Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

114. zk., 2020ko ekainaren 11, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI - ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
2276

EBAZPENA, 2020ko maiatzaren 27koa, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen eta argitaratzen baitira 2020ko «Sakondu» Laguntza Programa arautzen duten oinarriak, eta deialdia egiten baita.

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, hainbat ekintza egiten ditu bultzada bat emateko Euskal Autonomia Erkidegoko industria eta enpresen jarduerari, inbertsioari, garapenari, industria arloko dibertsifikazio eta lehiakortasunari, berrikuntzari, nazioartekotzeari, Informazioaren eta Ezagutzaren Gizarteari eta enpresen ekintzailetzari.

Zentzu horretan, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak hainbat ekintza garatzen ditu euskal enpresen nazioartekotzea sustatzeko. Ekintza horien artean aipatzekoak dira gure enpresen nazioarteko posizionamendua hobetzea helburu duten laguntza programak.

Laguntza-programa hau diseinatu da hainbat ekintza sustatzeko, zeinen bidez laguntza emango baitzaie euskal enpresei euren garrantzia handitu dezaten presentzia gutxi duten merkatuetan.

Gorago adierazitakoaren arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Estatutuak onartzen dituen eta, beraz, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren organo artezkarien funtzioak arautzen dituen azaroaren 13ko 160/2018 Dekretuan ezarritakoaren arabera, 2020ko «Sakondu» Laguntza Programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea, zeintzuen edukia atxikita baitago ebazpen honen eranskinean.

Bigarrena.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluari jarraikiz, «Sakondu» laguntza programaren oinarri arautzaileak onartzen dituen Ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusian, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Bilbao, 2020ko maiatzaren 27a.

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI JN.

ERANSKINA
SAKONDU 2020 LAGUNTZA PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

Enpresen nazioartekotzea ez da kontzeptu berria Euskadin. Eusko Jaurlaritzak 80ko hamarkadatik hona diseinatutako industria- eta lehiakortasun-plan guztietan jaso da, eta plan horiek Euskadiko industria-jardueraren lehiakortasuna sendotzen lagundu dute.

Azken urteetan, enpresen nazioartekotzea lehentasunezko jarduera-ardatz bilakatu da. Enpleguaren eta Suspertze Ekonomikoaren aldeko 2017-2020 Esparru Programaren zutabeetako da, eta indarrean dagoen 2017-2020 Industrializazio Planaren ardatz estrategikoetako bat ere bai.

Gaur egungo egoera bereziki ona da nazioartekotze-aukera berriei ekiteko. Euskadiko ekonomiak 2008ko jarduera-maila berreskuratu zuen 2017an, eta industria-sektorea berriro hasi zen enplegu garbia sortzen. Esportazioek esanguratsuki lagundu dute berreskuratze horretan, eta enpresa kopuru handi baten salbazio-taula izan dira, zeintzuek hazkunde eta lehiakortasun aukera berriak deskubritu baitituzte nazioarteko jardueran.

Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzak bere ekarpena egin nahi die Nazio Batuek sustatutako Garapen Jasangarriko Helburuei. NBEk 17 helburu (GIH) onartu zituen pobreziari buru emateko bere forma guztietan, desberdintasunak murrizteko eta klima aldaketaren aurka borrokatzeko, beti ere bermatuz inor ez dela atzean geratzen.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzak bere egin du 2030 Agendaren erronka unibertsala, eta erabaki du bere politika publikoak 2030 Agendaren erronken arabera bideratzea. Hori dela eta, hautaketa-irizpide batzuk txertatuko ditu inplikatuta dauden lurraldeei arlo ekonomiko nahiz sozialeko nazioartekotze-estrategia bermatzeko. Horren erakusgarri, 2019ko martxoaren 4an, Munduko Itunak eta Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko hiru enpresa-elkarteekin batera, euren arteko lankidetza sendotzea erabaki dute, Euskadiko enpresa-ehunean 2030 Agenda eta Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) sustatzeko hitzarmen baten bitartez.

Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak erronkatzat hartu du enpresa guztiei laguntzea euren nazioartekotze-prozesuan, ikuspegi inklusiboago eta iraunkorrago batetik abiatuta. Horretarako, apustu bikoitza egin du, alde batetik, laguntasuna emango die kanpoko merkatuetan euren lehendabiziko urratsak ematen ari diren enpresei, eta bestetik, aurrera jarraituko du lehendik esportatzaileak diren baina euren irismen globalean jauzi kualitatiboak eman nahi dituzten enpresentzako laguntzarekin.

Hortaz, Sakondu programaren helburu nagusia da EAEn kokatutako enpresen lehiakortasuna hobetzea, ikuspegi inklusiboago eta jasangarriago batetik sakonduz euren nazioarteko jardueran eta jasangarritasuna integratuz euren negozio-ereduan nahiz nazioartekotze-estrategian.

Sakondu programaren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntza publikoak dira, zeintzuen helburua baita balio erantsiko zerbitzuen erabilera sustatzea, enpresek beren barneratze-maila hobetu dezaten lehia-posizio ahulagoa duten kanpoko merkatuetan, barneko merkatuak bezain garrantzitsuak edo are garrantzitsuagoak direlako.

Aipatzekoa da sektore-elkarteek eta klusterren erakunde dinamizatzaileek eskatzaile gisa jardun dezaketela enpresa onuradunen izenean, eta horietako zenbaiten eskaerak bildu ditzaketela, merkatu berari buruzkoak direnean. Hartara, balioan jarriko da erakunde horiek enpresen arteko lankidetzaren alde egiten duten lana.

1. artikulua.– Helburua.

Bat etorriz Enpresak Nazioartekotzeko 2017-2020 Planean jasota dauden Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren helburuekin, Sakondu programaren xedea da laguntza ematea oso nazioartekotuta dauden enpresei, presentzia eskasa duten edo presentziarik ez duten merkatuetan sartu daitezen.

2. artikulua.– Laguntza motak.

1.– Programa hau gauzatzeko eta ebazteko orduan publikotasun- eta objektibotasun-printzipioak beteko dira.

2.– Laguntza hauek egoki jasotako eskaeren hurrenkerari jarraituz tramitatuko dira. Beraz, eskaerak banaka eta modu ordenatuan ebatziko dira, eskaera bakoitza oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin egoki bete den unearen arabera.

3.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– 1. artikuluan ezarritako helburura bideratutako baliabide ekonomikoak 500.000 eurokoak dira, eta SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

2.– Dirulaguntzak ordenan esleituko dira, espedientea noiz osatu den kontuan hartuta.

3.– Programarako funtsak agortzen badira, programari amaiera emango zaio, eta SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiak horren berri emango du sozietatearen web orrian (www.spri.eus/sakondu) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ebazpen baten bidez.

4. artikulua.– Enpresa onuradunak.

1.– Programaren onuradun izan daitezke euren nazioartekotze-estrategia sendotu nahi duten enpresak, beti ere jarraian zehazten diren eskakizunak betetzen badituzte:

a) Egoitza edo produkzio-lantegiak Euskal Autonomia Erkidegoan dituzten mikro-enpresak eta enpresa txiki eta ertainak (ETE) izatea, baldin eta indarrean dagoen deialdia baino lehenago eratu badira.

ETE definizioa Batzordearen 651/2014 (EB) Araudiaren 1. eranskinean zehaztutakoaren arabera aplikatzen da.

b) Enpresa horien esportazio-jarduerak bere guztizko fakturazioaren % 50 gainditzea eta helburutzat izatea euren lehiakortasun-posizioa hobetzea merkatu haietan zeintzuetan beren fakturazioa ez den iristen 2019an esportatutako guztizkoaren % 10era.

2.– Onuradun izateko baldintzak bete behar dira dirulaguntzaren indarraldi osoan zehar.

5. artikulua.– Laguntzarik jasoko ez duten enpresak.

1.– Ezin daitezke onuradun izan soilik bitartekaritza-lanak egiten dituzten edota hirugarrenen produktuak banatzen dituzten enpresak.

2.– Kanpoan geratuko dira Europar Batasunaren barruko hurbileko merkataritza-eragiketak.

3.– Ez dira onuradun izango azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluan aurreikusitako egoeretako batean dauden pertsonak edo enpresak, berreskuratze-agindu baten menpe daudenak, erabaki bada Europako Batzordeak emandako laguntza bat legez kanpokoa edo merkatu erkidearekin bateraezina dela, eta ezta ere krisi-egoeran dauden enpresak, krisi-egoeran dauden eta finantza arlokoak ez diren enpresen salbamendurako eta berregituraketarako Estatuko laguntzei buruzko Europar Batasunaren jarraibideen arabera (DO C249, 2014-07-31).

4.– Halaber, ezingo dira laguntzen onuradun izan administrazio-zehapen bat edo zehapen penal bat dutenak eta, beraz, dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko gaitasuna galdu dutenak, edo laguntza horiek eskuratzeko ezgaitzen duen legezko galarazpen bat dutenak, ez eta sexu bazterkeriaren bat gertatu delako ezarritako debeku bat dutenak, Emakumeen eta Gizonen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken seigarren xedapenean ezarritakoaren arabera.

5.– Ezingo dira dirulaguntzen onuradun izan jarraian zehaztutako egoeretako batean dauden enpresak:

a) 200.000 eurotik gorako minimis laguntza bat jaso izana, egungo zerga-ekitaldia eta aurreko biak aintzat hartuta.

b) 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluko egoeretan eta 13/2003 Legearen 13. artikulukoetan egotea, zeinaren ondorioz ezin baita izan laguntzen onuradun, eta bereziki ondoko hauetan:

i) Enpresa ez egotea egunean Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrarekiko eta bere kolaboratzaileekiko zerga betebeharretan, eta ezta ere Eusko Jaurlaritzarekiko betebeharretan, eta iraungitako, erreklamatutako edo ordaindu gabeko zorrak izatea SPRI Taldeko enpresaren batekin.

ii) Oraindik bete gabe izatea edozein administraziotatik edo sektore publikoko edozein erakundetatik jasotako laguntza edo dirulaguntzei dagozkien zenbatekoak itzultzeko betebeharrak. Ezingo dute, halaber, deialdi honetan parte hartu zehapen-prozedura batean zehapen irmo bat jaso dutenek (betiere, laguntza publiko batetik datorren zehapena bada) edo horrelako programetan lehiatzea galarazten duten zehapenak dituztenek, baldin eta zehapena betetzen ari badira. Enpresa dirua itzultzeko prozedura batean edo mota horretako zehapen-prozeduran badago, horren emaitza ikusita emango da –edo, hala badagokio, ordainduko da– laguntza.

c) Prozedura batean kaudimengabetzat joak izatea, konkurtsoa eskatu izana, konkurtsoan egotea, esku-hartze judizial batean egotea edo Konkurtso Legearen arabera desgaituak izatea, konkurtsoko kalifikazio-epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonik.

d) Dirulaguntzen deialdi hau egin aurreko 5 urteetan enpresa edota haren legezko ordezkariak epai irmo baten bidez kondenatuak izatea, laneko osasunaren aurkako delituren bat egiteagatik, eta, halaber, zehapen irmoa jasotzea, arlo horretan arau-hauste administratibo oso larria egiteagatik.

e) Agintaritza eskudunak egiaztatzea ezen erakunde horrek lehia galarazten, murrizten edo faltsutzen duten jarduerak egiten dituela.

f) Armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen aritzea, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean ezarritakoari jarraikiz.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Laguntza jaso dezakete 2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean burututako ekintzek.

2.– Sakondu programaren eskaera bakoitzaren bidez ekintza hauetako gutxienez bi mota egingo dira, laguntzaren xede den helmuga-herrialdean jardun ahal izateko:

a) Nazioartekotze-estrategia bat egitea. Diruz lagundu ahal izango da nazioartekotze-estrategia egiteko kanpoko aholkularitzaren kontratazioa.

b) Jabetza industrialarekin eta homologazioekin lotutako gastuak:

– Patenteak eta markak erregistratzea: diruz lagunduko dira beharrezkoak diren kudeaketa-gastuak, eta baita ere helmuga-herrialdeko erregistro ofizialetan inskribatzeko tasak.

– Homologazioa eta ziurtapena: helmuga-herrialdean eskatzen diren derrigorrezko homologazioetatik (horretarako egiaztatuak dauden erakundeek eginak) eratorritako gastuak, eta atzerriko bezero handiekin egin beharreko ziurtapen eta aurre-kalifikazioak.

c) Azokekin lotutako gastuak:

– Erakusle bezala parte hartzea azoketan: laguntza emango zaie nazioarteko azoketan erakusle gisa parte hartu nahi duten enpresei, baldin ez badute ekitaldi berean parte hartzen beste administrazio, elkarte edo kluster batekin eta dirulaguntzaren bat jasota edo prezio publikoaren menpe.

Diruz lagundu ahal izango dira espazioen alokairua, standaren dekorazioa eta bidaia-poltsa bat azoka bakoitzeko, 4. eranskinean ezarritakoaren arabera.

– Bisitari bezala parte hartzea nazioarteko kongresu, foro espezializatu eta azoketan: diruz lagundu ahal izango da izen-emate kuota eta bidaia-poltsa bat, 4. eranskinean ezarritakoaren arabera.

– Ezinbesteko baldintza izango da Basque Country markari (Euskadi Basque Country, SPRI Taldea eta Nazioartekotzeko Euskal Agentzia marken logoei) ikusgarritasuna ematea stand-ean eta azokan erabiliko diren sustapen-materialetan.

d) Bidaiak:

– Prospekzio-bidaiak merkatuak aztertzeko edota bezero izan daitezkeen enpresekin kontaktatzeko. Laguntza bezala bidaia-poltsak emango dira, eta helmugaren arabera kalkulatuko dira. Gehienez 9 enpresa eskatzaile bakoitzeko.

– Alderantzizko misioak, bezero izan daitezkeen enpresentzako gonbidapenak. Gehienez 9 enpresa eskatzaile bakoitzeko.

e) Sustapen-gastuak:

– Hedapen- eta sustapen-materiala helmugako herrialdera egokitzea, herrialde horretako hizkuntza ofizialean edo ingelesez: katalogoak, foiletoak eta kartelak egitea, web orriak diseinatzea, egitea eta abiaraztea, eta ondoren, nazioarteko merkaturako egokitzea. Ez da laguntzarik emango mantentze-lanetarako.

– Publizitatea: materiala sortzea, helmuga-herrialdean eragina duten sektore mailako hedabideetan publizitate-espazioak erosteko gastuak, eta produktu/zerbitzua abiarazteko publizitate digitalaren gastuak.

– Sustapen-ekintzak: produktu edo zerbitzuen aurkezpenak, sustapenak eta aldi baterako erakusketak helmuga-herrialdeko merkataritza-guneetako corner-etan.

– Harreman publikoak: harreman publikoetako edo komunikazio agentziak kontratatzeko gastuak bakarrik, helburutzat harturik produktu/zerbitzua helmuga-herrialdean abiaraztea.

– Itzulpenak.

f) enpresaren helmuga-herrialdeko inpaktua aztertzeko jasangarritasun-txostenak, kontuan izanik Agenda 2030 planaren garapen jasangarriko helburuak. Diruz lagundu ahal izango da txosten hori egiteko kanpoko aholkularitzaren kontratazioa.

g) Eskaera egin den ekitaldian eratutako atzerriko ezarpen produktibo eta komertzialekin lotutako gastuak: balizko ezarpen proiektuen bideragarritasun azterlanak, eratze-gastuak, negozio-planak egiteko aholkularitzak, due dilligence eta ikuskapenak.

h) Talentua: atzerriko langileen hautaketa-prozesuarekin lotutako gastuak.

i) Sustapenerako edo ikerketarako ekintzak eta identifikatutako merkatuetan sartzeko beharrezkoak diren azterketak hirugarrenei kontratatzeko gastuak, baldin eta Basque Trade & Investment-ek (Nazioartekotzeko Euskal Agentziak) berariaz eta idatziz uko egin badio zerbitzua emateari. Zerbitzuak emateko eskaerak info@basquetrade.eus helbidera bidaliko dira eta zerikusia izan dezakete zerbitzu hauekin:

– Merkatuen informazioa eta analisia.

– Merkatuan sartzeko laguntza: banatzaileak, agenteak, ordezkariak... bilatzea.

– Agendak prestatzea.

– Laguntza.

– Aldi bateko jarraipena egitea banatzaile, ordezkari, eta abarrei.

– Tokiko bazkideak identifikatzea.

– Lursailak, pabilioiak, bulegoak, eta abar bilatzea.

– Orientazio juridiko eta fiskala.

– Hornitzaileak identifikatzea. Erosketa-prozesuak.

– Giza-baliabideak bilatzea eta aldez aurreko hautaketa egitea.

– Kontu korporatiboak irekitzen laguntzea.

– Produktu edo zerbitzuak homologatzeko organismoetan erregistratzen laguntzea.

– Marka erregistratzen laguntzea.

– Tokiko enpresei buruzko ikerketak eta txostenak.

– Arantzelen azterketak.

– Jomugako esportazio-partzuergoak sortzeko laguntza...

– Enpresa komertzialei buruzko ikerketak.

– Bazkide komertzialak identifikatzea.

– Aliatuak edo enpresak bilatzea erosketetarako.

Basque Trade & Investment-en (Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren) kanpo sareak helmugako merkatuan dauzkan espezialistek garatuko dituzte gorago aipatutako sustapen- edo ikerketa-arloetako ekintzak.

3.– Ez da dirulaguntzarik emango merkataritza agenteen eta ordezkarien kostua ordaintzeko.

4.– Posible izango da dirulaguntzaren xede diren lanak osorik azpikontratatzea enpresa adituei. Kasu horretan, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditu egiten badu kontratazio publikoaren arloan kontratu txikientzat indarrean dagoen araudian zehaztutakoa, onuradunak gutxienez 3 hornitzaile desberdinen eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna jasotzeko konpromisoa kontratatu edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago behar beste erakunde lan hori egin, zerbitzua eman edo hornitzeko.

