Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

131. zk., 2020ko uztailaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2625

AGINDUA, 2020ko maiatzaren 20koa, Hezkuntzako sailburuarena, practicuma egiteko lankidetza-hitzarmenaren eredua zehazten duena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta EAEko Unibertsitate Sistemaren barrukoak ez diren unibertsitateen artean sinatu beharrekoa, ikasketa hauei dagokienez: Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako gradu-tituluak; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako irakasle-lanetan aritzeko gaitzen duen master-titulua; eta titulazioa dela-eta master-ikasketarik egin ezin duten pertsonei Lanbide Heziketako irakasle izateko eskatzen zaien prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren prestakuntza baliokidea.

Martxoaren 6ko 33/2018 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan irakasle izateko gaitzen duten unibertsitate-ikasketen practicumari eta titulazioa dela-eta master-ikasketarik egin ezin duten pertsonentzako prestakuntza baliokidearen practicumari buruzkoak, Hezkuntza Sailak goian aipatu diren unibertsitate-titulazioen practicumari loturiko konpromisoak agintzea du xede, eta, are zehatzago, Euskal Autonomia Erkidegoan funts publikoz finantzatutako unibertsitateaz kanpoko ikasketak ematen dituzten irakaskuntza-zentroetan practicuma egiteko betekizunak zehazten ditu.

Betekizun horietako batek zehazten duenez, irakasle izateko gaitzen duten ikasketak estatu espainiarrean baina Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo kokatuta dauden unibertsitateetan egiten dituzten ikasleek, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta badaude, Euskadiko hezkuntza-sistemak praktiketarako prestakuntza-zentro gisa onartutako prestakuntza-zentroetan egin ahalko dituzte praktikak, baina, horretarako, dena delako unibertsitateak lankidetza-hitzarmen bat sinatu beharko du Eusko Jaurlaritzan hezkuntza-alorrean eskumena duen sailarekin.

Eskuartean dugun agindu honek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta EAEko Unibertsitate Sistemaz kanpoko unibertsitate pribatuen artean sinatuko den hitzarmen-eredua onestea du xede, aipatu diren ikasketetako ikasleek aukera izan dezaten practicuma egiteko funts publikoekin finantzatutako zentroetan (betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailak praktiketako zentro gisa ziurtatutakoetan).

Horren ondorioz, eskumena duten organoek derrigorrezko txostenak idatzi ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Lankidetza-hitzarmenaren eredua onartzea.

Ikasleek practicuma egiteko lankidetza-hitzarmena onartzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Euskal Unibertsitate Sistemaz kanpoko unibertsitate pribatuen artean sinatu beharrekoa, ikasketa hauen kasuan: Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako gradu-tituluak; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako irakasle-lanbideetan aritzeko gaitzen duen master-titulua; eta titulazioa dela-eta master-ikasketarik egin ezin duten pertsonei Lanbide Heziketako irakasle izateko eskatzen zaien prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren prestakuntza baliokidea. Lankidetza-hitzarmenaren eredua agindu honi erantsi zaio.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 20a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala