Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

112. zk., 2020ko ekainaren 9a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2245

AGINDUA, 2020ko apirilaren 29koa, Hezkuntzako sailburuarena, berrikuntza- eta ekintzailetza-proiektuak egiteko dirulaguntzetarako deialdia egiten diena 2020-2021 ikasturtean Lanbide Heziketako V. Euskal Planean zehaztutako estrategiari jarraitzen dioten Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxeei.

Gaur egungo gizarte- eta ekonomia-egoeran, globalizazioaren eta munduko oreka berriaren ondorioz, enpresek munduko errealitate geoekonomiko berrira egokitu beharra dute, etorkizuneko estrategiak diseinatzean. «Globalizazio» prozesu horretatik, lehiakortasuna sortzen da, enpresentzako lehentasunezko helburu eta balio gisa. Lehiakortasunaren baitan dago enpresen etorkizuna eta, horren ondorioz, enpleguen etorkizuna.

Horrek profil berri bat eskatzen du langileentzat; hain zuzen, gaitasunen hobekuntza argia egiaztatuko duena, eta ez soilik gaitasun teknikoena, bai eta oinarrizko eta zeharkakoena ere; besteak beste, ekimena, erantzukizuna, konpromisoa, autonomia, talde-lana, analisi-gaitasuna, ezagutzaren transmisioa eta erabakitzeko gaitasuna.

Lanbide-heziketak enpresen funtsezko aliatua izan behar du profil profesional berri horien garapenean, ikasleen kualifikazioa eta espezializazioa hobetzen lan eginez.

Lanbide-heziketako zentroentzat erronka garrantzitsu bat da bestelako aukera batzuk sortzera eta enplegua sor dadin erraztera bideratzea beren berrikuntza-sistemak Horretarako, sektore produktiboen –batez ere industriaren– premiei aurre hartzeko gai izan behar dute, produktu berriak, produkzio-prozesu berriak edo suspertzen ari diren sektoreetan jarduera berriak sortzeko aukerak modu proaktiboan identifikatzeko gai izanez, enpresen lehiakortasuna eta ikasleen enplegagarritasuna hobetzea ekarriko dutenak.

Helburu horretan aurrera egite aldera, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak ingurune estrategiko batzuk bultzatuko ditu, hots, zentroen eta enpresen arteko lankidetza-sareak sortzeko bide emango duten gune batzuk, berrikuntza aplikatuaren esparruko proiektuen garapenean aurrera egiteko. Halaber, espezializazio-arloen garapena sustatuko da. Horretarako, ETEei lagunduko zaie suspertzen ari diren sektoreetan eta teknologia aurreratuetan sar daitezen.

Era berean, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskadi 2020 Planak argi eta garbi egin du hazkunde jasangarri eta zentzuzkoa sustatzeko estrategia integralaren alde. Estrategiaren oinarrian, kapital intelektuala eta ezagutzaren kudeaketa efizientea daude, baita espezializazio eta berrikuntza aplikatua ere, enpresetan balioa sortzeko eta lehiatzeko abantailen iturri gisa eta, ondorioz, enplegua sortzeko iturri gisa.

2019ko otsailaren 12an onartutako Lanbide Heziketako V. Euskal Planaren benetako garapena bultzatzeko, Lanbide Heziketako Euskal Sistemaren aldaketak gidatu behar dituen tresna baita plana, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak itunpeko ikastetxe pribatuei dei egiten die, irakasleen bidez ekintza hauek gauzatu ditzaten: plan horren konpetentziak sendotzeko jarduera eta proiektuetan parte hartzea, ingurune teknologikoki oso aurreratuei erantzuna emateko; Lanbide Heziketak enpresei, bereziki ETEei, laguntza ematea sustatzea, eta enpresei ematen zaien estaldura zabalagoa izan dadin lortzea; Lanbide Heziketatik premia teknologikoen dibertsitateari erantzun sistematiko bat ematea, eta lehentasun teknologikoak eguneratu eta bateratzea Euskadiko berrikuntza-estrategiarekin, tresna sistematikoak ezarriz horretarako.

Hezkuntza Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan sartzen da deialdi hau.

Ondorioz, eta bat etorriz azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. tituluarekin (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan laguntzen eta dirulaguntzen araubidea arautzekoa), Laguntzen eta dirulaguntzen arloko arau-hausteen eta zehapenen erregimenari buruzko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VII. tituluko III. kapituluarekin, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuarekin, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen helburua da itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleen liberazio osoa edo partziala finantzatzea, 2020-2021 ikasturtean Lanbide Heziketako V. Euskal Planari lehentasunez jarraitzen dioten berrikuntza-proiektuak egin ditzaten, eta, horrela, aldi berean, horietan ikasitakoak ikasleei, Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-heziketako gainerako zentroei eta enpresei, batik bat ETEei, helarazteko aukera ahalbidetu dadin.

2. artikulua.– Onuradunak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzak eskuratu ahal izango dituzte ikastetxe pribatuen titular diren pertsona fisiko edo juridikoek, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan Lanbide Heziketako erdi- eta goi-mailako heziketa-zikloak itunduta badituzte 2020-2021 ikasturtean.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen berrikuntza-proiektuen ezaugarriak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jaso ditzaketen proiektuek bat etorri beharko dute, lehentasunez, Lanbide Heziketako V. Euskal Planean eta Gobernuaren Ekintzaren Plangintza Estrategikoko ekimenen barruko planetan zehaztutako espezializazio adimendunaren estrategiarekin. Lotura hori ebidentzien bidez frogatu beharko dute, proiektuaren fitxan, II. eranskinean; izan ere, hori izango da hautaketa-irizpideetako bat. Ikus 10.3.a) artikulua.

Dirulaguntzak jaso ditzaketen proiektuen artean, lehentasuna emango zaie arlo hauetako batekin lotuta daudenei:

a) Fabrikazio aurreratua. Prozesuen hobekuntzarekin eta horien simulazioarekin lotuta daudenak. Neurketa-elementuak jasotzen dira, bereziki prozesuko neurketak. Material berriak sartzea, bereziki konposite eta material arinak, bai eta horien eraldaketa- eta lotze-prozesuak ere. Fabrikazio-prozesu berriak, hala nola fabrikazio aditiboa, diseinutik hasita fabrikaziora eta post-tratamendura arte.

b) Fabrika digital eta konektatua. Gauzen Internetekin edo Gauzen Internet Industrialarekin, Makinen Internetekin, Big Datarekin eta Adimen Artifizialarekin lotutako teknologien eta metodoen aplikazioarekin zerikusia dutenak, baldin eta helburutzat badute industria-ekipamendu eta -instalazioetan sortutako informazioaren konexioa, monitorizazioa, trazabilitatea, kudeaketa eta/edo tratamendua, eta, horretarako, sensorizazioa, konektibitatea, zibersegurtasuna, datu-tratamendua edo erabakiak hartzea erabiltzen badira.

c) Energia efizientzia. Energia-efizientziara eta energia-sorkuntzara bideratutako alderdiak. Bizitegi-sektorea sartzen bada ere, interes berezia jartzen da industria-prozesuetako energia-efizientzian eta sare adimendunen kudeaketan, eta, bereziki, energia-kontsumitzaile handietan.

d) Biozientziak eta nanozientziak. Bio eta nano soluzioen merkatuko aplikazio praktikoarekin lotutakoak. Bio-osasunean arreta berezia jarrita.

e) Ekonomia jasangarria. Jasangarritasunarekin eta bioekonomiarekin lotutakoak. Arlo hauetara bideratuta: nekazaritza, elikagaien industriak, egurra eta altzariak, eraikuntza eta obra zibilak, eta itsasoa eta arrantza.

f) Errealitate birtuala/fusionatua. Ikaskuntza-prozesuan tresna horiek erabiltzearekin lotuta daudenak, enpresetara bideratutako zerbitzu- eta ezagutza-sortzaile gisa.

g) Osasuna 4.0. Hauekin lotutakoak: elektromedikuntza-ekipoen mantentze-lanak, eta teknologia eta baliabide teknologiko berriak sartzea osasunaren zaintzan.

h) Beste zenbait, zerrenda honetan ez daudenak baina lotura nabarmena izan dezaketenak Lanbide Heziketako V. Euskal Planarekin, Euskadi Basque Country 2030 Agendarekin eta/edo Eusko Jaurlaritzaren espezializazio-estrategiarekin.

2.– Proiektuak banan-banan gara ditzakete onuradun izan daitezkeenek, agindu honen 2. artikuluan zehaztu moduan; bestela, hainbat onuradunen artean ere gara daitezke, lankidetzan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11.3 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz. Proiektu bat lankidetzakoa dela ulertuko da, baldin eta gutxienez bi onuradunek parte hartzen badute proiektua sortzen eta gauzatzen.

3.– Lankidetzako proiektuak badira, eskabidean berariaz adierazi beharko da elkartutako kideek zein ordezkari edo ahaldun bakar izendatu duten, eta behar adina ahalmen izan behar ditu onuradun gisa elkarteari dagozkion betebeharrak betetzeko. Elkartea ezingo da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.

4.– Aurkeztutako proiektuen iraupena 209 ordukoa izan behar du gutxienez, eta 2.504 ordukoa gehienez.

5.– Deialdi honetako dirulaguntzak jaso ditzaketen proiektuek honako esparru hauetako batekoak izan behar dute:

a) Berrikuntza teknologikoaren eta sistema adimendunen esparrua.

Esparru honetan sailkatzen diren proiektuen helburua garapen teknologikoak egitea da, 3. artikuluko 1. puntuan deskribatutako lehentasun hauekin lotuta:

– Fabrikazio aurreratua.

– Fabrika digital eta konektatua.

– Energia efizientzia.

– Errealitate birtuala / fusionatua.

– Beste zenbait proiektu, beste esparru batzuetako osagai edo aplikazioak eduki arren, garapen teknologikoa helburu dutenak.

b) Biozientzien eta jasangarritasunaren esparrua.

Esparru honetako proiektuak jasangarritasunarekin eta biozientziekin lotuta daude. Proiektu horien helburu nagusia, aplikazio-eremua eta garapen nagusia bideratuta daude garapen teknologikoak egitera, 3. artikuluko 1. puntuan deskribatutako lehentasun hauekin lotuta daudenak:

– Biozientziak eta nanozientziak.

– Ekonomia jasangarria.

– Osasuna 4.0.

– Beste zenbait proiektu, ezaugarri teknologikoak izan arren biozientzien eta jasangarritasunaren esparruarekin lotuta daudenak.

c) Beste esparru batzuk.

Aurreko bi esparruetan sailkatu ezin diren proiektuak, nahiz eta 3. artikuluko 1. puntuan deskribatutako lehentasunekin zerikusia izan, eta lotura nabarmena izan arren Sailburuordetzaren estrategiekin eta/edo Eusko Jaurlaritzaren espezializazio-estrategiarekin.

6.– Bikoiztasunak saihesteko, ez dira diruz lagunduko Lanbide Heziketako Sailburuordetzak beste programa edo deialdi batzuen bitartez lantzen dituen proiektuak. Lanbide-heziketan beste programa edo deialdi baten bitartez dagoeneko lantzen ari den proposamen bat aurkezten bada, erabakiko da proposamen hori ez dela deialdiaren xedera egokitzen, eta horixe adieraziko da proposamenaren balorazioan.

Hauek dira Lanbide Heziketako IV. Euskal Planean jasota dauden eta beste programa batzuen bidez lantzen diren esparruak (beraz, deialdi honetan ezin izango dute dirulaguntzarik jaso):

– Heziketa integratuaren esparrua; helburuak: egokitzapena eta espezializazioa, Berrikuntza pedagogikoa eta Bikaintasuna eta kalitatea.

– Ekintzailetza aktiboaren esparrua; helburua: jarduera ekintzailea indartzea.

– Nazioartekotzearen esparrua; helburua: lanbide-heziketa nazioartean zabaltzea.

– Lanbide-heziketako ikastetxeen esparrua; helburuak: ikastetxe-eredu berriak, Ikastetxeak ezagutza-unitate gisa, eta Lanbide-heziketako ikastetxe espezializatuen sarea.

7.– Zenbait proiektu osagarriak direla edo antzeko helburuak dituztela ikusten bada, proiektuak batzea proposatuko da, proiektu bakarra garatzeko.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Jarraian adierazten diren gastuak lagundu ahal izango dira diruz:

a) Irakaskuntza-jarduera (zuzeneko irakasletza) eta hari lotutako bestelako jarduera osagarriak garatzeko ordezko langileak kontratatzeko kostuak, betiere jarduera horiek garatzen badira diruz lagundutako proiektua egiteko liberatutako irakasleei esleitutako orduetan.

b) Irakaskuntza-jarduera (zuzeneko irakasletza) eta hari lotutako bestelako jarduera osagarriak garatzeko ikastetxeak dituen irakasle propioen kontratua luzatzeko kostuak, betiere jarduera horiek garatzen badira diruz lagundutako proiektua egiteko liberatutako irakasleei esleitutako orduetan. Diruz lagundutako proiektua egiten duten irakasleek ikastetxeko irakasle izan behar dute 2019-2020 ikasturtean.

c) Irakaskuntza-jarduera (zuzeneko irakasletza), hari lotutako bestelako jarduera osagarriak eta diruz lagundutako proiektua garatzeko ikastetxeak dituen irakasle propioen kontratua luzatzeko kostuak. Diruz lagundutako proiektua egiten duten irakasleek ikastetxeko irakasle izan behar dute 2019-2020 ikasturtean.

Deialdi honen ondoreetarako, egotz daitezkeen kostutzat hartuko dira ordainsariak eta erakunde eskatzailearen konturako karga sozialak.

2.– Dirulaguntza jaso dezaketen orduei dagokienez, lanaldi osoko liberazio baterako, gehienez ere, 726 eskola-ordu eta 526 ordu osagarri egotz dakizkioke proiektuari. Ordezko langileak kontratatzeko, hogeita hamabost (35) euro/ordu izango da diruz lagundu daitekeen eta proiektuari egotz dakiokeen gehieneko orduko kostua, irakasleei dagokienez. Lanaldi partzialeko liberazioak izanez gero, proiektuan gehienez ere diruz lagunduko den ordu-kopurua lanaldi osorako ezarritako gehieneko kopuruaren proportzioan kalkulatuko da.

3.– Diruz lagundu daitezkeen gastuen estaldura-aldia diruz lagundutako jarduera hasten denetik amaitzen den arte zenbatuko da, betiere diruz lagundu daitekeen aldiaren barruan, hau da, 2020ko irailaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra bitartean.

5. artikulua.– Diru-zuzkidura eta hautaketa-prozedura.

1.– Agindu honen xede diren proiektuak diruz laguntzeko zenbateko osoa zazpiehun eta hirurogeita hamar mila eurokoa (770.000) izango da.

2.– Proiektuak hiru esparruetan sailkatu ondoren (berrikuntza teknologikoaren eta sistema adimendunen esparrua, biozientzien eta jasangarritasunaren esparrua eta beste esparru batzuk), eta behin proiektuak baloratzeko fasea bukatua, lehentasunaren arabera ordenatuko dira, puntu gehien lortu dutenetik gutxien lortu dutenera. Berdinketarik gertatuz gero, handitik txikira ordenatuko dira proiektuak, honako artikulu hauetan ezarritako irizpideen arabera lortutako puntu kopuruari erreparatuz: 10.3.a), proiektuaren egokitasunari buruzkoa; 10.3.c), proiektuaren norainokoari eta eskalagarritasunari buruzkoa, eta 10.3.g), agindu honetan proposatutako helburuen koherentziari eta anbizioari buruzkoa. Oraindik ere berdinduta baleude, dagokion eskabideak erregistroan duen antzinatasunari erreparatuz ebatziko da.

3.– Proiektuak esan bezala ordenatuta, eta hala ezarritako lehentasunari jarraikiz, dagokion dirulaguntza esleitzeari ekingo zaio. Horretarako, ezarritako balorazio-irizpideak aplikatuko dira, deialdiaren zuzkidura agortu arte, hala badagokio. Dirulaguntza modu diferentean eta independentean banatuko da proiektuak sailkatzen diren hiru esparruetako bakoitzean, honela: aurrekontuaren % 60 berrikuntza teknologikoaren eta sistema adimendunen esparrura bideratuko da; % 30 biozientzien eta jasangarritasunaren esparrura, eta % 10 beste esparru batzuetara. Esparru batera bideratutako aurrekontua agortzen ez bada, balorazio onena izan duten proiektuetara bideratuko da, zeinahi dela ere haien esparrua.

Bestalde, ez dira diruz lagunduko 10. artikuluan adierazitako gehieneko balorazioaren % 50 gutxienez lortu ez duten proiektuak.

6. artikulua.– Parte hartzeko eskakizunak.

Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, betekizun hauek betetzen direla egiaztatu behar da:

a) Itunpeko ikastetxe pribatua izatea, eta 2020-2021 ikasturtean Lanbide Heziketako erdi- edo goi-mailako heziketa-zikloak ematea.

b) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen duen zigor penal edo administratiboren baten eraginpean ez egotea sexu-diskriminazioa dela-eta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren arabera.

c) Indarreko xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere. Emandako dirulaguntzak likidatu arte iraun behar dute eskakizun biek; beraz, betetzen direla egiaztatuko da, bai emateko orduan bai ordaintzeko orduan.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako egoeraren batean ez egotea.

e) Lankidetzako proiektuak badira, kide guztiek bete beharko dituzte betekizunok.

7. artikulua.– Diruz lagundutako proiektuen iraupena.

Diruz lagundutako proiektuak 2020ko irailaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra bitartean egingo dira.

8. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Zentro interesdunen titularrek –lankidetzako proiektuak badira, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakarrek– Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko bitarteko elektronikoak erabiliz eskatuko, kontsultatuko eta egingo dituzte prozedura honetako izapide guztiak.

2.– Izapidetze elektronikoa arautzen dute Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Informatika eta Teknologiako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak; ebazpen horren bidez, PLATEA E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartu zen.

3.– Eskabideen eta erantsi beharreko dokumentazioaren ereduak agindu honen eranskinetan daude jasota.

4.– Eskabideak bide elektronikoz nola izapidetu, zer dokumentazio-eredu erantsi behar diren eta deialdi honekin lotutako gainerako izapideak nola egin honako helbide elektroniko honetan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2020/proypvfp/web01-tramite/eu

5.– Eskabidearen osteko izapideak, justifikazioa barnean dela, honako helbide honetako Nire Karpeta atalaren bidez egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

9. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua, tokia eta epea.

1.– Eskabideak (I. eranskina), behar bezala eta osorik beteta, modu elektronikoan aurkeztu behar dira, agindu honen 8. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta hilabeteko epearen barruan, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Eskabidea aurkezteak berekin dakar deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak berariaz eta formalki onartzea. Eskabide bat aurkeztu behar da dirulaguntza eskatzen den proiektu bakoitzeko.

3.– Agindu honen 3.2 artikuluan zehaztutako lankidetza-proiektuak badira, elkarteko ordezkari edo ahaldun bakarrak aurkeztuko du eskabidea. Kide guztiek sinatu behar dute, eta haietako bakoitza hartuko da dirulaguntzaren eskatzailetzat.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.7 artikulua aplikatuz, eskabidearekin batera erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar da, honako betebehar hauek egiaztatzeko:

a) Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatu zaizkien eta, hala badagokio, haietatik jaso diren dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea, eta adieraztea, baiezkoa izanez gero, laguntza eman duen erakundearen izena eta zenbatekoa.

b) Ez egotea dirulaguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean, berariaz adierazita sexu-bazterkeriagatik izandakoak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren arabera.

c) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

d) Egiazkoak izatea eskabideko datuak eta emandako dokumentazioa, eta betetzea indarreko araudian dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako baldintzak.

e) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako egoeraren batean.

5.– Eskabidearekin batera, proiektu-fitxa aurkeztu beharko da. II. Eranskina.

6.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkezteak baimena emango dio Lanbide Heziketako Sailburuordetzari zuzenean egiazta dezan dirulaguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten administrazio-agiriak aurkeztu beharko ditu.

7.– Eskabidea oso-osorik betetzen ez bada, edo eskabidearekin batera behar den dokumentazioa aurkezten ez bada, zentro interesdunari eskatuko zaio 10 eguneko epean akatsa zuzentzeko, edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, esango zaio, aurrekoa egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen araberako ebazpena eman ondoren.

10 artikulua.– Hautaketa egiteko eta puntuazioa emateko irizpideak.

1.– Deialdi honen barruan diruz lagundu daitezkeen proiektuak norgehiagoka-prozedura bidez zehaztuko dira, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 22. artikuluan eta 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuena) 51.4 artikuluan xedatutakoa betez; hau da, aurkeztutako eskabideak alderatuz, horien lehentasuna ezartzeko, jarraian zehazten diren balorazio-irizpideen arabera, eta, erabilgarri dagoen kredituarekin, irizpide horiei jarraikiz balorazio handiena lortu dutenak esleitzeko.

2.– Proiektua deialdiaren xedearekin bat ez badator, hori adieraziko da, eta ez da baloratuko.

3.– Proiektuak irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira, dagozkien haztapenak eginda:

a) Aurreproiektuak bere egokitasuna justifikatzen du, eta oinarri sendoak ditu. Azken balorazioaren % 15.

0tik 10era baloratuko dira proiektuak, errubrika hauei jarraituz (guztizko balorazioa justifikatutako errubriken batura izango da):

– Proiektuaren egokitasuna berariaz identifikatu eta lotzen dute egokitasun hori egiaztatzen duten joera, azterlan, txosten edo arauekin. Gehienez ere 2 puntu.

– Proiektuaren egokitasuna berariaz identifikatu eta lotzen dute LHko V. Euskal Planaren lehentasunezko ildo batekin, gutxienez. Gehienez ere 2 puntu.

– Proiektuaren egokitasuna berariaz identifikatu eta lotzen dute SAREko nodoetan lehenetsitako ildo batekin, gutxienez. Gehienez ere 2 puntu.

– Proiektuaren gai nagusia zuzenean lotuta dago 3. artikuluko 1. puntuan deskribatutako lehentasunekin. Gehienez ere 2 puntu.

– Apartatu honen erredakzioan koherentzia izatea, eta apartatu honek lotura izatea proiektuaren helburu orokorren deskribapenarekin. Gehienez ere 2 puntu.

b) Aurreproiektuak bere emaitzak erabil ditzaketen enpresak aurkezten ditu, eta, gainera, enpresa horien babesa dauka: azken balorazioaren % 15.

0tik 10era baloratuko dira proiektuak, errubrika hauei jarraituz (guztizko balorazioa proiektuaren aurkezpenean egiaztatutako errubriken batura izango da):

– Ikastetxeen arteko lankidetza bidez egiten da proiektua. Gehienez ere 2 puntu.

– Aurkeztutako ebidentziek frogatzen dute badaudela zenbait enpresa proiektuaren emaitzetan interesa dutenak. Gehienez ere 2 puntu.

– Aurkeztutako ebidentziek frogatzen dute zenbait enpresak lagundu dutela proiektua garatzen. Gehienez ere 2 puntu.

– Aurkeztutako ebidentziek frogatzen dute zenbait enpresak materiala edo instalazioak eman dituztela proiektua garatzeko. Gehienez ere 2 puntu.

– Aurkeztutako ebidentziek frogatzen dute zenbait enpresa proiektuan bazkide direla. Gehienez ere 2 puntu.

c) Aurreproiektuak norainoko zabala eta eskalagarritasuna ditu: azken balorazioaren % 15.

0tik 10era baloratuko dira proiektuak, errubrika hauei jarraituz (guztizko balorazioa justifikatutako errubriken batura izango da):

– Norainokoa: hartzaile objektibo potentzialak, proiektuaren emaitzak inplementatu ditzaketenak. Gehienez ere 4 puntu.

– Eskalagarritasuna: zer baliabide behar diren proiektuaren erabilgarritasuna edo balioa zabaltzeko, mantentzeko eta, are, hobetzeko, hartzaile kopurua handitu ahala. Gehienez ere 4 puntu.

– Proiektuan jasotako hedapena. Gehienez ere 2 puntu.

d) Proposatutako helburuen koherentzia eta anbizioa: azken balorazioaren % 15.

0tik 10era baloratuko dira, errubrika hauei jarraituz (guztizko balorazioa justifikatutako errubriken batura izango da):

– Helburuen deskribapena: helburu orokor eta espezifikoen egokitasuna eta deskribapena. Gehienez ere 4 puntu.

– Helburuen adierazleak eta jomugak: helburuetarako definitutako adierazleen eta jomugen xehetasunak. Gehienez ere 2 puntu.

– Transferentzia: transferentzia-helburuen definizioa eta xehetasunak. Gehienez ere 4 puntu.

e) Proiektuaren faktore berritzailea: azken balorazioaren % 15.

0tik 10era bitartean baloratuko dira proiektuak, haien helburura ondoen egokitzen den errubrika hautatuz:

– Proiektuaren helburua zabalduta dago Euskal Autonomia Erkidegoko LHn. Ebaluatzaileak gutxienez 5 ikastetxeren ebidentziak ditu. Kasu horretan, ez da proiektua baloratu behar, ez baitu betetzen deialdiaren helburua.

– Proiektuaren helburua ezaguna da, hari buruzko erreferentziak daude edo LHn partez aplikatzen da.

– Proiektuaren helburua ezaguna da, hari buruzko erreferentziak daude edo partez aplikatzen da enpresa-ingurunean, baina ez LHn.

– Proiektuak teknologia aurreratuak ezartzen ditu, hala nola errealitate birtuala, errealitate areagotua, errealitate mistoa, adimen artifiziala, blockchain eta 5G.

– Proiektuak datu-analitikako teknologiak, big data, small data eta data analytics ezartzen ditu.

– 10 puntu, ez badago erreferentzia hurbilik, enpresetan aplikatu dela dioenik; proiektuaren arabera, hortaz, LH enpresa-sarearen bultzatzaile izango litzateke.

f) Proiektuaren plangintza-maila: azken balorazioaren % 10.

0tik 10era baloratuko dira proiektuak, errubrika hauei jarraituz (guztizko balorazioa justifikatutako errubriken batura izango da):

– Deialdi honen xede den ikasturterako aurkeztutako plangintzak bermatzen du aurreikusitako helburuak betetzea. Gehienez ere 2 puntu.

– Deialdi honen xede den ikasturterako aurkeztutako plangintza zehatza eta koherentea da. Errubriken batukaria. Gehienez ere 3 puntu.

– Deialdi honen xede den ikasturterako aurkeztutako plangintza zorrotza da, baina, aldi berean, egingarria. Errubriken batukaria. Gehienez ere 2 puntu.

– Deialdi honen xede den ikasturterako aurkeztutako plangintzak dauden arriskuak identifikatzen ditu, bai eta, haiek gauzatzen badira, egin beharreko ekintzak ere. Gehienez ere 3 puntu.

g) Beharrezko baliabideen eta proposatutako helburuen arteko koherentzia: azken balorazioaren % 15.

0tik 10era baloratuko dira proiektuak, errubrika hauei jarraituz (guztizko balorazioa justifikatutako errubriken batura izango da):

– Eskatutako giza baliabideen eta ezarritako helburu espezifikoen arteko optimizazioa baloratzen da. Gehienez ere 2 puntu.

– Beharrezko diren giza baliabideen eta helburu orokorren arteko optimizazioa baloratzen da (espero izandako inpaktua). Gehienez ere 2 puntu.

– Beharrezko diren giza baliabideen eta proiektuaren norainokoaren eta eskalagarritasunaren arteko optimizazioa baloratzen da. Gehienez ere 2 puntu.

– Ikastetxearen konpromisoa. Gehienez ere 4 puntu.

4.– Irizpide bakoitzeko puntuazioak 1etik 10era bitarteko eskala batean adieraziko dira, dezimalik gabe: puntuaziorik txikienari 1 dagokio, eta, handienari, 10. Proiektu bakoitzaren azken balorazioa irizpideotako bakoitzean lortutako puntuazioen batuketa haztatuaren bitartez lortuko da.

5.– Lankidetzako proiektuak batera baloratuko dira. Lankidetzako proiektu bat aukeratuko balitz, dagokien dirulaguntza banan-banan eman eta ordainduko zaie kideei, bakoitzak justifikatzen dituen eta bakoitzari egotz dakizkiokeen gastuen arabera.

11. artikulua.– Prozedura izapidetzea.

1.– Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzak izango du laguntzak emateko prozedura bideratzeko eskumena.

2.– Balorazio-batzorde bakar bat eratuko da aurkeztutako eskabideak aztertu, ebaluatu eta hautatzeko; kide anitzeko organo gisa jardungo du, eta hauek izango dira kideak:

a) Batzordeburua: Rikardo Lamadrid Intxaurraga jauna, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria.

b) Bokalak:

M.Ş José Barriola Baraibar andrea, TKNIKA EAEko Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroko arloko zuzendaria.

Juan Carlos Molinero Montes jauna, TKNIKA EAEko Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroko arloko zuzendaria.

Laura Oleaga Pérez de Mendiguren andrea, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzako teknikaria; idazkari-lanak egingo ditu, eta hitza izango du, baina botorik ez.

3.– Balorazio-batzordeak, aurkeztutako eskabideak ebaluatutakoan, ebazpenaren behin-behineko proposamena egingo du, behar bezala arrazoitua. Proposamen hori agindu honen 8. artikuluan ezarritako baliabide elektronikoez jakinaraziko zaie eskatzaileei, eta 10 egun naturaleko epea emango zaie, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, egokitzat jotzen dituzten alegazioak aurkezteko edo, baldin eta proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa eskatutakoa baino txikiagoa bada, eskabidea berriro egin ahal izateko, hain zuen ere konpromisoak eta baldintzak egokitzeko eman daitekeen dirulaguntzara. Hamar egun naturaleko epea igarotzen bada jakinarazpenaren edukira sartu gabe, jakinarazpena baztertutzat joko da, eta, prozedurari jarraikiz, izapidea gauzatutzat joko da, salbu eta, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, horra sartzea teknikoki edo materialki ezinezkoa dela egiaztatzen bada.

4.– Nolanahi ere, eskabideak berriro egitean, dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua ez ezik, ezarritako balorazio-irizpideak ere bete beharko dituzte.

5.– Aurkeztutako alegazioak eta eskabideak berriro formulatzeko proposamenak aztertuta, balorazio-batzordeak ebazpenaren behin betiko proposamena egingo du, dirulaguntza ematea proposatutako eskatzailea edo eskatzaileen zerrenda adierazita, bai eta zenbatekoa ere, eta horretarako jarraitutako ebaluazioa eta balorazio-irizpideak zehaztuko ditu proposamen horrek. Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak, organo izapidegile gisa, Lanbide Heziketako sailburuordeari bidaliko dio proposamen hori, ondoren ebazpena eman dezan.

6.– Ebazpenaren behin-behineko eta behin betiko proposamenek ez dute eskubiderik sortzen, aipatutako proposamenean onuradun gisa ageri diren pertsonen alde, harik eta laguntza emateko ebazpena jakinarazten zaien arte.

12. artikulua.– Ebazteko, jakinarazteko eta publikotasuna emateko prozedura.

1.– Deialdi honetan aurkeztutako eskabideak hiru prozeduratan izapidetuko dira, eta, horiek ebaztea, interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita, Lanbide Heziketako sailburuordeari dagokio, balorazio-batzordeak proposatuta.

2.– Hartzen den ebazpenak erabakiko du eskatutako dirulaguntzak emango diren ala, hala badagokio, ukatu egingo diren; lehenengo egoeran, adierazi behar dira pertsona edo erakunde onuradunaren izena edo izen soziala, zer ikastetxe den, zer proiektu finantzatu den, eta zenbateko dirulaguntza eman zaion. Horrez gain, nortasunik gabeko elkarteak badira, idatziz adieraziko dira elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Ukatutako eskabideei dagokienez, eskatzaileen izena edo izen soziala eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko du ebazpenak.

3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta interesdunek, horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera.

4.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei; halere, eta herritarrak jakitun izan daitezen, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da onuradunen zerrenda, eta adieraziko dira ikastetxea, finantzatutako proiektua eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.– Prozedura ebazteko eta ebazpena pertsona interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilekoa izango da, deialdiaren agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutako ondoreetarako.

6.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak amaituta egotea.

13. artikulua.– Justifikazioa.

1.– Dirulaguntzen justifikazioa Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoaren arabera egingo da; zehazki, agindu honen xede diren dirulaguntzen onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, 2021eko irailaren 10a baino lehen:

a) V. eranskina, proiektuaren amaierako memoria, non, besteak beste, alderdi hauei buruzko informazioa jasoko baita: programatutako helburuak zenbateraino lortu diren; proiektuaren bilakaera, kontrol-prozesua eta jarraipena; hobetzeko proposamenak; lortutako eraginaren ebaluazioa, eta garatutako transferentzia-ekintza eta -baliabideak.

b) Ordezko irakasleen lan-kontratuaren kopia autentikoa, 4.1.a) artikuluan aurreikusitako kasuan bakarrik.

c) Agindu honen 4.2 artikuluan ezarritako diruz lagundu daitekeen gastuaren estaldura-aldia osoari dagozkion ordezko irakasleen nominen kopia autentikoa.

2.– Justifikazio horiek aurkezteko, Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoaren bitarteko elektronikoak erabili beharko dira, honako helbide honetako Nire Karpeta atalaren bitartez:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Lankidetzako proiektuak badira, ordezkari edo ahaldun bakar gisa izendatutako pertsonaren ardura izango da jasotako dirulaguntza osoa justifikatzeko dokumentazioa aurkeztea. Horretarako, proiektuan parte hartzen duen kide bakoitzaren gastu diruz lagungarriak justifikatzeko dokumentazioa bildu beharko du.

4.– Diruz lagundutako zenbateko osoa eskuratzeko, ordezko langileak kontratatzeari egotz dakizkiokeen kostuak jasotako zenbatekoa baino handiagoak edo parekoak izan behar dira.

14. artikulua.– Dirulaguntzen ordainketa.

1.– Dirulaguntzak hiru zatitan ordainduko dira, honako era honetan:

a) Lehenengo ordainketan, onuradun bakoitzari emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 ordainduko da, eta 17.1 artikuluan adierazten den epea bukatutakoan ordainduko da, baldin eta bitarte horretan dirulaguntzari uko egin ez bazaio, eta, betiere, 2020ko urriaren 30a baino lehen III. eranskina (Liberatutako eta ordezko irakasleen ordu-dedikazioaren ziurtagiria) aurkeztu ondoren. Ziurtagiriarekin batera, Hezkuntza Jardueren Dokumentua (HJD) erantsiko da, bertsio itxian, behar bezala beteta eta ikastetxeko zuzendariak sinatuta. Bertan adieraziko da, «Berrikuntza- eta ekintzailetza-proiektu» gisa, diruz lagundutako proiektuan aritzen diren irakasle titular eta ordezkoen liberazioa.

b) Bigarren ordainketan, onuradun bakoitzari emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren % 60 ordainduko da, 2021eko ekitaldian, proiektuaren % 50 garatu ostean, betiere Lanbide Heziketako Sailburuordetzak aldeko ebaluazio-txostena egiten badu, eta ordezko irakasleen gastuen zerrenda 2021eko apirilaren 1ean aurkeztuta badago (IV. eranskina).

c) Hirugarren ordainketan, gainerakoa ordainduko da; hots, gainerako % 20a, diruz lagundutako proiektua amaitutakoan, izandako gastu guztiak justifikatu eta aurreko artikuluko apartatu guztiak bete ostean.

2.– Hautatutakoak lankidetza-proiektuak badira, proiektua lankidetzan sortu eta garatu duten erakunde guztiei banan-banan eman eta ordainduko zaizkie dagozkien zenbatekoak.

15. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasuak nahiko arrazoi izango dira dirulaguntzak ezeztatzeko eta berandutze-interesekin batera itzularazteko, dirulaguntza ordaintzen denetik itzularaztea egokia dela erabaki arteko interesak, hain zuzen ere. Horretarako, egoki ikusten dituen egiaztapenak egiteko eskumena izango du Hezkuntza Sailak.

2.– Dirulaguntza emateko kontuan izan ziren baldintzak betetzen ez badira, jasotako dirua (guztia edo zati bat) eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio. Hala ezartzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeen eta horiek itzultzearen erregimen orokorra arautzen duen 698/1991 Dekretuak.

3.– Lehen esandakoa alde batera utzi gabe, dirulaguntza emateko kontuan izan ziren baldintzetan aldaketaren bat gertatzen bada, dirulaguntza emateko ebazpena ere aldatu egin ahal izango da, betiere agindu honetan onuradun izateko ezarritako baldintzak betetzen badira.

4.– Justifikazioa aurkezten ez bada, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan azaldutako kausaren bat jazoz gero, dirulaguntza osorik edo zati bat kobratzeko eskubidea galduko da.

16. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jasoz gero, horren berri eman beharko da. Izan ere, gainfinantzaketarik gertatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.

2.– Betiere, 2020-2021 ikasturtean, ezingo dira bateratu deialdi honen bidez diruz lagundutako proiektuetan parte hartzen duten irakasleen liberazio osoa edo partziala finantzatzeko jasotako dirulaguntzak eta Hezkuntza Sailaren beste laguntza edo dirulaguntza batzuk, edozein dela ere horiek gauzatzeko baliatutako tresna juridikoa.

17. artikulua.– Jarduera egiteko baldintzak eta onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradunek, proiektua egiteko, baldintza eta betebehar hauek hartu beharko dituzte kontuan:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Horretarako, dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hamabost eguneko epean onuradunek berariaz eta idatziz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

2.– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko dute.

3.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzari justifikatzea deialdian ezarritako betekizunak eta baldintzak betetzen dituztela.

4.– Jasotako funtsak zertarako erabili diren frogatzen duten agiriak gordetzea, baita elektronikoak ere, baldin eta egiaztatu eta kontrolatu ahal badira.

5.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman beharko diete, beren jardunean ari direla, deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz eskatzen dieten informazioa.

6.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatutatik agindu honetako helburu bererako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.

7.– Laguntza ematerakoan kontuan izandako gorabeheraren bat aldatzen bada, horren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.

8.– Diruz lagundutako proiektu bakoitzaren kontrolaren, jarraipenaren eta ebaluazioaren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari, dela zuzenean, dela TKNIKA Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroaren bitartez.

9.– Jasotako dirulaguntzen berri emateko neurriak hartzea. Neurri horien euskarrietan –informatikoetan zein bestelakoetan– adierazpen hau sartzera mugatuko dira: «Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzak finantzatutako jarduera».

10.– Onuradunek eskatutako jarduera amaitu arte mantendu beharko dute jarduera horretarako liberatutako irakaslea. Justifikatutako arrazoiak direla-eta pertsona horrek ezin badu proiektua amaitu arte jarraitu, ikastetxeak hura ordezteko baimena eskatuko dio Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari, haren onespena lortzeko, eta proiektuaren ardura bere gain hartuko duen pertsonari buruzko datuak adierazi beharko ditu, bai eta aldaketaren arrazoia ere.

11.– Dirulaguntza jaso duten onuradun guztiek eskola-ordurik gabe utzi beharko dute liberatutako irakaslea proiektuaren fitxan adierazitako astegunetan. Egoera hori Hezkuntza Jardueren Dokumentuaren (HJD) bertsio itxian jaso behar da, «ProyVPVFP» gisa.

12.– Honako hauetan xedatutako betebehar guztiak betetzea: dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikulua.

18. artikulua.– Datuak babestea.

1.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat etorriz, dirulaguntzen arloan eskumena duen zuzendaritzak tratatuko ditu eskabideetako eta kapitulu honek aipatzen dituen prozeduretan aurkeztutako dokumentazioko datu pertsonalak, hura baita datuen tratamenduaren «arduraduna». Datu pertsonalen tratamendu horren xedea da deialdi hau kudeatzea eta ebaztea, datu horien interes publikoan eta horietan parte hartzeko eskabidean oinarritutako xedea.

Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta transferitzeko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, bai eta datuak tratatuak izateko mugak ezartzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubidea ere. Horretarako, idazki bat igorri behar dute Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzara (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

2.– Berrikuntza-proiektuetan parte hartzeak berekin dakar Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari baimena ematea beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako agiriak egiazkoak direla.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honetan araututako dirulaguntzei honako hauetan xedatutakoa aplikatuko zaie: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean argitaratu hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 29a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
ESKABIDE-EREDUA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
PROIEKTUAREN FITXA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
LIBERATUTAKO ETA ORDEZKO IRAKASLEEN ORDU-DEDIKAZIOAREN ZIURTAGIRIA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
JASOTAKO DIRULAGUNTZARI EGOTZ DAKIZKIOKEEN GASTUEN LABURPENA
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
PROIEKTUAREN AMAIERAKO MEMORIA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala