
145. zk., 2020ko uztailaren 24a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (274 KB - 6 orri.)
- EPUB (225 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2964
92/2020 DEKRETUA, uztailaren 14koa, Eusko Irratia-Radiodifusión Vasca SA, Gasteiz Irratia-Radio Vitoria SA eta Eitbnet SA sozietate publikoak azkentzeko eta Euskal Telebista-Televisión Vasca SA sozietate publikoaren estatutuak aldatzeko baimena ematen duena.
Euskal Autonomia Erkidegoak gizarte-komunikabideen arloan dituen eskumenak garatzeko, Eusko Legebiltzarrak maiatzaren 20ko 5/1982 Legea onartu zuen, Euskal Irrati Telebista erakunde publikoa sortzekoa, euskal herritarrentzako komunikabide publiko, sozial eta kalitatezkoa abian jartzeko abiapuntu gisa.
Aipatutako arauak 37. artikuluan xedatzen du irrati- eta telebista-zerbitzu publikoaren kudeaketa horretarako sortzen diren sozietate publikoen bidez egingo dela.
Xedapen horren babesean, Eusko Jaurlaritzak, uztailaren 19ko 157/1982 Dekretuaren, uztailaren 19ko 158/1982 Dekretuaren, martxoaren 20ko 77/1984 Dekretuaren eta maiatzaren 6ko 100/2003 Dekretuaren bidez, Euskal Telebista-Televisión Vasca SA, Eusko Irratia-Radiodifusión Vasca SA, Gasteiz Irratia-Radio Vitoria SA eta Eitbnet SA sozietate publikoak sortu edo baimendu zituen, telebista, irrati eta Interneteko zerbitzuak kudeatzeko, hurrenez hurren.
Gaur egun, EITB taldea osatzen dute Euskal Irrati Telebista erakunde publikoak eta aipatutako sozietateek; beraz, erakunde publikoa da lau sozietateen kapital sozialaren ehuneko ehun ordezkatzen duten akzioen titular bakarra eta zuzena, sorrera-legearen 38. artikuluan aurreikusten den bezala.
Azken hamarkada honetan, EiTB taldea eraldaketa teknologiko eta digital etengabean murgilduta egon da, gizartearen eskura dauden zerbitzu, bitarteko, euskarri eta gailu berrietara egokitzeko, eta, aldi berean, kalitatezko gizarte-komunikazioko zerbitzu publikoaren aldeko apustu irmoari eutsi dio.
Eraldaketa teknologiko eta digitalaren dimentsioak, irismenak eta intentsitateak, hasieran aurreikusi zena baino handiagoa, eta ingurune berrira, globala eta digitala, egokitu beharrak, bai helburu horretara bideratutako baliabide materialak optimizatu beharrak ere, EiTB taldea derrigortu dute bere sozietate-egituraren eta administrazio-ereduaren arrazionalizazio posibleari buruzko hausnarketa estrategiko bat egitera, kudeaketaren eraginkortasuna hobetu ahal izateko, araudiak ezarritako mugen arabera.
Hausnarketa horren ondorioz, Euskal Irrati Telebista-Radio televisión Vasca erakunde publikoaren zuzendari nagusiak eta Administrazio Kontseiluak erabaki dute lehen aipatutako sozietate-egitura sinplifikatzea, lau sozietate publiko operatiboak erakunde publikoaren mendeko sozietate publiko bakar batean integratzeko; nolanahi ere, erakunde publiko instrumentalen kopurua murrizteak ez du zalantzan jartzen gaur egun EiTB taldeak eskaintzen dituen zerbitzuen (irratia, telebista) edo egiten dituen jardueren jarraitutasuna eta kalitatea.
Merkataritza-zuzenbideko ikuspegitik, Euskal Irrati Telebista – Radio televisión Vasca ente publikoaren zuzendari nagusiak eta Administrazio Kontseiluak erabaki dute Euskal Telebista-Televisión Vasca SA sozietate publikoa (sozietate xurgatzailea) eta Eusko Irratia-Radiodifusión Vasca SA, Gasteiz Irratia-Radio Vitoria SA eta Eitbnet SA sozietate publikoak (sozietate xurgatuak) xurgapen bidez bat eginez integratzea. Hori guztia merkataritza-sozietateen egiturazko aldaketei buruzko apirilaren 3ko 3/2009 Legean ezarritakoaren arabera.
Deskribatutako bat-egitearen ondorioz, Eusko Irratia-Radiodifusión Vasca SA, Gasteiz Irratia-Radio Vitoria SA eta Eitbnet SA (sozietate xurgatuak) sozietate publikoak deseginda, likidaziorik gabe eta azkenduta geratuko dira, eta beren ondareak Euskal Telebista-Televisión Vasca SA (sozietate xurgatzailea) sozietate publikoaren alde eskualdatuko dira, blokean eta oinordetza unibertsalez.
Horrela, zerbitzu publikoen kudeaketa (irratia, telebista eta Internet) eta EiTB taldearen gainerako jarduerak Euskal Telebista-Televisión Vasca SA (sozietate xurgatzailea) sozietate publikoan zentralizatuko dira. Sozietate horren akziodun bakarrak Euskal Irrati Telebista-Radio televisión Vasca erakunde publikoa izaten jarraituko du, eta aurrerantzean EiTB Media SAU izango du izena.
Azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren 115. artikuluak honako hau xedatzen du: «Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren barruan dauden merkataritza-sozietateak sortzeko eta azkentzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen III. tituluko IV. kapituluan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako testu bateginean xedatutakoa bete beharko da».
Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak 20.3 artikuluan xedatzen du sozietate publikoak azkentzeko Eusko Jaurlaritzak emandako dekretua behar dela.
Bestalde, Euskal Telebista-Televisión Vasca SA (sozietate xurgatzailea) izena aldatzeko, irrati- eta Internet-zerbitzuen eta beste batzuen prestazioa islatzeko, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren baimena behar da, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta sozietatea lotuta dagoen saileko sailburuak batera proposatuta.
Ondorioz, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuak batera proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2020ko uztailaren 14an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Eusko Irratia-Radiodifusión Vasca SA, Gasteiz Irratia-Radio Vitoria SA eta Eitbnet SA sozietate publikoak azkentzea, Euskal Telebista-Televisión Vasca SA sozietate publikoak sozietate horiek xurgatze bidez bat egitearen ondorioz.
2. artikulua.– Baimena ematea Euskal Irrati Telebista-Radio televisión Vasca erakunde publikoaren titularitateko akzioen ordezkariei Euskal Telebista-Televisión Vasca SA sozietate publikoaren estatutuak aldatzeko, dekretu honi atxikitako eranskinean adierazitako baldintzetan.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2020ko uztailaren 14an.
Lehendakaria,
IŃIGO URKULLU RENTERIA.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
UZTAILAREN 14KO 92/2020 DEKRETUAREN ERANSKINA
EITB MEDIA SAU SOZIETATE ANONIMO PUBLIKOAREN ESTATUTUAK
I. TITULUA
ERAKETA, IZENA, ARAUBIDE JURIDIKOA, HELBIDEA, XEDEA ETA IRAUPENA
1. artikulua.– Eraketa.
1.– EiTB Media S.A.U. izenarekin, sozietate anonimo bat eratzen da, merkataritza-sozietateen kategoriakoa eta nortasun juridiko propioa duena.
2.– Sozietatea arautuko dute (i) uztailaren 19ko 157/1982 Dekretuak, Euskal Telebista-Televisión Vasca SA sozietate publikoa eratzeari buruzkoak, eta haren aldaketek, (ii) Euskal Irrati Telebista sortzeko maiatzaren 20ko 5/1982 Legeak, eta (iii) Kapital Sozietateen Legeak eta aplikatu beharreko gainerako arauek.
2. artikulua.– Helbidea.
Sozietatearen egoitza Bilboko emisio-zentroan dago, Basurtuko Kaputxinoen kaleko 2an eta bertan egongo da sozietatearen legezko ordezkaritza. Batzar Orokorrak agentziak, delegazioak, ordezkaritzak edo bulegoak ezarri ahal izango ditu Euskal Autonomia Erkidegoan edo kanpoan, eta egoitza soziala aldatu ahal izango du Euskadin.
3. artikulua.– Sozietatearen xedea.
Sozietatearen xedea da:
a) Irudi eta soinuak aldi berean sortu eta transmititzea uhinen bidez edo kableen bidez, bitarteko gisa edo berehalakoan, publiko orokorrari zuzenduta, helburu informatibo, kultural, artistiko, komertzial nahiz jolas- eta publizitate-helburuekin, hezkuntza-sistemarekin lankidetzan aritzeko eta euskal kultura sustatu eta zabaltzeko, eta, bereziki, euskara sustatu eta garatzeko.
b) Argitalpen grafikoa, musika-edizioa eta ekoizpen diskografikoa eta bideografikoa.
c) Informazioaren gizarterako edukiak ekoiztea, erreproduzitzea, argitaratzea, erostea, saltzea, haien merkataritza-ustiapena egitea eta banatzea, batez ere interaktiboak, multimediakoak eta sarekoak komunikazio- eta zerbitzu-euskarri berrietarako.
d) Komunikazio- eta zerbitzu-kanalak martxan jartzea eta mantentzea euskarri berrietan, gaur egun telebista digitalak, teletestuak, Internetek eta telefonia mugikorrak ordezkatzen dituztenak, eta etorkizunean garapen teknologikoak ahalbidetuko dituenak.
e) Teknologia-zentroekin lankidetzan aritzea eremu horretako berrikuntza-proiektuetan.
f) Ikus-entzunezkoen euskal sektorea garatzen eta sektorea beste merkatu batzuetara zabaltzen laguntzen duten enpresa-proiektuetan eta izaera estrategikoko aliantzetan parte hartzea.
Sozietatearen xedetik kanpo geratzen diren jarduerak honako kasuan izango dira: jarduera horiek gauzatzeko legeak betekizun bereziak eskatzen baditu, eta betekizun horiek sozietate honek betetzen ez baditu.
3 bis artikulua.– Webgunea.
Sozietatearen webguneak http://www.eitb.eus izena izango du.
4. artikulua.– Iraupena.
Sozietatearen iraupena mugagabea izango da, eta eratzen den egunean bertan hasiko dira bere jarduerak.
II. TITULUA
KAPITALA ETA BALIABIDEAK
5. artikulua.– Kapital soziala.
Kapital soziala berrogeita hamazortzi milioi seiehun eta laurogeita hamabost mila hirurehun eta hogeita hamar euro eta hirurogeita hamazortzi zentimokoa da (58.695.330,78 euro), eta 9.766.278 akzio izendunek osatzen dute. Akzio bakoitzak 6,01 euroko balio nominala du, 1etik 9.766.278ra bitartean zenbakituta, biak barne, erabat harpidetuta eta ordainduta, eta Euskal Telebista erakunde publikoarena da.
6. artikulua.– Baliabideak.
Sozietatea Euskal Irrati Telebista sortzeko maiatzaren 20ko 5/1982 Legearen 45. artikuluan aurreikusitako moduan finantzatuko da.
III. TITULUA
GOBERNU-ORGANOAK
7. artikulua.– Gobernu-organoak.
Sozietatea gobernatzea eta administratzea, Kapital Sozietateei buruzko Legean ezarritako eskudantziekin, honako organo hauen esku egongo da, maiatzaren 20ko 5/1982 Legean eta estatutu hauetan xedatutakoaren ordezko gisa aplikatzekoa den egoera orotan:
a) Batzar Orokorra.
b) Administratzaile bakarra.
I. ATALA
AKZIODUNEN BATZAR NAGUSIA
8. artikulua.– Izaera eta eginkizunak.
Batzar Nagusiari, sozietatearen organo gorena den aldetik, Kapital Sozietateen Legeak ematen dizkion ahalmenak dagozkio, baldin eta horiek ez bazaizkio beste organo bati esleitu, maiatzaren 20ko 5/1982 Legearen eta estatutu hauen arabera.
II. ATALA
ADMINISTRATZAILE BAKARRA
9. artikulua.– Administratzaile bakarra.
a) Sozietatea administratzaile bakarrak administratu eta ordezkatuko du.
b) Karguak lau urte iraungo du, eta aldi berdinetan luzatu ahal izango dira.
c) Kargua maiatzaren 20ko 5/1982 Legean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako bateraezintasunen mende egongo da, bai eta Euskal Irrati Telebista-Radio Televisión Vasca erakunde publikoarekin duten loturagatik bidezkoak direnen mende ere.
III. ATALA
ZUZENDARIA
10. artikulua.– Zuzendaria.
Batzar Orokorrak zuzendari bat izendatu ahal izango du, eta hark berariaz eskuordetzen zaizkion eskumenak eta ahalmenak izango ditu. Kargua Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legearen mende dago.
IV. TITULUA
EKONOMIA- ETA FINANTZA-ARAUBIDEA
11. artikulua.– Sozietate-ekitaldiaren iraupena.
Sozietatearen ekitaldia urtarrilaren 1ean hasi eta abenduaren 31n amaituko da.
12. artikulua.– Araudi erregulatzailea.
Sozietateak, Euskal Autonomia Erkidegoko sozietate anonimo publikoa den aldetik, aplikatu beharreko araudi berezira egokituko du bere araubide ekonomiko-finantzarioa, eta azken horrek aurreikusi gabekoetan, Kapital Sozietateen Legera eta hura osatzen duten gainerako xedapenetara.
13. artikulua.– Ekonomia- eta kontabilitate-agiriak.
Sozietateari aplikatu beharreko legeria bereziak idaztera behartzen dituen ekonomia- eta kontabilitate-agiriez gain, sozietateak honako hauek formalizatuko ditu, urte bakoitzeko abenduaren 31 erreferentziatzat hartuta eta sozietatearen ekitaldia ixten denetik hiru hilabeteko epean: balantzea, galdu-irabazien kontua, ekitaldiko ondare garbiaren aldaketak jasotzen dituen egoera-orria, diru-fluxuen egoera-orria eta gizarte-eragiketen azalpen-memoria.
14. artikulua.– Kontu-ikuskaritza.
Kontu sozialen auditoretzari eta kontrolari dagokienez bereziki aplikatzekoa den araudia alde batera utzi gabe, Batzar Orokorrak kontu horien auditoretza xedatu ahal izango du erakunde edo espezialista independenteen bidez.
15. artikulua.– Zehaztapena.
Zuzenbide pribatuko pertsonei aplika dakizkiekeen jurisdikzio-erregela berberen mende egongo da sozietatea, hargatik eragotzi gabe bere ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideen izaeraren arabera bidezkoak diren berezitasunak eta ekonomia- eta kontabilitate-jarduera fiskalizatu eta epaitzea, baldin eta jarduera horien gaineko ardura jurisdikzio bereziari esleitzen bazaio, bere kapitalean Euskal Autonomia Erkidegoak soilik parte hartzeagatik.
RSS