7. artikulua.– Laguntza-eskaera.

1.– Eskatzaileek gehienez bi eskaera aurkez ditzakete deialdi bakoitzean.

2.– Eskaera bakoitza eta eskaera horretan sartutako gastu guztiak helmuga-herrialde bakarrera bideratu beharko dira, azoketan erakusle gisa parte hartzeko 6. artikuluko salbuespena izan ezik.

8. artikulua.– Dirulaguntzen mugak.

1.– Laguntzak onartutako gastuaren % 50eraino iritsi daitezke; gehienez 40.000 euro emango dira eskaera bakoitzeko, eta 45.000 euro eskaera klusterren erakunde dinamizatzaile baten bitartez egiten bada.

2.– Ehunekoak aplikatzeko eta dirulaguntza kalkulatzeko onartuko den gehieneko aurrekontua, 3. eranskinean azaldutako gastu mota bakoitzean sartutako kontzeptu guztien batuketa izango da, eta gastu mota bakoitzerako baimendutako gehiengoak eranskin berean daude zehaztuta.

Espedientea aztertzeko ardura duen teknikari adituak aldatu egin ditzake aurkeztu diren kontzeptuak barne hartzen dituzten gastu motak, dagokien gastu kontzeptura egokitzeko.

3.– Gehienez 6 bidaia-poltsa eskatu ahal izango dira eskaera bakoitzeko. Bidaia-poltsa horien gehieneko zenbatekoa 4. eranskinean zehazten da.

Atzerriko azoketan parte hartzen bada stand batekin eta produktuak aurkezten badira stand horretan edo bisitari bezala parte hartzen bada kongresu eta foro espezializatuetan, bidaia-poltsa bat baino ezingo da eskatu, zeina ez baita zenbatuko aurreko paragrafoan aipatutako mugaren barruan.

4.– Gonbidapenak balizko bezeroei: ostatu- eta garraio-gastuen muga 1.000 eurokoa izango da gonbidapen bakoitzeko, eta enpresa eskatzaileak 6 eskatu ahal izango ditu gehienez, hilabete desberdinetan egiten badu.

9. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Ez da laguntzarik emango erakunde publikoek egin dituzten azterketak eta eman dituzten zerbitzuak ordaintzeko, prezio publikoen menpe badaude.

2.– Dirulaguntza hauek bateraezinak dira administrazio honek, beste administrazio publiko batzuek edo erakunde pribatuek helmuga-herrialdean kontzeptu bererako emandako beste edozein laguntzarekin.

Diruz lagundutako kontzeptua berbera balitz, enpresa onuradunek laguntza horien berri eman behar diote derrigorrez SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari.

3.– Aurrekoa gorabehera, aplikagarria izango da de minimis dirulaguntzen metatze-erregimena, laguntza horiei buruzko Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko (EB) 1407/2013 Araudian edo Europar Batasunean xede horretarako emandako beste edozein zuzentarau edo xedapenetan ezarritakoaren arabera.

10. artikulua.– Eskaeren aurkezpena.

1.– Eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2020ko urriaren 30ean edo funtsak amaitzen direnean bukatuko da, 3. artikuluan adierazitakoari jarraikiz. Halere, publikoarentzako arreta 2020ko urriaren 30eko arratsaldeko 15:00etan (penintsulako ordua) amaituko da.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, bitarteko elektronikoak erabiliko dira eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta laguntza deialdi honek berekin dakartzan gainerako tramiteak egiteko.

3.– Tramitazioa elektronikoki egiteko xehetasunak www.spri.eus/sakondu helbide elektronikoan daude, eta helbide horretan bete beharko dira eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta erabili behar diren gainerako ereduak.

4.– Behin bete ondoren, eskaerak eskatzailea den pertsona edo enpresaren sinadura aitortua izan behar du eta hurrengo artikuluan zehaztuko den dokumentazioa ere atxiki behar du.

5.– Espedienterako sarbidea eta eskaera egin osteko gainerako izapideak elektronikoki egingo dira, www.spri.eus/sakondu helbidean.

6.– Laguntza-eskaera eta gainerako dokumentazioa edozein hizkuntza ofizialetan aurkeztu daitezke. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jarduketetan eta prozedura osoan zehar erabiliko da enpresa eskatzaileak hautatutako hizkuntza, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

7.– Dirulaguntza-eskaera aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari zuzenean eskura dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela dioen egiaztagiria. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimena emateari, eta kasu horretan, betebehar horiek egunean dituela dioen ziurtagiria aurkeztu beharko du eskatzen zaion guztietan.

11. artikulua.– Eskaeren edukia.

1.– Enpresa eskatzaileek ondoko hauek atxiki behar dizkiote eskaerari:

a) Eskaera telematikoa, behar bezala beteta eta erakunde eskatzailearen behar besteko ahala duen legezko ordezkariak sinatuta. Eskaera horretan erakundeari nahiz proiektuari buruzko datuak jasoko dira, horiek izango direlarik proiektua egoki baloratzeko oinarria.

b) Proiektua baloratzeko galdetegi normalizatua, Nazioartekotzearen Euskal Partzuergoaren zuzentarauen arabera definituta. Ikusi 6. eranskina.

c) Enpresako eskriturak edota ordezkaritza ahalordea.

d) Emandako kontu korrontearen titulartasunaren ziurtagiria.

e) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzen duen ziurtagiria, baldin eta ez bazaio baimenik eman erakunde-emaileari egiaztapen hori zuzenean lortzeko.

f) Ingurumen jasangarritasun, genero berdintasun, euskararen sustapen eta erantzukizun sozial korporatiboko ziurtagiriak.

g) ETE izaera: Sozietateen gaineko Zergaren azken 200 inprimakia, eskatzailea ETEa dela ziurtatzen duena.

h) Aurreko bi zerga ekitaldietan eta indarrean dagoen zerga ekitaldian jasotako de minimis laguntzak, Batzordearen de minimis laguntzei buruzko 1407/2013 (EB) Araudiaren menpe daudenak.

i) 6. artikuluan («Sustapen edo ikerketa ekintzak») jasotakoez bestelako zerbitzuak ematen dituzten proiektuen eskaerek atxikita izan behar dute BaqueTrade & Investment-Nazioartekotze Euskal Agentziari zerbitzuak emateko eskaeraren posta elektronikoaren kopia (info@basquetrade.eus).

j) Laguntza bat eskatzen bada ezarpenak egiteko eta exijitzen bada ezarpena 2020 urtean bertan egitea, «ezarpena 2020 urtean egin dela egiaztatzen duen dokumentazioa» eskatuko zaio eskatzaileari.

2.– Nolanahi ere, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak enpresa eskatzaileari eska diezaioke aurkeztu dezala eskaera egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein dokumentu edo informazio osagarri. Bestalde, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritakoa aplikatuko da arau honetan berariaz adierazi ez den orotarako. Eskatzen zaion momentuan eta epean aurkeztu beharko du dokumentazio hori.

3.– Eskaera ez badago osorik beteta edo ez badu atxikita dokumentazio osagarria, enpresari eskatuko zaio zuzendu dezala akatsa edo aurkeztu ditzala dokumentuak 10 eguneko epean. Bestela, ulertuko da atzera egin duela bere eskaeran, eta erabaki horri dagokion SPRIko Nazioartekotze zuzendariaren ebazpena emango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoaren arabera.

12. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Dirulaguntzak emango zaizkie onuradun izateko irizpideak bete dituztela frogatzen duten enpresei, beti ere kontuan hartuz balorazio irizpide hauek:

– 1. irizpidea, Nazioartekotze-estrategia. Aintzat hartuko da dirulaguntzaren xede diren ekimenak biltzen dituen nazioartekotze-estrategiaren kalitatea.

– 2. irizpidea, Helmuga-merkatuak eta -herrialdeak. Aintzat hartuko da helmuga-merkatuetan sartzeko zailtasuna, 2. eranskinaren arabera.

– 3. irizpidea, Enpresaren sektorea. Aintzat hartuko da lerrokatuta egotea Eusko Jaurlaritzaren Nazioartekotze Plan Estrategikoaren lehentasunezko sektoreekin (1. eranskinean aipatzen dira).

– 4. irizpidea: gizartearekiko eta jasangarritasunarekiko konpromisoa. Garapen Jasangarriko Helburuekiko konpromisoaren erakusgarri, aintzat hartuko da enpresa eskatzaileak 5. eranskinean aipatutako jasangarritasun, genero berdintasun, euskararen sustapen eta erantzukizun sozial korporatiboko ziurtagiriak edo planak izatea.

13. artikulua.– Zenbatekoak zehaztea.

1.– Espedienteak erabat osatu ahala emango dira ebazpenak.

2.– Eskaerak oinarri hauetan ezarritako irizpideen arabera baloratuko dira eta portzentaje hauek 8. artikuluaren 1. puntuan zehaztutako zenbatekoaren (onartutako gastuaren % 50; gehienez, 40.000,00 euro enpresa bakoitzeko, eta 45.000 euro eskaera klusterren erakunde dinamizatzaile baten bitartez egiten bada) gainean kalkulatuko dira:

– 50 eta 59 puntu arteko balorazioa lortzen duten eskaerei, % 80 esleituko zaie.

– 60 eta 79 puntu arteko balorazioa lortzen duten eskaerei, % 90 esleituko zaie.

– 80 puntu baino gehiagoko balorazioa lortzen duten eskaerei, % 100 esleituko zaie.

– 50 puntu lortzen ez dituzten proiektuak kanporatuta geratuko dira.

14. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko ebazpen-prozedura.

1.– Eskaerak aztertu eta ebaluatzeko lan materialak Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziak izendatutako teknikariek egingo dituzte eta txosten tekniko gisa aurkeztuko dituzte. Sozietate horrek SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Erakunde Laguntzaile gisa jardungo du, eta hauek izango dira bere eginkizunak:

a) Bidalitako dokumentazio teknikoa aztertzea.

b) Egindako gastu hautagarriak behar bezala egin direla egiaztatzea.

c) Egindako ikuskapenei buruzko txostenak egitea.

d) Gerta litezkeen gorabeherak SPRIri jakinaraztea.

Kasuan kasuko txosten teknikoek informazio hau bilduko dute beren baitan: Nazioartekotze Estrategiaren baliozkotze eta kalifikazioen xehetasunak, onartutako gastu hautagarriak eta eskaera bakoitzari dagokion balorazio irizpideen haztapena.

2.– Laguntza-eskaerak ebaluatu eta ebatziko dira espedienteak osaturik daudenean.

3.– Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren txostenetan oinarritutako proposamenak ikusirik, SPRIko Nazioartekotze zuzendariak ebatziko ditu laguntzak, eskaerak aurkeztu diren ordenaren arabera eta aurrekontu-kreditua dagoen bitartean. Ebazpenak eduki hauek izango ditu gutxienez:

– Lortutako balorazioa.

– Diruz lagundutako ekintzak eta horien kostua.

– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

– Justifikazio fasea amaitu arte jarraitu beharreko urratsen eta fase horretan aurkeztu beharreko dokumentazioaren zerrenda.

4.– Ebazpen epea. Sei hilabeteko gehienezko epea ezartzen da ebazpena emateko, eskaerak dokumentazio guztiarekin aurkezten diren unetik zenbatzen hasita. Epe horretan ebazpenik eman ez bada, ulertuko da onartu egin dela.

5.– SPRIko Nazioartekotze zuzendariak emango du eskaera onartzeko edo ezezteko ebazpena, eskaleari notifikatuko dena, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioarte Zuzendaritzari, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epean eta eran.

6.– Ebazpena SPRIren web-gunean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek izan dezaten eman diren laguntzen berri.

15. artikulua.– Laguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da, honela:

– Dirulaguntzaren % 25 emandako laguntza onartu ostean edo, hala badagokio, oinarri hauetako 17. artikuluan zehaztutako hamabost eguneko epea igaro ostean.

– Gainerako % 75aren likidazioa dirulaguntzaren xede diren ekintzak burutzean egindako gastuak justifikatu ostean.

2.– Egiaztagiriak telematikoki aurkeztu behar dira, enpresa onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta, laguntza esleitu izanaren ebazpena jasotzen denetik 2021eko otsailaren 26ra bitartean. Hala ere, publikoarentzako arreta arratsaldeko 15:00etan amaituko da (penintsulako ordua).

Hauexek dira aurkeztu beharreko egiaztagiriak:

– Jarduera bakoitzaren gastuen eta zenbatekoen zerrenda sailkatua.

– Gastu hautagarrien fakturak, kostuak banakatuta, jaulkipen-data adierazita eta hornitzailea identifikatuta, eta baita ere ordainagiriak, bakoitza bere zenbatekoarekin eta ordainketa-datarekin.

– Dirulaguntzarekin finantzatu diren jarduerak gauzatu izanaren justifikazio memoria.

Egindako bidaiak justifikatzeko, beharrezkoa izango da garraio-txartelak edo ostatuaren fakturak aurkeztea bidaiaren egiaztagiri gisa. Orobat aurkeztu beharko dira bileren aktak, horietan adieraziz enpresaren balizko bezeroekin harremanetan jartzeko datuak.

16. artikulua.– Laguntza- edota likidazio-eskaerak zuzentzea.

1.– Laguntza- edota likidazio-eskaerak ez badaude behar bezala beteta puntu guztietan edo ez bada eskatutako dokumentazio osoa ekartzen, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak 10 egun balioduneko epea emango dio erakundearen legezko ordezkariari akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko.

2.– Epe hori igarotakoan, erakunde onuradunak ez badu akatsa zuzendu horretarako arrazoi justifikaturik gabe, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak txostena ebatziko du eta ebazpen horren berri emango dio erakunde eskatzaileari.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Onuradunek bete beharreko obligazioak dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakoak eta, bereziki, hauek:

a) Emandako laguntza onartzea. Hartara, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen denetik 15 eguneko epean eta idatziz espresuki horri uko egin ezean, ulertuko da erakunde onuradunak laguntza onartu duela.

b) Dirulaguntza ekintza plana garatzeko erabiltzea.

c) Onartzea SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak agiri osagarriak eska ditzakeela eta SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak izendatutako pertsonalak beharrezko eta komenigarri jotzen dituen egiaztapen eta azterketak egin ditzakeela instalazioetan, horrela egiaztatzeko proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla.

d) Faktura osoak gordetzea eta SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, gastu hautagarriak gauzatzen direnetik aurrera.

e) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo Estatu zein Europa mailako beste kontrol-organismo eskudun batzuei.

f) SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari berehala jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso dutela xede berbererako beste edozein administraziotatik.

g) Aldatu egin bada dirulaguntza esleitzeko aintzat hartu den arrazoiren bat, horren berri ematea SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari.

h) Programa honetan onartutako dirulaguntzaren jatorriari buruzko publizitate egokia egitea.

i) Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea, diruz lagundutako proiektua gauzatu bitartean sortzen diren dokumentu eta euskarri guztietan.

j) Ezinbesteko baldintza izango da Basque Country markari (Euskadi Basque Country, SPRI Taldea eta Nazioartekotzeko Euskal Agentzia marken logoei) ikusgarritasuna ematea stand-ean, eta azokan zehar erabiliko diren sustapen-materialetan.

18. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ikusiko balitz enpresa onuradunak ez duela bete Programa honetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetako bat, emandako laguntza eskuratzeko eskubidea galduko du eta SPRIri itzuli beharko dizkio ordura arte kobratu dituen laguntzen diru kopuruak gehi atzerapenagatiko interesak, eta behar balitz, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzan.

2.– Ez-betetzeen arrazoien artean daude onartutako aurrekontuaren gaineko % 25etik gorako desbideratzeak, salbu eta, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren iritziz, salbuespen hori justifikatuta badago desbideratzeari buruzko txosten tekniko baten bitartez.

3.– Zehazki, erakundeak laguntza exijitzeko eskubidea galduko du, edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, honako kasu hauetan:

a) Laguntza eskuratzea Programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.

b) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.

c) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo Programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.

d) Diruz lagundutako jarduera betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.

e) Proiektua beste zerbaitetara desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

4.– Erakunde onuradunak ez badu betetzen agindu honetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta hurrengoetan eta aplikagarriak diren gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat, edo ez badu betetzen ebazpenean ezarritako betekizunen bat, organo eskudunak, interesatuari entzun ondoren, ez-betetzeari buruzko espedientea irekiko du eta administrazio-ebazpen bidez deklaratuko du galdu egin duela dirulaguntza jasotzeko eskubidea, eta, hala badagokio, orobat deklaratuko du jasotako dirulaguntza eta berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola bi hilabeteko epean, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4.1 artikuluan ezarritakoaren arabera. Aipatu zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta lege hori garatzen duen Araudia (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.

2.– 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzkoa.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra, eta zeinetan finkatzen diren berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

4.– Europako Batzordearen EB 1407/2013 Araudia, abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBEO L-352/1) (EBAO 2013 L 352/1).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.–

Datu pertsonalak babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta izaera pertsonaleko datuen esparruan aplika daitezkeen gainontzeko araudietan ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak dirulaguntzaren espedientea kudeatzeko tratatuko direla. Hala, datu pertsonalen tratamenduaren oinarri juridikoa SPRIren xedea betetzeko interes legitimoa da, haren eraketa-estatutuetan eta garapen-araudian ezarritakoari jarraikiz.

Informazio hori enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei (ikus http://www.spri.eus/es/quienes-somos/sociedades-del-grupo-spri) transmititu ahal izango zaie.

Interesa duen pertsona orok erabil ditzake bere datu pertsonalak babesten dituen araudiak ezarritako eskubideak SPRIren aurrean. Horretarako, idatzi bat bidali beharko da lopd@spri.eus helbidera.

SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo www.spri.eus/pribatutasun-politika/ web-orrialdearen pribatutasun-politikara.

Jakinarazten da datuak zaindu behar badira, Datuen Babeserako Espainiako Agentzia izango dela horren arduraduna.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala