Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

145. zk., 2020ko uztailaren 24a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
2962

EBAZPENA, 2020ko ekainaren 29koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen baita Gallartako (Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena) «UE-GA-06» hirigintza-esparruko bolumenen antolamendurako xehetasun-azterketari buruz.

AURREKARIAK

2019ko azaroaren 26an, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udalak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari eskaera egin zion Gallartako (Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena) «UE-GA-06» hirigintza-esparruko bolumenen antolamendurako xehetasun-azterketaren (aurrerantzean, Planaren) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura izapidetzen hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, eta Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udalari aipatu izapidearen hasiera jakinarazi zion.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.

Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Gallartako (Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena) «UE-GA-06» hirigintza-esparruko bolumenen antolamendurako xehetasun-azterketa (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak -eskumena duen organoa baita Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera- ingurumen-txosten estrategiko hau eman du. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin du, eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Aztertu ditugu abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Gallartako (Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena) «UE-GA-06» hirigintza-esparruko bolumenen antolamendurako xehetasun-azterketaren ingurumen-txosten estrategikoa egitea, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udalak sustatuta, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Xehetasun-azterketaren xedea da Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (HAPO) definitutako eraikinen gehieneko inguratzailearen aldaketa puntuala egitea, UE-GA-06 unitatean proiektatutako etxebizitza bloke berria eraikitzeko. Horretarako, teilatupeko solairuko baldintza bolumetrikoak ñabartuko dira. Hala, solairu horretan aurreikusitako etxebizitzak (atikoak) bideragarriak izango dira.

Planaren xede den eremua Gallartako (Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena) hirigunearen hegoaldean dago, 6.523 m2-ko azalera du eta dentsitate handiko bizitegi-erabilerako hiri-lurzoru gisa sailkatuta dago. Eremuaren garapena egin ahal izateko, egun eremuan dauden eraikinak eraitsi egingo dira.

Azken batean, Planaren helburua ez da indarreko plangintzak ezarritako antolamendua aldatzea, baizik eta teilatupeko solairuko gehieneko garaiera eta bolumena egokitzea, HAPOan aurreikusitako lerrokadurak, eraikigarritasuna eta etxebizitzak aldatu gabe.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: xehetasun-azterketak aldatu egiten du HAPOan aurreikusitako eraikinaren gehieneko inguratzailea, horretarako teilatupeko solairuko baldintza bolumetrikoak ñabartuz, teilatupeko solairuan aurreikusitako etxebizitzen bideragarritasuna bermatze aldera. Hori onartu eta gero, eraikuntza-proiektua garatu beharko da. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, xehetasun-azterketak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: planaren ezaugarriak aintzat hartuta, plan honek ez du aipatzeko moduko ingurumen-ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Plana egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik: planaren xedea egokia da garapen jasangarria sustatzera bideratutako ingurumen-irizpideak txertatzeko, batik bat urbanizazioan, eraikingintzan eta eraikuntzan, baliabideen erabilera-efizientzian eta hondakinak murriztean eta aprobetxamendua areagotzean, eraikinen energia-aurrezkian eta -efizientzian, energia berriztagarrien bultzadan, ingurunearen eta biodibertsitate autoktonoaren kalitatearen bultzadan eta espezie inbaditzaileak sartzeko arriskuaren murrizketan.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-eragin adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, urei, hondakinen kudeaketari, natura-ondareari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko Batasuneko edo estatuko legedia ezartzeko: plana egokia da Batasuneko edo estatuko ingurumen-legeak ezartzeko, hain zuzen ere, hondakinen, klima-aldaketaren, airearen kalitatearen (emisio atmosferikoak, zarata, argia) eta biodibertsitatearen arloetakoak.

2) Eraginen eta erasan daitekeen eremuaren ezaugarriak.

Xehetasun-azterketaren eremua hiri-lurzoru gisa sailkatuta dago eta Gallartako (Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena) hirigunearen hegoaldean dago. Eremuan, hainbat eraikin daude –gehienak etxebizitzak– El Minero Hiribidean. Gainerakoan, zenbait hormigoi-gune eta berdegune daude, baratzeak, landaredia belarkara, zuhaixkak eta zuhaitzak daudena.

Planaren eremuan ez dago kaltetu daitekeen naturagune babesturik, ezta natura-interes handiko eremurik ere. Eremuan ez dago interes geologikoko zonalderik ere. Ez dago Korridore Ekologikoen Sarean jasotako elementurik, ez lurrazaleko urik, ezta Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoaren Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroan jasotako elementurik ere. Ez dago, ezta ere, katalogatutako flora- eta fauna-espezierik edo kultura-ondareko elementurik ere.

Ipar-ekialdean landaredia belarkarari lotutako erabilerak ezarri dira (belardiak), baina ezin da baztertu, eskura dagoen informazioaren arabera (Batasunaren intereseko Euskal Autonomia Erkidegoko Habitaten Mapa), belardi horien zati batean Batasunaren intereseko 6510 habitata egon daitekeenik (altuera baxuetako sega-belardi elkorrak). Gainera, Cortaderia selloana espezie exotiko inbaditzailea dago.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, planaren xede den eremua akuiferoen kutsadurarekiko oso kaltebera da. Eremuan ez da bestelako ingurumen-arriskurik hauteman.

Zaratari dagokionez, Planaren eremuan dauden zarata-iturri nagusiak El Minero Hiribideko hiri-trafikoa, BI-3756 saihesbidea, BI-2757 errepidea eta industria-jarduera dira. Bizkaiko Foru Aldundiaren Zarataren Mapa Estrategikoen arabera (2017ko ekaina), eremua BI 2757 errepidearen zortasun akustikoko eremutik kanpo dago.

Testuinguru horretan, proiektatutako jarduketak eta Planaren xede den eremuaren ezaugarriak kontuan hartuta, ondoriozta daiteke ingurumen-baldintzatzaile adierazgarrienak landaredia eta akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna direla. Halaber, izan daitezkeen inpaktu nabarmenenak honako hauek izango dira: egun eremuan dauden eraikinak eraisteko eta eraikin berria eraikitzeko lanak, eta eremua urbanizatzeko lanak. Plana garatzeko jarduketen ondorioz, hondakinak, lur-mugimenduak, makineriaren joan-etorriak, isurketak, etab. sortuko dira. Besteak beste, isurketen ondorioz lurpeko urak kaltetu daitezke, eta emisio atmosferikoek eta akustikoek eragozpenak eragin diezazkiekete herritarrei, hirigunean bertan egingo baitira lanak. Hala eta guztiz ere, ondorio horiek guztiak dagoeneko aurreikusita zeuden indarreko plangintzaren garapenean.

Edonola ere, ingurumen-ondorioak baloratzeko, erreferentziatzat hartuko da indarrean dagoen plangintzan aurreikusitako egoera. Zentzu horretan, xehetasun-azterketan proposatutako jarduketek ez dute handitzen izan litezkeen ondorioen larritasuna; hau da, HAPOn eremurako aurreikusitakoarekin bat datoz. Hala, Planaren ondorioz ez da akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna areagotzen, ez zaio landaredia-azalera handiagoari eragingo, eta ez dira egoera akustikoan izan daitezkeen ondorioak aldatuko.

Hori guztia kontuan hartuta, eta ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatutako neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuta, bai eta aurrerago zehazten direnak ere, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

3) Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera. Besteak beste, jarduketa hauek nabarmendu ditzakegu:

– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea.

– Obrak, baita lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Beharrezkoak diren mozte- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak (makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne) ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna handia den eremuari eragitea saihestuko da, gune iragazgaiztuetan kokatuta.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko eragiketen ondoriozkoak barne.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak, amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitu eta gutxitzekoak, ezarritakoa bete beharko da, baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretua, amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasun eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena, ere.

Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete behar dituzte (dekretu horren bidez, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen da), eta itxita egon beharko dute baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin biltegira eraman eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.

Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

– Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita.

– Landare- eta lore-estaldura lehengoratzeko lanetan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, horrela espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendio eta neurriak kontuan hartuko dira. Gidan, aukerak ematen dira, birlandatu beharreko ingurunearen arabera, eta, bereziki, ahalmen inbaditzailea duten espezie aloktonoak identifikatzen ditu, landaketa horietan ez erabiltzeko.

– Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Cortaderia selloana eta izan litezkeen bestelako espezieak kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.

– Hirigintza-garapenari dagokionez, eremu akustiko horretan aplikatu behar diren kalitate akustikoaren helburuak bete beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Ondorioz, kasua zein den, eraikuntza-lizentzia eman aurretik, kanpo-ingurunea babestera bideratutako neurri tekniko eta ekonomikoki egokiak hartu behar dira (lurzorutik bi metrora inguru eraiki gabeetan, eta altuera orotara leihodun fatxadetan, inguru eraikietan), baita, edonola ere, eraikinaren barnealdeko kalitate akustikoko helburuak betetzera zuzendutakoak ere, gelaren arabera (egongelak edo logelak) eta eguneko orduaren arabera (goizez, arratsaldez eta gauez). Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikuntza-proiektuan.

Era berean, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udalak lehenengo okupaziorako edo bizigarritasunerako lizentzia jaso aurretik, barnealdeko espazioetako kalitate-helburuen betetze-mailari buruzko txostena aurkeztu beharko du. Horretarako, kanpoko fatxadaren isolamendu akustikoa neurtzeko kanpaina bat eskatu dezake. Neurketa horiek «UNE-EN ISO 140-5:1999: Isolamendu akustikoa neurtzea eraikinetan eta eraikuntza-osagaietan» arauak ezarritakoari jarraikiz egin beharko dira. 5. zatia: Fatxadako elementuen eta fatxaden airetiko zarataren aurkako isolamendu akustikoa in situ neurtzea.

– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikingintza jasangarriaren gida» argitalpenean gomendioak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere Ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, baita sustatzaileak planteatutakoak ere (aurrekoen aurkakoak ez izanez gero), ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortuko denik Plana gauzatzearen ondorioz. Hori dela eta, ondoriozta daiteke Gallartako (Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena) «UE-GA-06» hirigintza-esparruko bolumenen antolamendurako xehetasun-azterketak ez duela ondorio kaltegarri nabarmenik izango ingurumenean, eta, hortaz, ez da beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udalari jakinaraziko zaio.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Gallartako (Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena) «UE-GA-06» hirigintza-esparruko bolumenen antolamendurako xehetasun-azterketa onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 29a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala