
146. zk., 2020ko uztailaren 27a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (274 KB - 3 orri.)
- EPUB (222 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2984
AGINDUA, 2020ko uztailaren 2koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita «Fundación Thepinkforce» izeneko fundazioaren eraketa.
Ikusi da «Fundación Thepinkforce» izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskaeraren espedientea. Honako aurrekari hauek ditu oinarri:
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2020ko otsailaren 4an, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean eskabide bat sartu zen, «Fundación Thepinkforce» izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko zena. Espedientean jasotako dokumentuak erantsi zitzaizkion eskabideari.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeak 2020ko martxoaren 12an akta bat egin du fundazioaren xedeen zilegitasunari eta interes orokorrari buruz, eta haren bideragarritasun ekonomikoari buruz.
Hirugarrena.– 2020ko martxoaren 16an, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroak errekerimendua bidali zion fundazioari, espedientean jasotako dokumentazioan antzeman diren akatsak zuzen ditzan eskatzeko.
Laugarrena.– 2020ko ekainaren 19an, «Fundación Thepinkforce» izeneko fundazioaren eraketa-eskritura zuzentzen duen eskritura publikoa jaso da Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren erregistroan.
Bosgarrena.– Estatutuen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera, «Fundación Thepinkforce» izeneko fundazioaren xedea da patologia desberdinak dituzten gaixoak, bereziki ahulenak, eta haien senideak indartzeko ekimenak sustatzen dituzten eta, horrela, agindutako terapiak gainditze aldera haien ingurune fisikoa, autoestimua eta animoa hobetzen duten erakundeei laguntzea. Horretarako, elkarte horien eta haien buru den fundazioaren beraren elkartasuna eta hedapen soziala sustatuko da.
Seigarrena.– Estatutuen 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, fundazioaren helbidea honako hau izango da: Mendigain kalea 32, 6-C, Donostia. Fundazioak Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatuko du, bereziki, bere jarduna.
Zazpigarrena.– Fundazioaren hasierako zuzkidura hogeita hamabost mila eurokoa da (35.000); diruzko ekarpenez eta diruzkoak ez diren ekarpenez osatuta dago.
– R2-KT droidea: robot arrosa bat da, 1:1 eskalakoa. Star Wars filmetako R2-D2 droidearen kopia zehatza da. 35.000 euroko balioa du. Balorazio hori Julio Montagut Desco jaunak, elektronikako eta droideen eraikuntzako teknikari espezialistak, egin du 2019ko abenduaren 19an.
– Seiehun euro (600) María Cristina Urtiaga Martín andreak jarri ditu. Ordainketa Kutxabank erakundearen banku-kontuan egin da.
Zortzigarrena.– Estatutuen 8. artikuluan ezartzen da Patronatua gutxienez 3 pertsonak eta gehienez 5 pertsonak osatuko dutela.
Eraketaren eskritura publikoan jasotakoaren arabera, honako hauek osatzen dute lehenengo Patronatua:
Presidentea: Antonio Serrano Corral jauna.
Idazkaria: María Cristina Urtiaga Martín andrea.
Diruzaina: Paula Zubia Hurtado andrea.
Izendatutako guztiek onartu dituzte karguak, ekainaren 9ko 9/2016 Legeak (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzkoak) 16.2 artikuluan ezarritako moduetako batean.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala aurreikusita dago lege-xedapen hauetan: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen, Lehendakariaren, azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.
Bigarrena.– Berariaz legitimatuta dagoen pertsona batek sustatu du espedientea; era berean, beharrezkoak ziren datu eta agiri guztiak aurkeztu dira, hots, bete egin dira ekainaren 2ko 9/2016 Legearen (Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioena) 7.– 12. bitarteko artikuluetan eta 51.2 artikuluan eta uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duena) 41. artikuluan ezarritako betekizunak. Beraz, aplikatu beharreko legezko eta erregelamenduzko manuen arabera eratu da fundazioa.
Aipatutako arauak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Donostiako «Fundacion Thepinkforce» izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatu dadin agintzea, egun honetan eta F-456 erregistro-zenbakiarekin. Patronatuaren hasierako osaketa ere inskribatuko da, zortzigarren aurrekarian zehazten diren kideekin, berariaz onartu baitituzte beren karguak, betiere 2020ko urtarrilaren 15ean Donostiako José Luis Carvajal García Pando notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoko zehaztapenekin bat etorriz (protokolo-zenbakia: 71). Notario berak 2020ko ekainaren 16an egindako zuzenketa-eginbidearen bidez eskritura zuzendu da.
Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Administrazio Publiko eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 2a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.
RSS