
113. zk., 2020ko ekainaren 10a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (340 KB - 15 orri.)
- EPUB (203 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
HEZKUNTZA SAILA
2255
AGINDUA, 2020ko ekainaren 1ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baita aldi baterako beharrak betetzeko zerrendako hautagaiei ikasturte-hasieran lanpostuak esleitzeko prozedura telematikoa, bai eta lanean diharduten lanpostuetan langile horiek egonkortzeko prozedura ere.
Azken urte hauetan, saiatu gara pausu gehiago egiten, ikasturte hasierako esleipena denontzat hobeto kudeatzearren eta, orokorrean, sistemako maila eta esparru guztietan sortzen diren langile-premiei hobeto erantzutearren.
Hautagaien aukeraketaz eta aukeraketa hori kudeatzeko sistemez ari garen bezainbatean, agindu bat baino gehiago dago emanda eta hainbat egoera dago arauturik.
Horra hor, adibidez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Agindua. Han dago arauturik nola kudeatu behar den irakasleen aldi baterako premietarako hautagaien zerrenda Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan. Abiapuntua garbi dago zein den, administrazio publikoetan langileak hautatzeko beti zaindu behar den berbera: berdintasuna, gaitasuna eta merezimendua; baina beste osagai batzuk ere baditu, gure ereduan dauzkagun hezkuntza-premiei erantzuteko, gure ereduak baitio pertsonen prestakuntza eta hezkuntza gure herrialdearen zutabe handietako bi direla.
Horra hor, baita ere, 2011ko uztailaren 15eko Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, ikasturte-hasierako esleipen-prozesua arautzeko dena, irakasleen kidegoetan sartzeko edo kidego horietara heltzeko prozesuetako praktika-aldia egin behar duten pertsonei, eta irakasleen ordezkogaien zerrendako kideei dagokienez. Orokorrean, aldaketa batzuk ekarri zituen, hobeto jakin dezagun informatika-baliabideak nola erabili behar diren zerrendako hautagaiak aukeratzeko eta lanpostuak haien artean banatzeko, hezkuntzako maila guztietan.
Joan dira urte batzuk 2011ko uztailaren 15eko Agindu hori aplikatzen hasi ginenetik. Hortik eta bestetik, badugu eskarmentu pixka bat, eta teknologia berriek lehen baino aukera gehiago eskaintzen dituzte; bada garai, hortaz, etenik gabe hobetu nahian, beste aldaketa batzuk egiteko.
Ezin ahaztu, gainera, administrazio honek hitza emanda duela, sindikatuekin ados jarrita, bitartekotasuna gehiago murriztu beharra dagoela, eta, gure ereduak, arian-arian, bidea eman behar duela langileek ikastetxean lanean jarrai dezaten eta plantillek egonkortasun handiagoa izan dezaten. Hala dago jasota uztailaren 6ko 185/2010 Dekretuan, zehazki 18. artikuluan, zeinak onartzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen erabakia.
Bestalde, ezin alde batera utzi irakasle funtzionarioen arlo-mahaian 2018ko maiatzaren 14an sinatu genuen akordioa. Hamalau proposamen berariazko dakartza, zerbitzu publikoaren kalitatea hobetzeko eta langileen lan-baldintzak ere hobetzeko.
Adostu genituen hobekuntza haietako bat, hain zuzen ere –eta administrazioak proposatu zuen–, izan zen lanpostu hutsetan dauden bitarteko langileak mantendu egingo ditugula harik eta lanpostua legez betetzen den arte edo titularra itzultzen den arte; eta, horretarako, aztertu beharko dugula zer maiztasunekin gertatzen diren urteroko prozesuak.
Eta, testuinguru horretan, agindu honek pauso bat haratago nahi du joan, bi helburuok lortze aldera: lanpostuak betetzeko eta esleitzeko kudeaketa-sistemak hobetzea, gaur egungo teknologiak eskaintzen dituen baliabideak erabiliz; eta ordezkapen-zerrendatik hautatutako langileen lan-baldintzak hobetzea, lanean diharduten lanpostuetan egonkortasun handiagoa emanez.
Horrela, agindu honen xedea da hautagaien zerrendetan dauden pertsonentzat lanpostuak hautatu eta esleitzeko prozedura arautzea. Egungo esparruak arau bakar batean biltzen ditu bai hautagaien zerrendetako pertsonen hautaketa eta esleipena, bai praktiketako funtzionarioen lanpostuenak.
Agindu berri honek argitasun handiagoa ematen du, eta berariaz garatzen du araudi bat ordezkogaien zerrendetako langileentzat bakarrik, testu horretan praktiketako funtzionarioei aplikatzen zaien eremutik aldenduz.
Berritasun gisa, II. kapituluan, hautaketa eta esleipenerako prozedura bat zehazten da, bi fasetan egituratzen dena. Ohiko fase bat, karrerako funtzionarioei eta praktiketako funtzionarioei lanpostuak esleitu ostean gauzatuko dena; eta, ondoren, beharrezkoa izanez gero, ezohiko fase bat, aurreko fasea amaitutakoan gauzatuko dena.
Esleitu beharreko lanpostuak zehazteari dagokionez, III. kapituluan jasota daude nahitaezko parte-hartzetik kanpo geratzen diren lanpostuak, partaideek hala eskatuz gero bakarrik esleituko direnak, alegia Garrantzitsua da nabarmentzea, aurreko testuan ez bezala, agindu horretan berariaz jasotzen direla zailtasun bereziko lanpostuak edo lanpostuen zerrendetan zailtasun handiko lanpostu berezitzat jotzen direnak.
2011ko uztailaren 15eko Aginduak ez bezala (Lerro gehigarriei, itxierei eta abarri buruzko eskaerak eta eskabideak jasotzen ziren), testu berriak erreferentzia horiek alde batera uzten ditu zentzua galdu dutelako, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerekin bat. Gauzak horrela, IV. kapituluan nahitaezko zein borondatezko parte-hartzea argitzen da, eta agindu berri honetan jasota geratzen dira zenbait elementu, esaterako: egitura jakin bati jarraitu behar dioten lanpostu-zerrenden egitura.
V. kapituluak, nahitaezko zein borondatezko parte-hartzea arautzen dituenak, zehaztasun handiagoz jasotzen du modalitate horietako parte-hartzeari loturiko oro.
VI. kapituluak prozeduraren instrukzioa garatzen du. Hasteko, organo eskuduna eta parte hartzen duten pertsonen behin-behineko eta behin betiko zerrendei dagozkien argitalpen, jakinarazpen eta izapide elektronikoak zehazten ditu, eta, azkenik, VII. kapituluan, behin-behineko eta behin betiko esleipenari, izendapenari, lanpostuaz jabetzeari eta uko egiteei dagokien erregulazioa jasotzen du.
Garrantzitsua da testu berri honetan langileak egonkortzeko prozeduraren erregulazio berria sartzea, aurretik adierazitako helburuekin bat.
VII. kapituluak 19, 20, 21 eta 22. kapituluak biltzen ditu, eta esleipenari, izendapenari, jabetza hartzeari eta lanpostua uzteari buruzkoa da.
VIII. kapituluak aurreko kapituluetan araututako lanpostu esleituan automatikoki egonkortzeko prozedura garatzen du; prozedura horrek berekin dakar lanpostu esleituan automatikoki berritzea, harik eta lanpostu hori betetzeko beharrak desagertu arte edo karrerako funtzionarioek edo praktiketako izendapenek lanpostua bete arte.
Gainera, egonkortze automatikoko prozedurak aukera ematen du bi urte igaro ondoren pertsonek beren borondatez uko egin diezaioten egonkortzeari.
Halaber, kapitulu horretan lehentasuna ezartzen da lanpostu bererako zenbait pertsona lehiatzen diren kasuetarako.
IX. kapituluan, datu pertsonalen tratamendua jasotzen da; datu horiek agindu honetan araututako prozesua kudeatzeko baino ez dira erabiliko.
Testuan, bi xedapen gehigarri daude: batak egonkortze-prozeduran familia-kontziliazioarekin hartzen den konpromisoa aipatzen du, eta, besteak ahalmena ematen dio Langileak Kudeatzeko zuzendariari agindu hau garatzeko jarraibideak emateko. Bi kasuetan, aldez aurreko negoziazio bat ezartzen da Plangintza Batzorde Teknikoan.
Langileak egonkortzen hasteko helburu nagusietako batzuk mantenduz, agindu hau arian-arian ezarriko da, eta progresio hori arautzen duten bi xedapen iragankor ezarriko dira.
Agindu berri honek esleipen-prozeduren kudeaketari eta egonkortzeari eragiten dieten aldaketa garrantzitsuak ekarriko dituenez, aldi iragankor bat ezartzen da, eta, beraz, prozedura horren eraginkortasuna arian-arian gauzatuko da, bai esleipenari dagokionez, bai egonkortzeari dagokionez.
Horregatik guztiagatik, prozedura berri honen kudeaketan egungo teknologiak eskaintzen dituen hobekuntzak txertatzeko, bai Administrazioak egin behar duen kudeaketaren ikuspegitik, bai hautagaiei parte hartzeko sarbide-, berme- eta gardentasun-baldintza onenak ematearen ikuspegitik, beharrezkoa da sistema, plataforma eta aplikazio informatikoak egokitzea, eta, beraz, aldi baterako eta 2020-2021 ikasturterako soilik planteatzen da, salbuespenez, Esleipen-prozedura uztailaren 15eko Aginduan araututakoa izatea.
Azkenik, egonkortzeari dagokionez, aldi iragankor bat ezarri da, eta prozedura hori, pixkanaka, 2020-2021 ikasturtean hasiko da Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan. Gainerako kolektiboek xedapen iragankor horretan jasotako moduan jarraituko dute.
Prozedura berri hau ezartzeak beste aurrerapen bat ekarriko du hezkuntza-sistemaren kalitatera eta langileen baldintzen hobekuntzara.
Horren guztiaren ondorioz, hau
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Arauaren xedea eta aplikazio-eremua.
1.– Honako hau da agindu honen xedea:
a) Irakasleen ordezkapenen zerrenda orokorreko hautagaiak nola aukeratu behar diren eta esleipena nola egin behar den arautzea ikasturte hasierarako. Ordezkapen horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan Hezkuntzako eskumenak dituen sailaren menpeko ikastetxe publiko unibertsitateaz kanpokoetan egitekoak izango dira.
b) Langile horiek zerbitzuak eman dituzten lanpostuetan egonkortzeko prozedura ezartzea agindu honetan zehazten diren baldintzetan.
2.– Halaber, agindu honen aplikazio-esparrua Hezkuntza Administrazio honen titulartasuneko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako irakasleen kidegoetako funtzionarioentzat erreserbatutako lanpostuak dira.
II. KAPITULUA
HAUTAKETARAKO ETA ESLEIPENERAKO PROZEDURA
2. artikulua.– Egitura, hasiera eta egutegia.
1.– Hautaketarako eta esleipenerako prozedura ondoz ondo gauzatuko diren bi fasetan egituratzen da, ordena honetan:
a) Ohiko esleipen-fasea: artikulu honetako 2. puntuan aipatzen diren langileei dagozkien prozedurak amaitu ondoren deituko eta amaituko da.
b) Ezohiko esleipen-fasea: aurreko fasea amaitu ondoren deituko eta amaituko da.
2.– Prozedura urtean behin egingo da, ikasturtea hasi baino lehen, eta deitutako prozedurak amaitu ondoren, hots, karrerako funtzionarioen ikasturte-hasierako lanpostu-esleipena eta praktiketako funtzionario izendatutako langileen praktika-aldirako lanpostu-esleipena egin ondoren.
3.– Prozedurari hasiera emateko, lehenengo faserako deialdia egingo da (a fasea), eta azken fasea (b fasea) bukatzen denean amaituko da.
3. artikulua.– Faseen deialdia egitea eta lanpostuen eta parte hartzera behartuta dauden pertsonen zerrenda argitaratzea.
1.– Prozeduraren faseak bereizita deituko dira, irakasleen kudeaketaren arloan eskumena duen zuzendariak ebazpena eman eta argitaratu ondoren.
2.– Deialdietan honako hauek zehaztuko dira:
a) 11. artikuluan jasota dauden ekintzak nahitaezko eskabideak sortu aurretik gauzatzeko epea.
b) Parte hartzeko formularioa aurkezteko epea.
c) Instrukzio-izapideak, lanpostu-esleipena eta dagokion faseko izendapenak egiteko datak.
d) Esleitutako lanpostuen jabetza hartzeko data.
e) Eskainitako lanpostuak, haien ezaugarriak eta, orobat, nahitaez parte hartu behar duten pertsonen zerrenda aurretiaz argitaratuko dira, deialdian jasotzen diren baldintzetan, Hezkuntza Sailaren webgunean, zerrenda baten bidez. Zerrenda horretan, lanpostuaren ezaugarriak deskribatuko dira, lanpostua berezitzat edo zailtasun berezikotzat kalifikatuta, hala badagokio.
3.– Fase bakoitzaren deialdia eta haren eranskinak ohar elektroniko baten bidez argitaratuko dira, 15 artikuluan aipatzen den moduan, eta, han, honako hauek adieraziko dira:
a) Parte hartzeko formularioa aurkezteko epea hasi aurretik 11. artikuluan jasotako ekintzak gauzatzeko aukera.
b) 16. artikuluan xedatutakoarekin bat, formularioan nahitaezko eskabide gisa sortu diren lanpostuak parte hartzeko formularioaren bidez berrantolatzeko aukera.
c) Parte hartzeko formularioaren bidez, nahitaezko eskabide bat borondatezko eskabide bihurtzeko aukera.
d) Parte hartzeko formularioan, 5.2 artikuluan nahitaezko esleipenetik kanpo uzten diren lanpostuak borondatezko eskabide gisa jasotzeko aukera.
III. KAPITULUA
PROZEDURAN SARTZEN DIREN LANPOSTUAK
4. artikulua.– Prozeduran sartzen diren lanpostuak.
1.– Prozedurako fase guztietan sartzen diren lanpostuak, oro har, kasuan kasuko Lanpostu Zerrendan jasotakoak izango dira. Lanpostu horien beharra, gutxienez, ikasturte osorako izango da eta ez dira egongo ikasturte horretan beteko duten funtzionarioei adskribatuta.
Halaber, dagokion administrazio-egoera aitortzearen ondorioz funtzionarioentzat gordetako lanpostuak sartuko dira.
2.– Ezohiko esleipen-fasean, ustez ikasturte osorako baino gutxiagorako diren lanpostuak sartuko dira, betiere, lanpostu hori ikasturtearen lehen egunetik hasita estali behar bada eta, gutxienez, irail osoa iraungo badu.
3.– Dagokion faseko deialdia argitaratzen den datan ez badago onartuta ikasturte horretarako bete behar diren lanpostuen zerrenda, onetsitako azken zerrenda erabiliko da, ikasturte horretako matrikulazioaren ondoriozko aldaketak aplikatuz. Betiere, dagokion aurrekontu-zuzkidura egongo da eskuragarri.
4.– Iraupen minimo jakin bat zenbatesten zaion lanpostu baterako izendatutako pertsona bat aldez aurretik kanporatzen bada lanpostutik erreserba duen funtzionarioa lanean hasteagatik, arauzko estalduragatik edo esleipena egin aurretik ezagutzen ez den beste edozein kausarengatik, ez da kalte-ordainik edo eskubiderik sortuko aurreikusitako gutxieneko denboran.
5. artikulua.– Nahitaez eta aldez aurretik borondatez eskatuta esleitu daitezkeen lanpostuak.
1.– Lanpostu guztiak esleitu ahalko dira nahitaez, pertsonak nahitaez parte hartzen duenean, 7. artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz.
Lanpostu horiek aplikazio informatikoak sortutako nahitaezko eskabideen xede izango dira. Nahitaezko eskabideak borondatezko eskabide bihur daitezke fase bakoitzean parte hartzeko formularioan.
2.– Nahitaezko parte-hartzetik kanpo geratzen dira eta aurretiazko borondatezko eskabideen bidez bakarrik esleitu ahalko dira honako ezaugarri hauetako bat duten lanpostuak:
a) Lanaldi partziala.
b) Ibiltaria.
c) Hirueleduna.
d) Zailtasun berezikoa, hurrengo artikuluan jasotzen den kalifikazioaren arabera.
e) Ikasturte osoa iraungo ez dutela jotzen den eta Ezohiko Esleipen Fasean jasota daudenak.
6. artikulua.– Zailtasun bereziko lanpostuak.
1.– Prozedura honetarako, zailtasun bereziko lanpostutzat kalifikatuko dira hurrengo apartatuan zerrendatzen direnak, bai lana zaila delako, bai lanpostu horiek betetzeko baldintza espezifikoak jasotzen direlako Lanpostuen Zerrendan.
2.– Zehazki, prozedura honetarako, honako hauek kalifikatuko dira zailtasun bereziko lanpostutzat:
a) Ospitaleko ikasgeletan irakastea.
b) Adin txikikoentzako zentroetan edo espetxeetako hezkuntza-unitateetan irakastea.
c) Ikasleen % 25ek hezkuntza-premia bereziak dituzten ikastegietan irakastea.
d) Hizkuntza indartzeko irakasle gisa jardutea.
e) Curriculum aniztasuneko gelan irakastea.
f) Zereginen ikaskuntzarako geletan irakastea.
g) Hezkuntza bereziko zentroetan irakastea.
h) Zeinu-hizkuntzaren bidez irakastea.
i) Lanpostu Zerrendan baldintza espezifikoak zehazten zaizkion edota zailtasun bereziko lanpostu berezitzat kalifikatzen den beste edozein lanpostu.
3.– Prozedura honetarako soilik, kalifikazioa 3. artikuluan aipatzen den zerrendan egingo da eta horren ondorio bakarra nahitaezko eskabideetatik kanpo uztea izango da. Lanpostu horiek borondatezko eskabideetarako bakarrik agertuko dira prozeduran.
IV. KAPITULUA
OHIKO ETA EZOHIKO ESLEIPEN-FASEAK
7. artikulua.– Ohiko eta ezohiko esleipen-faseetan nahitaez eta borondatez parte hartzea.
1.– Ohiko eta ezohiko esleipen-faseetan nahitaez parte hartuko dute, dagokion faseko parte hartzeko formularioa aurkezteko epea hasten den egunean, aldi baterako beharrak betetzeko ordezkogaien zerrenda orokorrean lanerako prest gisa ageri diren pertsona guztiak.
Nahitaezko parte-hartzea 12. artikuluan aipatzen diren espezialitate, hizkuntza-eskakizun eta lurralde-esparruko aukerei dagozkien lanpostu guztietara zabalduko da, 5.2 artikuluan nahitaezko partaidetzatik salbuetsitakoetara izan ezik.
2.– 13. artikuluan jasotzen diren kasuetan, parte-hartzea borondatezkoa izango da.
8. artikulua.– Ohiko eta ezohiko esleipen-faseetan jasotzen diren lanpostu-zerrenden egitura.
3. artikuluan aipatzen diren lanpostu-zerrenden egituran, gutxienez, honako informazio hau hartuko da kontuan:
a) Irakaskuntzako kidegoaren izena.
b) Udalerriaren izena.
c) Ikastetxearen izena.
d) Irakaskuntza-espezialitateen izena, hala badagokio.
e) Lanpostuaren kodea.
f) Hizkuntza-eskakizuna.
g) Irakaskuntza-orduak.
9. artikulua.– Ohiko eta ezohiko faseetan parte hartzen duten pertsonen zerrenden egitura.
3. artikuluan aipatzen diren pertsonen zerrendetan, pertsona bakoitzak nahitaez parte hartu behar duen kidegoa, espezialitatea, hizkuntza-eskakizuna eta lurralde-esparrua adieraziko dira, pertsona horrek, azken birbaremazio-prozeduran, aldi baterako beharrak betetzeko ordezkogaien zerrendarako adierazitako egoeraren eta aukeren arabera, hargatik eragotzi gabe 11. artikuluan aipatzen diren ekintzak geroago gauzatzea.
10. artikulua.– Ohiko eta ezohiko faseetako esleipen-sistema.
Ohiko eta ezohiko esleipen-faseetako lanpostu-esleipena VII. kapituluan xedatutakoarekin bat egingo da.
V. KAPITULUA
NAHITAEZKO ETA BORONDATEZKO PARTE-HARTZEA
11. artikulua.– Parte-hartzea ordezkogaien zerrendarekin lotzea.
Prozeduraren fase bakoitzean, parte hartzea lotuta dago ordezkogaiek, azken birbaremazio-prozeduran adierazi moduan, aldi baterako beharrak betetzeko zerrendan duten egoerari eta aukerei, non eta ez den egiten ekintza hauetakoren bat:
a) Zerrendan aldi baterako baja-egoerara edo seme-alabak zaintzeko aldi baterako etenaldi / eszedentziara pasatzeko eskatzea, horretarako baldintzak betetzen badira eta eskaerarekin batera egiaztagiriak aurkezten badira.
Zerrendetan aldi baterako bajako eta aldi baterako etenaldiko egoeretarako arauetan aurreikusitako kasuak bakar-bakarrik onartuko dira parte hartzetik salbuesteko, baldin eta alegatzen bada arrazoi hori lanpostuaz jabetzeko aurreikusitako egunean gertatuko dela eta, gutxienez, hurrengo hogei lanegunetan. Unea iritsitakoan arrazoi hori gertatuko ez balitz, pertsona hori parte hartzera behartuta zegoen zerrendetatik kanpo utziko litzateke.
b) Ohiko edo ezohiko faseetan, lurralde-eremuaren aukerak aldatzea.
2.– Aipatutako ekintzak agindu honetan araututako prozeduraren eta egiten den fase zehatzaren ondorioetarako bakarrik erabiliko dira.
Ekintza horiek egiteko epea fasearen deialdia argitaratzen den egunetik dagokion fasean parte hartzeko formularioa aurkezteko epea hasten den egunera artekoa izango da. Epe hori fasearen deialdian zehaztuko da eta ez da hiru egun natural baino gutxiagokoa izango.
Ekintza horiek egiteko, aldi baterako bete beharreko lanpostuetarako ordezkogaien zerrendako pertsonek, azken birbaremazioaren arabera, 15.3 artikuluan aipatzen den helbide elektronikora jo beharko dute.
12. artikulua.– Nahitaezko eskabidea.
1.– Fase bakoitzean parte hartzera behartuta dauden pertsonen nahitaezko lanpostu-eskabideak aplikazio informatikoak sortuko ditu eta pertsona eta fase bakoitzaren parte hartzeko formularioan agertuko dira.
Eskabide horietan pertsona bakoitzari nahitaez esleitu dakizkiokeen lanpostuak sartuko dira, eta 8. eta 9. artikuluetan fase bakoitzerako adierazten den egituraren arabera ordenatuko dira.
Parte-hartzaileak eskabide horiek berrantolatu ahal izango ditu, nahitaezko eskaera horietan esleipen-agindu jakin bati lehentasuna emateko.
Nahitaezko eskabideak berrantolatze hutsak ez du aldatzen nahitaezko izaera esleipen-sistemaren ondorioetarako.
2.– Eskabidearen nahitaezko izaera borondatezko bihur daiteke, parte hartzeko formularioaren bidez, parte-hartzaileak berariaz hala adierazten badu.
13. artikulua.– Borondatezko parte-hartzea eta eskabidea.
Honako kasu hauek izango dute borondatezko parte-hartzearen eta eskabidearen izaera:
a) 5.2 artikuluaren arabera nahitaezko parte-hartzetik salbuetsita geratzen diren lanpostuei buruz egindakoak.
b) Nahitaezko eskabideak izan dituzten lanpostuei buruz egindakoak, parte-hartzaileak berariaz borondatezko eskabide bihurtu baditu.
VI. KAPITULUA
PROZEDURAREN INSTRUKZIOA
14. artikulua.– Organo eskuduna.
Irakasleen kudeaketaren arloan eskumena duen zuzendaritzak egingo du prozeduraren instrukzioa, fase bakoitzean, eta lurralde-ordezkaritzetako langileak kudeatzeko zerbitzuek hartuko dute parte.
15. artikulua.– Argitalpen, jakinarazpen eta izapide elektronikoak.
1.– Osorik argitaratu eta jakinaraziko dira, deialdian ezartzen den helbide elektronikoaren bidez, deialdiak, haien eranskinak eta fase bakoitzean lanpostuak esleitzeko behin-behineko eta behin betiko ebazpenak.
2.– Fase bakoitzean parte hartzen duten pertsonei, borondatezko eta nahitaezko eskabideei eta fasetik kanpo geratutako eskabideei buruzko informazioa elektronikoki bistaratu ahal izango du parte-hartzaile bakoitzak.
3.– Ekintzak eta aukerak gauzatzeko, parte hartzeko formularioa aurkezteko, edozein agiri aurkezteko eta prozedurako pertsona interesdunek izapideak egiteko, modu lehenetsian baliabide elektronikoak erabiliko dira, deialdian adierazitako moduan.
Hala ere, edozein unetan, Hezkuntza Sailak jatorrizko agiria aurkezteko eskatu ahalko du, posta elektronikoz bidali den kopiarekin bat datorrela egiaztatzeko. Bi dokumentuak bat ez badatoz, jatorrizko dokumentuan dagoen informazioaren arabera jokatuko da prozeduran, eta, hala badagokio, arlo penaleko jarduketak hasiko dira.
16. artikulua.– Parte hartzeko formulario elektronikoa.
1.– 11.2 artikuluan aipatzen den epea igarotakoan, pertsona bakoitzak aktibo izango du parte hartzeko formularioa, parte hartzeko formularioa aurkezteko ezarritako epean. Horretan agertuko dira, nahitaez parte hartu behar izateagatik, aplikazioak nahitaezko eskabideak sortu dituen lanpostu guztiak.
5.2 artikuluan aipatzen diren lanpostuak ere agertuko dira, borondatez eskatutakoan bakarrik esleitu ahalko zaizkionak.
2.– Parte hartzeko formularioa aurkezteko ezarritako epean, eta 15.3 artikuluan aipatzen den baliabidearen bitartez, parte-hartzaile bakoitzak 3.3 artikuluko b) letratik d) letrara bitartean jasotzen diren ekintzetako edozein egin ahalko ditu formulario horretan.
3.– Borondatezko eskabide gisa berariaz hautatu ez diren nahitaezko eskabideetako lanpostuak nahitaezko eskabidetzat hartuko dira, nahiz eta esleipen-ordena aldatzeko berrantolatu.
4.– Formularioan, berariaz adierazi beharko da zein lanpostu eskatzen diren borondatez.
5.– Parte hartzeko formularioko eskabidean, lerro bakoitzaren hasieran, agertuko den eskabide-zenbakiak erabakiko du esleipena egiteko lehentasun-ordena borondatezko eta nahitaezko eskaeren kategoria bakoitzean.
17. artikulua.– Fase bakoitzean parte hartzen duten pertsonen, borondatezko eta nahitaezko eskabideen eta kanpo utzitako eskabideen behin-behineko zerrenda.
1.– Parte hartzeko formularioa aurkezteko epea amaitu ondoren, eta, hala badagokio, egindako ekintzak, borondatezko eskabide gisa egindako eskabideak eta horien lehentasun-ordena ikusita, eta izaera horrekin mantentzen diren nahitaezko eskaerak berrantolatu ondoren, deialdia egin duen organoak ebazpena emango du, honako eduki honekin:
a) Behin-behinekoz onartuko ditu fasean parte hartzen duten pertsonen zerrenda eta haien borondatezko eta nahitaezko eskabideak.
b) Fasetik kanpo geratutako eskabideen zerrenda behin-behinekoz onartuko du, kanpo uzteko arrazoia adierazita.
c) Eskabideak kanpo uzteko arrazoi izan diren gabeziak zuzentzeko epea irekiko du. Epe hori bat etorri ahalko da behin-behineko zerrendaren aurkako erreklamazioa egiteko ezarritako epearekin.
d) Epe bat irekiko du artikulu honetan jasota dagoen zerrendaren aurkako erreklamazioa egiteko.
2.– Aipatutako ebazpena deialdian zehaztu bezala jakinaraziko da.
3.– Onartu beharreko informazioa eta datuak elektronikoki eskuragarri egongo dira parte-hartzaile bakoitzarentzako, bai bere eskabideei dagokienez bai fasean parte hartzen duten gainerako pertsonei dagokienez.
18. artikulua.– Fase bakoitzean parte hartzen duten pertsonen, borondatezko eta nahitaezko eskabideen eta kanpo utzitako eskabideen behin betiko zerrenda.
1.– Erreklamatzeko eta zuzenketak egiteko epea igarotakoan, deialdia egiten duen organoak ebazpena emango du, honako eduki honekin:
a) Behin betikoz onartuko ditu fasean parte hartzen duten pertsonen zerrenda eta horien borondatezko eta nahitaezko eskabideak.
b) Fasetik kanpo geratutako eskabideen zerrenda behin betikoz onartuko du, kanpo uzteko arrazoia adierazita.
2.– Aipatutako ebazpena deialdian zehaztu bezala jakinaraziko da.
3.– Informazioa elektronikoki eskuragarri egongo da parte-hartzaile bakoitzarentzako, bai bere eskabideei dagokienez eta bai fasean parte hartzen duten gainerako pertsonei dagokienez.
4.– Ebazpen horren aurka ezin izango da inolako errekurtsorik aurkeztu, hargatik eragotzi gabe lanpostuen behin betiko esleipenaren ebazpenaren aurka jar litezkeen errekurtsoak.
VII. KAPITULUA
ESLEIPENA, IZENDAPENA, JABETZA HARTZEA ETA KARGU-UZTEA
19. artikulua.– Lanpostuak esleitzeko behin-behineko eta behin betiko ebazpena.
1.– Deialdia egin duen organoak ebazpena emango du, 3.2 artikuluan fase bakoitzerako ezarritako epeetan, kasuan kasuko faseko lanpostuen esleipena behin-behinekoz onartzeko, honako arau hauen arabera:
a) Borondatezko lanpostu-eskabideak nahitaezko eskabideak baino lehenago esleituko dira.
b) Eskabide-kategoria bakoitzean (borondatezkoa eta nahitaezkoa), eskabide bakoitzaren lehentasun-ordena 16.5 artikuluan aipatzen den eskaera-zenbakiak adieraziko du.
c) Borondatezko eskabideen esleipena egiteko, ordezkogaien zerrendako goragoko maila hartuko da kontuan.
d) Nahitaez parte hartu behar duten pertsonei, borondatez lanposturik eskatzen ez badute, edo eskaeretako bat ere lortzen ez badute, aplikazio informatikoak sortutako nahitaezko eskaeretako lanposturen bat esleituko zaie nahitaez, baldin eta lanpostu horiek beste parte-hartzaile batzuei esleitu ez bazaizkie.
e) Nahitaezko eskabideen esleipenak egiteko, lanpostua betetzeko parte hartu behar duten pertsonen zerrendako beheragoko maila hartuko da kontuan.
2.– Deialdian zehazten den epean, erreklamazioa aurkeztu ahal izango da behin-behineko esleipen-ebazpenaren aurka.
3.– Erreklamazio-epea igarotakoan, eta 2. artikuluan fase bakoitzerako zehazten den egutegiarekin bat, ebazpena emango da dagokion fasean jasotako lanpostu-esleipenak behin betiko onartzeko. Behin betiko esleipenaren onarpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa egin ahalko da hilabeteko epean.
4.– Esleitutako lanpostuari ezin zaio uko egin, 21.2 artikuluan jasota dauden justifikatutako uko egiteen kasuetan salbu.
20. artikulua.– Lanpostuaren izendapena eta jabetza hartzea.
1.– Lanpostu baten esleipendun den pertsona bitarteko irakasle funtzionario izendatuko da esleitutako lanpostu jakin batean dagokion kidego eta espezialitateko eginkizunak betetzeko, eta lanpostu horren identifikazioa izendapenean sartuko da.
2.– Izendatutako pertsonak esleitutako lanpostuaren jabetza hartu beharko du esleipen-ebazpenean adierazten den datan.
3.– Ordezkogaien zerrendako aldi baterako baja eta seme-alabak zaintzeko aldi baterako etenaldia / eszedentzia kasuetan, arau erregulatzaileak lanpostuaren jabetza egiteko ezarritako egunaren ondoren lanpostuan sartzeko aukera ematen badu, araudi horretan ezarritakoari jarraituko zaio.
21. artikulua.– Uko egitea.
1.– Hurrengo 2. apartatuan aurreikusitako kasuetan izan ezik, esleitutako lanpostuari eta, hala badagokio, egindako izendapenari uko egitea justifikatu gabetzat joko da, eta irakasleen aldi baterako beharrak betetzeko ordezkogaien zerrendatik kanpo geratuko da.
Lanpostuaz jabetzeko egunean ikastetxean agertzen ez den pertsona izendatuak izendapenari uko egiten diola ulertuko da.
2.– Uko justifikatutzat honako hau hartzen da:
a) Irakasleen aldi baterako beharrak betetzeko ordezkogaien zerrendak kudeatzeari buruzko araudian jasotako uko egiteko arrazoietako bat gertatzea, salbu eta gaixotasunaren edo istripuaren kasuan. Kasu horretan, uko egiteko arrazoi justifikatua izango da, baldin eta, pertsona interesdunaren egoitzari dagokion Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzaren Zerbitzu Medikoak egindako txostenaren arabera, lanak osasuna berreskuratzea zailtzen badu eta egoera hori 20 lanegun baino gehiagoz luzatzen bada, jabetza hartzen den egunetik zenbatzen hasita.
3.– Ordezkogaien zerrendak kudeatzeari buruzko araudian jasotako uko egiteko arrazoietako bat gertatzen denean, ukoa justifikatutzat joko da baldin eta ukoa arrazoitu duen kasua jakinarazten eta egiaztatzen bada gehienez ere hiru egun balioduneko epean, lanpostuaren behin betiko esleipena argitaratu eta hurrengo egun baliodunetik hasita.
Uko egitea babesten duen kasua lanpostuaren behin betiko esleipenaren eta lanpostuaz jabetzeko adierazitako egunaren artean gertatzen bada, epea kasu hori gertatu eta hurrengo egun baliodunetik hasiko da kontatzen.
4.– Gaixotasuna edo istripua gertatu dela egiaztatzeko, artikulu honetako 2. apartatuko b) letran adierazitako txostena aurkeztu beharko da.
5.– Osasunari, haurdunaldiari eta erditzeari loturiko bestelako egoerak osasun zerbitzu publikoaren txosten medikoaren bidez egiaztatuko dira.
6.– Irakasleen aldi baterako beharrak betetzeko ordezkogaien zerrendak kudeatzeari buruzko arautegian aipatzen diren uko egiteko gainerako kasuak erakunde eskudunek emandako agirien bidez egiaztatuko dira, alegatutako kasuaren arabera.
22. artikulua.– Izendapena iraungitzea eta izendatutako pertsona kargugabetzea.
Bitarteko funtzionarioen izendapena iraungi egingo da, eta izendatutako pertsonak lan-harremana utziko du, honako kausa hauetako batengatik:
a) Justifikatutako uko egitea.
b) Justifikatu gabeko uko egitea.
c) Aldi baterako ordezkatutako pertsona ordezkapenaren xede diren eginkizunetan hastea.
d) Lanpostua karrerako funtzionarioei behin-behinean edo behin betiko adskribatzea.
e) Lanpostua praktiketako funtzionarioei adskribatzea.
f) Lanpostua desagerraraztea.
g) Bitarteko langile funtzionarioen araudian jasotako beste edozein.
VIII. KAPITULUA
BETETAKO LANPOSTUETAN BITARTEKO LANGILEAK EGONKORTZEA
23. artikulua.– Lanpostuan egonkortzea.
Esleitutako lanpostuan automatikoki egonkortuko da kasu hauetan:
1.– Ordezkogaiari lanaldi osoko bitarteko funtzionario izendapena egin zaionean ohiko eta ezohiko faseetako batean, betiere esleitutako lanpostuak ikasturte osorako izan badira.
Egonkortzea esleitu zaien lanpostuan egingo da, eta automatikoki berrituko da, harik eta estaldura hori eragin zuten beharrizanak desagertu arte edo karrerako funtzionarioak edota praktiketarako izendapena duen funtzionarioak lanpostua bete arte.
2.– Lanaldi murriztuko lanpostuen eta ezaugarri bereziko lanpostuen esleipenak ez du berehalako egonkortze-ondoriorik sortuko hurrengo ikasturterako, interesdunek aukera hori borondatez adierazten badute izan ezik, 16. artikuluan araututako parte hartzeko formulario elektronikoan.
Horretarako, aukera hori hurrengo ikasturteko esleipen telematikoaren ohiko fasea baino lehen eskatu beharko dute, lanpostu horien ordena zehatza eta espezialitate bereko lanpostuen lehentasun hurrenkera, hizkuntza-eskakizuna eta derrigortasun-data adieraziz.
3.– Lanaldi murriztuko lanpostu bat bete duten pertsonek, egonkortasunik aukeratu ez badute edo egonkortzea ezinezkoa izan bada, aukera izango dute, telematikoki esleitzeko prozeduretan, beren espezialitate eta hizkuntza-eskakizun bereko lanaldi murriztuko edo lanaldi osoko lanpostuak hautatzeko, berariaz eta borondatez eskatzen badute.
Edozein kasutan, lanaldi jakin batean egon direnei (lanaldi osoa edo murriztua) ordura arteko lanaldi hori ez duen beste lanaldi bat esleitu ahalko zaie, baldin eta eskatutako lanpostuak eskuragarri badaude aurreko ikasturtean lanpostu horietan lanaldi berarekin zeuden langileak egonkortu eta gero.
4.– Egonkortutakoan, zerbitzu-eginkizunetarako edo antzekoetarako deialdien ondorioz beste lanpostu bat esleitzen zaien bitarteko langileek hasierako egonkortze-eskubidea galduko dute.
24. artikulua.– Betetako lanpostuan egonkortzeko prozesuan lehentasuna izatea.
1.– Baldin eta hainbat pertsona lehiatzen badira lanpostu bera eskuratzeko, ondorengo apartatuan adierazitako irizpideen arabera ordenatuko dira.
2.– Kidego guztietan esleitzeko lehentasuna izateko, bi faktore hauen baturak ematen duten puntuaziorik handiena izango da kontuan:
a) Erreferentziako ikastetxeko etengabeko antzinatasuna, faseetako edozeinetan egindako esleipenak ondoreak izan zituen egunetik hasita: 3 puntu hileko edo zatiko. Hala ere, pertsona lanpostutik kenduko balitz edo bere borondatezkoak ez diren arrazoiengatik egonkortasuna galduko balu, hautaketaren eta parte-hartzearen lehen fasearen hasieratik metatutako antzinatasuna mantenduko zaio.
b) Ordezkogaien zerrendako puntuazioa parte hartzen duen taldean: 1 puntu hileko edo zatiko.
Berdinketa badago, bi faktoreetako puntuazio handiena izango da kontuan, agertzen diren ordenan, eta berdinketak jarraituz gero, zerrendako posizio erlatiboa.
3.– Aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bukatutakoan eraginpeko langileren bat ezin izan bada egonkortu bete duen lanpostuan, langilea gaituta dagoen beste espezialitate batean lanposturen bat hutsik badago, lanpostu horretan egonkortu ahal izango da, salbuespenez.
25. artikulua.– Egonkortzeari uko egitea.
Hauek izango dute lanpostuan egonkortzeari uko egiteko aukera:
1.– Gutxienez azken bi ikasturteetan haien erreferentziako ikastetxean egonkortuta egon diren pertsonak.
2.– Berariazko ebazpenaren bidez, okertzat jotako esleipen baten xede izan diren pertsonak.
Kasu horietan, egonkortzeari uko egiten dioten eta bitarteko administrazio-izendapena duten langileek ordezkogaiei lanpostuak esleitzeko hurrengo ohiko fasean parte hartu beharko dute. Fase horretan dauden gainerako pertsonekin batera eskatuko dituzte lanpostuak, eta, horretarako, 16. artikuluan araututako parte hartzeko formulario elektronikoan dauden eskabideak bete beharko dituzte.
26. artikulua.– Egonkortzea galtzea.
Ezinezkoa baldin bada berak betetzen duen lanpostuan egonkortzea, eragindako pertsonak hurrengo ikasturteko ohiko edo ezohiko esleipen-fasean parte hartu beharko du, ea lanposturen bat lortzen duen, fase horretan diren gainerako guztiekin batera. Horretarako, hautaketa-fase horretako eskabideak bete beharko ditu, bere interesen arabera, IV., V., VI. eta VII. kapituluetan zehaztuta dagoen moduan.
27. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.
Parte-hartzaileen datu pertsonalak Agindu honetan araututako prozesua kudeatzeko erabiliko dira soilik, eta, horretarako, datu pertsonalen fitxategi automatizatu batean sartuko dira. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan hezkuntza-arloko eskumena duen saileko Langileak Kudeatzeko Zuzendaritza izango da organo kudeatzailea, eta, haren aurrean baliatu ahal izango dira datuei buruzko irispide-eskubidea, zuzentzekoa, ezereztekoa eta transferitzekoa, bai eta datuen tratamendua mugatzekoa edo hari aurka egiteko eskubidea ere (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Parte-hartzaileek onartzen dute beren datu pertsonalak agindu honetan zehaztutako eran eta helbururako tratatzea, baita Hezkuntza Sailaren webgunean (www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus) eta irakaslegunean argitaratzea ere, baina betiere prozesu honi loturiko izapideei dagokienez soilik. Halaber, baimena ematen diote Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan hezkuntza-arloko eskumena duen sailari bere artxiboetan eurei buruz duen bestelako informazioa ere erabiltzeko, baldin eta prozedurarako aproposa bada.
Izapidetze osoan zehar, Hezkuntza Sailak egiaztatuko du betetzen dela lege hauetan xedatutakoa: abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa, eta otsailaren 25eko 2/2004 Legea, Datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta datuak babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzkoa.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Egonkortasuna eta familia-kontziliazioa.
Agindu honen bidez, ahalmena ematen zaio Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari jarraibide egokiak eman ditzan, Plangintza Batzorde Teknikoan negoziatu ondoren, egonkortutako langileen familia-kontziliazioa bultzatu eta laguntzeko, ikastetxe desberdinetako lanpostu berdinen arteko trukearen bidez, familia biltzeko arrazoiak tarteko direnean, 12 urtetik beherako seme-alabak, gurasoak, ezkontideak edo izatezko bikotekideak zaintzeko kasuetan.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Langileak Kudeatzeko Zuzendaritza gaitzea.
Agindu honen bidez, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritza gaitzen da, agindu hau garatzeko beharrezko diren jarraibideak emateko, dagokion ebazpenaren bidez, eta Plangintza Batzorde Teknikoan negoziatu ondoren.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Lanpostuak hautatzea eta esleitzea.
Sistema, plataforma eta aplikazio informatikoak egokitu eta adaptatu bitartean, eta 2020-2021 ikasturteko ondorioetarako soilik, aldi baterako beharrak betetzeko zerrendako hautagaiei lanpostuak telematikoki esleituko zaizkie, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2011ko uztailaren 15eko Aginduan ezarritako prozeduraren arabera. Agindu horren bidez, Ikasturte hasierako esleipena, ordezkogaien zerrendako kideei dagokienez.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Egonkortzea.
2019 eta 2020ko enplegu-eskaintza publikoei dagozkien ikasturte hasierako egonkortze-faseetan, arian-arian ezarriko da agindu honetan araututakoa:
2020-2021 ikasturtearen hasieran, Haur eta Lehen Hezkuntzako lanpostuen izendapena eta jabetza hartzea egingo da, eta horrek berekin ekarriko du bitarteko langileak esleitutako lanpostuetan egonkortzea, agindu honetan aurreikusitako kasuetan.
Halaber, 2020ko Enplegu Publikoko Eskaintzaren ebazpenaren ondorioz izendatutako praktiketako funtzionarioek destinoa lortu ondorengo ikasturtearen hasieran, Bigarren Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta gainerako mailetako eta taldeetako lanpostuen izendapena eta jabetza hartzea egingo da, eta horrek esleitutako lanpostuan bitarteko langileak egonkortzea ekarriko du, agindu honetan aurreikusitako kasuetan.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA.– Indargabetutako araudia.
Indargabetuta geratzen da, irakasle-ordezkogaien zerrendako kide diren pertsonei dagokienez, 2011ko uztailaren 15eko Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, ikasturte hasierako esleipen-prozesua arautzeko dena, irakasleen kidegoetan sartzeko edo kidego horietara heltzeko prozesuetako praktika-aldia egin behar duten pertsonei, eta irakasleen ordezkogaien zerrendako kideei dagokienez.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.
Agindu hau 2020ko uztailaren 1ean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 1a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
RSS