Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

131. zk., 2020ko uztailaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
2621

82/2020 DEKRETUA, ekainaren 30ekoa, zeinaren bitartez adierazten baita intsektu bektoreak eta birusak daudela, eta nahitaezko neurriak ezartzen baitira baratzeko landareei eta intsektu bektoreei eragiten dieten birosiak prebenitzeko eta horien aurka aritzeko.

Duela urte gutxira arte, baratzeetako izurriteak onddoek eragindako gaixotasunak baino ez ziren. Alabaina, monolaborantzak ezarri direnean (bereziki, tomatearena), beste patologia batzuk ere agertu dira; esate baterako, zoruari dagozkionak. Era berean, gure baratzezainak Estatuko beste toki batzuetako mintegiak erosten ari dira, eta, ondorioz, birosia nabarmen areagotu da baratzeetako laborantzetan.

Landare Osasunari buruzko azaroaren 20ko 43/2002 Legeak arautzen du Administrazioak deklaratu dezakeela izurritea dagoela, baldin eta izurrite horrek eragin duen edo eragin dezakeen kalte ekonomikoa edo kalte orokorra hain izan bada intentsitate, hedadura edo izaera handikoa, ezen beharrezkoa izango baita haren aurka aritzea, hori izango delako egoera horri aurre egiteko modurik egokiena. Modu horretan, beharrezkotzat jotzen diren neurri fitosanitarioak hartu ahal izango dira, izurritea gehiago zabaldu ez dadin, izurritearen populazioa eta ondorioak murriztu daitezen, eta desagertu dadin.

Era berean, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikari buruzko abenduaren 3ko 17/2008 Legearen 30. artikuluak lurralde historikoei agintzen die zaintza fitosanitarioko sarea sortzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari agintzen dio arlo horretan beharrezkoak diren koordinazio-mekanismoak antolatzeko.

Irailaren 27ko 1938/2004 Errege Dekretuak (zeinaren bitartez onartu egiten baita baratze-laborantzetako birusen bektore diren intsektuak kontrolatzeko Estatu-programa, eta onura publikokotzat hartzen baita horien aurkako borroka eta prebentzioa) hauxe ezartzen du 2. artikuluan: programa hori eta hortik eratorritako neurriak aplikagarriak izango direla aipatutako izurriteak dituztela deklaratu duten eta Errege Dekretua garatzeko neurriak ezarri dituzten autonomia-erkidegoetan.

Birusen aurka egiteko metodoak, funtsean, profilaktikoak direnez, eta birusaren eragilearekiko independenteak direnez, beharrezkotzat jo da nahitaez beteko diren kontrol-neurriak ezartzea, bai eta gomendatutako beste zenbait neurri ere, organismo horien aurka aritzeko; izan ere, horrela, ahal den neurrian arinduko dira organismo horiek eragiten dituzten galerak.

Hala, bada, Dekretu honen xedea da intsektu bektoreak eta birusak daudela deklaratzea, eta baratzeko landareei eta intsektu bektoreei eragiten dieten birosiak prebenitzeko eta haien aurka aritzeko nahitaezko neurriak ezartzea.

Dekretu hau egiteko, kontsulta egin zaie Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiei, nekazaritzako elkarte eta erakunde profesionalei eta baratze-sektoreko erakunde eta antolakundeei.

Ondorioz, dagozkion nahitaezko txostenak egin ondoren, eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2020ko ekainaren 30ean egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Hauxe da Dekretu honen xedea:

a) Adieraztea Euskal Autonomia Erkidegoan badaudela Dekretu honen eranskinean jasota dauden baratzeetako birusen bektore diren intsektuak, bai eta intsektu horiek transmititutako birusak ere.

b) Neurri fitosanitario egokiak hartzea, eranskinean jasotako izurrite eta birusak gehiago zabaldu ez daitezen eta horien ondorioak murriztu daitezen.

2. artikulua.– Egiturazko neurriak.

Nekazaritza-ustiategien titularrek nahitaez aplikatu behar dituzte egoera horri modu estrukturalean aurre egiteko eta egoera hori prebenitzeko neurri hauek, baldin eta Dekretu honen eranskinak aipatutako birusen bektore diren intsektuak eta birusak badituzte euren baratze-laborantza babestuetan:

a) Berotegiaren egituran, egoera ezin hobean mantendu beharko dira plastikoa, sareak eta itxiturarako beste edozein material, birusen bektore diren intsektuak ez daitezen barrura sartu, hau da, egitura erabat estalita geratuko dela bermatuz. Modu horretan, ez da egongo kanporanzko espazio irekirik, euri-ura plastikozko estalduratik kanporatzeko erabiltzen diren espazio irekiak izan ezik.

b) Jarriko den sarearen diseinuak, teknikoki, bermatu egin beharko ditu bektorea kanporatzeko mailak eta berotegirako egokiak diren porositateak, eta gutxieneko dentsitatea 20x10 hari/cm2-koa izango da berotegiko aireztapen-gune guztietan. Salbuetsita geratuko dira Kantauri itsasoko ertzean kokatutako instalazioak; izan ere, sare horrek ez luke aireztapen egokia egiteko aukerarik emango. Kasu horietan, aipatutako sarearen ordez, hain trinkoak ez diren sareak erabili ahal izango dira, baldin eta berotegiaren barruan dauden landareek ez badute intsektu bektoreek transmititutako birusen sintomarik eta laborantza hori egoera fitosanitario onean badago.

3. artikulua.– Prebentzio-neurri fitosanitarioak.

Nekazaritza-ustiategien titularrek nahitaez aplikatu behar dituzte egoera horri aurre egiteko eta egoera hori prebenitzeko neurri fitosanitario hauek, baldin eta Dekretu honen eranskinak aipatutako birusen bektore diren intsektuak eta birusak badituzte euren baratze-laborantza babestuetan:

a) Baimendutako mintegietako landare-materiala eskuratzea, eta urtebetez gordetzea plantulen eta hazien pasaporte fitosanitarioa. Norberak, bere mintegia eginez gero, foru-aldundietako zerbitzuetako Landare Osasuneko unitateari jakinarazi beharko dio.

b) Izurriteen kudeaketa integratuaren (aurrerantzean, IKI) printzipio orokorren arabera (Produktu fitosanitarioak modu jasangarrian erabili ahal izateko jarduera-markoa ezartzen duen irailaren 14ko 1311/2012 Errege Dekretuaren I. eranskinean daude jasota printzipio horiek), nahitaezkoa da lehentasuna ematea birusen bektore diren intsektuen kontrol biologikoari, babestutako baratze-laborantza guztietan; izan ere, hori da neurririk eraginkorrena intsektu bektoreen eta euren birosien ondorioak prebenitzeko, betiere irizpide tekniko hutsen arabera, irizpide horiek izurriteak kontrolatzeko hartu den aukera justifikatzen baldin badute laborantza-ziklo osoan. Egiaztatutako estrategia eraginkorrak erabiliko dira kontrol biologikoko organismoekin (KBO), landaketaren unean hasi eta erauzketaren unera arte; modu horretan, laborantzen egoera fitosanitario egokia bermatuko da.

c) Laborantzan kontrol biologikoa ezartzen denean, ebaluatu beharko da horrek nolako eraginkortasuna duen intsektu bektoreak kontrolatzeko orduan, eta, horretarako, KBO eta intsektu bektoreen jarraipena egin beharko da metodo eta tresna egokiekin: tokian tokiko behaketak eginez, eta alertarako, aurreikuspenerako eta diagnostiko goiztiarrerako sistemak ezarriz. Betiere, IKIren aholkulari gisa ari diren teknikarien gomendioetan oinarritu beharko da, halakorik badago, eta irailaren 14ko 1311/2012 Errege Dekretuaren 12. artikuluaren arabera jokatu beharko da.

d) Produktu fitosanitarioak aplikatzeko aukera hartzen denean, ahalik eta espezifikoenak izan beharko dute izurritea kontrolatzeko, eta ahalik eta albo-ondorio gutxien izan beharko dute laborantzako organismo onuragarrientzat. Hori egiterakoan, berotegiko aireztapen-guneek edo bandek guztiz itxita egon beharko dute, aplikatutako produktuek ez dezaten eraginik izan aldameneko berotegietan, salbu eta bide edo errepide batekin muga egiten duten berotegien edo egoera hori saihesteko espazio nahikoa duten berotegien kasuan.

e) Erabiltzaile profesionalek mugatu egin beharko dute produktu fitosanitarioen eta beste esku-hartze mota batzuen erabilera, eta behar-beharrezkoak diren mailetan baino ezin izango dituzte erabili. Era berean, erabilerarako estrategiak aplikatu beharko dira, ez dadin erresistentziarik garatu.

f) Intsektu bektoreen maila altua denean, laborantzari ekin baino lehenagotik eta aholkulari gisa ari diren teknikarien gomendioz, berotegiaren barruan eta gelaurreetan tranpa kromotropikoak erabiliko dira modu masiboan, intsektu bektoreak kontrolatu, jarraitu eta harrapatzeko, gutxienez 50 xafla/ha-ko neurrian.

4. artikulua.– Higiene arloko neurriak.

Nekazaritza-ustiategien titularrek nahitaez aplikatu behar dituzte egoera horri aurre egiteko eta egoera hori prebenitzeko higiene arloko neurri hauek, baldin eta Dekretu honen eranskinak aipatutako birusen bektore diren intsektuak eta birusak badituzte euren baratze-laborantza babestuetan:

a) Birusek eragindako landare guztiak erauzi eta desagerraraztea, landaketaren unetik hasi eta hazkuntza-prozesu osoak irauten duen bitartean. Kontaktuz transmititzen diren birosien kasuan, ondo-ondoan daudenak ere erauziko dira. Intsektu bektoreek transmititutako birusek kaltetutako landareen kasuan, intsektizida espezifikoak erabiliko dira landare horiei tratamendua emateko, berotegitik erretiratu aurretik. Landareak suntsitzean, kasu guzti-guztietan, edukiontzi itxietan emango zaizkio baimendutako kudeatzaile bati, eta ziurtagiri bat ere egingo da, landareak eman izana egiaztatzeko eta trazagarritasuna bermatzeko. Edukiontziak lurperatu egingo dira edo sua emango zaie, berehala suntsitzeko baimena izanik.

b) Baldin eta, gerora, birus espezifikoaren arabera eta birus horrek duen presentziaren arabera, organismoaren hedapenagatik ezinezkoa bada landareak modu jarraituan desagerraraztea, kaltetutako ustiategiak nahitaez eman beharko die horren berri dagokion foru-aldundiko Landare Osasuneko zerbitzuei, eta haiek zehaztuko dituzte zer-nolako neurriak diren egokiak.

c) Debekatuta dago laborantzak bertan behera uztea. Egoera fitosanitario egokian egon beharko dute, Landare Osasunari buruzko 43/2002 Legearen 13. artikuluak ezarritakoaren arabera. Hazkuntza amaitzen denean, birusek eragindako landarerik edota intsektu bektore asko badago, produktu fitosanitario espezifikoak aplikatuko dira, eta, gero, landareak eta belar espontaneoak erauziko dira berotegi barrutik eta aireztapen-bideak itxiko dira berotegiak isolatzeko, harik eta landare-hondakinak lehor geratu arte.

d) Hazkuntzaren amaieran, landareak, landare-hondakinak, substratuak (euren bizitza erabilgarriaren amaieran) eta komertzialak ez diren fruituak (kanpainan sortutakoak) suntsitu egingo dira, artikulu honen a) apartatuan deskribatutako jarraibideen arabera jokatuta.

e) Areagotu egingo dira landare-hondakinak eta belar espontaneoak garbitzeko neurriak berotegian eta inguruetan, eta, ahal denean, belar espontaneorik gabe utziko da berotegiaren perimetroaren metro bat, gutxienez. Hala egingo da, non eta ez diren izurriteen berezko etsai diren erreserborio-landareak landatzen. Era berean, ustiategiaren titularrak ondo kudeatu beharko ditu landare horiek.

f) Kontaktuz transmititutako birusen kasuan, lanabesak desinfektatuko dira laborantza-lanak egin aurretik eta ondoren, eta landareen arteko tarteak ere desinfektatuko dira; era berean, arropa ur beroarekin garbituko da berotegira sartu ondoren, edo, bestela, erabili eta botatzeko arropa erabiliko da (txanoak, batak, eskularruak, oinetakoak). Aurrekoaz gain, laborantza substratuan egiten bada, hazkuntza amaitzean desinfektatu egingo dira aipatutako guztiak eta ureztatze-hodiak, horretarako prestatutako disoluzio batekin.

g) Debekatuta egongo da kanpoko inor sartzea kontaktuz transmititutako birusak dituzten berotegietara.

5. artikulua.– Gomendatutako neurriak.

Nekazaritza-ustiategien titularrei neurri hauek aplikatzea gomendatzen zaie, baldin eta euren baratze-laborantza babestuetan Dekretu honen eranskinak aipatutako birusen bektore diren intsektuak eta birusak badituzte:

a) Teknikoki hala aholkatzen denean, birlandaketan erabiltzen diren plantulek etsai naturalak izatea aurrez instalatuta.

b) Toleranteak edo iraunkorrak diren barietateak erabiltzea.

c) Berotegiaren barruan eta kanpoan, erreserborio-landareak erabiltzea, birusen bektore diren intsektuen berezko etsai direnak, baldin eta behar bezala kudeatzen badira eta eraginkortasunaren inguruko ikerketa egiaztatuak egiten badira horien inguruan.

d) Ahal bada, berotegia solarizatu eta ixtea gutxienez 20 egunez, bero egiten duenean tenperatura igotzeko.

e) Kontaktuz transmititutako birusek kaltetutako laborantzak dituzten berotegietan, substratuak kentzea.

f) Kontaktuz transmititutako birusek kaltetutako laborantzak dituzten berotegietan, kofoinak itxi edo kentzea.

g) Laborantzen errotazioa egitea.

h) Lurzoruak ongarritzeko, medeatzeko, ureztatzeko eta drainatzeko jardun orekatuak erabiltzea.

i) Horretarako aukera ematen duten eta bektorerik ez duten laborantzetan, manta termikoa jartzea hasieratik, harik eta, agronomikoki, manta horiek erretiratzea gomendagarria den arte.

j) Tranpa kromotropikoak erabiltzea modu masiboan, intsektu bektoreak kontrolatu, jarraitu eta harrapatzeko.

6. artikulua.– Kanpoaldeko laborantzetan aplikatu beharreko neurriak.

Nekazaritza-ustiategien titularrek nahitaez aplikatu behar dituzte egoera horri aurre egiteko eta egoera hori prebenitzeko neurri hauek, baldin eta Dekretu honen eranskinak aipatutako birusen bektore diren intsektuak eta birusak badituzte kanpoaldeko baratze-laborantzetan:

a) Baimendutako mintegietako landare-materiala eskuratzea, eta urtebetez gordetzea plantulen eta hazien pasaporte fitosanitarioa. Norberak, bere mintegia eginez gero, dagokion foru-aldundiko Landare Osasuneko zerbitzuei jakinarazi beharko die.

b) Oro har, behar bezala kudeatu beharko dira laborantza-hondakinak eta landare adbentizioak, organismo kaltegarriak ez daitezen hedatu. Landareak suntsitzean, kasu guzti-guztietan, edukiontzi itxietan emango zaizkio baimendutako kudeatzaile bati (ziurtagiri bat gorde beharko da, landareak eman izana egiaztatzeko eta trazagarritasuna bermatzeko). Edukiontziak lurperatu egingo dira edo sua emango zaie, berehala suntsitzeko baimena izanik, organismo kaltegarria desagerrarazteko. Bilduak izateko xederik ez duten laborantzetan, modu berean jokatuko da erabaki hori hartzen den unetik, eta saihestu egingo da laborantzak bertan behera geratzea, horrek kolokan jar baitezake inguruetako ustiategien egoera sanitarioa.

c) Intsektu bektoreek transmititutako gaixotasunen bat badago baratzeetan, eta laborantzan mota horretako intsektuak badaude, bektore horien aurkako tratamenduak egingo dira ezertan hasi aurretik, gero suntsitu edo lurperatzeko.

7. artikulua.– Organo kudeatzailea.

Organo kudeatzaileak foru-aldundi bakoitzean eskumena duten Landare Osasuneko zerbitzuak izango dira, eta beraiek arduratuko dira Dekretu honetan aurreikusitako neurriak aplikatzeaz. Zehazki, lan horiek egiterakoan, aurreikusitako neurriak betearazi direla ikuskatu eta kontrolatu behar dute, eta Dekretu honetan aurreikusitako neurri osagarriak ere zehaztu behar dituzte.

8. artikulua.– Zehapen-araubidea.

1.– Dekretu honetan xedatutakoa betetzen ez bada, Landare Osasunari buruzko azaroaren 20ko 43/2002 Legean aurreikusitako administrazio-zehapenak aplikatuko dira. Halaber, dagokion neurrian, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legea aplikatuko da.

2.– Eragindako baratze-ustiategiei dagokien foru-aldundiko landare-osasunaren eskumeneko organoak izango dira, hain zuzen ere, Dekretu honetan xedatutakoa bete ez izanaren zehapen-espedienteei hasiera emateko eta ebazteko eskumena dutenak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Eranskina eguneratzea.

Nekazaritzaren arloan eskumena duen saileko titularraren agindu bidez, Dekretu honen eranskinean jasotako intsektu bektoreen eta birusen zerrenda eguneratu edo aldatu ahal izango da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko ekainaren 30ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

EKAINAREN 30EKO 82/2020 DEKRETUAREN ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN DAUDEN BARATZEETAKO BIRUSAK ETA BEKTOREAK

Euskal Autonomia Erkidegoan baratzeetako birusen bektore diren intsektu hauek daude: euli zuriak (Bemisia tabaci eta Trialeurodes vaporariorum), Frankliniella occidentalis tripsa eta landare-zorriak (Myzus persicae).

Eta intsektu horiek transmititutako birus hauek daude: tomatearen kizkur horiaren birusa (TYLCV), tomatea belzten duen birusa (TSWV), Impatiensaren orban nekrotikoen birusa (INSV), patataren Y birusa (PVY) eta pepinoaren mosaikoaren birusa (CMV), bai eta kontaktu bidez transmititzen diren beste batzuk ere: pepino gozoaren mosaikoaren birusa (PePMV), tomatearen mosaikoaren birusa (ToMV), piperraren pikardatu berde arinaren birusa (TMGMV), eta piperraren pikardatu arinaren birusa (PMMV).


Azterketa dokumentala