Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

132. zk., 2020ko uztailaren 7a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2650

EBAZPENA, 2020ko uztailaren 1ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, aparteko dirulaguntzetarako deialdi bat argitaratzeko dena; dirulaguntzen hartzaileak laneratzeko enpresak eta enplegu-zentro bereziak izango dira, zehazki beren jarduerak etenda edo murriztuta dituztenak COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko deklaratutako alarma-egoera dela eta.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2020ko uztailaren 1eko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, aparteko dirulaguntzetarako deialdi bat onartu du, laneratzeko enpresentzat eta enplegu-zentro berezientzat, baldin eta jarduerak eten edo murriztu behar izan badituzte, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko deklaratutako alarma egoera dela eta. Hori horrela, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bitartez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren p) letran xedatutakoarekin bat etorriz, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea laneratzeko enpresei eta enplegu-zentro bereziei aparteko dirulaguntzak emateko deialdia. Enpresa eta zentro horiek baldintza hau bete beharko dute: haien jarduerak etenda geratu edo murriztu izana, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko deklaratutako alarma egoera dela eta. Deialdi hori erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak 2020ko uztailaren 1eko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez onartu zen, eta Ebazpen honen eranskinean jasota dago.

Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak.

Hirugarrena.– Adieraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, zeinaren bidez deialdia onartzen baita, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 1a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.

ERANSKINA
APARTEKO LAGUNTZETARAKO DEIALDIA, COVID-19AK ERAGINDAKO OSASUN-KRISIALDIA KUDEATZEKO DEKLARATUTAKO ALARMA-EGOERARENGATIK JARDUERA ETENDA EDO MURRIZTUTA DITUZTEN LANERATZEKO ENPRESEI ETA ENPLEGU-ZENTRO BEREZIEI ZUZENDUA

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma egoera deklaratu zen COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko. Errege-dekretu horretan bildutako neurriek txikizkako lokal eta establezimenduak jendearentzat irekitzeko etenaldia ezarri zuten, eta eten egin zuten, halaber, errege-dekretu horretan behar-beharrezkotzat jotzen ez diren jardueren garapena. Neurri horien ondorioz, entitate askok beren jarduerak eten edo murriztu behar izan dituzte, eta horietako batzuk laneratzeko enpresak eta enplegu-zentro bereziak dira.

Begi bistan denez, jarduerak osorik edo partzialki eteteak, edo jarduerak murrizteak, entitate horietako askok lanpostu guztiei eutsi ezin izatea eragin dezake.

Testuinguru horretan, entitateek jarduera eten edo murriztu egin behar izan dute, eta aparteko gastuak egin behar izan dituzte zenbait neurri hartzeko, hala nola neurri sanitarioak, prebentziozkoak, antolaketakoak, eta norbera babesteko ekipamendua eta babeserako beste elementu batzuk eskuratzeko (manparak, gelak, eskularruak, seinaletika...), eta horiek guztiek nabarmen eragin dute proiektuen jasangarritasunean. Horrezaz gain, osasun-krisialdiaren ondorioz, ugaritu egin dira aldi baterako ezintasuneko egoerak, bai COVID-19 gaitzak berak eragindakoak, bai kontaktuengatiko nahitaezko bakartze-egoerek eragindakoak (aldi baterako ezintasunaren parekoak, lan-istriputzat hartuta), bai COVID-19 gaitzaren aurrean desgaitasuna duten eta bazterketa-egoeran dauden pertsona askoren zaurgarritasun bereziek eragindakoak. Egoera horiei konponbidea emate aldera, hau da, hutsik geratutako lanpostuak betetze aldera, gainera, zaurgarritasun-egoeran ez dauden profesionalak kontratatu behar izan dituzte, funtsezko zerbitzuak ematen jarraitu ahal izateko, nahiz eta horrek gainkostua eta inpaktua ekarri berekin.

Bada, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak lagundu nahi dute desgaitasuna duten eta/edo bazterketa-egoeran dauden pertsonek betetzen dituzten lanpostuei eusten, eta halako entitateek jarduera behin betiko eten beharra ekiditen.

Hori guztia aintzat hartuta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren proposamenez, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak, 2020ko uztailaren 1ean egindako bilkuran, laneratzeko enpresei eta enplegu-zentro bereziei aparteko laguntzak emateko deialdia onartu du; enpresa eta zentro horiek baldintza hau bete beharko dute: haien jarduerak etenda edo murriztuta geratu izana, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko deklaratutako alarma egoera dela eta. Hona deialdiaren ezaugarriak:

1. artikulua.– Laguntza-deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da arautzea nola eman behar diren Euskal Autonomia Erkidegoko laneratzeko enpresentzako eta enplegu-zentro berezientzako laguntzak, langileei ordaindutako soldata-osagarriengatik.

Ordaindutako soldata-osagarriek ezinbestean izan behar dute COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko deklaratutako alarma egoera dela-eta edo COVID-19ak langile horiengan eragindako osasun-egoera dela-eta jarduerak murriztu edo eten behar izatearen ondorioz ordaindutakoak. Horrek guztiak hau du xede: jarduerari eta lanpostuei eusten laguntzea.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honetako laguntzak finantzatzeko, 6.000.000 euro bideratuko dira, 2020ko ordainketa-kredituari dagozkionak.

Zenbateko hori handitu ahal izango da bakar-bakarrik, baldin eta COVID-19ak eragindako osasun-egoerari aurre egiteko martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuaren 22. eta 23. artikuluetan xedatutako bitartekoak formalki luzatzen badira, eta beharrezkoa bada laguntza horiek ordaintzeko 2020an soilik luzatutako epealdirako. Formalki onartutako aurrekontuetan eskuragarri dagoenaren arabera soilik gauzatu ahal izango da baliabide ekonomikoen handitze hori.

3. artikulua.– Laguntza jaso dezakeen jarduera: laguntzaren xedea.

1.– Deialdi honen babesean dirulaguntzak jasoko dituzte soldaten ordainsariagatiko soldaten kostuek, baldin eta langabezia-prestazioen edo aldi baterako ezintasunagatiko prestazio ekonomikoaren osagarri gisa, laneratze-enpresek eta enplegu-zentro bereziek beren plantillako langileei, artikulu honetako 2. apartatuan aipatzen direnei, dagozkien hileko nominetan edo nomina osagarrietan ordaindu badizkiete.

Soldaten ordainsariagatiko osagarriak ordaintzeko arrazoiek honako hauek izan behar dute: langileak COVID-19arekin lotutako aldi baterako ezintasun-egoeran egotea 2020ko martxoaren 14az geroztik, edo lan-kontratuak eteteko edo lanaldia murrizteko prozeduretan sartuta egotea, COVID-19ak eragindako inpaktu ekonomiko eta sozialari aurre egiteko ezohiko premiazko neurriei buruzko martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuaren 22. eta 23. artikuluetan xedatutako kausak oinarri hartuta.

2.– Dirulaguntza jaso dezaketen soldata-osagarriak dituzten langileek Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan egin behar dute lan, eta kolektibo hauetakoren batean egon behar dute:

a) gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonak, gizarteratze-prozesuan daudenak, gizarteratze-enpresek kontratatuak.

b) % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonak, desgaitasunaren ziurtagiriarekin egiaztatuta, enplegu-zentro bereziek kontratatuak.

3.– Ordaindutako soldata-osagarrien zenbatekoak ezinbestean osatu behar du, gutxienez, langabeziagatiko prestazioarekin edo aldi baterako ezintasunagatiko prestazio ekonomikoarekin batera, 2020ko hileko lanbidearteko gutxieneko soldataren zenbatekoa. Hori proportzionalki kalkulatuko da lanaldiaren, lanaldi-murrizketaren edo, hala badagokio, errendimendu txikiaren arabera.

Nolanahi ere, ordaindu diren osagarriek deialdi honen xedeko dirulaguntza jasotzeko, langileak ezinbestez izan behar dute 2020ko martxoaren 14a baino lehen kontratatutakoak, eta haien hasierako kontratua, gutxienez, 2020ko ekainaren 30era artekoa izatea. Horrezaz gain, dirulaguntza jaso dezaketen hasierako epearen luzapenei dagozkien osagarriak finantzatzea posible bada, ez dira onartuko laguntzen deialdi hau argitaratu ostean luzatutako kontratuen osagarriak.

4.– Diruz lagundu daitekeen gehieneko epea 2020ko martxoaren 14tik 2020ko ekainaren 30era artekoa da.

5.– Aurreko 4. apartatuan xedatutakoa gorabehera, eta bere garaian egon daitezkeen aurrekontu-baliabideen arabera, diruz lagundu daitekeen gehieneko epea luzatu ahal izango da, COVID-19a dela-eta aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteentzat (ABEEE) xedatutako epea luzatzen bada, 8/2000 Errege Lege Dekretuaren 22. eta 23. artikuluak eta hura luzatzeko araudia oinarri hartuta; nolanahi ere, ez da 2020ko abenduaren 31tik aurrera luzatuko.

Kontzeptu horrengatik egiten den luzapena, bestalde, hasieran ezarritako prozeduraren arabera laguntzak lortu dituztenei bakarrik aplikatuko zaie, eta ez da eskaera berrietarako epea irekiko. Aurrekontu-zuzkidura berria argitaratu eta hilabeteko epean, onuradunek behar den dokumentazioa aurkeztu beharko dute, aplikazio-epearen luzapena kudeatzeko, kontuan hartuta ezarritako luzapen-aldirako langileen benetako egoera.

Horretarako aurrekontu-baliabidea erabaki ondoren, hasieran onartutako eskatzaileentzat ebatziko da diruz lagundu daitekeen epearen luzapena, luzapen horri aurre egiteko ezar daitekeen diru-kopuruaren arabera; zenbateko hori hasierako prozedurari jarraituz ezarriko da, eta dagokion ebazpena emango da.

Gehieneko epearen luzapenari aurre egiteko zuzkidurarena, eta, gero, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

4. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Deialdi honetan xedatutako laguntzen onuradunak laneratzeko enpresak eta enplegu-zentro bereziak izango dira, hala kalifikatuta eta inskribatuta daudenak, hurrenez hurren, Laneratzeko Enpresen Erregistroan edo Enplegu-zentro berezien EAEko Erregistroan, Lanbidek kudeatutakoak, baldin eta jarduerak eten edo murriztu behar izan badituzte, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko deklaratutako alarma egoerak eraginda, eta lan-kontratuak eteteko eta lanaldia murrizteko aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bat izapidetu eta onartu bazaie, oinarri hartuta martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuaren 22. edo 23. artikuluetan xedatutako kausak.

2.– Entitate onuradunek eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dituzte.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta hura ordaindu baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Dirulaguntzak itzultzeko dagozkion ordainketa guztiak eginak izan beharko ditu.

c) Zigor- edo administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zehapenik ez jaso izana, ez eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera, edo emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

d) Ez egotea berreskuratze-agindu baten zain, Europako Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legearen aurkakoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela adierazi ostean.

e) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta zehazki 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.

f) Ezein administrazio publiko ez izatea partaide nagusia, edo organo gorenean kideen gehiengoa ez izatea administrazio publikoren batek izendatutakoak.

2. apartatu honetan xedatutako eskakizunen bat ez badu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatzen, erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatu beharko da. Adierazpen hori eranskinean jasotako eskabide-inprimakian dago.

3.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan agertu behar du pertsona eskatzaileak.

Pertsona eskatzailea ez badago erregistratuta, edo Ogasun eta Ekonomia Sailaren Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete behar du eredu honi jarraituz: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/

5. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Laguntzaren zenbatekoa, gehienez ere, hilean 475 eurokoa izango da, lanaldi osorako kontratatutako pertsona bakoitzeko, baldin eta hileko langabezia-prestazioari edo aldi baterako ezintasunagatiko prestazio ekonomikoari soldata-osagarria ordaindu bazaio, 3. artikuluan aurreikusitako moduan, lan-kontratua etenda, lanaldia murriztuta edo aldi baterako ezintasun-egoeran egondako epean.

Lanaldi partzialeko kontratua eta/edo errendimenduko txikiko kontratua bada, bai eta lanaldi murriztuko kontratuta bada ere, dirulaguntza proportzionalki murriztuko da.

2.– Adierazitako mugaren barnean, dirulaguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izango entitate onuradunek nomina bakoitzean soldata-osagarri gisa ordaindutako zenbatekoa baino handiagoa.

6. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.

1.– Eskabideak modu elektronikoan izapidetuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/servicios/11058 Hor, eskuragarri daude zenbait zehaztapen, izapideak bide elektronikoz nola egiten azaltzen dutenak, bai eta inprimakiak ere. Webgune horretara sartzeko, esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian bertan: https://lanbide.euskadi.eus).

Eranskinean eskabide-inprimakiaren eredu bat dago.

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak eta jakinarazpenak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

– Langabezia-prestazioa onartzeko eskabide kolektiboaren kopia, entitate eskatzaileak aurkeztutakoa 8/2000 Errege Lege Dekretuaren 22. eta 23. artikuluan xedatutako kausak direla-eta kontratua eten edo lanaldia murriztuta duten langileen izenenean.

– 2020ko martxoaren 14tik aurrera aldi baterako ezintasunaren edo lan-istriputzat hartutako haren parekoaren deklarazioaren enpresarentzako aleen kopia.

– Soldata-osagarria jaso dutela erakusten duten nominen kopia eta osagarri horiek ordaindu izanaren frogagiriak, lan-kontratuen etenaldiari, lanaldi murrizketari edo aldi baterako ezintasunari dagozkionak.

– 2020ko martxoaren 14tik ekainaren 30era bitartean soldata-osagarria ordaindu zaien pertsonen kontratuen kopia, baldin eta kontratua data horren aurretik jarri bazen indarrean. Epea luzatuz gero, luzatutako epealdian ordaindu zaien pertsonen kontratuen kopia aurkeztu beharko dute, baldin eta kontratua data horren aurretik jarri bazen indarrean.

3.– Eskabideak ez badaude behar bezala beteta, edo ez bada aurreko paragrafoan adierazitako dokumentazio guztia aurkezten harekin batera, entitateari hamar eguneko epea emango zaio akatsa zuzen dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan. Gainera, jakinaraziko zaio hori egiten ez badu haren eskabideari uko egin diola ulertuko dela, eta Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena eman beharko du espresuki, bai eta jakinarazi ere.

4.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau EHAAn argitaratu eta biharamunean hasiko da eta 2020ko uztailaren 24an amaituko da.

Diruz lagundu daitekeen epea luzatuz gero, hasierako onuradunek artikulu honetako 2. apartatuan adierazitako egiaztagiriak aurkeztuko beharko dituzte. Agiri horiek luzatutako aldiari dagozkionak izango dira, eta hilabeteko epea izango dute aurkezteko, diruz lagundu daitekeen aldia luzatzeko aurrekontu-kreditua handitu dela EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

7. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.

Aldi bakarrean ordainduko zaie dirulaguntza onuradunei, hura onartu ondoren; horretarako, laguntzaren xedea betetzen dela justifikatu behar da aurretik.

8. artikulua.– Prozedura izapidetzea eta ebaztea.

1.– Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak du prozedura izapidetzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, berriz, hori ebaztekoa.

2.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, deialdi honetan xedatutako baldintzak betetzen dituztenei emango zaie.

Baliabide ekonomikoak onartu beharreko eskabide guztientzako nahikoak ez badira, funtsak guztien artean banatuko dira, entitate bakoitzari legokiokeen dirulaguntzaren zenbatekoaren arabera.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpena jakinarazteko, Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/

Eskabideak ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea lau hilabetekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori amaitu eta esanbidezko ebazpenik ematen ez bada, dirulaguntza jasotzeko eskabidea ezetsitzat joko da.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari, eta, horren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio organo horri, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jarri ahal da zuzenean, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

5.– Entitate onuradunei ez zaie esleitutako laguntzarik ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzengatik zigor-prozedura batean edo dirulaguntzak itzultzeko prozedura batean sartuta badaude, eta prozedura horiek oraindik ere izapidetzen ari badira.

6.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpenaz honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, deialdi honen babesean dirulaguntza zer onuradunek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer onuraduni emandako dirulaguntzak aldatu diren.

9. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunen betebehar izango dira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1 eta 46. artikuluetan jasotakoak, eta, bereziki, honako hauek:

a) Etenda egon diren lan-kontratuak gutxienez 6 hilabetez kontratatuta jarraitzea, diruz lagundutako kontratu-etenaldia edo lanaldi murrizketa amaitzen denetik.

Betebehar hori ez da ez-betetzat joko, baldin eta lan-kontratua azkentzen bada bidezkotzat deklaratutako diziplinazko kaleratzeagatik edo langilearen dimisioagatik, heriotzagatik, erretiroagatik edo ezintasun iraunkor osoagatik, absolutuagatik edo baliaezintasun handiagatik, aldizkako kontratu finkoa duten pertsonei deitzeari uzteagatik, horrek ez badakar berekin kaleratzea baizik eta kontratua etetea, ez eta azkentzen bada hitzartutako denbora amaitu izanagatik edo kontratuaren xedeko obra edo zerbitzua egin delako amaitzeagatik edo kontratazioaren xedeko jarduera berehala egin ezin izanagatik.

b) Laguntza emateko eta hura baliatzeko bide eman duten betebeharrak eta baldintzak betetzen dituztela eta jarduera gauzatzen dutela frogatzea.

c) Helburu berberarekin beste edozein administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatutatik dirulaguntzak edo laguntzak jasoz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

d) Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa edo subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

e) Gertaeraren batek funtsezko eran eragiten badio diruz lagundutako jardueren xedeari edo izaerari, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek, edo zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren bat hasi bada eta oraindik bideratzen ari bada, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

g) Enpresaren dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rol eta genero-identitate pluraltasuna sustatzen dutenak.

h) Web-orrian eta gainerako enpresa-euskarrietan jakitera ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketa publikoa lortu duela funtzionamendurako.

10. artikulua.– Dirulaguntzaren aldaketa.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan gertatu den aldaketa orok berekin ekar dezake emandako dirulaguntza aldatzea, deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira, betiere. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

11. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak ez dira bateragarriak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, beste administrazio batzuek edo bestelako erakunde publiko edo pribatuek kontzeptu berarengatik edo helburu bererako emandako beste edozein motatako dirulaguntzekin edo laguntzekin.

Nolanahi ere, entitate onuradunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko dizkio funtzionamendu-kostuak eta, bereziki, bere langileen kostuak ordaintzeko lortutako dirulaguntza edo laguntza guztiak, eta zer erakundek eman dion eta zer araudiren babesean eman den adierazi beharko du.

12. artikulua.– Ez-betetzeak eta emandako dirulaguntzak itzultzea.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jaso dituzten entitate onuradunek ez baldin badituzte betetzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan modu orokorrean aurreikusitako betebeharrak, edo baldin badaude Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/206 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluetan adierazitako egoeraren batean, edo ez baldin badira betetzen deialdi honetan ezarritako baldintzetatik edozein, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak dagokion ebazpenaren bidez ezarriko du, hala baldin badagokio betiere, jasotako kopuruak osorik edo hein batean itzultzeko eta berandutze-interesak ordaintzeko betebeharra, azken horiek, dirulaguntza ordaindu zenetik zenbatzen hasita, hori guztia egoki diren gainerako ekintzak eragotzi gabe, eta abenduaren 17ko 698/1981 Dekretuan ezarritakoa betez (698/1981 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako dirulaguntzen bermeen eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen du). Bestalde, horrela itzulitako dirulaguntza guztiak diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntzaren onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, halakorik egonez gero.

3.– Alegazioak aurkezteko epea igarotakoan, halakorik aurkeztu ez badu edo ez badira onartu, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du. Dirulaguntzak itzultzeko prozedura ebazteko epea gehienez 12 hilekoa izango da.

4.– Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritzi, eta dirulaguntza osorik edo zati bat jasotzeko eskubidea galdutzat emanez gero, interesdunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak; horretarako, bi hilabeteko epea izango du, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita. Borondatezko epetzat joko da epe hori.

5.– Borondatezko aldi horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.

13. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera honako bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren erantzulea Lanbide da, eta haren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horren eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko, datuen aurka egiteko eta datuen tratamendua mugatzeko eskubideak erabili ahal izango dituzte, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari idatzizko jakinarazpen bat bidalita (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).

Datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsulta daiteke helbide honetan: http://www.lanbide.euskadi.eus/general/-/información/condiciones de uso y política de privacidad/

14. artikulua.– Eskumenari buruzko Europako araudia.

Estatuko laguntzei buruzko araudia betetzeari dagokionez, deialdi honetan araututako dirulaguntza honako hauekin bat etorriz eratu da: EBren aldi baterako esparrua (EBAO, C 112 I, 2020-04-04koa), COVID-19aren agerraldi honetan ekonomiari laguntzera bideratutako estatu-laguntzen neurriei buruzkoa; Aldi baterako esparru-araubide nazionala, COVID-19a sanitatez geldiarazteko laguntza-neurriei buruzkoa, I+Grako, saiakuntzako azpiegiturak garatzeko eta eskala handitzeko, eta behar diren produktu eta material medikoak fabrikatzeko laguntza ematen dituena; eta Europako Batzordearen apirilaren 24ko SA.57019 (2020/N) Erabakiak onartutako premiazko laguntzak (Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko zergak eta kotizazioak atzeratzeko, eta soldata-sorospenak langileentzat, COVID-19aren agerraldi honetan langile-murrizketa eragozteko).

15. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

Dirulaguntzen programa honi dirulaguntzen arloko arau hauetan bildutako oinarrizko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Hori guztia honako hauetan xedatutakoa alde batera utzi gabe: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duena– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezarri baitziren horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala