Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

128. zk., 2020ko uztailaren 1a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
2569

EBAZPENA, 2020ko ekainaren 15ekoa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, zeinaren bidez aldatzen baita Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2019ko urriaren 1eko Ebazpena, diruz lagundutako jardueren gauzatze- eta justifikazio-epeak luzatzeko. Ebazpen horren bidez, 2019. urtean enpresa eta erakunde pribatuei ezohiko dirulaguntzak emateko deialdia egin eta dirulaguntza horiek arautzen dira, aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatu ditzaten, emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko diagnostikoak eta berdintasun-planak egiteko.

COVID-19ren osasun-krisiak eta ondoren COVID-19k eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez alarma-egoera deklaratzeak, ez dute soilik prozedurak izapidetzeko baldintzak eta epeak etetea ekarri. Osasun-krisiak eta alarma-egoerak eragin zuzenak eta epe laburrean konpontzen zailak izango direnak ere ekarri dituzte enpresetan, lanen plangintzarako nahasmendua eragin dute, enpresa askok jarduera aldi baterako eten egin behar izan dute eta alarma-egoeraren aldi osoan lana normaltasunez garatzeko ezintasuna eragin diete enpresei eta entitateei. Nahasmendu horren ondorioz, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak sortu dira eta enpresen lehentasunak aldatu egin dira.

Horrenbestez, COVID-19ari aurre egiteko Gizarte- eta ekonomia-arloan presako neurri osagarriak ezartzen dituen martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege Dekretua eman zuten; honela dio 54. artikuluan:

«1.– Azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 22.1 artikuluan aurreikusitako dirulaguntza eta laguntza publikoak emateko prozedurei dagokienez, 463/2020 Errege Dekretua indarrean sartu zenean dagoeneko emanda baldin bazeuden, aldatu ahal izango dira diruz lagundutako jarduera gauzatzeko epea luzatzeko eta, hala egokituz gero, gauzatze hori justifikatzeko eta egiaztatzeko, kasuan kasuko oinarri arauemaileetan hala jasota egon ez arren.

Ondorio horietarako, organo eskudunak egin beharko duen gauza bakarra izango da alarma-egoera indarrean dagoen bitartean ezin dela diruz lagundutako jarduera egin justifikatzea, eta ez dela nahikoa hura amaitu ondoren geratzen den epea diruz lagundutako jarduera egiteko edo justifikatzeko edo egiaztatzeko».

Azaldutako helburu guztiak kontuan hartuta, aldatu egiten da enpresei eta erakunde pribatuei 2019. urtean enpresa eta erakunde pribatuei ezohiko dirulaguntzak emateko deialdia egin eta dirulaguntza horiek arautzen dituen ebazpena, 2019an eta 2020an aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatzeko laguntza teknikoa eman dezaten emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko diagnostikoa egiteko eta berdintasun-plana diseinatzeko, bai barne-antolamendurako, bai zerbitzuak edo produktuak emateko, eta COVID 19rekin eta ondorengo alarma-egoeraren deklarazioarekin sortutako egoerara egokitzeko. Aldaketek gauzatzeko eta justifikatzeko epeei eragiten diete; izan ere, argi baitago hasierako epeak ez direla nahikoa, eta eman beharreko prestakuntza-baldintzak zertxobait aldatu behar direla, aurrez aurreko prestakuntzarako dauden mugengatik eta enpresa esleipendunetako batzuek aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientean dauden edo telelanean dauden langileak dituztelako.

Proposatzen diren aldaketa horien helburua da enpresek diruz lagundutako proiektua gutxieneko kalitate-bermeekin gauzatu ahal izatea eta enpresa asko dauden egoerarekiko sentikorrak izatea.

