Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

131. zk., 2020ko uztailaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2623

EBAZPENA, 2020ko ekainaren 25ekoa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena, zeinaren bidez batera argitaratzen baitira 2020ko lehiaketa arrunterako deialdiak, estaturako gaikuntza duten toki administrazioko funtzionarioentzat gordeta dauden lanpostuak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoan.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 21eko 7/1985 Legearen (TAOL) bigarren xedapen gehigarriak Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak emandako idazkeran ezartzen du erakunde eskudunek izango dituztela TAOLaren 92 bis artikuluak eta horrekin bat egiten dutenek estaturako gaikuntza duten Toki Administrazioko funtzionarioen arloan aurreikusten dituzten eskumen guztiak, autonomia-erkidegoko arautegiak ezarritakoaren arabera, lurraldean hutsik dauden lanpostuak betetzeko lehiaketetarako deialdiak egiteko eskumena barnean dela, bai eta lehiaketa horietan funtzionarioak izendatzeko eskumena ere.

Hori dela eta, bigarren xedapen gehigarri hori Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzeko orduan, neurri handi batean, EAEko erakundeek unean-unean ezartzen dutenaren arabera moldatuko da.

2018ko martxoaren 19an, indarrean jarri zen Estaturako Gaikuntza duten Toki Administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzen duen martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretua. Nahiz eta errege-dekretu horrek arautu estaturako gaikuntza duten Toki Administrazioko funtzionarioen lanpostuak betetzeko lehiaketen araubide juridikoa, haren bosgarren xedapen iragankorrak ezartzen du ezen, lehiaketa garatzeko agindua indarrean jarri arte, bi lege-xedapen hauek aplikagarri izaten jarraituko dutela: batetik, Estaturako Gaikuntza duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak betetzeari buruzko uztailaren 29ko 1732/1994 Errege Dekretua, eta, bestetik, Estatu mailako gaikuntza duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordeta dauden lanpostuen horniketarako lehiaketei buruzko arauak ematen dituen Administrazio Publikoetarako Ministerioaren 1994ko abuztuaren 10eko Agindua.

Hori dela eta, aipatutako bosgarren xedapen iragankorrak ezartzen duenari jarraikiz, martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretua indarrean jarri aurreko araudia aplikatu behar zaio estaturako gaikuntza duten Toki Administrazioko funtzionarioei gordetako lanpostuak betetzeko 2020ko lehiaketa arruntari.

Euskal Autonomia Erkidegokoari dagokionez, Estaturako Gaikuntza duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak betetzeari buruzko uztailaren 29ko 1732/1994 Errege Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarrian aurreikusita dago errege-dekretu horren aplikazioa Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera gauzatuko dela. Xedapen horren zazpigarren paragrafoan ezarrita dagoenez, lurralde historikoetako foru-erakundeei dagokie estaturako gaikuntza duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordeta dauden lanpostuak betetzeko lehiaketetarako deialdia egiteko ahalmena, beren lurraldeetarako baino ez direnean. Deialdi horiek dagokien lurralde historikoko aldizkari ofizialean argitaratzeaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratu ahal izango dira.

Hori guztiori kontuan hartuta, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoetako foru-erakundeek egin eta argitaratu dute 2020. urteko lehiaketa arrunterako deialdia, lurralde historiko bakoitzean toki-erakundeetan estaturako gaikuntza duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordeta dauden lanpostu hutsak betetzeko. Arabako Foru Aldundiak, bere aldetik, ez dio Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari jakinarazi aurtengo lehiaketa arrunterako deialdia egiteko asmoa, eta, kontuan hartuta toki-korporazioek otsailaren 10era arte zutela hutsik zeuden lanpostuak deitzeko aukera, ulertzen da foru-erakundeak ez duela lehiaketa arruntaren deialdia egingo aurten Lurralde historikoko toki-korporazioetan hutsik dauden lanpostuak betetzeko.

Gauzak horrela, koordinatze aldera, batera argitaratu behar dira lurralde historikoek egindako 2020. urteko lehiaketa arruntari buruzko deialdiak; hori dela eta, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 10. artikuluak ematen dizkidan eskumenez baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitaratzea foru-aldundietako organo eskudunek egindako deialdiak, 2020. urteko lehiaketa arrunterako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoetako bakoitzeko toki-erakundeetan estaturako gaikuntza duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordeta dauden lanpostu hutsak betetzeko. Honako deialdi hauetan daude lehiaketak eraenduko dituzten oinarri komunak eta toki-erakundeek onartu dituzten berariazko oinarriak:

a) Bizkaiko Lurralde Historikoa: Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuaren ekainaren 8ko 4623/2020 Foru Agindua, zeinaren bidez 2020. urteko lehiaketa arrunterako deialdia egiten baita Bizkaiko Lurralde Historikoko toki erakundeetan estaturako gaikuntza duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordeta dauden lanpostu hutsak betetzeko (2020ko ekainaren 19ko BAO, 166. zk.).

b) Gipuzkoako Lurralde Historikoa: Gobernantza Departamentuko foru diputatuaren ekainaren 11ko 878/2020 Foru Agindua, estaturako gaikuntza duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostu hutsak betetzeko 2020ko lehiaketa arrunta deitzekoa (2020ko ekainaren 16ko GAO, 112. zk.).

Bigarrena.– Lehiaketetan parte hartzeko eskaera-orriak aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarrena.– Eskatzen diren betekizunak eta merezimenduak ebazpen honen egunean bete beharko dira.

Laugarrena.– Deialdi hauetan baloratzeko merezimendu orokorrak izango dira ebazpen honen egunean egiaztatuta eta inskribatuta daudenak estaturako gaikuntza duten funtzionarioen erregistroan, banakako zerrendaren arabera. Zerrenda hori interesdunen eskura dago Eusko Jaurlaritzako Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz). Lehiakideek ezin izango dute beste egiaztagiri gehigarririk aurkeztu, ezta epaimahaiak bestelako balioespenik egin ere.

Merezimendu orokor horiek https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/10619 helbidean ere kontsultatu ahal izango dira.

Bosgarrena.– Foru-aldundiek egindako deialdietan daude jasota estaturako gaikuntza duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostu hutsak, lehiaketa arrunterako deialdi bidez betetzekoak. Lanpostu horiek dira eranskinean agertzen direnak.

Seigarrena.– Foru-aldundiek egindako deialdietan daude toki-erakundeek onartu dituzten berariazko oinarriak. Oinarri horietan daude adierazita lanpostuen ezaugarriak eta merezimendu bereziak.

Zazpigarrena.– Lehiaketetan parte hartzeko eskabidea eta destinoak esleitzeko lehentasun-hurrenkeraren eredua argitaratuta daude foru-aldundiek egindako deialdien eranskinetan.

Zortzigarrena.– Hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko probak egitea eskatzen duten lehiatzaileek, eskabideak aurkezteko epean, adierazi beharko diote Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari zer hizkuntza-eskakizun egiaztatu nahi duten.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honetan eta foru-aldundien deialdietan aurreikusi ez diren gaietan, oinarritzat hartuko dira estaturako gaikuntza duten Toki Administrazioko funtzionarioei buruzko araudia eta aplikatu beharreko gainerako lege- edo arau-xedapenak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 25a.

Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,

MIREN ITZIAR LICEAGA ROMERO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala