
131. zk., 2020ko uztailaren 6a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (282 KB - 5 orri.)
- EPUB (223 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LAN ETA JUSTIZIA SAILA
2632
EBAZPENA, 2020ko ekainaren 18koa, Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, COVID-19agatik hauteskunde prozesuak aldi baterako etenda egon ondoren, hauek berrekitearren inguruan Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskunde sindikalen batzordeko kideek sinatutako akordioa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dadila agintzen duena.
2020ko martxoaren 13an, Euskal Autonomia Erkidegoko Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko Kideek, aho batez, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan eta administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen ordezkaritza-organoetako hauteskunde sindikalak aldi baterako eta ezohiko izaeraz eteteko akordioa sinatu zuten.
Pandemiaren bilakaerak, pixkanaka, gizarte- eta lan-jarduera eremu guztietan normaltasun egoera berri batera garamatza, nahiz eta, oraindik orain ez garen alarma egoera aitortu aurretiko egoerara itzuli. Horrek, hauteskunde sindikalen eremuan ere ez-ohiko neurriak hartu beharra ekarri du, hauteskunde-prozesuei berrekiteko.
2020ko ekainaren 18an, Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Sindikalen Batzordeko kideek, COVID-10ak eraginda behin-behinean etenda gelditu ziren hauteskunde sindikalak berrekitearen inguruko akordioa hartu zuten.
Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala arautzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuak Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzari esleitzen dio, lan-agintaritza den aldetik, Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa zuzentzeko eginkizuna, azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuari jarraiki.
Horregatik,
EBAZTEN DUT:
Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean argitaratu dadila Hauteskunde Sindikalen Batzordeko kideek hartutako akordioa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoetako langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskunde sindikalak aldi baterako etenda gelditu ondoren, berrekiteari buruzkoa.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 18a.
Lan eta Gizarte Segurantza zuzendaria,
MARÍA ELENA PÉREZ BARREDO.
ERANSKINA
Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskunde sindikalen batzordeak hartutako Akordioa, COVID-19agatik hauteskunde prozesuak etenda gelditu ondoren, berrekiteari buruzkoa.
2020ko ekainaren 18an, Sindikatuen Hauteskunde Batzordeko hurrengo kideak bildu ziren:
– Lan eta Justizia Sailaren ordezkaritzan, Maria Elena Pérez Barredo, Lan eta Gizarte Segurantzako Zuzendaria,
– Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Sindikalen Batzordea osatzen duten sindikatuen ordezkaritzan:
ELAren ordezkaritzan: Juan Carlos Polo.
LABen ordezkaritzan : Jabi Garnika.
CCOOen ordezkaritzan: Marcial Moreta.
UGTren ordezkaritzan: Arantza Ruiz Huidobro.
Azaltzen dute:
2020ko martxoaren 13an, Euskal Autonomia Erkidegoko Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko Kideek, aho batez, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan eta administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen ordezkaritza-organoetako hauteskunde sindikalak aldi baterako eta ezohiko izaeraz eteteko akordioa sinatu zuten, COVID-19ak eragindako osasun larrialdi-egoerak iraun bitartean.
Pandemiaren bilakaerak, pixkanaka, gizarte- eta lan-jarduera eremu guztietan normaltasun egoera berri batera garamatza. Hala ere, oraindik orain, ez gara alarma egoera aitortu aurretiko egoerara itzuli.
Kutsadurak ekiditeko pertsonen mugikortasuna eta jarduera ekonomikoak mugatu izanak, nahiz osasun-gomendioak betetzeko betebeharrak, batik bat, urruntze sozialak, ohiko jarduerak aurrera eramateko praktika eta moduak orokortzera garamatza, izan ere, une hauetan, ezinbestekoak dira ohiko egoerara berme guztiekin bueltatzeko.
Euskadiko langile eta enpresen artean COVID-19 birusak eragindako osasun-larrialdi egoerak izan duen inpaktua ikusirik, ezinbestekoa da hauteskunde sindikalen eremuan ere ez-ohiko neurriak hartzea, hauteskunde prozesuei berrekiteko.
Aipatu martxoaren 13ko akordioak, hauteskunde prozesuei berrekiteko aukera jasotzen du, alderdietakoren batek hala erabakitzen badu, eta beraz, horretarako ezinbestekoa da alde sinatzaileek, aho batez, akordio berri bat hartzea.
Honengatik guztiagatik, eta aurretiaz, Euskadiko Hauteskunde Sindikalen Batzordeko kideak Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskunde sindikalak behin-behinean etenda gelditzearen inguruko akordioa hartu genuela ikusirik, orain, etenda gelditu ziren hauteskunde sindikalak berrekitearen inguruko akordio berri bat hartzea ezinbestekoa da; edozein kasutan osasun bermeak nahiz lan eremuko «gizarte urruntzea» errespetatu beharko da, bertaratzen diren sindikatu guztien osasun bermeak nahiz sindikatu eskubideak bermatzeko.
Azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Sindikalen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza eratzen duenak zehazten du, Hauteskunde Sindikalen Batzordeari dagokiola Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskunde sindikalak kontrolatu eta gainbegiratzea, 1999an hartutako hauteskunde sindikalen Sindikatuen arteko Akordioari jarraiki.
Horregatik,
ADOSTEN DUTE:
Lehenengoa.– Etenaldiaren aurretik hasitako hauteskunde prozesuak.
Euskadiko Hauteskunde Sindikalen Batzordea eratzen duten sindikatuek adosten dute 2020ko irailaren 15ean berrabiaraziko direla eurek bultzatutako eta 2020ko martxoaren 13an aipatu Batzordeak hartutako Akordioagatik etenda gelditu ziren hauteskunde prozesuak.
Hauteskunde hauen berrabiarazpena aurretiaz publikatu beharko da, derrigorrezkoa izango delarik hauteskunde sindikalen Egoitza Publikoaren bidez hauteskunde-prozesuaren berrabiarazpen-data komunikatzea.
Ondorio hauetarako, eta hauteskunde-prozesua etenda gelditu zen fasearen arabera, sindikatu hauteskundeen prozesuaren berrabiarazpenak hurrengo baldintzak bete beharko ditu:
a) Aurreabisua aurkeztuta, hauteskunde-mahaia osatuta zuten lantokiak.
● Sindikatu sustatzailea, hauteskunde-sindikalen prozesua berrekiteko helburuarekin, hauteskunde-mahaiko kideekin harremanetan jarriko da hauteskunde-mahaia noiz bilduko zehazteko, eta prozesua etenda gelditu zen egoeratik aurrera berrekingo zaio.
Irailaren 15a iritsi eta 10 egun baliodun igaro badira sindikatu sustatzaileak data zehaztu gabe, beste edozein sindikatuk hauteskunde-mahaia deitu dezake hauteskunde-prozesua noiz hasiko den data zehazteko.
● Hauteskunde-mahaiak edo sindikatu sustatzaileak hauteskunde-prozesua berriz hasteko erabakitako data eta hauteskunde-prozesua eten zen hauteskunde-egutegiaren fasea jakinaraziko dizkio dagokion hauteskunde sindikaletako Egoitza Publikoari, gutxienez egun hori baino 14 egun baliodun lehenago.
● Hauteskunde sindikaletako Egoitza Publikoak hauteskunde-prozesua noiz berrekingo den jakinaraziko die gainerako sindikatuei eta enpresari berari. Komunikazio horretan, hauteskunde-prozesua eten zen hauteskunde-egutegiko fasearen berri ere emango zaio.
● Adostutako egunean, hauteskunde-mahaiak, sindikatuekin batera, hauteskunde sindikalen prozesuarekin jarraitu ahal izateko hauteskunde-egutegia finkatuko du.
● Hautagaitzak: etenaldiaren unean hautagaitzak behin betiko aurkeztuta bazeuden, baliozkotzat joko dira.
○ Hala ere, hautagaietako batek enpresan baja hartu badu, edota hauteskunde prozesua berrekin aurretik edo berrekiteko momentuan hautagai izateari uko egiten badio, ukitutako sindikatuak bere hautagaitza aurkezteko epe berri bat eskatu diezaioke hauteskunde mahaiari. Epe berri hau Langileen Estatutuari jarraiki ezarriko da.
○ Langileen ordezkarien hauteskunde sindikaletan, mahaiak hautagaitza berria aurkezteko gehienezko epe bat ezarriko du, Langileen Estatutuan ezarritakoari jarraituz.
○ Etete-unean hautagai-zerrendak aurkeztu ez baziren, hautagai-zerrendak aurkezteko epe berri bat ezarriko du hauteskunde-mahaiak, eta epe hori Langileen Estatutuan ezarritakoaren araberakoa izango da.
● Posta bidezko botoa: oro har, bidalitako posta bidezko botoak eta posta bidezko boto-eskaerak baliozkoak izango dira, salbu eta hautagai-zerrendetako bat ezin bada berriz aurkeztu, aurreko puntuan ezarritakoaren arabera. Kasu horretan, beste epe bat ezarriko da hautesleei botoa aldatzeko aukera emateko.
b) Aurreabisua aurkeztuta, hauteskunde-mahaia eratu gabeko lantokiak.
● Sindikatu sustatzaileak, aurreabisua aurkeztu zuenak, 10 egun naturaleko gutxieneko epean, Egoitza Publikoari komunikatuko dio hauteskunde-mahai berria eratuko den data berria.
Irailaren 15a iritsi eta 10 egun baliodun igaro badira sindikatu sustatzaileak data zehaztu gabe, beste edozein sindikatuk hauteskunde-mahaia deitu dezake hauteskunde-prozesua noiz hasiko den data zehazteko.
● Hauteskunde-mahaia eratzeko data berria finkatzeko, Langileen Estatutuaren 67.1 artikuluan ezarritako hilabeteko gutxieneko epea errespetatu beharko da, eta ezingo da hiru hilabetetik gora joan. Ondorio hauetarako, hauteskunde-prozesuak eteteko datara arte lehen aurreabisua aurkezten denetik igaro den denbora zenbatuko da.
● Hauteskunde sindikalen Bulego Publikoak jakinarazpen hori erregistratuko du, eta gainerako sindikatuei eta enpresari bidaliko die.
Bigarrena.– EEE bati lotutako enpresak.
COVID-19Aren eragin ekonomiko eta sozialei aurre egiteko ezohiko presako neurriei buruzko martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuaren 22. eta 23. artikuluetan araututako enplegu-erregulazioko espediente baten eraginpean dauden enpresetan edo, hala badagokio, lantokietan, hauteskunde-prozesuak aipatutako enplegu-erregulazioko espedientea amaitzen denean hasiko dira berriz, enpresak langileen legezko ordezkaritzarik ez duenean izan ezik.
Lan-erregulazioko espediente baten eraginpean dauden gainerako enpresetan, hauteskundeak normaltasunez egingo dira, indarrean dagoen legeriari eta Akordio honetan ezarritakoari jarraiki.
Hirugarrena.– Hauteskunde prozesu berriak eta agintaldien luzapena.
COVID 19agatik etenda gelditu ziren hauteskunde sindikalen akten indarraldia igaro den lantokietan, Euskadiko Hauteskunde Sindikalen Batzordea osatzen duten sindikatuek hauteskundeak egin daitezen jardungo dute, eta hauteskunde prozesuaren hasiera-data 2020ko irailaren 15a izango da.
Aurreabisu bat baino gehiago egonez gero, sindikatu nagusiarena gailenduko da, Hauteskunde sindikalen sindikatu-akordioak islatu gisan, beti ere, sindikatu nagusiak beste aurreabisu bat erregistratzen badu bulego publikoan beste aurreabisuak mahaia eratzeko ezarritako eguna baino 15 egun natural lehenago.
Lantoki horietan, langileen ordezkariei eta enpresa-batzordeetako kideei agintaldia luzatuko zaie, eta jardunean jarraituko dute beren eskumenak eta bermeak gauzatzean, hauteskunde berriak sustatu edo egin arte.
Laugarrena.– Arbitrajeak eta ikuskapenak.
Etenda geratu ziren, edota zitazioaren zain zeuden arbitraje-prozesuak, geratu ziren egoeran berrartuko dira, baldin eta arbitraje-ikustaldietan osasun- eta gobernu-agintariek ezarritako osasun bermeak eta «urruntze sozialak» errespetatzen badira.
Hauteskunde sindikalen ikuskapenak irailaren 1etik aurrera hasiko dira berriz, betiere osasun- eta gobernu-agintariek horiek garatzeko ezarritako neurriak bermatu badaitezke.
Bosgarrena.– Intzidentziak.
Hauteskunde Sindikalen Batzordea osatzen duten erakunde sindikalak 2020ko irailaren 1etik aurrera hasiko dira intzidentziak normaltasunez erregistratzen.
Horien trataera eta ebazpena Lurraldeko Sindikatu Hauteskundeen Batzordeei dagokie.
Seigarrena.– Lurralde-batzordeak eta hauteskunde sindikalen batzordea.
Lurralde-Batzordeek eta Sindikatu Hauteskundeen Batzordeak 2020ko irailetik aurrera ekingo die ohiko bilera-egutegiari. 2021eko urtarrilean, 2020ko abenduaren 31ko hauteskunde sindikaletako datuak ofizialki itxiko dira.
Hala ere, batzordekideetako edozeinek proposatuta bilduko dira, erabaki honi buruzko edozein gai argitzeko eta, beharrezkoa izanez gero, hauteskunde-prozesuei berrekitea agintzeko akordio sektorialak hartzeko.
Zazpigarrena.– Akordioaren argitalpena.
Eusko Jaurlaritzako Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariak ebazpen bat emango du erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratze.
RSS