Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

142. zk., 2020ko uztailaren 21a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
2882

AGINDUA, 2020ko uztailaren 14koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, zeinaren bidez laguntza bereziak deitzen eta arautzen baitira COVID-19ak sortutako krisiaren eragina izan duten lan-sozietate eta lan elkartuko kooperatiba txikientzat.

COVID-19aren epidemiak eragina izan du ekonomian, oro har, eta kooperatiba-sozietateengan eta lan-sozietateengan, bereziki. Sozietate horiek jarduera garatzen duten merkatuko baldintzak goitik behera eta ustekabean aldatzea ekarri du epidemiak; salmentak murriztu ditu eta likidezia-arazoak sortu ditu, eta, kasurik muturrekoenetan, jarduera aldi baterako uztea eragin du.

Administrazio publikoek hainbat neurri hartu dituzte enpresa horien jarduera ekonomikoari aldi baterako eusteko. Hala ere, eragin horren larritasunak laguntza horiek osatzea eskatzen du, bereziki kooperatiba-sozietate eta lan-sozietate txikiei dagokienez. Gizarte-ekonomiako enpresa horiek jarraipena izaten eta sortutako enpleguei eusten lagundu behar da.

Izan ere, enpresa horietako asko sortu berriak eta finkatu gabeak direla kontuan hartuta, ohiko ordainketa-betebeharrek kalte handia eragin dute enpresa horien finantza-egituraren orekan. Jarduera uzteko ezohiko egoeran daude enpresa horiek orain.

Bi betebehar esanguratsu dituzte: batetik, Gizarte Segurantzako Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Bereziko kuotak (Gizarte Segurantzako erregimen horretan afiliatuta daude gehienak), eta bestetik, jarduera ekonomikoa garatzen duten lokaletako alokairuen ordainketa.

Lehenengo betebehar horri lotuta, COVID-19ren eragin ekonomiko eta sozialari aurre egiteko ezohiko presako neurriei buruzko martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuaren 17.6 artikuluak ezartzen du norberaren konturako langile gisa aritzea erabaki duten lan elkartuko kooperatibetako bazkide langileak hark arautzen duen aparteko prestazioarekin parekatuko direla, baldin eta artikulu horretan ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Dirulaguntzetarako arau honek aipatu prestazioa osatu nahi du, manu horretako baldintzak betetzen dituzten langileei dagokienez, eta kuoten finantzaketa erraztu nahi die.

Bigarren betebeharrari lotuta, Gobernu Kontseiluak 2020ko martxoaren 17ko bileran erabaki zuen aurrekontu-programa berezi bat sortzea, 300 milioi eurokoa, besteak beste enpresa txiki eta ertainentzako, banakako enpresaburuentzako, profesionalentzako eta autonomoentzako neurriak finantzatzeko. Erabakia betetze aldera, martxoaren 31ko 50/2020 Dekretua onartu zen, zeinaren bidez garatzen baita enpresa txiki eta ertainentzako, banakako enpresaburuentzako eta profesional autonomoentzako finantza-laguntzaren 2020ko programa, COVID-19aren eragin ekonomikoari aurre egiteko.

Laguntza hori 6 hilabeteri dagozkien egitura-gastuen likidezia- eta finantzaketa-beharrak finantzatzeko da (1. artikulua) eta, zehazki, finantzatzeko moduko egoeratzat jotzen dira 6 hilabeteri dagozkien egitura-gastuen likidezia- eta finantzaketa-beharrak estaltzeko xedea duten finantzaketa-eragiketak (3. artikulua).

Bada, laguntza horri heltzen dion kooperatiba-sozietateak edo lan-sozietateak lor dezakeenaren osagarria da agindu honetan arautzen den laguntza.

Bi kasuetan, gizarte-ekonomiako enpresei ematen zaien berariazko laguntza enpresa horien sozietate-izaerak justifikatzen du. Izan ere, kooperatiba-sozietateen kasuan, Euskadiko Kooperatibei buruzko abenduaren 20ko 11/2019 Lege berriak berariaz aitortzen du laguntza hori, kooperatiba-erakundeak sustatzea, bultzatzea eta garatzea gizarte-interesekotzat jotzen baitu (156. artikulua); eta 157.2.j) artikuluak sustapen-betebehar zehatzak aurreikusten ditu enpresa-krisia gertatzen denean. Antzeko gogoeta egin daiteke lan-sozietateei dagokienez, Lan Sozietateei eta Partaidetzazko Sozietateei buruzko urriaren 14ko 44/2015 Legearen laugarren xedapen gehigarriarekin bat etorriz.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2020. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legea onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin bat etorriz, eta Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuak ematen dizkidan eskumenen arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak.

– Deialdi honen bidez laguntza jakin batzuk arautzen dira, COVID-19ak sortutako krisiaren ondorioz jarduerak etenda dituzten edo fakturazioan gutxienez % 75eko murrizketa izan duten lan-sozietateen edo kooperatiba-sozietateen zuzeneko galera ekonomikoaren egoera arintzeko. Laguntzak norberaren konturako bazkide langileen edo autonomoen arabera emango dira.

Dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak:

Agindu honen 3. artikuluan zehaztutako kuotak, sozietateetako bazkide langileek Gizarte Segurantzako Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Berezian, norberaren konturako langile gisa, egindako kotizazioa ordaintzeari lotuta daudenak.

Agindu honen 3. artikuluan zehaztutako gastuak, sozietateen negozio-lokalaren errentamenduari dagozkionak.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak, adjudikatzeko prozedura eta emakidaren mugak.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, milioi bat euro jarriko dira (1.000.000).

2.– Deialdi hau finantzatzeko baliabide ekonomikoak honela banatuko dira:

a) 1.2.a) artikuluan zehazten diren jardueretarako, erabilgarri dauden baliabideen % 80 bideratuko da.

b) 1.2.b) artikuluan zehazten diren jardueretarako, erabilgarri dauden baliabideen % 20 bideratuko da.

3.– Dirulaguntzak adjudikatzeko prozedura:

a) 1.2 artikuluko bi atalak modu independentean hartuko dira kontuan, eta atal bakoitzera bideratutako baliabide ekonomikoak nahikoak badira erakunde onuradunei laguntzeko, agindu honetan zehaztutako parametroen araberako zenbatekoa emango da.

b) Kontsignazio ekonomikoa ez bada nahikoa bi ataletako batean ere, murrizketa proportzionala egingo da baiespen-eskaeren artean, atal bakoitza bereizita.

c) Ataletako batean soberako saldoa badago, saldo hori defizita duen atalari egotzi ahal izango zaio; oraindik ere nahikoa ez bada, banaketa proportzionala egingo da defizita duen atalaren onuradun guztien artean.

3. artikulua.– Onuraduna izateko betekizun orokorrak.

1.– Zehazki, deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan daitezke honako baldintza hauek betetzen dituzten lan-sozietateak edo kooperatiba-sozietateak:

a) Jarduera zuzenean eten da COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren ondorioz, edo fakturazioa gutxienez % 75 murriztu da eta egiaztatu daiteke. Murrizketa kalkulatzeko, alderatu egingo dira 2020ko martxoaren 14tik ekainaren 14ra bitarteko (biak barne) hilabeteetako fakturazioaren batezbestekoa eta 2019ko irailaren 13tik 2020ko otsailaren 13ra bitarteko (biak barne) hilabeteetako fakturazioaren batezbestekoa.

b) Dagokion 1.2.a) artikuluko jarduerei lotuta: 2020ko martxoaren 14an gehienez ere hamar bazkide langile mugagabe izatea, Gizarte Segurantzako Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Berezian sartuta (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 323. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoak barne).

c) Dagokion 1.2.b) artikuluko jarduerei lotuta: 2020ko martxoaren 14an bi bazkide langile mugagabe izatea, Gizarte Segurantzako Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Berezian sartuta. Enpresaren jarduera ekonomikoa errentan hartutako negozio-lokal batean garatzea, eta honako baldintza hauek betetzea: lokala ezin da izan enpresako bazkide langileren baten etxebizitza edo beste enpresa batekin partekatutako eremua; lokalaren errentatzailearekin ezin da egon 2. mailarainoko odol- edo ezkontza-ahaidetasunik; eta ezin da izan errentatzaile diharduen pertsona fisiko edo juridikoaren bazkide edo partaide. Coworking-espazioak deialditik kanpo geratzen dira.

