrez aurrekoa erabiltzen badute, ez dituzte nahitaez baliabide horiek erabili behar prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke eta. Jakinarazpenak jasotzeko bidea aldatu nahi bada, Zuzendaritza Kudeatzaileari jakinarazi beharko zaio, egoitza elektronikoan eskura daitekeen formularioaren bitartez.

8.– Eskabideak aurrez aurre nahiz bide elektronikoz izapidetzeko zehaztapenak eta ereduak eskuragarri egongo dira egoitza elektronikoan, artikulu honen 5. apartatuan zehaztutako helbidean eta artikulu honen beraren 4. apartatuan adierazitako tokietan.

9.– Eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, aukeran. Era berean, prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen duen moduan.

10.– Identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutakoak, helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ ziurtagiri-elektronikoak.

11.– Ordezkari baten bidez ere aurkez daiteke eskaera. Horretarako, oraindik ez bada ordezkaritza-egilespenik erregistratu Ahalordeen Erregistro Elektronikoan, ordezkaritza-egilespenaren inprimakia aurkeztu beharko da behar bezala beteta eta sinatuta, edo, bestela, notario-ahalorde bat. Pertsona juridiko bat ordezkatzen duten pertsona fisikoek derrigorrean aurkeztu behar dute eskaera bide elektronikotik. Ordezkaritza-ahalordea dagoeneko erregistratuta badago Ahalordeen Erregistro Elektronikoan, ez da aurkeztu behar ordezkaritza-egilespenaren inprimakirik. Ordezkaritza inskribatzeko izapideen gaineko informazio zehatza lortzeko eta ereduak zein inprimakiak jaisteko, sartu esteka honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

10. artikulua.– Pertsona edo erakunde eskatzailearen eta proiektuaren zuzendaritza zientifikoa egin edo hartzen duen pertsonaren betekizunak egiaztatzea.

1.– Ez da dokumentaziorik aurkeztu behar pertsona fisiko eskatzailearen edo, hala badagokio, ordezkari gisa jarduten duen pertsonaren identitatea egiaztatzeko.

2.– Dirulaguntza pertsona juridiko batek eskatzen duenean, egiaztatu beharko da xede edo helburu sozialean sartzen dela kultura-ondarearekin lotutako jarduerak garatzea. Hori egiaztatzeko, erakundearen eratze-eskrituren edo estatutuen kopia bat aurkeztu beharko da.

3.– Eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela egiaztatuko du automatikoki organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Ordainketa horietan egunean egotea eta dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketan egunean egotea bete beharreko betekizunak dira bai onuradun-izaera lortzeko bai onuradun izaten jarraitzeko.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.6 artikuluari jarraituz, eskaera-formularioarekin batera egindako erantzukizunpeko adierazpen baten bitartez, honako betebehar hauek egiaztatuko dira:

– Eskabidea izapidetzeko unean ebazteke dauden edo, hala badagokio, lortu diren xede berarako beste dirulaguntza, laguntza edo sarrera batzuk eskatu direla jakinarazi behar du eskatzaileak.

– De minimis laguntzei buruzko adierazpena –eskaera-formularioan jasota dago–.

– Eskatzaileak ez du izan behar dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak barnean direla (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren arabera).

– Halaber, eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako agirietan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela dirulaguntza jasotzeko ezarritako betekizunak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritakoak.

5.– Pertsona fisikoen nahiz juridikoen kasuan, agindu honen 7. artikuluan proiektuaren zuzendaritzarako eskatzen den titulazioa egiaztatzeko, tituluaren edo hori lortzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiriaren kopia aurkeztu beharko da. Horrekin batera, espediente akademikoaren ziurtagiria aurkeztuko da, non adieraziko baita zein diren proiektuaren zuzendaritzaren ardura hartzen duenak eskatzen den titulua lortzeko egin eta gainditu dituen irakasgaiak edo gaiak eta, hala badagokio, Gradu Amaierako Lana, Master Amaierako Lana edo Doktoretza Tesia.

6.– Pertsona edo erakunde eskatzaileak eskubidea dauka lehendik Administrazio Publikoen esku dauden datuak eta agiriak ez aurkezteko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluarekin bat etorriz. Hala eginez gero, eskaeran adierazi beharko du zer administrazio-organotan eta noiz aurkeztu zituen; datu pertsonalak jasotzen dituzten agirien kasuan, interesdunaren berariazko baimena beharko da.

11. artikulua.– Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaeraz gainera, eskatzaileak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

1.– Egingo duen ikerketa-proiektuaren memoria. Memoriak 15 orri izango ditu gehienez, eta epigrafe hauetan egituratuta egongo da:

– Titulua.

– Proiektuaren aurkezpena.

– Proiektuaren helburu zehatzak (dirulaguntzaren iraupena aintzat hartuta).

– Gaiaren interesa eta ikerketen uneko egoera.

– Lan-hipotesia, -metodologia eta -plana, eta dagokion kronograma.

– Iturri eta bibliografia espezifikoak.

2.– Proiektuaren zuzendaritza zientifikoa bere gain hartzen duen pertsonaren eta, hala badagokio, proiektua egingo duen taldea osatzen duten gainerako pertsonen curriculum vitaea.

3.– Proiektuko diru-sarreren eta gastuen aurrekontu xehatua, 9. artikuluan adierazitako tokietan eskuragarri dagoen «Gastuen aurrekontua» izeneko ereduaren araberakoa.

4.– Zientzia-erakunde bati lotutako unibertsitate-irakasle edo ikertzaile doktore baten txostena, aurkeztutako proiektua bermatzen duena.

5.– Pertsona edo erakunde eskatzaileak prozeduran uko egin badio identifikazio-datuak automatikoki egiaztatzeari, agiri hauek aurkeztu behar dira: pertsona eskatzailearen NANaren fotokopia eta, hala badagokio, ordezkariarena (pertsona fisikoa baldin bada).

6.– Pertsona edo erakunde eskatzaileak prozeduran uko egin badio betekizun hauek automatikoki egiaztatzeari, agiri hauek aurkeztuko dira: zerga-betebeharrak egunean dituela adierazten duen ziurtagiria eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituela adierazten duen ziurtagiria.

7.– Zazpigarren artikuluan aipatzen den titulazio akademikoaren edo hori lortzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiriaren kopia.

8.– Espediente akademikoaren ziurtagiria. Bertan agertuko da zein diren proiektuaren zuzendaritzaren ardura hartzen duenak eskatzen den titulua lortzeko egin eta gainditu dituen irakasgaiak edo gaiak, bai eta, master ofizialen edo doktoretzen kasuan, ikasketa-programaren barnean egin diren ikerlanak ere.

9.– Dirulaguntza erakunde juridiko pribatu batek eskatu badu, erakundearen eratze-eskrituren edo estatutuen kopia bat.

10.– Ez da beharrezkoa 7., 8. eta 9. puntuetan aipatzen diren agiriak aurkeztea, pertsona edo erakunde eskatzaileak Administrazio Publikoen esku dauden datuak eta agiriak ez aurkezteko eskubidea baliatzen badu, agindu honen 10.6 artikuluan zehazten denari jarraituz. Kasu horretan, eskaeran adierazi beharko da zer administrazio-organoren aurrean eta noiz aurkeztu ziren agiriok.

12. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak betetzea.

13. artikulua.– Dokumentazioa aztertzea eta akatsak zuzentzea.

1.– Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egiaztatuko du eskaera epe barruan eta behar bezala egin dela eta eskatzen den dokumentazio guztia aurkeztu dela.

2.– Eskabidea izapidetzea onartzeko beharrezkoa den agiriren bat falta bada edo agiri horietan zerbait gaizki dagoela ikusten bada, edo balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkitzen badira, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko zaio ezen, eskatutakoa egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela edo izapideak egiteko eskubidea galdu duela ulertuko dela; hartarako, ebazpen bat emango da aldez aurretik.

3.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 eta 14.3 artikuluen arabera, pertsona edo erakunde bat behartuta badago eskabidea edo laguntzak kudeatzeko beharrezkoa den beste edozein dokumentazio bide elektronikoaren bitartez aurkeztera, baina eskabidea aurrez aurre aurkezten badu, eskabidea zuzentzeko eta bide elektronikotik aurkezteko eskatuko zaio interesdunari. Horretarako, zuzenketa egin zen eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.

14. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, eskabideok aztertu eta horiek onartu ala ez ebazteko eta onartutako eskabideen jarduerak baloratzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da. Batzorde horrek, ezarritako esleipen-irizpideak kontuan hartuta, dagokion ebazpen-proposamena igorriko dio Kulturako Sailburuordetzako titularrari.

2.– Batzordeak osaera orekatua izan beharko du. Hain zuzen ere, bi sexuek gutxienez % 40ko ordezkaritza izango dute, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoaren arabera. Honako hauek osatuko dute batzordea:

a) Kultura Ondarearen zuzendaria. Batzordeburua izango da, eta, boto-berdinketak egonez gero, bere kalitate-botoaz ebatziko ditu. Kargua hutsik badago, edo burua absente edo gaixorik badago, edo legezko beste arrazoiren bat badago, Batzordean hierarkia-maila, antzinatasun eta adinik handiena duen kideak ordeztuko du hura, betiere hurrenkera horretan.

b) Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroaren arduraduna.

c) Kultura Ondarearen Zuzendaritzako bi teknikari, Kultura Sailburuordetzako titularrak izendatutakoak.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoko teknikari bat izango da Batzordeko idazkaria, eta hitza izango du, baina botorik ez. Idazkariak kide anitzeko organoaren jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaindu beharko du, organo horren jarduketak ziurtatu beharko ditu, eta eraketarako nahiz erabakiak hartzeko prozedura eta erregelak errespeta daitezela bermatuko du.

3.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Balorazio Batzorderen osaera, hala ezarritako baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluan.

4.– Salbuespenez, Balorazio Batzordeak, egoki deritzonean, proiektuaren gai zehatz eta espezifikoan edo zeharkako gaietan (adibidez, genero-ikuspegian) aditu diren aholkularien laguntza eskatu ahal izango du.

5.– Balorazio Batzordea behar bezala eratzeko, beharrezkoa izango da, gutxienez, batzordeburua eta idazkaria egotea, bai eta, gutxienez, batzordekideen erdiak ere.

6.– Balorazio Batzordeko kideak abstenitu egingo dira, eta ezetsiak izan daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

15. artikulua.– Dirulaguntzak emateko prozedura.

1.– Agindu honetan jasotako dirulaguntzak emateko, ondoko lehia-prozedura erabiliko da:

– Behin eskaerak aurkezteko epea bukatu ostean, eta, kasua bada, 13.2 artikuluan aurreikusitako izapidea gauzatzean, agindu honetan ezarritako betekizunak betetzen dituzten eskabideak ebaluatu egingo ditu balorazio-batzordeak, 16. artikuluan finkatzen diren irizpideekin bat etorriaz.

– Dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuek, gutxienez, 50 puntu jaso behar dituzte ebaluazio-fasean.

2.– Baldin eta bi proiektuk edo gehiagok ikerketa-gai edo -ikuspegi berdina edo antzekoa badute eta, ebaluazioa egin ostean, 50 puntu edo gehiago lortzen badute, puntuazio txikiena lortu dutenak baztertuko dira, eta puntuazio handiena duenari baino ez zaio emango dirulaguntza.

3.– Hainbat proiektuk puntuazio bera lortzen badute, agindu honen 16. artikuluaren e) letran puntuaziorik handiena lortu duenak izango du abantaila. Berdinketak jarraitzen badu, abantaila izango du agindu honen 16. artikuluaren i) irizpidea betetzen duen eskatzaileak. Eskatzaile batek ere ez badu baldintza hori betetzen, agindu honen 16. artikuluaren b) irizpidean lortutako puntuaziorik handienak erabakiko du berdinketa.

4.– Gehienez ere onartutako aurrekontuaren % 100 emango zaie horiei, gainfinantzaketarik sortu gabe, eta betiere agindu honen 5. artikuluan zehaztutako gehieneko muga errespetatuta. Proiektuek lortutako puntuazioak markatzen duen ordenari jarraikiz emango da laguntza, harik eta baliabide ekonomikoak agortu arte. Azkeneko lekuan dagoen proiektua diruz laguntzeko zenbatekoari dagokionez, zenbatekoa ez bada % 100era iristen, zenbateko txikiagoa emango da; betiere, balorazio-batzordeak uste badu hala eta guztiz ere bermez gauzatu ahal izango dela. Dena dela, kasu horretan, gutxitzeak ezingo du gainditu eskatutako dirulaguntzaren % 25.

16. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Dirulaguntza emateko eta zenbatekoa zehazteko, alderdi hauek baloratuko dira (guztira, 100 puntu izango dira).

a) Azterketaren xede den esparruaren orokortasun-maila (kultura-ondasun ugari biltzen dituen edo ez; hori ez da ulertuko kopuruari dagokionez, baizik eta koherentzia duen ondasun multzo gisa, hala nola tipologia, kronologia, geografia-esparrua, etab.):

– 5 eta 10 puntu artean emango dira tipologia baten ondasun orokorrak direnean edo xede-eremua Euskal Autonomia Erkidegoa denean, edota, lurralde historiko batean ondasun multzo partzial bat izan arren, multzo esanguratsua denean.

– 1 eta 4 puntu artean emango dira elementuak modu isolatuan aztertzen direnean (ez du nahitaez banaka izan behar).

b) Baldintzengatik lehentasunezkotzat jo daitezkeen kultura-ondasunak aztergai dituzten proiektuak, honako irizpide hauek tarteko: ondarea zer inguru geografikotan dagoen edo zer jakintza-arlotakoa den, nolako kontserbazio-egoeran dagoen, babes-mekanismoak ezartzeko zailtasun handia duen: gehienez, 15 puntu.

c) Beste iturri batzuen artean landa-lana baliatzen duten proiektuak: gehienez ere, 15 puntu, egin beharreko landa-lanen bolumenaren arabera. Puntu hauek emango dira:

– 10 eta 15 puntu artean, hainbat elementutan luze-zabaleko indusketa arkeologikoak edo zundaketa arkeologikoak egitea eskatzen duten lanetarako.

– 5 eta 9 puntu artean, elementu batean zundaketa puntualak egin behar badira edo hainbat elementutan administrazio-baimenik behar ez duten landa-lanak egin behar badira.

– 1 eta 4 puntu artean, administrazio-baimenik behar ez duen landako prospekzio edo esku-hartze puntualak egin behar badira.

Landa-lanak izango dira Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 64. artikuluan jasotakoak –ondare arkeologikorako–, bai eta azterlanaren xede diren kultura-ondasunei buruzko datuak «in situ» biltzea dakarten beste modalitate batzuk ere: elkarrizketak, inkestak, ondasunak berrikustea datuak biltzeko, higiezinen azterketa estratigrafikoa eta abar.

d) Ikerketa gauzatzeko, jatorrizko dokumentu-iturrietara sistematikoki jotzen duten proiektuak: gehienez ere, 15 puntu, kontsultatu beharreko dokumentazio-bolumenaren arabera. Puntu hauek emango dira:

– 10 eta 15 puntu artean, hainbat agiritegi kontsultatzea eskatzen duten proiektuetarako.

– 6 eta 9 puntu artean, agiritegi batera jotzen dutenentzat.

– 1 eta 5 puntu artean, bestelako iturri berrietara jotzen duten proiektuetarako.

e) Proiektuaren kalitatea eta interesa. Atal hau baloratzeko, kontuan hartuko dira, besteak beste, proiektuan zenbateraino zehazten diren garatuko diren jarduerak, nolako metodologia erabiliko den, aurrekontua arrazoizkoa den eta ikerketa berri den. Gehienez, 15 puntu.

f) Euskaraz egiten diren proiektuak, betiere onuradunak betebeharra hartzen badu ikerketaren azken emaitza euskaraz edo EAEko bi hizkuntza ofizialetan aurkezteko: 5 puntu.

g) Ikerketaren emaitzek kultura-ondarea babesteko duten aplikazio praktikoa: 1 eta 15 puntu artean.

h) Ondare higigarria aztergai nagusitzat duten proiektuei 5 puntu emango zaizkie.

i) Ikerketa-proiektuaren zuzendaritza zientifikoa emakume batek egitea, edo proiektuak ikerketaren xedean genero-ikuspegia txertatzea. Bi egoera horietako edozein gertatzen bada, 5 puntu emango dira.

Ondore horietarako, proiektuak ikerketaren xedean genero-ikuspegia txertatzen duela hartuko da kontuan, baldin eta aurkezten den proiektuaren memoriak analisi espezifiko baten bidez justifikatzen badu ikerketaren xedearen lanketa kontzeptual edo metodologikoan genero-bereizketa egon dela eta horrek ezagutzaren egungo egoerari nabarmen eragin diola, informazio-hutsuneak edo interpretazio-joerak eragin dituelako. Kasu horretan, genero-bereizketa egon denean, hori zuzentzen lagunduko duen ikuspegi edo metodologia bat aplikatu beharko da baloratu beharreko proiektuan.

17. artikulua.– Ebazpena.

1.– Balorazio-batzordeak ebazpen-proposamen arrazoitu bat egingo du, eta, espediente osoarekin batera, Kulturako sailburuordeari igorriko dio, ebazpena eman dezan.

2.– Ebazpenak honako hauek jasoko ditu, gutxienez:

a) Diruz lagundutako proiektuak eta adjudikatutako diru-zenbatekoak, bai eta ordainketa-faseak ere.

b) Eskatutako laguntza ukatu zaien proiektuen zerrenda, horretarako arrazoiak azalduta.

c) Onartu ez diren proiektuak, horretarako arrazoiak azalduta.

d) Diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko epea, agindu honen 8. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

e) Behin proiektua amaituta, emandako dirulaguntzak justifikatzeko era eta epea, agindu honetako 20.2 artikuluak dioenari jarraituz.

f) Diruz lagundutako jarduera gauzatuko dela bermatzeko bidezkotzat jotzen den beste edozein betebehar.

3.– Ebazpena, gehienez, bost hilabeteko epean jakinaraziko da, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunetik aurrera. Nolanahi ere, akatsak zuzentzeko epea irekitzen bada, aipatu den epea etenda geratuko da, pertsona edo entitate interesdunak eskakizunari buruzko jakinarazpena jasotzen duenetik eta eskakizun horri erantzuten dion arte, edo, bestela, zehazten den epean zehar.

4.– Esandako epeetan ez bada ebazpenik jakinarazten, eskabideak isiltasun administratiboaren bidez ukatu direla ulertu ahal izango da, administrazio-prozedurari buruzko araudiari jarraituz.

5.– Pertsona edo erakunde eskatzaileak eskaera aurkeztean hautatzen duen jakinarazpen-bidea erabiliko da jakinarazpenak egiteko; posta bidezkoa edo elektronikoa izan daiteke. Nire Karpeta aplikazioaren bidez egingo dira jakinarazpen elektronikoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Laguntzak eskatzen dituztenei jakinaraziko zaie ebazpena, eta, horretaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, jakinarazpen moduan eta herritar oro jakitunaren gaian egon dadin. Lehenik egiten den jakinarazpenaren data hartuko da jakinarazpen-datatzat.

6.– Jakinarazitako ebazpenaren aurka, edo ebazteko epea igarota berariazko ebazpenik eman ez bada, interesdunek gorako errekurtsoa aurkez dezakete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan xedatuari jarraikiz.

18. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan zehaztu eta arautzen diren dirulaguntzen onuradunek ondoren azaltzen diren betebeharrak bete beharko dituzte:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean pertsona edo erakunde onuradunek ez badiote dirulaguntzari berariaz eta idatziz uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.

2.– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko da, ez beste ezertarako.

3.– Edozer administraziok edo erakunde publiko nahiz pribatuk xede berarako emandako dirulaguntzen, sarreren edo baliabideen berri ematea, lortutako laguntza horien ukoari edo onarpenari buruzko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera.

4.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein baldintza objektibo zein subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea. Eta diruz lagundutako jardueren exekuzioan atzerapenak eragin ditzaketen jazoerak edo zirkunstantziak –baldin eta proiektua exekutatzeko ezintasuna badakarte– albait arinen komunikatu beharko dira.

5.– Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren funtzioak egiten ari direla eskatzen duten informazioa ematea, jasotako dirulaguntzei dagokienez, eta, orobat, haiek dituzten ikuskatze-, jarraipen-, egiaztapen- eta kontrol-ahalmen zein -funtzioei men egitea.

6.– Argitara daitezkeen testu edo agirietan aipatzea –ikerketaren emaitzen ondoriozkoetan– Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntza jaso dela, eta sailaren logotipo ofiziala ere jasotzea. Proposatutako ikerketarako eman den dirulaguntzak etorkizunean master amaierako lana edo doktorego-tesia egiteko bide ematen badu, lan edo tesi horretan jaso beharko da Eusko Jaurlaritzak eman duen laguntza, eta ale bat igorri beharko zaio Kultura Ondarearen Zuzendaritzari.

7.– Diruaguntza baliatzen duen bitartean, oinarri hauen ondoriozko arauak betetzea etenik gabe.

8.– Ikerlana amaitzea eta dirulaguntza justifikatzeko eskatutako dokumentazioa igortzea agindu honetan adierazitako epean.

9.– Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak.

19. artikulua.– Diruz lagundutako jardueren gaineko kontrola eta jarraipena.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, agindu hau kudeatzeko arduraduna den aldetik, diruz lagundutako jardueren kontrola eta jarraipena egingo du.

Horretarako, eta legez beste entitate eta erakunde publiko batzuei dagozkien eskumenak urratu gabe, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio diruz lagundutako jarduerak zuzen gauzatzen direla bermatzeko egoki iritzitako ikuskatze eta egiaztapenak egitea.

20. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta ordaintzeko era.

1.– Agindu honen babesean eman beharreko dirulaguntzak zatika ordainduko dira, era honetan:

a) Lehen ordainketa, dirulaguntzaren guztizko zenbatekoaren % 50ekoa, dirulaguntzaren ebazpena eman ondoren.

b) Gainerako % 50a dirulaguntza emateko ebazpenean zehaztutakoari jarraikiz ordainduko da, gastua justifikatu ondoren, dirulaguntzaren indarraldia amaitzean eta aurretik eskatutako dokumentazioa aurkeztuta.

2.– Pertsona edo erakunde onuraduna ez badago erregistratuta Ogasun eta Ekonomia Sailaren Hirugarrenen Erregistroan edo aldatu egin nahi baditu erregistro horretan dituen banku-datuak, bide hauek erabili ahal izango ditu: pertsona fisikoa bada, bide elektronikoa edo aurrez aurrekoa; pertsona juridikoa bada, bide elektronikoa baino ez. Izapidea aurrez aurre zein bide elektronikotik egiten den kasuetan, altan emateko eta aldaketak egiteko inprimakiak eskuragarri egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan: https://www.euskadi.eus/ hirugarrenak. Izapidea aurrez aurre egiten denerako, halaber, inprimakiak eskuragarri egongo dira 8. artikuluan aipatzen diren administrazio-bulegoetan.

3.– Zergei buruzko araudia aplikatzerakoan Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (PFEZ) dagozkion atxikipenak eta ordainketak kenduko zaizkio laguntza edo dirulaguntzaren zenbatekoari. Ondore horietarako, pertsona fisiko eskatzaileek eskaeran adierazi beharko dute bizileku fiskala non duten. Hala badagokio, onuradunak eskatu beharko du, berariaz, jarduera hasteagatiko atxikipen mota.

21. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Pertsona fisikoek aurrez aurre zein bide elektronikoa erabiliz aurkez ditzakete justifikazioak:

– Justifikazioak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira hiru toki hauetan: Zuzenean zerbitzua; EAEko erregistro osagarriak (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak); edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan zehaztutako leku edo bulegoak.

– Halaber, justifikazioak bide elektronikoetatik aurkeztu ahal izango dira gobernuaren egoitza elektronikoan, Nire Karpeta atalaren bitartez espedientera sartuta: www.euskadi.eus/nirekarpeta

2.– Pertsona juridikoek bide elektronikoen bitartez aurkeztu beharko dituzte justifikazioak, aurretik aipatutako helbide elektronikora sartuta.

3.– Justifikazioak aurrez aurre nahiz bide elektronikoz nola izapidetu jakiteko zehaztapenak eskuragarri daude euskadi.eus egoitza elektronikoan, agindu honen 9. artikuluaren 5. apartatuan zehaztutako helbidean.

4.– Emandako dirulaguntza justifikatzeko, dirulaguntza arrazoitu duen jarduera jada burutu duela eta horrek eragin dituen gastuak egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko du entitate edo pertsona onuradunak. Horretarako, gutxienez honako hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Egindako jarduera bete izanaren justifikazio-memoria, ahalik eta xehakatuena; eta, horrekin batera, eskaerarako azterlana bermatu duen pertsonak idatzitako txostena, egindako lanari oniritzia emateko eta egoki iritzitako beste ohar batzuk egiteko.

b) Diruz lagundutako ikerlanaren amaiera-dokumentuaren kopia bat; eta, horrekin batera, laburpen elebidun bat (euskaraz eta gaztelaniaz), gehienez ere 1.800 karakterekoa. Amaiera-dokumentuaren testua Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzuaren estilo-arauei jarraikiz idatziko da. Justifikazioa aurrez aurre egiten bada, formatu digitalean aurkeztuko da, euskarri fisiko batean grabatuta (CD/DVD, USB memoria, eta abar). Bide elektronikoa erabiltzen bada eta 30 MB baino handiagoa bada, helbide elektroniko bat adieraziko da memorian, hain zuzen ere organo kudeatzaileak lana jasotzen duten fitxategiak deskargatu ahal izan ditzan. Aurrez aurreko bidea hautatzen dutenek ere erabil dezakete prozedura hori.

Nolanahi ere, aurkeztutako emaitzek hasiera batean eskaerarekin batera aurkeztutako memoriaren planteamenduekin bat etorri beharko dute.

c) Zinpeko deklarazioaren bidez, diruz lagundutako jardueraren gastuen eta sarreren behin betiko balantze orekatua –ahalik eta banakatuena–, egoitza elektronikoan eta agindu honen 9. artikuluaren 5. apartatuan adierazitako tokietan eskura daitekeen ereduaren arabera.

Ondoren pertsona edo erakunde onuradunak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandakoaz gain bestelako dirulaguntzarik edo kanpoko ekarpenik jasoko ez balu, hori horrela dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena bete beharko du –balantzearen formularioan jasoa–. Eskaera-izapidearen ostean lana egiteko beste dirulaguntza ezberdin bat edo bestelako sarreraren bat jaso badu, zehaztu egin beharko du, hauek adierazita dirulaguntza edo ekarpen bakoitzeko: kopurua eta hura eman duen pertsona edo erakundea, balantzeko sarreren atalean.

d) Egindako gastuen zerrenda sailkatua eta korrelatiboki zenbakitua, hartzekoduna eta egiaztagiria adierazita, baita alderdi hauek ere: zenbatekoa, jaulkipen-data, jarduerari egotzitako gastuaren zenbatekoa –zerga-oinarria eta BEZa banakatuta–. Balantzea izeneko inprimakian jasotako taularen bidez egin ahalko da, edo bereiz aurkeztu, kalkulu-orri batean, betiere datu-eredu berari jarraituta.

e) Gastuak egiaztatzea (zenbatekoak aurkeztutako gastu-aurrekontuaren bestekoa izan beharko du) fakturen, faktura sinplifikatuen eta/edo langileen nominen bitartez edo merkataritzako trafiko juridikoan froga-balio bera duen edota administrazio-eraginkortasuna duen eta gastuen zerrenda sailkatuan dagoen beste edozein dokumenturen bitartez. Zerrenda sailkatuan eman zaien zenbakia eraman beharko dute ziurtagiriek. Jatorrizko egiaztagiriak DIN-A4 tamainakoak baino txikiagoak badira, orri batean itsatsi beharko dira. Orri horiek ere zenbakituta egon beharko dute beheko eskuineko ertzean.

5.– Justifikatzeko dokumentazioa aurkezteko azken eguna 2021eko urriaren 28a da, egun hori barnean dela.

6.– Betiere Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 30. artikuluan ezarritakoa beteko da.

22. artikulua.– Dirulaguntzaren likidazioa.

1.– Helburua eta irizpideak.

Justifikazioko zenbatekoa eskaerarekin batera aurkeztutako gastu-aurrekontua baino gehiago izateak ez du emango eskubiderik hasieran onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa gehitzeko.

2.– Prozedura.

a) Dirulaguntza justifikatzeko bidalitako dokumentuak behin aztertuta egokitzat jotzen badira, ordaintzeke dagoen diru kopurua ordainduko da.

b) Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak gerora aldatzen badira –dirulaguntzaren helburua bete bada eta benetako kostuak aurrekontuan jasotakoak baino txikiagoak badira–, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu egingo da. Horretarako, Kulturako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena egingo du, bi hilabeteko epean, jarduera justifikatzen duen dokumentazioa aurkezteko epea amaitzen den egunetik hasita.

Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari diru-zenbatekorik itzuli behar bazaio, itzulketa egiteko bi hilabeteko epea emango da likidazio-ebazpenean, jakinarazpena egiten denetik hasita; betiere, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura errespetatuta (dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak zehazten dira).

23. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ez-betetze izango dira honako hauek:

a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean adierazten den zenbatekoa ez itzultzea, hala badagokio, horretarako ezarritako epean.

d) Euskal Kultura Ondarearen 6/2019 Legeari eta hura garatzekoei jarraikiz nahitaez bete behar den beste edozer betebehar.

2.– Artikulu honetako aurreko puntuan zehaztutako kasuren bat gertatu dela egiaztatzen bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusi bezala eta bertan ezarritakoa bete ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio jasotako diru kopuruak –osorik edo zati batean– eta dagozkien berandutze-interesak, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37.1 artikuluari jarraikiz.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA

Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin bat etorriz, agindu honetan ezarritako laguntzak minimis-arauen mendean daude (araudi hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis-laguntzei aplikatzeari buruzkoa da). Ondorioz, enpresa jakin bati emandako laguntza osoa ez da izango 200.000 eurotik gorakoa, hiru ekitaldi fiskalen edozer alditan.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu pertsonalak babestearen arloko informazio-klausula.

Tratamenduaren arduraduna:

Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila. Donostia 1, 01010 Vitoria-Gasteiz, Araba. Telefonoa: 945 01 80 00.

Xedea: Kultura-ondarearen arloko laguntzen eta dirulaguntzen kudeaketa.

Legitimazioa:

Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.

– 6/2019 Legea, maiatzaren 9koa, Euskal Kultura Ondarearena.

– 7/1997 Legea, ekainaren 19koa, dirulaguntzen erregimena arautu eta EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea aldatzen duena.

– 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra.

Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten Administrazio Publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: Eskubidea duzu zure datuak eskuratu, zuzendu eta ezerezteko, bai eta tratamendua mugatu zein aurkaratzeko ere. Ikus informazio gehigarria.

Datuak babesteko ordezkaria:

Donostia 1, 01010 Vitoria-Gasteiz, Araba.

Telefono-zenbakia: 945 01 86 80.

Web orria: www.euskadi.eus

Datuak gordetzeko epea:

Datuei dagokien helburua betetzeko eta balizko erantzukizunak zehazteko beharrezkoa den epean gordeko dira. Indarrean den artxiboko eta dokumentazioko araudiari jarraituko zaio.

Pertsona interesdunak:

– Eskatzaileak.

Hartzaileak (Datuen jakinarazpena):

– Administrazio eskumendunak.

Datuak:

– Identifikaziorako datuak.

– Ezaugarri pertsonalak.

– Ekonomia- eta finantza-datuak eta aseguru-datuak.

Nazioarteko transferentziak:

Ez dira aurreikusi.

Segurtasun-neurriak:

Hartutako segurtasun-neurriak hemen jasotzen dira: Administrazio Elektronikoaren esparruan Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuaren II. eranskina (Segurtasun-neurriak).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. artikulua), hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, lehenago aipatutako egun beretik aurrera (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikulua).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 22a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala