Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

157. zk., 2020ko abuztuaren 12a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3244

EBAZPENA, 2020ko uztailaren 24koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Matematika Aplikatua Sailaren arautegiaren aldaketa onartzeko dena.

Matematika Aplikatua sailaren arautegia 2012ko abuztuaren 16ko EHAAn argitaratu zen.

Aldaketa unibertsitateko Matematika Aplikatua saileko kontseiluak onetsi zuen 2020ko urtarrilaren 16ko bileran eta txosten juridikoa eta Irakasle-ikertzaileen arloko Errektoreordetzaren txostena, biak aldeko, zituelarik.

Sailen Oinarrizko Arautegian, 4.3 artikuluan, jasotakoari jarraituz, idazkari nagusiak onartuko du, eskumenak eskuordetuta, Matematika Aplikatua Sailaren Arautegiaren aldaketa, betiere txosten guztiak aldekoak badira eta inork eskatu ez badu Gobernu Kontseiluan aurkezteko. Artikulu horretan zehaztutakoaren arabera, bestalde, honako hauek dute hori eskatzeko eskubidea: Gobernu Kontseiluko kideek; arautegiak eragin egiten diela uste duten sailetako kontseiluek; eta kasuan kasuko saileko kideen % 15ek, gutxienez.

Horregatik guztiagatik, ondokoa

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Matematika Aplikatua Sailaren arautegia onartzea, eranskinean zehazten den bezala.

Bigarrena.– Agindua ematea arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Hirugarrena.– Matematika Aplikatua Sailaren arautegia indarrean sartuko da argitaratu eta hurrengo egunean.

Leioa, 2020ko uztailaren 24a.

Idazkari nagusia,

PEDRO MARÍA IRIONDO BENGOA.

ERANSKINA
UPV/EHUKO MATEMATIKA APLIKATUA SAILEKO ARAUTEGIA

1. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 3.1 artikuluaren zehaztapena.

1.– Matematika Aplikatua sailaren egoitza administratiboa Bilboko Ingeniaritza Eskolan dago (Torres Quevedo Ingeniariaren plaza 1, 48013 Bilbao).

2. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 8.2 artikuluaren zehaztapena.

Fisika Aplikatua sailak honako atal hauek dauzka:

a) Bizkaiko Campuseko sail atala. Bilboko Ingeniaritza Eskolan dauka egoitza (Torres Quevedo Ingeniariaren plaza 1, 48013 Bilbao).

b) Gipuzkoako Campuseko sail atala. Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan dauka egoitza (Europa plaza 1, 20018 Donostia).

c) Arabako Campuseko sail atala. Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolan dauka egoitza (Nieves Cano kalea 12, Gasteiz).

3. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 10.1 artikuluaren zehaztapena.

1.– Hauek izango dira saileko kontseiluaren osakideak: zuzendaria, idazkari akademikoa, irakasle-ikertzaile iraunkor guztiak eta irakasle ez-iraunkor doktore guztiak, sailari atxikitako gainerako irakasle-ikertzaileen ordezkari bat, sailak ematen dituen zikloetako ikasleen ordezkari bana, eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

4. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 13.1 artikuluaren zehaztapena.

1.– Matematika Aplikatua sailak badu batzorde iraunkor bat, saileko kontseiluko kideek osatua. Osakideak dira: zuzendaria, idazkaria, sail ataletako koordinatzaileak, irakasle-ikertzaileen zortzi ordezkari, ikasleen ordezkari bat eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

5. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 20.1 artikuluaren zehaztapena.

1.– Kide anitzeko organoa balioz eratzeko, beharrezkoa da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo kideen heren bat egotea, gutxienez, bigarren deialdian. Deialdi bien artean hamabost minutuko tartea egon beharko da. Organoko buruak eta idazkariak beti egon behar dute bileran edo, bestela, euren ordezkoek.

6. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 24.2 artikuluaren zehaztapena.

Kide anitzeko organoen erabakiak sailaren iragarki ohol birtualean argitaratuko dira hiru egun balioduneko epean gehienez, eta datu pertsonalak babesteko legeria errespetatuz betiere. Edozelan ere, organoko idazkariak eta buruak bermatu egin beharko dute bileran hartutako erabakiak argitaratu egiten direla eta gutxien dela hilabete bat egongo direla ikusgai. Idazkariak ziurtagiri batean jasoko du sailak hartutako erabakien zerrenda, eta horixe emango da argitara.

7. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.2 artikuluaren zehaztapena.

Kide anitzeko organoetan hutsune bat sortzen denean, zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsiak beteko du lekua, zazpi eguneko epean, organoko idazkaria jakitun jartzen denetik hasita.

8. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.3 artikuluaren zehaztapena.

Kide anitzeko organoko kide titular bat kanpoan edo gaixorik dagoenean eta, oro har, bertan ez dagoenean horretarako arrazoi justifikatuengatik, ordezkoa eskatu beharko dio saileko idazkariari saileko kontseiluaren bilerarako deia egiten denetik hogeita lau orduko epean. Saileko zuzendariak kasuan kasuko erabakia hartuko du argumentazioa ikusita. Zuzendariak kide titular hori ordezkatzea erabakitzen badu, hautagai zerrenda bereko lehenengo ordezkoak beteko du haren lekua.

9. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7. artikuluaren zehaztapena.

Saileko kontseiluko hauteskundeetan onartuko da botoa aldez aurretik ematea, UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7. artikuluan aurreikusten den bezala.


Azterketa dokumentala