Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

109. zk., 2020ko ekainaren 5a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
2201

EBAZPENA, 2020ko ekainaren 2koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariarena, zeinaren bidez aldatzen baita 2019ko abenduaren 12ko Ebazpena, 2020. urterako ehiztatzeko gaitasun-azterketetarako deialdia egiten duena.

Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren 2019ko abenduaren 12ko Ebazpena 2020ko urtarrilaren 9an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (5. zk.); ebazpen horren bidez iragarri zen 2020. urterako ehizatzeko gaitasun-azterketetarako deialdia.

Ebazpenaren hirugarren ebatziak ezartzen du ekaineko probarako eskabideak aurkezteko epea 2020ko apirilaren 20an hasi eta 2020ko maiatzaren 22an amaituko dela, biak barne.

Halaber, bosgarren ebatziaren b) atalean ezartzen da ekaineko azterketa egiteko tokia, eguna eta ordua; hain zuzen ere, adierazten da proba egingo dela 2020ko ekainaren 13an, 10:00etan, Letren Fakultateko Gela Nagusian, Vitoria-Gasteizko Unibertsitateko ibilbidea, 5.

COVID-19ak eragin du aurrekaririk gabeko osasun-alerta eta Espainiako Gobernuak alarma-egoera deklaratzea martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera hori kudeatzeko. Dekretuak ezartzen dituen neurrien artean, herritarren osasuna babesteko eta gaixotasunaren hedapena geldiarazteko neurriak daude, bai eta sektore publikoko erakundeen prozedurak izapidetzeko epe-mugak eta administrazio-epeak etetea ere (hirugarren xedapen gehigarria).

Testuinguru horretan, sortutako ezohiko eta egoera larri horren ondorioz, beharrezkoa da bigarren probarako eskaera aurkezteko epea aldatzea, Errege Dekretuak ezarritako epe administratiboen etendura dela-eta, eta azterketaren data aldatzea, birusa ez zabaltzeko beharrezko neurriak betetzen direla bermatzeko eta azterketa egingo duten pertsonen osasuna zaintzeko.

Adierazitakoa kontuan hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren 2019ko abenduaren 12ko Ebazpenaren hirugarren ebatziaren bigarren tartekia aldatzea; ebazpen horren bidez iragartzen da 2020. urterako ehizatzeko gaitasun-azterketetarako deialdia. Aldatutako ebatzia honela idatzita geratzen da:

«Hirugarrena.– Iraileko probarako eskabideak aurkezteko epea 2020ko uztailaren 16an hasi eta 2020ko uztailaren 30ean amaituko da, biak barne».

Aurrekoa gorabehera, eskabidea 2020ko apirilaren 20tik maiatzaren 22ra bitartean (biak barne) aurkeztu duten pertsonak proban inskribatutzat joko dira, eta ez dute izapide osagarririk egin beharko.

Bigarrena.– Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren 2019ko abenduaren 12ko Ebazpenaren bosgarren ebatziaren b) atala aldatzea; ebazpen horren bidez iragartzen da 2020. urterako ehizatzeko gaitasun-azterketetarako deialdia. Aldatutako ebatzia honela idatzita geratzen da:

«Bosgarrena.– Azterketak egiteko tokia, eguna eta ordua honako hauek izango dira:

b) Iraileko proba:

Eguna: 2020ko irailaren 19a.

Ordua: 10:00ak.

Tokia: Letren Fakultatea (Areto Nagusia).

Unibertsitateko ibilbidea 5.

Vitoria-Gasteiz».

Hirugarrena.– Agindu honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 2a.

Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendaria,

JORGE GARBISU BUESA.


Azterketa dokumentala