Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

119. zk., 2020ko ekainaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
2387

2/2020 FORU DEKRETU-ARAUA, maiatzaren 5ekoa, COVID-19aren osasun krisiaren ondorioz zerga arloko neurri osagarriak ezartzen dituena.

COVID-19ak osasun publikoaren arloan eragin duen eta Osasunaren Mundu Erakundeak pandemiatzat jo duen larrialdi egoerari erantzuteko, eta martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak Estatuko lurralde osoan deklaratutako alarma egoeraren ondorioz, Gipuzkoako Foru Aldundiak martxoaren 24ko 1/2020 Foru Dekretu-Araua onetsi zuen, hain zuzen ere, COVID-19 gaitzaren osasun krisiarekin lotuta dauden zerga arloko neurri jakin batzuk onartzen dituena.

Geroago, aipatutako foru dekretu-arauan aurreikusitako ahalmena erabiliz, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak apirilaren 1eko 136/2020 Foru Agindua eman zuen, zehazki, COVID-19aren ondorioz zergapeko jakin batzuentzat hiruhilabeteko autolikidazioak eta aitorpen ez-aldizkako, informatibo eta laburtzaileak aurkeztu eta ordaintzeko epea luzatzen duena.

Alarma egoerak hainbat luzapen izan ditu, eta hasierako deklaraziotik dagoeneko hilabete bat baino gehiago igaro delarik, oraindik ez dago garbi noiz itzuli ahal izango garen normaltasun sozialera osasun krisialdia behin gaindituta.

Horrek eskatzen du etengabe aztertzea bai egoera horren eragina bai haren iraupena, era horretan sakonago baloratu daitekeelako noraino eragin dezakeen egoera horrek zerga arloko onurak edo araubideak eskuratzeko araudiak eskatzen dituen baldintza jakin batzuk betetzeko garaian, batik bat onura edo araubide horiek epeengatik baldintzatuta daudenean.

Azterketa horretatik ondorioztatu da beharrezkoa dela epe eta baldintza horietako batzuen luzapena arautzea, aurreikusi gabeko egoera ezinbestekoek baldintza horien ez betetzea ekar ez dezaten.

Horrela, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, tratamendu tributario batzuen epeak malgutzen dira. Zehazki, behin-behinean luzatzen dira ohiko etxebizitzako inbertsioaren tratamenduarekin erlazionatuta dauden epe jakin batzuk, hala nola etxebizitza kontuetan sartutako kopuruak erabiltzeko epea edo etxebizitzaren eraikuntza lanak exekutatzekoa, bai exekuzioaren gastuak zergadunak zuzenean ordaintzen dituenean eta bai haren sustatzaileari zergadunak konturako zenbatekoak ematen dizkionean. Era berean, berrinbertitzeko epea ere luzatzen da ohiko etxebizitzaren eskualdaketa kasuetan.

Orobat, etxebizitza benetan eta modu iraunkorrean okupatzeko baldintzarekin lotuta, epe jakin batzuk malgutzen dira ohiko etxebizitzaren zenbait eskualdaketa kasutan lortzen den ondare irabazia salbuetsita gera dadin. Eskualdaketa kasu horiek Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 42. eta 49. artikuluetan aurreikusitakoak dira.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren esparruan ere, epe luzeagoak ezartzen dira zergaren foru arauko 89 quater artikuluan langileek entitateak eratzeagatik arautzen den kenkariaren baldintzak betetzeko.

Sozietateen gaineko zergari dagokionez, zergaren araudian jasota dauden eta, oro har, 2020. urtean amaitzen diren epeak luzatzen dira.

Aurrenik, ezartzen da ezen zergaldia urte naturala baino txikiagoa duten entitateek, eta 2020ko zergaldian jarduerari ekiten dioten sorrera berriko entitateek edo entitate ez-aktiboek ez dutela urtebetera eraman behar eragiketa bolumenari dagokion magnitudea, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak 13. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

Ibilgetu materialeko elementu berri jakin batzuk eskura jartzeko epea beste 12 hilabetez luzatzen da, elementu horiei dagokienez amortizazio librea zein azkartua aplikatzea ahalbidetzeko.

Zergadunei beste urte bat gehiago ematen zaie –lau urte izango dituzte guztira– eskualdaketa batean lortutako errentak ez integratzea posible egiten duten berrinbertsioak gauzatzeko, hain zuzen ere, zergaren foru arauak 36. eta 38. artikuluetan aipatutakoak. Orobat, kasu horretan, ondare elementu baten salmentan lortutako zenbatekoa berrinbertitzeko hiru hilabeteko epea 6 hilabetez luzatzen da haren eskurapenak errentak ez integratzeko eskubidea kontsolidatzeko balio izan duenean, betiere salmenta hori derrigorrezko mantentze aldia amaitu baino lehen egin bada. Halaber, ezartzen da ezen zergadun batek ondasun bat erosi badu 2019ko martxoaren 14tik 2020ko martxoaren 13ra bitartean, bere asmoa izanik urtebeteko epean, eskurapen datatik kontatuta, beste ondasun bat eskualdatzea eta aipatutako apartatuetan araututako zerga onuretara biltzea, artikulu horietan aurreikusitako urtebeteko epea beste urtebetez luzatuko dela.

Era berean, mozkinak nibelatzeko erreserba berezia, zergaren foru arauko 52. artikuluan arautua, zuzkitzea helburu duten kopuruen kasuan, zergaldi bat luzatzen da kopuru horiek gauzatzeko epea, eta ekintzailetza sustatzeko eta ekoizpen jarduera sendotzeko erreserba berezia –foru arau bereko 53. artikuluan aurreikusia– erabiltzeko epea ere urtebetez luzatzen da, bi kasuotan epe hori 2020. urtean amaitzen denean. Azken aipatu den erreserbari dagokionez, ezartzen da Zerga Administrazioari komunikazio bat aurkeztu beharko zaiola egutegian egindako aldaketaren eta aldaketa hori ezartzera eraman duten arrazoien berri emateko, betiere erreserba hori zuzkitu duten kopuruak partaidetza jakin batzuk eskuratzeko erabili badira.

Sorrera berriko entitate berritzaileek egindako ikerketa eta garapen proiektuak edo berrikuntza teknologikokoak aipagai harturik –denak ere zergaren foru arauko 64 bis artikuluan aipatuak–, aurreikusten da 2020an hasitako proiektuen finantzaketa kontratuak exekuzioko lehen bederatzi hilabeteen barruan formalizatu ahal izatea, betiere horretarako ezarritako baldintzak betetzen badira; eta, gainera, ezartzen da artikulu horretan aipatzen den kenkaria urte anitzeko proiektuei aplikatuko zaiela finantzaketa kontratua sinatu aurretik exekutatzen hasi badira eta kontratu hori 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldiko lehen bederatzi hilabeteetan sinatzen bada.

Aipatutako 64 bis artikuluarekin ere lotuta, proiektuen finantzaketa kontratuak aldatzeko aukera ematen da, 2020an abian daudenean, aurrez ezarritako ordainketa, gastu eta inbertsioen egutegia egokitzeko, horren beharra izanez gero. Horrez gain, salbuespen gisa onartzen da formalizatutako finantzaketa kontratuetan parte hartzen duen zergadunaren posizioan subrogatzea, baldin eta subrogazio hori 2020ko martxoaren 14tik abenduaren 31ra bitartean egiten bada.

Enplegua sortzeagatik aplikatzen den kenkariari dagokionez, eta plantilla konputatzeari begira, sei hilabetez luzatzen da enpresak lan harremana amaitzen denetik langile kopuru bera berriro kontratatzeko duen epea.

Halaber, aktibo ez-korronteak edo ondare elementuak ordezteko epea ere sei hilabetez luzatzen da –hau da, bederatzi dira guztira–, epe hori 2020ko martxoaren 14tik abenduaren 31ra bitartean amaitzen denean, baldin eta kenkari jakin batzuetarako eskubidea kontsolidatzeko balio izan badute eta kenkari horiei dagokienez mantentze aldia osorik bete ez bada.

Film luze zinematografikoen eta ikus-entzunezko serieen produkzio espainiarretan inbertitzeagatik araututako kenkariari dagokionez, urtebetez luzatzen da 2019an edo 2020an amaitzen diren lanak estreinatzeko gehieneko epea.

Kenkari horren aplikazioarekin lotuta, eta produkzioa 2019ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra bitartean amaitzen den kasuetarako, epe berezi bat ezartzen da ekainaren 16ko 17/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduak zazpigarren xedapen gehigarrian aipatzen duen «zerga onura aplikatzeko txostena» eskatzeko.

Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergari dagokionez, eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren esparruan ohiko etxebizitzarekin lotutako zerga tratamenduetan epeak luzatzearekin bat etorriz, hauxe xedatzen da etxebizitza eskualdaketetan 100eko 4ko edo 2,5eko karga tasa, kasuan kasu, aplikatu dadin: lokal bat etxebizitzarako gaitzen den kasuetan, sei hilabetez luzatzea zergadunak duen epea etxebizitza lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzia lortu duela frogatzeko. Luzapen hori aplikatuko da ohiko epea 2020ko martxoaren 14tik abenduaren 31ra bitartean amaitzen denean. Gainera, egintza juridiko dokumentatuen modalitateko notariotza agirien mailakako kuotan proposatzen da salbuespen gehigarri bat sartzea mailegu eta kreditu hipotekarioen kontratuetako nobazioak formalizatzeko eskrituretarako, betiere nobazio horiek martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-dekretuaren babesean eginak badira (8/2020 Errege Lege-dekretua, COVID-19aren inpaktu ekonomiko eta sozialari aurre egiteko premiazko neurri bereziei buruzkoa).

Hobari jakin batzuk ezartzen dira makinak edo aparatu automatikoak ustiatuz egiten den jokoaren gaineko tributuaren kuota finkoan, makina edo aparatu horiek kokatuta dauden establezimenduak zenbat egun irekitzen diren kontuan hartuta. Dena den, aurreikuspena da etorkizunean Ogasun eta Finantza Departamentuak bestelako hobariak ere ezartzea COVID-19ak eragindako zirkunstantziak nola garatzen diren.

COVID-19ak lanaren esparruan duen eraginari erreparatuta, beharrezkoa da aintzat hartzea enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteek zer efektu duten araubide edo pizgarri fiskal batzuetan enplegua mantentzeko aurreikusten diren baldintza jakin batzuk betetzeko garaian. Hala gertatzen da esate baterako, langileek beren enpresan parte hartzeagatik edo entitateak eratzeagatik errenta zergan aplikatzen diren kenkariekin edo sozietateen gaineko zergan enplegua sortzeagatik araututa dagoenarekin.

Azkenik, COVID-19aren osasun krisiak eragindako efektuen ondorioz epe laburrean espero den koiuntura ekonomikoa dela eta, oso litekeena da zerga zorra geroratu eta zatikatzeko eskaerak asko handitzea, hala zenbatekoari nola epeari dagokienez. Alde horretatik, Diputatuen Kontseilua horrelako eskaerekin ez kolapsatzeko eta gerorapen eta zatikapen horietako batzuen tramitazioa azkartzeko, egokitzat jotzen da erabakitzea Diputatuen Kontseiluak ez duela aldez aurretik baimenik eman beharko Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuaren eskumenekoak diren zerga zorraren gerorapen edo zatikapenak ebazteko, haien zenbatekoa gehienez 3.000.000 eurokoa denean eta 5 eta 10 urte bitarteko epea dutenean.

Xedapen honetan jasotzen diren neurriek badute, zenbait kasutan, eraginik foru arau bidez erregulatu behar diren gaietan, eta bilatzen den erantzuna, presakoa izanik, ezin denez lortu foru arauak onartzeko araugintzako prozedura arruntaren bidez, haren epeak luzeak baitira oso, egoki iritzi da neurri horiek foru dekretu-arau baten bidez onartzea; gainera, premia larria justifikatuta geratzen da gorago adierazitako zirkunstantziengatik.

Uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 14. artikuluan xedatzen du behar larri eta apartekoek daudenean Diputatuen Kontseiluak behin-behineko arau xedapenak eman ahal izango dituela, bere eskumen esklusiboen esparruan; xedapen berezi horiek foru dekretu-arauak izango dira eta ezin eragingo diete foru organoen antolaketari, araubideari eta funtzionamenduari.

Foru dekretu-arauak Batzar Nagusietan eztabaidatu eta osorik bozkatu behar dira berehala, baliozkotuak izateko.

Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan tratamendu tributario batzuk malgutzeko neurriak.

1.– Kreditu entitateetako kontuetan sartutako kopuruak ohiko etxebizitzaren erosketan erabiltzeko epea, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 87. artikuluko 5. apartatuko b) letran ezarritakoa, 2020ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra bitartean amaitzen bada, zazpi urtekoa izango da kontu horiek ireki diren egunetik kontatzen hasita.

Aurreko paragrafoan ezarritako terminoetan etxebizitza kontuan sartzen diren kopuruek eskubidea emango dute urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 87. artikuluan jasotako kenkaria aplikatzeko.

2.– Eraikitzen ari den ohiko etxebizitza erosteko epea, hain zuzen ere, urriaren 14ko 33/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 66.1 artikuluko b) letran ezarritakoa, 2020ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra bitartean amaitzen bada, bost urtekoa izango da inbertsioa hasten denetik aurrera.

3.– Urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak, 49. artikuluan aurreikusten dituen ohiko etxebizitzaren eskualdaketa kasuetan, urriaren 14ko 33/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 45. artikuluko 3. apartatuan aipatzen den berrinbertsio epea hiru urtekoa izango da.

Apartatu honetan aipatzen den epearen luzapena aplikatuko da ohiko etxebizitzaren eskualdaketak 2018ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra bitartean egindakoak direnean, edo ohiko etxebizitza 2018ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra bitartean erosi eta, horren ondoren, aurrekoa eskualdatzen denean.

4.– Ohiko etxebizitza benetan eta modu iraunkorrean okupatzeko epea, hain zuzen ere, urriaren 14ko 33/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 64. artikuluko 2. apartatuan aipatua, sei hilabetez luzatuko da 2020ko martxoaren 14tik 2020ko abenduaren 31ra bitartean amaitzen bada.

5.– Urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak, 42. artikuluko b) eta c) letretan eta 49. artikuluan ezartzen dituen salbuespenak aplikatzeko ez bestetarako, ulertuko da zergaduna ohiko etxebizitza eskualdatzen ari dela une horretan etxebizitza hori bere ohiko etxebizitza denean edo, bestela, hura eskualdatu aurreko hiru urteetako edozein egunetara arte halakotzat hartu denean.

Apartatu honetan aipatzen den epearen luzapena aplikatuko da soil-soilik baldin eta, 2018ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra bitartean etxebizitzak ohiko etxebizitza izateari utzi badio, arau orokorrei jarraituz, eta betiere, baldin eta, artikulu honen 3. apartatuko bigarren paragrafoan ezarritako aplikazio eremu tenporalean, horren xedea Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 49. artikuluan aurreikusten den salbuespena aplikatzea bada.

6.– Etxebizitzak familia etxebizitza izateari utzitakoan, hura eskualdatzeko epea, urriaren 14ko 33/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 45. artikuluaren 2. apartatuan aurreikusia, hiru urtekoa izango da.

Apartatu honetan aipatzen den epearen luzapena aplikatuko da soil-soilik baldin eta, 2018ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra bitartean, etxebizitzak familia etxebizitza izateari utzi badio aipatutako 2. apartatuan xedatutakoarekin bat, betiere, artikulu honen 3. apartatuko bigarren paragrafoan ezarritako aplikazio eremu tenporalaren barruan.

7.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 89 quater artikuluak langileek entitateak eratzeagatik arautzen duen kenkaria aplikatzearen ondorioetarako, eta entitateak 2019ko irailaren 15etik 2020ko abenduaren 31ra bitartean eratu diren kasuetarako, jarraian aipatzen diren epeak urtebetekoak izango dira eraketaren unetik aurrera:

a) Harpidetzak entitatea eratzea helburu duela jotzeko epea, aipatutako 89 quater artikuluaren 2. apartatuko a) letran aurreikusia.

b) Zergadunak entitatean langile gisa jarduten hasteko epea, aipatu den 2. apartatuko e) letran aurreikusia.

c) 2. apartatuko g) letran ezarritako baldintza langile guztiek betetzea ez exijitzeko epea, apartatu horretako azken paragrafoan aurreikusia.

d) Langile gisa jardutea ez exijitzeko epea, 89 quater artikuluaren 3. apartatuko azken paragrafoan aurreikusia.

2. artikulua.– Sozietateen gaineko zergan tratamendu tributario jakin batzuk malgutzeko neurriak.

1.– Urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarenak, 13. artikuluaren 5. apartatuan jasotako kasuetan mikroenpresa, enpresa txiki eta enpresa ertaintzat hartzeko, ez da urtebetera eramango eragiketa bolumenari dagokion magnitudea, urte naturalaz azpiko zergaldia 2020. urtean hasten denean edo sorrera berriko entitateak eta entitate inaktiboak 2020. urtean ustiapen ekonomiko bat eramaten hasten direnean.

2.– Urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarenak, 21. artikuluaren 1. apartatuko b) letran eta 2. apartatuan (amortizazio askatasuna eta amortizazio azeleratua) ondare elementua eskura jartzeko jasotzen duen hamabi hilabeteko epea beste hamabi hilabetez luzatuko da, epe hori 2020an amaitzen baldin bada.

3.– Urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarenak, 36. artikuluaren 1. apartatuan eta 38. artikuluaren 1. apartatuan ondare elementua entregatu edo eskura jarri ondorengo hiru urtetan aparteko mozkinak berrinbertitzeko aipatzen dituen epeak urtebetez luzatuko dira, epe horiek 2020an amaitzen baldin badira.

Era berean, zergadunak ondasun bat 2019ko martxoaren 14tik 2020ko martxoaren 13ra bitartean eskuratu duenean eta haren asmoa eskurapen horretatik aurrerako urtebeteko epean beste bat eskualdatzea eta aipatutako apartatuetan erregulatutako zerga onurak jasotzea denean, apartatu horietan adierazitako urtebeteko epe hori beste urte batez luzatuko da.

4.– Urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarenak, 36. artikuluaren 4. apartatuko bigarren paragrafoan aparteko mozkinak berrinbertitzeko aipatzen duen hiru hilabeteko epea sei hilabetez luzatuko da, 2020ko martxoaren 14tik 2020ko abenduaren 31ra bitartean amaitzen baldin bada.

5.– Urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarenak, 116. artikuluaren 5. apartatuan (ondasun higiezinen errentamendu kualifikatuan aritzen diren entitateen araubidea) jasotzen duen aparteko mozkinen berrinbertsio epearen bost urterako luzapena beste urte batez zabaltzen da, luzapen hori 2020an amaitzen baldin bada.

6.– Urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarenak, 52.2 artikuluan (mozkinak nibelatzeko erreserba berezia) zerga oinarria kenkarien bidez gehitzeko aipatzen duen bost urteko gehieneko epea zergaldi batez luzatzen da, epe hori 2020an amaitzen baldin bada.

Zergadunak aurreko paragrafoan aipatutako epearen luzapena erabiltzen badu, aipatutako 52. artikuluaren 3. apartatutan xedatutakoaren arabera erreserbaren saldoa erabili ezingo duen epea zergaldi batez luzatuko da, era berean.

7.– Urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarenak, 53.2 artikuluan ekintzailetza sustatu eta ekoizpen jarduera sendotzeko erreserba bereziari zuzkitutako kopuruak bertan jasotako helburuetako batean erabiltzeko aipatzen duen hiru urteko gehieneko epea urtebetez luzatuko da, epe hori 2020an amaitzen baldin bada.

Zergadunak aurreko paragrafoan aipatutako gehieneko epearen luzapena erabiltzen badu, aipatutako 53. artikuluaren 4. apartatutan xedatutakoaren arabera erreserbaren saldoa erabili ezingo duen epea urtebetez luzatuko da, era berean.

Zergaduna erreserbaren saldoa osorik edo zati batean aipatutako 53. artikuluaren 2. apartatuko c) letran jasotzen dituen helburuetan erabiltzera doanean, Zerga Administrazioari komunikazio bat aurkeztu beharko dio, hala badagokio, egutegian izandako aldaketaren eta haren arrazoien berri emanda.

8.– Sorrera berriko entitate berritzaileek egindako ikerketa eta garapeneko edo berrikuntza teknologikoko proiektuak finantzatzeko 2020ko ekitaldian hasi dituzten kontratuen formalizazioa, baldin eta kontratu horiek urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarenak, 64 bis artikuluaren 2. apartatuko d) letran aipatutako finantzaketa kontratuak badira, proiektuak gauzatzen hasi aurretik egin beharko da, nahiz eta, era berean, hura gauzatzen den lehendabiziko bederatzi hilabeteen barruan egin ahal izango den, betiere aipatutako 64 bis artikuluaren 7. apartatuan aipatutako txostena eskatu bada, proiektua gauzatzen hasi aurretik, eta aitortzeko borondatezko epea amaitu ez bada.

Aipatutako 64 bis artikuluaren 2. apartatuan xedatutakoa xedatuta ere, artikulu horretan jasotakoa aplikagarri izango zaie ikerketa eta garapeneko edo berrikuntza teknologikoko urte anitzeko proiektuei, baldin eta haiek finantzaketa kontratua sinatu aurretik gauzatzen hasi badira, betiere kontratu hori 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldiaren lehendabiziko bederatzi hilabeteetan sinatzen denean.

2020an martxan dauden finantzaketa kontratuak aldatu ahal izango dira ordainketa eta gastuen egutegia eta inbertsioen egutegia doitzeko. Aldaketa horren berri emango zaio Zerga Administrazioari, komunikazio osagarri baten bidez, hura formalizatzen denetik hiru hilabeteko epean eta, nolanahi ere, 2020ko abenduaren 31ren aurretik.

Aparteko izaeraz, zilegi izango da jadanik formalizatutako kontratuetan parte hartzen duen zergadunaren posizioan subrogatzea, baldin eta subrogazio hori 2020ko martxoaren 14tik 2020ko abenduaren 31ra bitartean gertatzen bada.

9.– Lan harremana azkentzen denetik langile kopuru bera berriro kontratatzeko bi hilabeteko epea, alegia, urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarenak, 66. artikuluaren 2. apartatuan jasotako epea, beste 4 hilabetez luzatuko da, lan harremana 2020ko martxoaren 14tik 2020ko abenduaren 31ra bitartean azkendu denean.

10.– Urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarenak, 67. artikuluaren 5. apartatuaren bigarren paragrafoan kenkariari lotutako inbertsioa gauzatzeko erabiltzen diren aktibo ez-korronteak lehengoratzeko aipatzen duen hiru hilabeteko epea sei hilabetez luzatuko da, epe hori 2020ko martxoaren 14tik 2020ko abenduaren 31ra bitartean amaitzen baldin bada.

11.– Urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarenak, hamabosgarren xedapen gehigarriaren bat apartatuko 7. puntuan film luze zinematografikoa eta ikus-entzunezko seriea estreinatzeko jasotzen duen 2 urteko gehieneko epea urtebetez luzatuko da, ikus-entzunezko lana 2019an edo 2020an amaitu baldin bada.

12.– Espainiako film luze zinematografikoen eta ikus-entzunezko serieen ekoizpenengatik, baldin eta produkzioa 2019ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra bitartean bukatu bada, 2021eko abenduaren 31ra arte eskatu ahal izango da ekainaren 16ko 17/2015 Foru Dekretuaren bidez onartutako Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduak zazpigarren xedapen gehigarrian jasotako «pizgarri fiskala aplikatzeko txostena».

2019ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra bitartean Euskadiko Autonomia Erkidegoan urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarenak, hamabosgarren xedapen gehigarriaren bi apartatuan jasotako kenkaria izan dezaketen gastuak egin dituzten atzerriko lan baten ekoizpen exekutiboaz arduratzen diren enpresek 2021eko abenduaren 31ra arte eskatu ahal izango dute «pizgarri fiskala aplikatzeko txostena».

3. artikulua.– Neurri osagarriak ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergan.

1.– Abenduaren 30eko 18/1987 Foru Arauak, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergarenak, 11.1 artikuluaren c) letraren azken paragrafoan lokal bat etxebizitza moduan gaitzeko jasotzen duen 18 hilabeteko epea sei hilabetez luzatzen da, epe hori 2020ko martxoaren 14tik 2020ko abenduaren 31ra bitartean amaitzen baldin bada.

2.– 2020ko martxoaren 18tik aurrerako ondorioekin, idazkera berria ematen zaio abenduaren 30eko 18/1987 Foru Arauak, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergarenak, 41.I.B) artikuluan jasotako 39. zenbakiari:

«39. Baliabiderik gabeko zordun hipotekarioak babesteko presako neurriei buruzko martxoaren 9ko 6/2012 Errege Lege Dekretuaren babesean eta COVID-19aren Inpaktu Ekonomiko eta Sozialari aurre egiteko Ezohiko Premiazko Neurriei buruzko martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuaren babesean egiten diren hipoteka mailegu eta kredituen kontratu berritzeak formalizatzeko eskriturek ez dute ordaindu beharko zerga horren egintza juridiko dokumentatuen modalitateko notario agirien kuota gradualik.»

4. artikulua.– Makinen edo aparatu automatikoen bidezko jokoetan aplikagarri diren kuota finkoak hobaritzea.

Honako hobari hauek ezartzen dira otsailaren 1eko 1/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Jokoaren gaineko Zergarenak, 12. artikuluan makinen edo aparatu automatikoen bidezko jokoetan aplikatzeko jasotzen dituen kuota finkoei begira:

a) 2020ko lehen hiruhilekoaren likidazioari dagokion kuotaren zatiari 100eko 15eko hobari bat aplikatuko zaio.

b) 2020ko bigarren hiruhilekoaren likidazioari dagokion kuotaren zatiari 100eko 100eko hobari bat aplikatuko zaio.

5. artikulua.– Aldi baterako enplegu erregulazioko espedienteen eragina zerga tratamendu jakin batzuetan.

Zerga ondorioetarako, aldi baterako enplegu erregulazioko espediente batek (ERTE) eraginda dauden pertsonek beren zerbitzua eskaintzen zioten enpresako langiletzat hartzen jarraituko dira espediente horrek irauten duen bitartean.

6. artikulua.– Zerga zorrak geroratzea edo zatikatzea, haien epea 5 eta 10 urte bitartekoa denean.

2020 eta 2021ean, 5 urtetik gorakoa den eta 10 urtetik gorakoa ez den epea duten gerorapen edo zatikapenak ebazteko, ez da beharrezkoa izango Diputatuen Kontseiluak aurretik ematea abuztuaren 2ko 38/2006 Foru Dekretuaren bidez onartutako Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zerga-bilketaren Erregelamenduak 37.1 artikuluaren d) letran jasotako baimena.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Arauak emateko ahalmena.

1.– Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari baimena ematen zaie foru dekretu-arau hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzaten.

2.– Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari baimena ematen zaio foru agindu bidez foru dekretu-arau honetako 1., 2. eta 3. artikuluetan jasotako epeak luzatu ditzan, betiere haren onarpena eragin zuten aparteko zirkunstantzien jarraipenak hala justifikatzen badu.

3.– Era berean, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari baimena ematen zaio foru agindu bidez aldi baterako luzatu dezan otsailaren 1eko 1/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Jokoaren gaineko Zergarenak, 12. artikuluan makinen edo aparatu automatikoen bidezko jokoetan aplikatzeko jasotzen dituen kuota finkoei begira ezartzen diren hobarien aplikazioa. Era berean, baimena ematen zaio 4. artikuluko b) letran jasotako kopurua murriztu dezan, betiere haren onarpena eragin zuten aparteko zirkunstantzien jarraipenak edo itxialdia arintzeko prozesuak hala justifikatzen badute.

4.– Halaber, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari baimena ematen zaio Gipuzkoako Lurralde Historikoaren zerga araudian jasotako beste epe batzuk luzatu edo eten ahal izan ditzan foru agindu bidez, baldin eta, COVID-19ak sortutako aparteko zirkunstantziengatik, epe horiek zergadunari kaltea eragiten badiote ohiko egoeraren aldean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Foru dekretu-arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.

Donostia, 2020ko maiatzaren 5a.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,

JABIER LARRAÑAGA GARMENDIA.


Azterketa dokumentala