Hori dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2019ko urriaren 1eko Ebazpenaren 4. artikulo lehenengo atalaren aldaketa onartzea. Eta honela idatzita geratzen da:

«1.– Aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatzeko izango da dirulaguntza. Aholkularitza-enpresek, dirulaguntzak emateko Ebazpena argitaratzen den unetik 2020ko urriaren 23ra, honako hauek egiten lagundu beharko die enpresei edo erakundeei:

a) Emakume eta gizonen berdintasunari buruzko Diagnostikoa, barne-antolamenduari eta zerbitzuak edo produktuak eskaintzeari dagokionez. Diagnostikoan honako hauek aztertu eta balioetsiko dira, gutxienez: hautaketa-politikak, karrera profesionalaren sustapena eta garapena, prestakuntza, ordainsariak, lan-osasuna, komunikazioa, eta bizitza pertsonala, lan-bizitza eta familia-bizitza uztartzearen alorrekoa; halaber, genero-indarkeriaren eta sexu-jazarpen eta sexuaren ziozko jazarpen egoerak aztertuko dira. Horretaz gainera, erakundeak egiten dituen produktu eta zerbitzuak aztertu beharko dira, bai eta erakundearen beste plan eta politika batzuk ere. Horrela egiten ez bada, behar bezala justifikatu beharko da. Ez-betetze partziala osasun-krisiaren, alarma-egoera deklaratu izanaren edo ondorio bada, alarma-egoeraren deklarazioa edo enplegu-erregulazioko aldi baterako espediente batena behar bezala egiaztatuko da.

b) Gutxienez 20 ordu ematea erakundearen langileei lan-munduan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan trebatzeko. Saio horrek diagnostikoan agertu diren berdintasun ezak ulertzeko balio behar du, bai eta berdintasun-plana diseinatzeko oinarri izateko ere, eta, gutxienez, langile guztien lagin adierazgarri batentzat egingo da. Proposamenak emango diren edukien xehetasunak izan behar ditu, orduak, langileen kopurua sexuaren arabera bereizita, e.a. Programak jaso behar ditu, gutxienez, pertsonak kudeatzeko prozesu ez diskriminatzaileak, lantokiko sexu-jazarpenak eta jazarpen sexistak eta berdintasuna zerbitzu-eskaintzan txertatzeko jarraibideak. Prestakuntza hori aurrez aurre emango da edo, bestela, «Ikasgela birtualaren» formatuarekin, betiere parte hartzen duten pertsonen ikaskuntza ahalbidetuko duen ezagutzak trukatzeko ingurune bat bermatzen bada, konektibitate sinkronizatuarekin, bai eta komunikaziorako bi norabideekin ere.

c) Berdintasun-plana diseinatzea enpresaren barne-antolamendurako eta zerbitzu edo produktuetarako. Aurkeztutako plana, gutxienez, urte anitzekoa izango da, adierazleak izango ditu, espero diren emaitzak neurtzeko emakumeen eta gizonen arteko aldeen murrizketaren ildotik, eta erantsita izango ditu esleitutako pertsonak, aurrekontua, jarraipen- eta ebaluazio-sistema. Horrela egiten ez bada, behar bezala justifikatu beharko da. Ez-betetze partziala osasun-krisiaren, alarma-egoera deklaratu izanaren edo ondorio bada, alarma-egoeraren deklarazioa edo enplegu-erregulazioko aldi baterako espediente batena behar bezala egiaztatuko da.»

Bigarrena.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2019ko urriaren 1eko Ebazpenaren 14. artikulo lehenengo atalaren lehen paragrafoaren aldaketa onartzea, honela geldituko delarik.

«1.– Dirulaguntza zatika ordainduko da: % 80 ordainduko da 2019ko aurrekontu-ekitaldiaren kargura, ez bazaio uko egin 13.a) artikuluan aipatutako epean, eta gainerakoa, % 20, 2020ko aurrekontu-ekitaldiaren kargura ordainduko da, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak egiaztatzen duenean diruz lagundutako jardueretan sortutako gastu guztiak justifikatu direla –Emakundek estali ez dituenak ere bai–, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 30. artikuluari jarraikiz. Bigarren zatia ordaintzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira 2020ko urriaren 30a arteko epean (egun hori barne):»

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Aurka egiteko, pertsona edo erakunde interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean (ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera); bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, hilabete biko epean (ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 15a.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,

MIREN IZASKUN LANDAIDA LARIZGOITIA.


Azterketa dokumentala