Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

154. zk., 2020ko abuztuaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3182

EBAZPENA, 2020ko uztailaren 22koa, Kulturako sailburuordearena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Ortuellako (Bizkaia) Udaletxea babes ertaineko kultura-ondasun deklaratzeko espedienteari, Monumentuaren kategorian, eta espediente hori jendaurrean eta interesdunen entzunaldipean jartzen baita.

Euskal Autonomia Erkidegoak kultura-ondarearen arloko eskumen osoa bereganatu zuen, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babespean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikulua kontuan hartuta. Onartutako eskumena baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen. Lege horrek Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-intereseko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen ditu.

Ortuellako (Bizkaia) Udaletxeak historiaren eta kulturaren aldetik duen interesa ikusita, eta Euskal Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamena aintzat hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ortuellako (Bizkaia) Udaletxea Monumentuaren kategoriarekin babes ertaineko kultura-ondasun kalifikatu deklaratzeko espedienteari hasiera ematea, hauek kontuan hartuta: ebazpen honen I. eranskinean ezartzen den mugaketa, II. eranskinean dagoen deskribapena eta III. eranskinean erantsitako babes-araubidea.

Espediente hau hasteak berekin ekarriko du Ortuellako Udaletxeari berehala eta behin-behinean aplikatzea babes-araubide partikularra, baita Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legean babes ertaineko ondasunetarako aurreikusitako araubide erkide eta espezifikoa ere.

Bigarrena.– Ortuellako (Bizkaia) Udaletxea, Monumentuaren kategorian, Babes Ertaineko Kultura Ondasun deklaratzeko hasitako espedientea jendaurrean jartzeko aldiari hasiera ematea, I. eranskinean agertzen den mugaketan oinarrituta, II. eranskineko deskribapena kontuan hartuta eta babes-araubide partikular gisa III. eranskinean agertzen dena ezarrita. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, 20 eguneko epea egongo da alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. eta 83. artikuluetan jasotzen denari jarraikiz. Aipaturiko espedientea Euskal Kultur Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

Hirugarrena.– Ortuellako Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Sailari jakinaraztea prozedura hau hasteak eten egiten dituela eremu babestuetan partzelatzeko, eraikitzeko edo eraisteko lizentziak, baita lehendik emandako lizentzien ondorioak ere, babes-araubide partikularrean ezarritakoaren arabera. Finkan ezinbestean obraren bat egin beharko balitz, Bizkaiko Foru Aldundiaren baimena eskuratu beharko litzateke derrigorrean.

Laugarrena.– Espedientea izapidetzen jarraitzea indarrean diren xedapenen arabera.

Bosgarrena.– Ebazpen honen berri ematea eragindako jabeei, Ortuellako Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Sailari, baita Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari ere.

Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialen argitaratzea, jendeak haren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 22a.

Kulturako sailburuordea,

JOSÉ ÁNGEL MARÍA MUÑOZ OTAEGI.

I. ERANSKINA
MUGAKETA

a) Mugaketa.

Mugaketak, batetik, eraikina bera hartzen du, eta, bestetik, eraikina inguratzen duen ingurunea, hau da, Maiatzaren Lehena Plaza eta Geltokiko etorbidearen ondoko tartea. Horrela, mugaketa-eremua dokumentazio grafikoan finkatutako mugen arabera zehazten da. Hona hemen mugak: Babestutako ondasunaren aurrealdetik, Maiatzaren Lehena Plaza sartzen da eremuan, Geltokiko etorbidearen ondoko tartearekin, eta espazio eta bide publikoak hartzen ditu barnean, mugakide diren jabetza pribatuen mugetaraino; atzealdetik, inguruak atzealdeko kalearen tartea hartzen du barnean, mugakide den jabegoaren mugetaraino; iparraldetik, Geltokiko etorbidearen tartea hartzen du barnean, jabetza pribatuen mugetaraino; eta, hegoaldetik, trenbidearen mugetaraino doan bide-zatia hartzen du barnean.

b) Justifikazioa.

Proposatutako mugaketa justifikatuta dago, Ortuellako Udaletxearen eraikinak duen ingurumen-balorea eta balore bisuala babestu beharra baitago. Ingurunearen mugaketa beharrezkoa da katalogatutako ondasun kulturala behar bezala babesteko eta haren garrantzia nabarmentzeko, eta berekin espazialki erlazionatuta dagoen eraikinaren ondoko espazioak babestea, Udaletxearen berezko izaera gordetze aldera eta haren balorea azpimarratze aldera. Hori dela eta, mugaketa honek, eraikina bera ez ezik, aurrealdea ere hartzen du barnean, hau da, Maiatzaren Lehena Plaza eta Geltokiko etorbidearen ondoko tartea.

(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA

Ortuellako udaletxearen eraikina udalerriaren hego-mendebaldean dago. Zehazki, trenbidearen trazaduratik hurbil dago, Maiatzaren Lehena Plazako fronteetako bat eta Geltokiko etorbidearen ondoko tartea ixten dituen orubean.

Ortuellako udalerria Santurtzitik banandu ondoren, eta alondegiaren eraikina udaletxe gisa erabili ondoren, 1903ko abenduan, «La Constructora» sozietate anonimoak herriko plazan zuen eraikina erostea erabaki zuen Udalak. Cipriano Arteche arkitekto eta ingeniariak egin zuen eraikin hori berritzeko proiektua, eta eraikina Ortuellako Udaletxe bihurtu zen. Ortuellako udal arkitekto gisa (1901-1905) lan egin zuen garaiko eraikin publiko garrantzitsuenetariko bat izan zen. Birgaikuntza-proiektua bi fasetan egin zuen: lehena, barne-birgaikuntza (1905eko urtarrila) eta, bigarrena, fatxada (1905eko uztaila); hala, eraikina 1905eko urriaren 22an inauguratu zen. Gorka Pérez de la Peña Oleagaren hitzetan, «udaletxeetan eklektizismoa aplikatzearen erakusle aparta da, Bizkaiko arkitekturaren berezienetako bat».

Hiru solairu eta erdi-sotoa dituen eraikina da, nahiz eta fatxada nagusitik azken hori ez den ikusten. Oinplano angeluzuzena du, besoetako bat fatxada nagusia da, ekialdera orientatua, herriko plazara begira (Maiatzaren Lehena plazara).

Kanpotik, eta fatxada nagusira begira, eraikina bi gorputz horizontaletan eta hiru bertikaletan antolatzen da. Fatxadaren antolaketa horizontalari dagokionez, lehenengo bi solairuetan, hormek harlandu-imitazioa dute, urdinkara, zokaloetan izan ezik, horiek bai baitaukate harlanduzko akabera. Goiko zerrenda horizontalak, goiko solairuari dagokiona, emokadura akabera du. Bi gorputz horiek erlaitz batez bereizten dira. Eraikinaren gainerako fatxadetan emokadura baino ez dago.

Fatxada nagusiaren banaketa bertikalari dagokionez, hiru atal ditu, hiru hormarteri dagozkienak, eta zortzi bao-ardatz. Erdiko gorputza aurreratuago dago presentzia eta garrantzia emateko, hor biltzen baitira elementu adierazgarrienak: sarrera nagusia, beheko solairuan, arku karpanelekin; diskurtsoetarako balkoia, beste bi arku karpanelen bidezko sarbidea duena; eta Ortuellako armarria, Santurtziko Kontzeju zaharrari zegokiona, 1901ean Ortuellan eratu zen Udalak oinordetzan jaso zuena. Armarriaren gainean, goiko solairua, fatxadaren gainerakoak bezala, bi arku beheratu dituena. Era berean, erdiko gorputzak bi pilastra erraldoi ditu, bi alboetan, basetatik atera eta teilatu-hegaleraino iristen direnak.

Fatxada nagusiaren alboko zatiketa bertikalak erdiko gorputzarekiko erretrankeatuta daude. Beheko solairuan, albo bakoitzean arku karpanelez osatutako hiru bao daude (erdikoak sarrera gisa balio du); lehenengo solairuan, arku beheratuz osatutako hiru bao daude, erdikoa handiagoa da eta, gainera, balkoi txiki bat du balaustrekin; eta, azkenik, goiko solairuan, arku beheratuz osatutako hiru bao daude.

Alboetako fatxadak emokatuta daude eta ez dute apaingarririk edo apaindurazko errepertoriorik. Hutsune-erretikuluaren bidez ordenatuta daude, besterik gabe. Atzeko fatxadan, baoen ardatzen kopurua bat dator fatxada nagusikoarekin (zortzi), eta erdian eskailera-kaxako beiratea nabarmentzen da.

Eraikina lau isurkiko teilatu batez estalita dago, zurezko teilatu-hegal zabal batekin.

Udaletxearen barrualdeari dagokionez, egitura mistoko armazoi batek osatzen du egitura, sotoko, beheko eta lehen solairuetan, Ortuellako Ybarra y Hermanos enpresaren zurezko forjatuen eta burdinazko zutabeen oinarrian eraikia. Bigarren solairuak zurezko egitura du.

Eraikinaren antolaketa funtzionalari dagokionez, Artechek Udaletxearen behar berrietara egokitzeko moldatu zuen. Beheko solairuan Arte eta Lanbide Eskola kokatu zen, lehenengoa egoitza administratiborako eta, bigarrena, etxebizitza eta Udal Epaitegirako bideratu zen.

Erdiko hormartean zegoen sarbidea, atarte nagusian, eta bi alturako eskailera nagusira ematen zuen; eskailera hori lehen solairuko osoko bilkuren aretora iristen zen. Lehen solairu horretan, beste eskailera batek bigarren solairua komunikatzen zuen.

Espazioen arteko erlazio hori apaindurazko dekorazioarekin osatzen zen. Gorka Pérez de la Peña historialariak honela deskribatzen du: «Eskailera nagusia, iparraldeko pinuzko armazoiarekin egin zuena; haritzezko zangoak, lehenengoa izan ezik, Ereñoko marmolarekin eta pinoteako eta barandaleko fronteekin egina; intxaurrondozko eskudelak eta egurrezko balaustrak (hasierako platabandarako, lehendik zegoen burdinazko zutabea baliatu zuen); moldura, atondoko sabaietan, eskailera-zuloan, saio-aretoan eta eskailerako beirateko leihatean; Bilboko T. García beiragileak 1905ean egindako eskailera-kaxako beiratea; eta eskailera-kaxako enpanelatuak, lehen solairuko korridorea eta saio-aretoa».

Ondoren, zaharberritzeko eta finkatzeko zenbait lan egin dira, baita eraikinaren barnealdea berrantolatu ere. Horren ondorioz, gaur egun Udaletxeak duen banaketa jatorrizko proiektuaren oso desberdina da. Kanpoaldean, fatxadak, bao askotako zur-lanak, Ortuellako armarria eta beheko solairuko burdinak kontserbatzen dira. Barrualdean, egiturazko armazoia, hormartea edo erdiko gorputza kontserbatzen dira, eskailera nagusiarekin eta bere osagai eta apaindura guztiekin, orobat lehen solairuko korridorea, osoko bilkuretarako aretoa, bigarren solairura sartzeko eskailera eta bigarren solairuko etxebizitzaren zati bat.

III. ERANSKINA
BABES-ARAUBIDEA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Helburua.

Babes-araubide hau Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16. artikuluan ezarritako beharrarekin justifikatzen da, eta helburu du Ortuellako Udaletxea, monumentuaren kategoriarekin, babes ertaineko kultura-ondasun deklaratzeko prozedurari hasiera ematea.

2. artikulua.– Aplikazio eremua.

Ondoren zehazten den babes-araubidea I. eta II. eranskinetan ezarritako mugaketaren eta deskribapenaren arabera aplikatuko da.

3. artikulua.– Balio kulturalak.

1.– Ortuellako Udaletxeko eraikin-monumentuaren balio kulturaltzat hartzen dira, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera, kultura-ondasunari interes handia ematen diotenak, belaunaldiz belaunaldi ezagutu eta transmititzeko.

2.– Hauek dira monumentuaren balio kulturalak ikuspegi historiko-antropologikotik eta ingurumenekotik:

– Eraikina Ortuella Santurtziko udalerritik desanexionatzearen mugarritzat eta sinbolotzat hartzea.

– Udaletxea eta aurrean duen plazak, Maiatzaren Lehena Plaza, Ortuella udalerriaren erdian daude kokatuta, eta eremu hori berritzea estrategikoa da Ortuellarentzat.

3.– Hauek dira monumentuaren balio kulturalak ikuspegi artistiko, tekniko, arkitektoniko eta teknologikotik:

– Estilo eklektiko argiko tipologia arkitektonikoa, adierazgarritasun eta monumentaltasun jakin batekin konbinatuta.

– Burdinazko zutabeak erabiliz eraikuntza-teknologia berriak erabiltzea.

4. artikulua.– Izaera loteslea.

Babes-araubide honetako preskripzioak lotesleak dira, eta eraikina arau horiek errespetatuz kontserbatu beharko da. Era berean, araubide honetako preskripzioek hirigintza-, lurralde- eta ingurumen-antolamenduko tresnak lotzen dituzte; tresna horiek araubide honekin bat etorri beharko dute, eta babestutako ondasun kulturalaren babesa eta kontserbazioa bermatzeko zehaztapenak jaso beharko dituzte, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 47.3 artikuluak xedatzen duenaren arabera. Aipatutako lege-manua betez, tresna horiek kultura-ondarearen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren aldeko txostena izan beharko dute.

5. artikulua.– Preskripzio orokorrak.

1.– Babes-araubide honek babesten duen ondasuna Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoaren menpe egongo da baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta bestelakoei dagokienez.

2.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren arabera, Babes Araubide honek eragindako ondasunen jabeek, edukitzaileek eta eskubide errealen gainerako titularrek hirigintzaren eta kultura-ondarearen arloan indarrean dagoen legeriak ezarritako kontserbazio-, zaintza-, babes- eta erabilera-betebeharrak bete beharko dituzte, ondasun horien osotasuna bermatzeko eta haien galera, suntsipena edo narriadura saihesteko.

3.– Babestutako kultura-ondasunen titularrek beharrezkoa den informazioa eman beharko diete agintari eskudunei edo funtzionario arduradunei, baita informazio horretarako sarbidea ere, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea betearazteko. Era berean, berariaz baimendutako ikertzaileei baimena eman beharko diete azterketa egiteko, baita bisita publikoa egiteko ere, 6/2019 Legearen 32.2 eta 32.3 artikuluetan adierazitako moduan.

4.– Babestutako ondasuna osorik edo partez eraitsi ahal izateko, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 51. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

II. KAPITULUA
ESKU-HARTZE ARAUBIDEA
1. ATALA
ESKU HARTZEKO ETA KONTSERBAZIOKO IRIZPIDE KOMUNAK

6. artikulua.– Esku-hartzeak baimentzea.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 33. artikuluan ezarritakoaren arabera, babes-araubide honi lotutako kultura-ondasunaren gaineko esku-hartzeek, oro har, Bizkaiko Foru Aldundiko kultura-arloko organo eskudunaren baimena beharko dute. Era berean, lege horren 46. artikuluak ezartzen duenaren arabera, baimena nahitaezkoa izango da hirigintzako lizentziak eman aurretik.

7. artikulua.– Esku hartzeko irizpide orokorrak.

Babestutako kultura-ondasunaren gaineko esku-hartzeetan ondasun horien ezagutza, kontserbazioa, zaharberritzea eta haien balorea nabarmentzeari begirako birgaitzea bermatuko dira, zientzia eta teknikaren bitarteko guztien bidez, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34. artikuluan ezarritako baldintzetan, babes-araubide honetan zehaztu ez den orori dagokionez.

8. artikulua.– Araudi sektoriala eta irisgarritasun-araudia aplikatzea.

1.– Indarrean dagoen araudi sektoriala betetzera bideratutako esku-hartzeak baimenduko dira, babes-araubide honetan ezarritako jarduera-mugekin, betiere, babestutako ondasunaren kultura-balioak ez kaltetzea bilatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34.10 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Irisgarritasunari dagokionez, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16. eta 32. artikuluetan ezarritakoa betez, arrazoizko doikuntza eta proposamen batzuk egin ahalko dira mugikortasun murriztuko pertsonak modu autonomoan sartu daitezen, baldin eta gauzatzen diren jarduerak bat badatoz ondasunaren kultura-balio babestuekin. Horri dagokionez, Ortuellako Udaletxeko eraikinerako, doikuntzak, modu lehenetsian, eraikinaren solairu guztiak lotzen dituen (sototik bigarren solairuraino) ezkerreko alboko hormartean egingo dira. Honako hauek egin ahal izango dira:

– Sarbide nagusiko bi mailen arteko desnibela gainditzeko arrapala eraikitzea, arina eta babestutako ondasunaren balioekin bateragarriak diren materialekin egina, eta izaera itzulgarriarekin.

– Eraikinaren ezkerraldeko hormartean igogailua jartzea, eraikinaren egiturazko armazoian ahalik eta eragin gutxien izateko moduan, bereziki burdinazko zutabeetan.

Esku-hartze horiek gauzatzea planteatzen bada, proiektu tekniko baten bidez zehaztu eta justifikatu beharko dira. Proiektu horrek balizko jardueraren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa egiaztatuko ditu, baita ondasunaren balio kulturalak mantenduko direla ere. Horretarako, Foru Aldundiari dagokio proiektuaren edukia zehaztea eta esku-hartzea baimentzea.

3.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 32.4 artikulua betez –babestutako kultura-ondasunaren informaziorako sarbide unibertsalari buruzkoa da–, monumentu hori ezagutarazteko edo balioa emateko sortutako edozein material berri inklusiboa izan beharko da, irisgarria, eta kolektibo horiei egoki erantzun beharko die.

9. artikulua.– Esku hartzeko proiektua eta memoria.

1.– Babes-araubide honek eragindako ondasunaren xede-balioei eragiten dieten esku-hartzeek ondasun horien izaerari eta esku-hartzeari berari egokitutako proiektu tekniko espezifiko bat izan beharko dute, eta ondasunaren titularrak proiektu hori aurkeztu beharko dio foru-aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen Sailari, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoaren arabera.

2.– Babestutako ondasuna zaharberritzeko egin beharreko lanak ondasunaren azterketa historiko-arkitektonikotik abiatu beharko dira. Proiektua eta esku-hartzearen memoria profesional eta enpresa espezializatuek idatzi beharko dituzte, zeinek egiaztatu beharko duten proiektua eta memoria berme osoz gauzatu ahal izateko behar den gaitasun teknikoa dutela, baita ondasunaren beharretara egokitutako diziplina anitzeko taldea ere. Obra horiek, edozelan ere, ondasunaren balioak errespetatzera eta hobetzera mugatu behar dira.

3.– Esku-hartze bakoitza amaitzean, haiek egiaztatu eta erregistratzeko, ondasunaren titularrak kasuan kasuko memoria aurkeztu beharko du Bizkaiko Foru Aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailean.

2. ATALA
ESKU-HARTZEAREN BERARIAZKO ARAUBIDEA

10. artikulua.– Esku hartzeko irizpide espezifikoak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 43.1 artikuluan ezarritakoa betetzeko, babes-araubide honi lotutako ondasunaren gainean egiten diren esku-hartzeek eraikuntza-sistema guztiak zaharberritzea izango dute helburu. Halaber, edozein erabilera-aldaketa onartuko da, betiere ondasunaren balio babestuei eragiten ez badie eta kontserbatzeko eta balioa emateko baldintza hobeak ekartzen baditu.

11. artikulua.– Kultura-ondasun babestuan gorde beharreko elementuak.

Kultura-ondasun babestuan gorde beharreko elementuak honako hauek dira:

– Egungo bolumenaren konfigurazioa; lau solairuak, fatxadak eta lau isurkiko estalkia.

– Fatxaden gaur egungo osaera, apaindura, armarria, kolorea eta jatorrizko zur-lanak.

– Sotoko, beheko eta lehenengo solairuetako egitura mistoa (zura eta burdina) eta goiko solairuko zurezko egitura.

– Eraikinaren erdiko hormartearen barruko banaketaren ardatz nagusia (sarbidea, atondoa, eskailera nagusia eta bilkura-aretoa), materialak eta apaingarriak (moldurak, enpanelatuak, eskailera-beiratea eta bilkura-aretoko lanparak), lehen solairuko erdiko korridorea apaingarriekin (enpanelatuak) eta goiko solairura sartzeko eskailera.

12. artikulua.– Kultura-ondasun babestuaren elementu degradatzaileak.

Elementu degradatzaileak dira jarraian aipatzen direnak:

– Beheko eta lehenengo solairuetako alboko hormarteen barne-banaketa (bilkura-aretoak lehen solairuan hartzen duen espazioa izan ezik).

– Bigarren solairuko eskuineko hormartearen barruko banaketa.

13. artikulua.– Babestutako kultura-ondasunean esku hartzeko berariazko zehaztapenak.

1.– Orokorrean, esku-hartzeak galarazi egingo dira, babestutako higiezinaren balio historiko eta arkitektonikoei, edo horietan zaindu beharreko balioei, kalteak edo galerak ekar badiezazkie eta baita babes-araubide honen edozein zehaztapenen aurka badoaz ere. Bestalde, esku-hartzeak baimentzen dira, eraikinaren elementu tipologiko, formalak eta egiturazkoak errespetatzen direnean.

2.– Horretarako, ondoren, babestutako ondasunean aplikatu beharreko esku hartzeko araubidearen berariazko zehaztapenak eta zaindu beharreko elementuak aipatzen dira, babes-araubide honen 11. artikuluan definitutakoak:

a) Ez dira baimentzen eraikinaren bolumen- eta azalera-aldaketak, aldaketa horiek berekin badakarte jatorrizko eraikinari eraikin gehiago eranstea edo eraikinaren oina luzatu edo zabaltzea. Estalkiaren jatorrizko antolamenduan ere ez da aldaketarik onartuko.

b) Fatxaden gaur egungo osaera eta materialak, fatxadak osatzen dituzten elementuak, apaingarriak eta fatxadako baoen kopurua mantendu behar dira, eta haien jatorrizko forma, tamaina eta proportzioei eutsi behar zaie. Fatxadetan egiten den edozein esku-hartzeren helburua fatxadak eta haien konposizio- eta apaindura-elementuak lehengoratu eta zaharberritzea izango da.

c) Jatorrizko arotzeriako edozein elementu zaharberritu behar da, bai fatxadako baoetan, bai ateetan, baita errementaritzakoak ere, hala nola barandak, apaingarriak (inpostak eta zokaloak, esaterako), edo beste elementu interesgarri batzuk. Era berean, jatorrizko materiala berreskuratu behar da, materiala jatorrizkoa ez den beste batera aldatu bada arotzeria-elementuren batean.

d) Kultura-ondasunaren egiturazko antolamendu orokorrari eutsi behar zaio. Egitura mistoa izan behar du (zura eta burdina) sototik lehen solairura, eta zurezkoa goiko solairuan. Eraikinaren esku-hartzea definitzen duen proiektuak aztertu beharko du beheko solairuko burdinazko zutabeak agerian uzteko aukera.

Bestalde, finkapena baimentzen da berreskuratu ezin diren zatiak ordezkatuz, egiturazko elementu hauen posizioa edo kota aldatu gabe: egitura, eskailerak eta estalkia. Horri dagokionez, egoera txarrean dauden egiturazko elementuak berriekin ordezkatzea onartuko da, betiere, jatorrizko materiala mantentzen bada, eta behar bezala justifikatutako kasu berezietan soilik baimenduko dira materialen aldaketa partzialak, itzulgarriak eta egituraren material generikoa errespetatzen dutenak.

e) Eraikinaren jatorrizko kolorea mantendu behar da. Azterlan baten bidez zehaztuko balitz jatorrizko kolorea eta egungoa desberdinak direla, jatorrizkoa berreskuratu ahalko da.

f) Babes-araubide honen 11. artikuluan definitutako erdiko hormartearen ardatzaren, lehen solairuko korridorearen eta goiko solairura sartzeko eskaileraren banaketa eta jatorrizko elementuak mantendu behar dira. Egiten den esku-hartze ororen helburua espazio arkitektoniko horiek eta haien apaindurazko errepertorio osoa zaharberritzea izango da, baita aldatutako elementu, zati edo materialak lehengoratzea ere. Espazio horien gaineko esku-hartzea definitzen duen proiektuak kontuan hartu beharko du eskailera nagusitik bilkura-aretora sartzeko atearen jatorrizko kokapena berreskuratzeko aukera.

g) 12. artikuluan zehaztutako elementu degradatzaileak edo 3. artikuluan zehaztutako kultura-balioak, eta 11. artikuluan definitutako kultura-ondasun babestutik zaindu beharreko elementuen balioak, kaltetzen dituzten elementuak desagerrarazteko esku-hartzeak baimenduko dira. Halaber, hirigintzako legeria aplikagarriak eraikinen kontserbazio-betebeharrari buruz baimentzen dituen esku-hartzeak baimenduko dira.

h) Beharrezko diren instalazioak ahalik eta modu diskretuenean sartu beharko dira, eta erregistroak integratuta geratuko dira, 11. artikuluan zehaztutako zaindu beharreko elementuak ahalik eta gehien errespetatuz.

14. artikulua.– Kultura-ondasun babestuaren ingurunea.

1.– Babestutako kultura-ondasunaren ingurunean esku hartzea definitzen duen proiektuak, hau da, Maiatzaren Lehena Plazan eta Geltokiko etorbidearen ondoko tartean esku hartzekoak, espazio horren jatorrizko izaera eta funtzioa plaza publiko gisa berreskuratzea izan behar du helburu, garrantzi handia baitu udalerrian erdigune eta toki estrategikotzat. Era berean, plazaren beste aldean, hegoaldean, dagoen eraikinaren gaineko esku-hartzeak arautzen dituen proiektu berak edo beste proiektu batek, espazio publiko horren beste elementu egituratzailetzat hartzen denak, plazaren eta Udaletxeko eraikinaren ingurumen- eta arkitektura-balioak errespetatu beharko ditu.

2.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 50. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, debekatuta dago babestutako kultura-ondasunean kutsadura bisuala edo akustikoa eragiten duten elementuak instalatzea, monumentua ikustea eragotziz, zailduz edo desitxuratuz eta haren testuinguru-balioak hondatuz.

Horri dagokionez, I. eranskinean zehazten den ingurune babesturako, kutsadura bisuala eta akustikoa sortzen duten elementu hauek definitzen dira, beren eraikuntza- edo diseinu-ezaugarriengatik kultura-ondasunaren ikusmen- eta/edo soinu-nahasmena eragiten duten kasuetan:

– Eraikin berriak babestutako ondasunaren inguruan.

– Altuera dela, bolumena dela edo distantzia dela, Monumentuaren pertzepzioa nahasten duten aldi baterako eraikuntzak edo instalazioak.

– Horniduretarako, energia-sorkuntzarako eta -kontsumorako eta telekomunikazioetarako instalazioak, beren forma edo tamainagatik ingurune babestuan eragin handia badute.

– Errotuluak, seinaleak, hesiak eta kanpoko publizitatea jartzea, beren ezaugarri eta kokapenengatik babes-araubide honi lotutako ondasunaren kultura-balioak kaltetzen dituztenak.

– Hiri-hondakinak biltzeko elementuak, tamaina (zabor-edukiontziak) eta kokapenagatik babestutako kultura-ondasunaren pertzepzioa oztopa dezaketenak.

– Zarata-maila handia sortzen duten jarduerak edo instalazioak, monumentua ongizate akustikoko baldintzetan ikustea zailtzen dutenak.

3.– Baimena ematen da hiri-altzariak jartzeko, toldoak, mahaitxoak, kioskoak, markesinak eta ondasun babestuak parean duen plaza antolatzeko beharrezkotzat jotzen diren antzeko elementuak barne, baldin eta eraikinetik 15 metro baino gehiagora badaude, kultura-balioei kalterik eragiten ez badiete eta artikulu honetako 2. puntuko ikus-kutsadura eta kutsadura akustikoa sortzen duten elementuen zerrendan ez badaude.


Azterketa dokumentala