2.– Oro har, enpresa eskatzaileek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan jardutea.

b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta hura ordaindu baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

c) Dirulaguntzak itzultzeko dagozkion ordainketa guztiak eginak izatea.

d) Zigor- edo administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zehapenik ez jaso izana, ez eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera, edo emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

e) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. apartatuko egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.

3.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan agertu behar du pertsona eskatzaileak.

Pertsona eskatzailea ez badago erregistratuta, edo Ogasun eta Ekonomia Sailaren Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete behar du eredu honi jarraituz: http://www.euskadi.eus/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/adjuntos/ALTA.pdf

4. artikulua.– Erakunde eskatzaileen betekizunak egiaztatzea.

1.– Eskabidearekin batera aurkeztuko duten erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, erakunde onuradunek deklaratu behar dute bete egiten dituztela agindu honetako 3.2 artikuluan zehazten diren betekizunak, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako gainerako betekizunak ere. Hala izanez gero, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik, eskatu beharko da adierazpenean adierazitako datuak benetakoak direla egiaztatzen duten agiriak aurkezteko, 15 eguneko epean gehien jota.

2.– Eskabidea aurkeztean, baimena ematen zaio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari zuzenean egiazta dezan erakunde eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela. Baimen hori berariaz ukatu ahal izango da, eta, kasu horretan, erakunde eskatzaileak ogasun-agintaritzaren eta Gizarte Segurantzaren administrazio-instantziek eginiko ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko, baita onuradun gisa jarraitzeko ere, emandako dirulaguntza likidatu arte eta, beraz, egiaztatuko da betebehar horiek betetzen direla dirulaguntza emateko unean, eta ordainketak egiteko unean ere bai.

3.– Administrazio publikoen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideetan erakunde onuradunei aukera emango zaie berariaz onar dezaten organo kudeatzaileak haien datuak edo agiriak lortu edo egiaztatu ahal izango dituela.

5. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko gastuak eta dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak dirulaguntzatzat hartuko dira, eta honako gastu hauek finantzatzera bideratuko dira:

a) Agindu honen 3. artikuluan zehaztutako kuotak, sozietateetako bazkide langileek Gizarte Segurantzako Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Berezian, norberaren konturako langile gisa, egindako kotizazioa ordaintzeari lotuta daudenak.

b) Negozio-lokalen errentamendua, baldin eta baldintza hauek betetzen badira: lokala ezin da izan enpresa eskatzaileen etxebizitzaren zatia edo beste enpresa batekin partekatutako eremua; lokalaren errentatzailearekin ezin da egon 2. mailarainoko odol- edo ezkontza-ahaidetasunik; eta ezin da izan errentatzaile diharduen pertsona fisiko edo juridikoaren bazkide edo partaide. Coworking-espazioak deialditik kanpo geratzen dira.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa honela zehaztuko da:

a) Dagokion 1.2.a) artikuluko jarduerei lotuta: eskatutako baldintzak betetzen dituen bazkide langile bakoitzeko, erakunde onuradunak Gizarte Segurantzako Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Berezian afiliatzeko gutxieneko kuota jasoko du, alarma-egoera amaitu eta hurrengo bi hilabeteetarako.

b) Dagokion 1.2.b) artikuluko jarduerei lotuta: Negozio-lokalaren errentamenduari dagozkion gastuak, 2020ko martxoaren 14tik (egun hori barne) alarma-egoera amaitu eta hurrengo bi hilabeteetara arte.

3.– Erakunde onuradun bakoitzari eman beharreko laguntzaren gehieneko zenbatekoa 3.000 euro izango da artikulu honetako 2.a) atalari dagokionez, eta 1.000 euro 2.b) atalari dagokionez. Bi laguntzak metagarriak eta bateragarriak direnez, erakunde bakoitzeko gehieneko zenbatekoa 4.000 euro izango da, hala badagokio.

6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Agindu honetan jasotzen diren laguntzen eskaera izapidetzeko, bitarteko elektronikoak erabiliko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoarekin bat eginez. Eskabidea egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: http://www.euskadi.eus/ayudas-autonomos-empresas-economia-social-2020/web01-tramite/es

2.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren hurrengoan hasiko da zenbatzen eskabideak aurkezteko epea, eta 2020ko irailaren 30ean amaituko da (egun hori barne).

3.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Eskabidearen ondorengo izapideak egiteko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus. Bertan azaltzen da nola egin izapide elektronikoak.

7. artikulua.– Derrigorrezko dokumentazioa.

Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioz bere jarduera zuzenean eten dela adierazten duena. Baina fakturazioa murriztu bada, hori justifikatzen duen kontabilitate-informazioa aurkeztu beharko da. Horretarako, jaulkitako eta jasotako fakturen erregistro-liburuaren kopia autentiko elektronikoa, diru-sarreren eta gastuen eguneroko liburua, salmenten eta sarreren erregistro-liburua edo erosketen eta gastuen liburua aurkeztu beharko dira.

Hala badagokio, aurreko paragrafoan adierazitako dokumentazioaren ordez, jarduera uzteagatiko aparteko prestazioa emateko eskabidearen kopia aurkeztu ahal izango da. SEPE Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak kudeatuko du eskaera hori. Aparteko prestazioa emateko ebazpena jakinarazten den unean aurkeztu beharko da beti, edo eskabidearekin batera, jada eman bada.

b) Sozietateko organo eskudunak emandako ziurtagiria. Bertan, erakundeko bazkide langileen zerrenda zehaztu beharko da, eta 2020ko martxoaren 14tik aurrera sinatuta egongo da.

c) 1.2.b) artikuluarekin lotutako dirulaguntza eskatuz gero, negozio-lokalaren errentamendu-kontratua aurkeztuko da.

8. artikulua.– Eskabidean egindako hutsak zuzentzea.

Dirulaguntzen eskaeren termino guztiak beteta ez badaude edo beharrezko dokumentazioarekin batera ez badatoz, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo beharrezko dokumentuak gainera ditzala, betiere hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu atzera botako zaiola eskaera. Administrazioak eskaera horri buruzko berariazko ebazpena eman beharko du, eta ebazpen hori jakinarazi, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

9. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epeak eta publikotasun-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak emandako ebazpen bakar baten bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak. Ebazpen bakar horretan jasoko dira 2. artikuluan arautzen diren bi prozedurak. Bestalde, eskatzaileei banaka jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoa betez.

Ebazpen horrek ez du administrazioarekiko bidea agortuko; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

3.– Agindu honen babesean egindako eskabideak esanbidez ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilekoa izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik zenbatzen hasita. Epe horretan ebazpen espresurik ematen eta jakinarazten ez bada, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hartara eragotzi gabe Administrazioak espresuki ebazteko duen betebeharra.

4.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak amaituta eduki beharko du itzulketa- nahiz zehapen-prozedura oro, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek eman dituzten –eta izaera bereko diren– laguntza eta dirulaguntza publikoei loturikoa; hau da, prozedura horiek ezin dira oraindik izapide-aldian egon.

5.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babesean dirulaguntza zer erakundek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer erakunderi aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak. Nolanahi ere, laguntza emateko ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinaraziko da.

10. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Aldi bakarrean ordainduko zaie dirulaguntza erakunde onuradunei, hura eman ondoren.

2.– Laguntzen erakunde onuradunek honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte, denak batera, 2021eko urtarrilaren 29a baino lehen:

a) Negozio-lokalaren errentamenduaren ordainagiriak, 2020ko martxotik (hilabete hori barne) alarma-egoera amaitu eta hurrengo bi hilabeteetara artekoak. Ordainketak honako hauen bidez egiaztatu beharko dira: transferentziaren, taloiaren, txekearen edo ordainketa justifikatzeko beste edozein agiriren kopia autentiko elektronikoa, edo dagokion zordunketa adierazten duen banku-laburpenaren fotokopia, edo finantza-erakundeak eginiko ziurtagiria.

b) Gizarte Segurantzako Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Berezian norberaren konturako langile gisa egindako kotizazioaren kuotak ordaindu izanaren egiaztagiria, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztu zenean ezarritakoak.

11. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, horrekin batera beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuetatik dirulaguntzak edo bestelako laguntzak jaso, edo, kasua bada, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da; kasu horretan, dena dela, agindu honetan jarritako gutxieneko betekizunak betetzen jarraitu beharko da dirulaguntzen onuradun izateko.

12. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunen betebehar izango dira, oro har, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1 eta 46. artikuluetan jasotakoak, eta, bereziki, honako hauek:

a) Alarma-egoera amaitu ondoren, lan-jarduerari berrekitea, eta dirulaguntza jasotzeko xede izan ziren bazkide langileek enpresan jarraitzea, gutxienez lau hilabetez, jarduera berriz hasi denetik zenbatzen hasita.

b) Beste edozein administrazio publikok edo erakunde publikok edo pribatuk dirulaguntza edo laguntzaren bat ematen badie helburu bererako, horren berri ematea Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari.

c) Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektiboren zein subjektiboren aldaketa jakinaraztea.

d) Gertaeraren batek funtsezko eran eragiten badio diruz lagundutako jardueren xedeari edo izaerari, horren berri ematea Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek, edo zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren bat hasi bada eta oraindik bideratzen ari bada, horren berri ematea Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari.

13. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak ezin bateratuzkoak izango dira administrazio honek edo beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek kontzeptu eta xede beragatik emandako beste edozein motatako dirulaguntza edo laguntza lortzearekin.

14. artikulua.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

1.– Erakunde onuradunak ez baditu arauak betetzen (dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoak, eta erabilgarri diren gainerako xedapenak); edo aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira; edo emandako dirua, bere helbururako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili bada; orduan, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta interesdunari hamabost eguneko epea emango dio esan behar duena entzuteko, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak dirulaguntza galduko du, eta, bi hileko epean, ordura arte jasotako dirulaguntzak eta legez dagozkien interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari; horrez gainera, legez egin daitezkeen gainerako egintzak ere egingo dira. Hori guztia halaxe izango da honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa.

2.– Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira honako hauek: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan tipifikatutako ekintzak eta ez-egiteak; eta zehagarriak dira, zabarkeria arin gisa bada ere. Dirulaguntzen arloko arau-hausteak diruzko zigorren bidez zehatuko dira eta, hala badagokio, diruzkoak ez diren zigorren bidez.

15. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpen bidez jakinaraziko dio erakunde onuradunari dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta zergatik hasi den prozedura hori; horretaz gainera, 15 eguneko epea emango dio, egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jasota edo batere aurkeztu gabe igaro bada epea, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpena emango du, zeinean, beharrezkoa bada, kopuru egokiak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra xedatuko baitu; horretarako gehieneko epea bi hilekoa da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

Itzultzeko prozedura, gehienez ere, hamabi hileko epean ebatzi behar da.

c) Borondatezko epean itzuli ezean, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, premiamendu-bideari ekin diezaion, indarrean dauden xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– De minimis araua.

Europako Batzordeak ezarritako de minimis arauari lotuko zaio dirulaguntzen araudi hau (Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EE) Erregelamendua). Hortaz, Lan eta Justizia Sailak behar diren neurriak hartu beharko ditu, betiere bermatzeko agindu honetan aurreikusitako laguntza-araubidearen onuradun diren erakundeek ez dutela jasoko de minimis laguntzetan 200.000 euro baino gehiago, uneko zerga-ekitaldia eta aurreko bi zerga-ekitaldiak aintzat hartuta.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Arau aplikagarriak.

Agindu honetan adierazitako dirulaguntzetarako, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua); Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko oinarrizko arauak (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan garatutako lege organikoa).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta interesdunek beronen aurkako aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Lan eta Justiziako sailburuari, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik bi hileko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 14a.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.


Azterketa dokumentala