Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

104. zk., 2020ko maiatzaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
2090

EBAZPENA, 2019ko abenduaren 30ekoa, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariarena, zeinaren bidez eman eta ukatu egiten baitira Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2019ko ekainaren 17ko Aginduaren babesean 2019ko ekitaldian eskatutako laguntzak. Agindu haren bidez onartzen da nekazaritza-, elikagaigintza-produktuak eta arrantzaren eta akuikulturaren deribatuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntzen deialdia, «Lehiatu Berria programa».

Ikusi dira Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2019ko ekainaren 17ko Aginduaren babesean 2019ko ekitaldian aurkeztutako laguntza-eskaerak (agindu horren bidez 2019ko ekitaldirako deialdia egiten da nekazaritza- eta elikagaigintza-produktuak eta arrantzaren eta akuikulturaren deribatuak eraldatzeko eta merkaturatzeko dirulaguntzak emateko, «Lehiatu Berria programa». Eskaera horiek eta eskaerekin batera aurkeztutako dokumentazioa ebazpen honen I. II. eta III. eranskinetan zerrendatuta daude, eta eranskinetan adierazita daude haien espediente-zenbakiak.

Kontuan hartu da Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidez (LGENF) landa-garapenerako laguntzeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseilu Europarraren 1305/2013 Erregelamenduak (EB) ezartzen dituela Europar Batasunak Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidez finantzatutako landa-garapenarentzako laguntza arautzeko arau orokorrak. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, 2015-2020 epealdirako Landa Garapenerako Programa onartu da Batzordearen 2015eko maiatzaren 26ko C(2015)3479 Erabakiaren bidez, neurri horiek garatzeko.

Kontuan hartu da Itsas eta Arrantzarako Europako Funtsari (IAEF) buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 508/2014 Erregelamenduak (EB) ezartzen duela arrantza- eta akuikultura-produktuei emateko laguntzen esparruko erreferentziazko erkidegoko arau-markoa. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Espainiako arrantza-sektorerako Arrantzarako Europako Funtsaren (AEF) Programa Eragilea aplikatu behar zaio, Europako Batzordearen 2015eko azaroaren 13ko Egikaritze Erabakiaren bidez onartu zena.

Kontuan hartu da Balorazio Batzordeak egindako ebazpen-proposamena. Batzorde hori deialdia egiten duen Aginduaren 10.2 oinarria aplikatuta eratu zen eta Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren 2019ko azaroaren 29ko Ebazpenaren bidez izendatu zen.

Kontuan hartu da ezen, Balorazio Batzordeak ebazpen-proposamena prestatzeko, aintzat hartu direla Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2019ko ekainaren 17ko Aginduan ezarritako balorazio- eta hautaketa-irizpide objektiboak.

Azaldutako guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ebazpen honen I. eranskinean zerrendatutako eskatzaileei nekazaritza- eta elikagaigintza-produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntzak ematea, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2019ko ekainaren 17ko Aginduan jasotakoen artetik. Eranskin horretan, diruz lagundu daitekeen inbertsioaren edo gastuaren zenbatekoa eta zuzeneko laguntza gisa diruz lagundutako kopurua zehaztuko dira. Guztizko zenbatekoa 10.828.648,36 eurokoa da, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuen kargura finantzatu da, aipatutako aginduaren II., III. eta V. kapituluetan.

Bigarrena.– Ebazpen honen II. eranskinean zerrendatutako eskatzaileei arrantzaren eta akuikulturaren produktu deribatuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntzak ematea, eta laguntza horiek Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuen eta Itsas eta Arrantzarako Europako Funtsaren kargura finantzatuko dira. Aipatutako eranskinean, hauta daitekeen gastuaren zenbatekoa eta zuzeneko dirulaguntza gisa diruz lagundutako zenbatekoa zehaztuko dira, eta zenbateko osoa, IV. kapituluari dagokiona, 1.750.441,36 eurokoa izango da.

Hirugarrena.– Ebazpen honetan III. eranskinean zerrendatutako eskatzaileei ez ematea nekazaritza- elikagaigintza-produktuak eta arrantzaren eta akuikulturaren deribatuak produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko dirulaguntzak, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2019ko ekainaren 17ko Aginduan jasotakoak.

Laugarrena.– Inbertsioak egiteko epea ordainketa-kreditua edo konpromisoa eman den aurrekontu-ekitaldian amaituko da, eta, hala badagokio, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2019ko ekainaren 17ko Aginduaren hamazazpigarren oinarrian ezarritako gehieneko epean luzatuko dira.

Enpresak aurkeztutako inbertsio-egutegiaren arabera eta Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2019ko ekainaren 17ko Aginduak ezarritakoari jarraikiz ordainduko da dirulaguntza.

Luzapena deialdia egiten duen Aginduaren I. eranskinaren 17.5 oinarrian ezarritakoaren arabera eskatu behar da, edo, epe hori amaitu bada, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo hilabetearen barruan. Dirulaguntza eman eta hurrengo ekitaldian inbertsioak egiteko eskatu beharko da, edo, bi urteko proiektuen kasuan, azken zatirako, betiere deialdia egiten duen Aginduan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira eta laguntza emateko helburuari eusten bazaio.

Inbertsioak ez badira egiten gehieneko epeen barruan, ezta epeen luzapenean ere, edo inbertsioa egin izana egiaztatzeko agiriak aurkezteko epe barruan ez badira aurkezten, aurreko ataletan ezarritako dirulaguntza hartzeko eskubidea galduko dute onuradunek, eta, hala badagokio, abian jarriko da Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2019ko ekainaren 17ko Aginduaren hamazazpigarren artikuluan xedatutako itzulera-prozedura.

Era berean, laguntza ematen zaion inbertsio-proiektua betetzen ez bada, edo laguntza ematea ekarri duten baldintzak eta betebeharrak betetzen ez badira, eta batez ere, laguntza jaso duten inbertsioei inbertsioa egin eta ondorengo zazpi urteetan –ondasun materialentzat (makinaria eta lanabesak– edo hamar urteetan –ondasun higiezinentzat eta obra zibilarentzat– gutxienez ez bazaie eusten, edo inbertsioak beste helburu batzuetarako erabiltzen badira, laguntzak eten egingo dira, eta, eskuratutako kopuruak itzuli beharko dira.

Bosgarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak, 121. eta 122. artikuluetan zehaztutakoarekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduaren 30a.

Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria,

PELI MANTEROLA ARTETA.

I. ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO AURREKONTU OROKORREN KONTURA EMANDAKO DIRULAGUNTZAK
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN AURREKONTU OROKORRAREN ETA ITSAS ETA ARRANTZAKO EUROPAKO FUNTSAREN (IAEF) KONTURA EMANDAKO DIRULAGUNTZAK
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
UKATUTAKO ESKABIDEAK
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala