
157. zk., 2020ko abuztuaren 12a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (260 KB - 2 orri.)
- EPUB (219 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
3246
61/2020 EBAZPENA, abuztuaren 3koa, Emergentzietako zuzendari gerentearena, otsailaren 13ko 26/2020 Ebazpena errebokatzen duena. Azken ebazpen horren bidez, Osakidetzako Emergentzietako Erizaintzako adjuntuaren lanpostua izendapen aske bidez betetzeko deialdia egin zen.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Rubén Cuñado Cerro jaunak modu informalean jakinarazi zion gerentziari asmoa zuela dimisioa martxoaren bigarren hamabostaldian aurkezteko. Erizaintzako adjuntuaren lanpostuak Emergentzietan duen garrantzia kontuan hartuta, Gerentziak lanpostu hori betetzeko deialdia argitaratu behar zela erabaki zuen, hutsik ahalik eta denborarik laburrenean egon zedin.
Martxoaren 6an argitaratu zen EHAAn 26/2020 Ebazpena, otsailaren 13koa, Osakidetzako Emergentzietako Erizaintzako adjuntuaren lanpostua izendapen askez betetzeko deialdia egin zuena.
Martxoaren 20an, Javier Rollán Vallejos jaunaren eskaera jaso zen.
Bigarrena.– Rubén Cuñado Cerro jaunak bai bidali zien Emergentzietako langile guztiei gutun bat dimisioa aurkezteko erabakia jakinarazteko, baina ez zuen dimisioa formalki aurkeztu, eta, beraz, ez zen berariazko administrazio-egintzarik eman kargu-uztearen data formalizatzeko.
Hirugarrena.– Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez (egun bereko BOEn argitaratua), COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko alarma-egoera deklaratu zen, eta haren hirugarren xedapen gehigarrian, epe administratibo guztiak eten ziren.
Laugarrena.– COVID-19ak eragindako osasun-larrialdiaren ondorioz, ezohiko eskari asistentziala handitu egin da, eta alarma-egoera deklaratu da. Egoera hori erizaintzako adjuntuak kudeatzen dituen sailek hartu dute beren gain.
Administrazio-errekurtsoa jartzeko epearen barruan, eta, beraz, deialdia irmoa ez zenean, Rubén Cuñado jaunak, COVID-19ak eragindako osasun-larrialdia zela-eta sortzen ziren zailtasunak ikusita, eta Emergentzietako Zuzendaritzarekin bat eginik arduraz jokatu behar zutela ikusita, jakinarazi zuen Erizaintzako adjuntuaren lanpostua betetzen jarraituko zuela, pandemiaren ondorioei hobeto heltze aldera, aurreragorako utzita beste edozein erabaki; izan ere, aukera hori indarrean zegoen, formalki lanpostuari uko egin ez ziolako edo dimisio formalik aurkeztu ez zuelako, eta kargu-uztearen data formalizatzen duen berariazko administrazio-egintzarik ez dagoelako.
Bosgarrena.– Orain arte dimisioa emateko erabakia formalki egin ez denez, eta, gainera, Rubén Cuñado jaunak adierazi duenez bere lanpostuan jarraituko duela, Emergentzietako Erizaintzako adjuntuaren lanpostua ez dago hutsik, eta ez da aurreikusten epe labur edo ertainean lanpostu hutsa izango denik.
Otsailaren 13ko 26/2020 Ebazpenean, martxoaren 6an EHAAn argitaratutakoa, adierazten da Erizaintzako adjuntuaren lanpostua hutsik dagoela. Adierazpen hori, baina, behar baino lehen egin zen, lanpostu hutsa sortutakoan azkar betetzeko asmoarekin, hain zuzen ere, nahiz eta azkenean ez den lanpostu hutsik sortu, lanpostua uzteko jakinarazpen formalik egin ez delako eta Rubén Cuñado jaunak lanpostua betetzen jarraitzen duela jakinarazi duelako.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Zuzendari gerenteari dagokio kargak ezartzen dituzten edo inoren kalterako diren egintzak errebokatzea eta administrazio-egintzetan egitezko akatsak zuzentzea.
Bigarrena.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109. artikuluak adierazten duenez, administrazio publikoek edozein unetan zuzendu ahalko dute, bai ofizioz bai interesdunek hala eskatuta, beren egintzetako edo kargak ezartzen dituzten egintzetako egitezko akatsak.
26/2020 Ebazpenean Erizaintzako adjuntuaren lanpostua hutsik zegoela adierazi zen, nahiz eta adierazpen hori zuzena ez izan; Rubén Casado jaunak dimisioa aurkezteko asmoa modu informalean adierazi bazuen ere, deialdiaren ebazpena irmo bihurtu baino lehen ez zen formalizatu, eta, beraz, lanpostuaren deialdia egitea azkarregi erabaki zen. Gainera, Rubén Casado jaunak lanpostua betetzen jarraitzeko asmoa duela jakinarazi du.
Hortaz, Erizaintzako adjuntuaren lanpostua hutsik ez dagoenez, ezin da deialdiarekin jarraitu, hala egiteak Rubén Casado jaunaren eskubideekin talka egingo lukeelako, bere lanpostuan jarraitzeko eskubidearekin, hain zuzen, dimititu ez duelako eta kargutik kendu ez dutelako.
Hirugarrena.– Lanpostu hutsik ez dagoenez, ezin da izapidetu Javier Rollán Vallejos jaunak aurkeztutako eskabidea; beraz, deialdiaren errebokazioa jakinarazi behar zaio.
Nolabaiteko aitortza egiteko Javier Rollán Vallejos jaunari, sortu zaion aukera ezin izan zaiolako eman, lanpostu hutsik ez zegoelako, jakinarazi egingo zaio etorkizunean lanpostua hutsik geratzen bada edo egun lanpostua duenak dimisio formala aurkezten badu, lanpostua betetzeko prozeduran parte har dezan, interesatuz gero.
Horrela, bada, aplika daitezkeen legezko bestelako oinarriak aplikatuta
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Errebokatzea 26/2020 Ebazpena, otsailaren 13koa, Osakidetzako Emergentzietako Erizaintzako adjuntuaren lanpostua izendapen askez betetzeko deialdia egin zuena. Ebazpen hori martxoaren 6an argitaratu zen EHAAn eta bertan adierazi zen Erizaintzako adjuntuaren lanpostua hutsik zegoela, nahiz eta zuzena ez izan.
Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Hirugarrena.– Javier Rollán Vallejos jaunari Ebazpen hau jakinaraztea eta hura argitaratzea, eta adieraztea Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola Osakidetzako zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik kontatzen hasita.
Bilbao, 2020ko abuztuaren 3a.
Zuzendari gerentea,
ÓSCAR ALLER GARCÍA.
RSS