Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

95. zk., 2020ko maiatzaren 20a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
2002

AGINDUA, 2020ko apirilaren 30ekoa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baitira lurralde-proiektu turistikoetarako laguntzak, eta haien deialdia iragartzen, 2020ko ekitaldirako.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 2017-2020 Plan Estrategikoaren barruan garatutako ildo estrategikoak, Sailaren turismo-arloko jarduna bideratzen dutenak, inspirazio-iturri izan dira Euskadiko Turismoaren 2030eko Estrategia eta haren barruko 2017-2020 aldirako Gida Plana prestatzeko. Hauek dira ildo horiek:

1.– Turismo-eskaintza aparta garatzea.

2.– Turistak erakartzea eta fidelizatzea.

3.– Tokiko komunitatearentzako balioa sortzea.

4.– Turismo jasangarriari lotutako jardunbideak garatzea.

5.– Sektorearen prestakuntza- eta lehiakortasun-baldintzak bultzatzea.

6.– Lurraldearen turismo-kudeaketaren eredua hobetzea.

7.– Kudeaketa- eta gobernantza-eredu berri bat sustatzea.

«Turismoaren hazkunde sendoa, enplegu gehiago eta hobeekin» helburuak bat egiten du Sailaren turismo-arloak aldi hartarako duen ikuskerarekin:

«Bikaintasun- eta espezializazio-helmuga baten garapena sustatzea, balio handia ekarriko diena turistei eta goraldi jasangarria emango diena EAEko gizarteari, enpresariei, kolaboratzaileei eta ingurumenari».

baita EAEko turismo-industriaren 2030eko ikuskerarekin ere:

«Modu jasangarrian haztea, bikaintasun- eta espezializazio-helmuga gisa sendotzeko, Europa osoan erreferente izateko».

Turismo jasangarriko eredu honek lau zutabe ezinbesteko izango ditu, elkarrekin erlazionatuak, bisitatzen gaituzten pertsonen esperientzia hobetzeko eta gizartearen zati batek turismoari buruz duen pertzepzioa hobetzeko: iraunkortasun ekonomikoa, tokiko komunitatea, ingurune naturala eta kulturala, eta bidaiariak. Helmuga espezializatu bat, ondo egiten dakien gauzetara bideratua dagoena eta gainerako helmugetatik bereizten duena. Eta, azkenik, bikaintasun-helmuga bat, balio erantsi handiko segmentu turistikoen nahasketa bat erakartzeko gaitasuna duena ezaugarri: eguneko gastu handiagoa, egonaldi luzeagoa, eskakizun-maila handiagoa eta ingurunearekiko errespetu handiagoa.

Ikuspegi hori lortzeko, EAEk honako emaitza hauek lortu beharko ditu:

– Hazkunde hobea (gastu eta egonaldi handiagoak, dibertsifikazio handiagoa eta deszentralizazio handiagoa).

– Produktibitate handiagoa (operazio-kostu txikiagoak eta urtarokotasun apalagoa).

– Turismo jasangarria.

Programa honetan diruz laguntzeko moduko jarduketak aurretik aipatu ditugun ildo estrategikoen barruan daude jasota:

1. ildoa: turismo-eskaintza aparta garatzea. EAEk eskaintza erakarri eta errefortzu motibatzaile gisa jokatu dezaketen produktuen eta esperientzien garapena sustatu behar du. Munduko turismoak gero eta joera handiagoa du esperientzia berriak bilatzeko. Hori motibazio handia da, eta, haren gainean, abantaila lehiakor bat eraiki daiteke. Ondare natural, historiko eta kulturalean oinarrituta dauden turismo-produktu berezien eta esperientzien eskaintza ona izateak lagunduko du bisitarien batez besteko gastua handitzen, eskaintza urte guztian zehar banatzen eta turismo-fluxuak lurraldean zehar birbanatzen.

2. ildoa: turistak erakartzea eta fidelizatzea. Helburu estrategikoak lortzeko, EAEko 2017-2020 Marketin Planean lehentasunezkotzat hartutako eskaintza-segmentuetara jo beharko du EAEk; segmentu horiek produktu motaren arabera sailkatuta daude (produktu enogastronomikoa, txangoak, ibilaldiak, interes bereziko turismoa, atsedenaldia kostaldean, bilerak, natura, kultura, turismo erlijiosoa eta kirol-turismoa), bezero motara eta bidaiaren motibaziora egokituta daude (enogastronomia, ibilaldiak, city break-ak, kultura eta ekitaldiak, natura eta abentura, eguzkia eta hondartza, eta landa-turismoa), bai eta plan horretan lehentasunezkotzat hartutako merkatuetara ere (nazioartean: Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Italia, AEB, herrialde nordikoak eta Herbehereak; Espainian: Madril, Katalunia, EAE, Andaluzia, Gaztela eta Leon eta Valentziako Erkidegoa).

4. ildoa: Turismo jasangarriari lotutako jardunbideak garatzea. Jasangarritasunaren esparruan, EAEk turismo arduratsuagoa sustatu beharko du bisitarien eta enpresen artean, hau da, ingurumen-jasangarritasuna ez ezik, jasangarritasun soziala, ekonomikoa eta kulturala ere hobetuko duen turismoa.

Hainbat ekintzaren artean, Euskadiko Turismoaren Kode Etikoarekin hartu duen konpromisoa, Turismoaren Mundu Erakundearen arabera (TME), ezinbesteko tresna bat da Garapen Jasangarrirako 2030eko Agendarako, eta lagungarria izango da balioa sortuko duen hazkunde-eredu bat garatzeko; balioa, ez soilik turistentzat, baita natura- eta kultur-ingurunearentzat, herritarrentzat eta enpresentzat ere.

Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak aurkeztu zuen jendaurrean, 2019ko abenduaren 2an egindako ekitaldi batean.

6. ildoa: lurraldearen turismo-kudeaketaren eredua hobetzea. Lurralde-oreka errespetatzen duen turismo-kudeaketaren eredu baterantz jo behar da, kontzentrazio handieneko helmugetako kongestioa arindu, eskaintza urte osoan zehar banatu eta turismo-ahalmena duten helmugetatik urrun dauden beste helmuga batzuetara doazen turismo-fluxuak indartu. Eta hori guztia, ekimen publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzatik eta koordinaziotik, eskualde bakoitzean eta eskualdeen artean.

Aurrekoa kontuan hartuta, eta Turismoari buruzko uztailaren 28ko 13/2016 Legearen 4. eta 5. artikuluekin bat etorriz, laguntza-programa hau Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-eskarirako turismo-politika dibertsifikatua, kalitatezkoa, jasangarria eta erakargarria garatzeko diseinatu da, eta honako hauek dira helburu espezifikoak:

1.– Produktu eta esperientzia turistikoen kopurua handitzea.

2.– Turismo jasangarria eta arduratsua lortzeko eta lehiakortasuna hobetzeko ekintzetan parte hartzen duten enpresen kopurua handitzea (Basquetourrek bultzatzen eta kudeatzen ditu ekintzak).

Laguntza programa honek behar besteko aurrekontu-kreditua du Euskal Autonomia Erkidegoaren 2020. urteko aurrekontu orokorretan, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2020ko otsailaren 3ko Aginduan jasota dago. Agindu horrek Turismo, Merkataritza eta Turismo Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen du.

Covid-19ren hedapenak eragindako krisia laguntza-programa hau izapidetzen ari ginela gertatu da. Testuinguru horretan, EAEko turismo-sektoreari laguntzeko hasitako prozedurarekin jarraitzeaz gain, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren estrategiarekin bat egin behar da, krisi horri sektoreko eragileekin partekatutako erantzun bat emateko.

Covid-19ak sektorean eragin dituen ondorioak arintzeko, programa hau konfinamenduaren osteko fasean kokatzen da, eta ekonomia suspertzea eta jarduera berriz bultzatzea bilatzen du. Pandemiaren hedapenak eragindako ondorioak arintzera bideratutako gainerako premiazko laguntzen osagarri gisa prestatu da, eta Sailak diseinatutako bi aldiko estrategiaren zati da.

Horrenbestez, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak dituen eskumenak baliatuta (honako arau hauek eman dizkiote eskumenak: Turismoari buruzko uztailaren 28ko 13/2016 Legearen 5.2 artikulua; Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren –Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena– 13.1.a) artikulua; Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikulua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua– testu bateginaren 51.2 artikulua), honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da EAEko helmugen erakargarritasuna eta kalitatea hobetuko duten proiektu turistikoak garatzeko 2020ko ekitaldiko laguntza-programaren oinarri arautzaileak ezartzea, turismo-fluxu berriak dinamizatuta, banatuta eta sortuta, baldin eta honako laguntza-ildo hauetan sartzen badira:

– EAEko helmugen erakargarritasuna eta esperientzia turistikoa hobetzen duten turismoko lurralde-proiektuak.

– Helmugen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko proiektuak.

2. artikulua.– Terminoak eta definizioak.

Agindu honi begira, honako definizio hauek finkatu dira:

1.– Turismo-produktua: produktutzat hartuko dira baliabide eta zerbitzu nagusi eta/edo osagarri guztiak, turismo-jardueretan erabiltzeko eta gozatzeko direnak, baldin eta erabiltzaileek jarduera bat edo batzuk egin baditzakete berorietan.

2.– Eskualdeko turismo-lankidetzako erakundeak (aurrerantzean, turismo-lankidetzako erakundeak): beren konstituzioan eta/edo kudeaketan turismo-sektorearekin lotutako erakunde publiko eta pribatuak barne hartzen dituzten erakundeak dira, eta elementu giltzarria dira helmugako garapen turistikorako.

Eragile hauen helburua da, modu koordinatuan eta parte-hartzearen bidez, beren gain hartzea eskualdea helmuga turistiko lehiakor bihurtzeko erronka, horretarako mahai instituzionalak, turismo-mahaiak eta, dagokionean, mahai azpisektorialak baliatuta. Ondorioz, turismo-lankidetzako erakunde bakarra egon daiteke eskualde bakoitzeko.

3.– Hiriburuetan turismoa sustatzeko erakundeak: Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan turismoa sustatzeko ardura duten erakunde publikoak.

4.– Turismo-produktuak kudeatzen dituzten eskualdez gaindiko erakundeak (aurrerantzean, turismo-produktuak kudeatzen dituzten erakundeak): eskualdez gaindiko erakundeak dira, eta bisitariak erakartzeko eta turismo-fluxuak sortzeko ahalmen handia duen baliabide gastronomiko, natural edo kultural jakin bat turismo-produktu gisa abiarazteko, kudeatzeko, sustatzeko eta merkaturatzeko sortu dira.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Turismo-proiektuak garatzen laguntzeko emango diren diru-baliabideak 1.450.000 eurokoak izango dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako irabazi-asmorik gabeko erakunde publiko eta pribatu hauek izango dira onuradunak:

1.1.– Erakunde publikoak (udalak, tokiko erakunde autonomoak, tokiko enpresa-erakunde publikoak eta titulartasun publikoko merkataritza-sozietateak), baldin eta hiriburuen sustapen turistikoaren ardura badute, bai eta eskualdeko turismo-lankidetzako erakundeetako kide ez diren udalerriak ere, baldin eta horiek ez badira existitzen edo ez badira eratu beren esparru geografikoan, betiere toki-erakunde horiek turismo-bulegoen edo informazio-puntu turistikoen titularrak badira, Itourbask EAEko Turismo Bulegoen sarekoak badira eta urte osoan irekita badaude.

1.2.– Erakunde publikoak edo pribatuak (kuadrillak eta mankomunitateak, garapen-agentziak, landa-garapeneko elkarteak, partzuergoak, entitate publiko eta pribatuek eratutako merkataritza-sozietateak eta bestelako erakunde eta elkarteak), baldin eta eskualde-mailan nahiz eskualdez gaindikoan lankidetza turistikorako erakunde edo turismo-produktuak kudeatzen dituzten erakunde gisa jarduten badute.

2.– Erakunde hauek ezingo dira laguntzaren onuradun izan:

– Enpresa taldeak, enpresa-elkarteak, kirol-erakundeak eta Eusko Jaurlaritzari edo foru-aldundiei lotuta edo horien mende dauden eta nortasun juridikoa duten sozietate publikoak.

– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluan ondorio horietarako jasotako kasuren batean daudenak:

● Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.

● Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ez izatea. Baldintza horiek betetzen dituztela egiaztatuko da laguntza eman baino lehen eta ordainketa egin baino lehen.

– Horretarako ezgaitzen dituen legezko debekua duten erakundeak, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoari jarraikiz.

5. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak.

Diruz lagundu daitezke 2020ko ekitaldian proiektu mota hauek garatzeko egiten diren jarduketak:

a) EAEko helmugen erakargarritasuna eta esperientzia turistikoa hobetzen duten turismoko lurralde-proiektuak; haien ezaugarriak, eskakizunak eta baldintzak I. eranskinean zehaztuta daude.

b) Helmugen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko proiektuak; haien ezaugarriak, eskakizunak eta baldintzak II. eranskinean zehaztuta daude.

6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

1.– Oro har esanda, diruz laguntzeko moduko gastutzat joko dira, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluaren arabera, diruz lagundutako jardueraren izaerari inongo zalantzarik gabe erantzuten diotenak, baldin eta behar-beharrezkoak badira eta agindu honetan zehaztutako epean egiten badira. Gastu horiek I. eta II. eranskinetan daude zehaztuta.

Zeharkako zergak ere sartu ahal izango dira, baldin eta azken horiek ezin badira berreskuratu edo konpentsatu.

2.– Onartuko dira 2019ko ekitaldian egindako gastu-aurrerakinak, 2020an egiteko diren jardueretarako badira eta haiek kontratatzeko baldintzek hala eskatzen badute (azoketarako lekuak erreserbatzea, Espainia mailako edo nazioarte mailako sareen kide izateko kuotak, etab.).

3.– Dirulaguntzaren xede diren jarduera guztiak azpikontratatu ahal izango dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta Dirulaguntzen Legearen Erregelamenduaren 68. artikuluan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) ezarritako baldintzetan.

Erakunde onuradunek kontratu txikiak egiten badituzte, ekipamenduen horniduraren edo aholkularitza edo laguntza teknikoaren zerbitzuak emateko, eta diruz lagundu daitekeen zenbatekoa 15.000 eurotik gorakoa bada, erakunde onuradunak, gutxienez, eskaintza bana eskatu beharko die hiru hornitzaileri, zerbitzua kontratatzeko edo ondasuna emateko konpromisoa kontratatu aurretik, salbu eta bere ezaugarri bereziak direla eta merkatuan ez badago zerbitzu hori egiteko, eskaintzeko edo hornitzeko behar beste erakunderik, edo salbu eta gastua dirulaguntza eman aurretik egin bada.

Aurkeztutako eskaintzen artean egindako hautua (justifikazioan aurkeztu beharko dira) efizientzia- eta ekonomia-irizpideekin bat etorriz egin beharko da, eta, betiere, berariaz justifikatu beharko da memoria batean, baldin eta proposamen ekonomiko onenaren alde egiten ez bada.

4.– Dirulaguntza onartu ondoren erakundeari ematen zaizkion funtsen % 70i dagozkion benetako finantza-etekinak dirulaguntzaren zenbatekoari gehituko zaizkio, eta diruz lagundutako jarduerari aplikatu. Horren ondorioz, finantza-etekinen eta emandako dirulaguntzaren baturak jardueraren kostua gainditzen badu, soberakina itzultzeko eskatu ahal izango da. Apartatu hau ez da aplikatuko onuraduna administrazio publiko bat denean.

7. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Diruz lagundutako jarduketa mota bakoitzarentzako laguntzen zenbatekoak I. eta II. eranskinetan daude jasota.

2.– Hona hemen erakunde batek deialdian gehienez jaso ahalko duen dirulaguntzaren zenbatekoa, kontuan hartuta erakundearen jarduketa-eremua eta aurreko apartatuan xedatutakoari jarraikiz:

a) Udalerrien eremuko toki-erakundeak: 40.000 euro; eta, Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuek, 66.500 euro.

b) Eskualdearen edo eskualdez gaindiko eremuan jarduten duten erakundeak: 66.500 euro.

3.– Erakunde batek 35.000 euro jaso ahalko ditu, gehienez, lurralde-proiektu turistikoak planifikatzeko eta kudeatzeko giza baliabideetan egindako gastua (I. eranskineko 2.1 apartatua) eta helmugen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzen duten programetan parte hartzen duten enpresa eta erakundeei laguntzeko gastuak (II. eranskina) ordaintzeko.

8. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honen bidez araututako laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde edo organismo batzuek emandako beste edozein laguntzarekin, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak xede berberarekin kudeatutako hitzarmenen edo aginduen bidez egiten diren laguntzekin izan ezik.

2.– Aurreko apartatuan xedatutakoa alde batera utzita, arau honen babespean emandako zenbatekoak, bere horretan edo beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuk emandako beste dirulaguntza batzuekin batera, eta jarduketa eta/edo inbertsio berberetarako beste edozein diru-sarrera edo baliabiderekin batera, ez du gaindituko laguntza emateko arrazoia den jarduketaren kostua. Horrelako kasuetan, mugaren gainetik geratzen den zenbatekoa kenduko zaio agindu honen bidez emandako laguntzari.

9. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.

Agindu honetan jasotako arauketarekin bat ematen diren laguntzetarako, Basquetour, Turismoaren Euskal Agentzia – Agencia Vasca de Turismo SA honako zeregin hauek bere gain hartuko dituen erakunde laguntzaile izendatu da:

1.– Eskabideak aurkezteko fasean, Basquetourrek Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren esparruan bultzatutako eta kudeatutako jarduketen helmugetan jardungo diren erakundeei buruzko informazioa ematea, eta jakinaraztea horietan inskribatu diren erakundeen, enpresen, baliabideen eta zerbitzu turistikoen kopurua.

2.– Laguntza justifikatzeko fasean, laguntza-programa honen babesean helmuga bakoitzean Euskadiko Turismoaren Kode Etikoari atxiki zaizkien erakundeen kopuruari buruzko informazioa ematea.

10. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eta martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren (Covid-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duenak) hirugarren xedapen gehigarrian ezarritako administrazio-epeen etendurak indarra galtzen duen egunaren biharamunetik hilabete igaro den egunean amaituko da.

2.– Erakundeek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu behar dituzte eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren egoitza elektronikoan (euskadi.eus), helbide hauen bitartez:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1020607/

3.– Eskabidea aurkeztu osteko izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

4.– Erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea. Era berean, eskabidetik eratorritako jarduketetan eta prozedura osoan zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoa betez.

5.– Erakunde eskatzaile bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du, eta bertan jasoko dira agindu honen I. eta II. eranskinetan zerrendatutako diruz lagundu daitezkeen jarduera guztiak. Erakunde batek eskabide bat baino gehiago aurkezten baditu, horietako batean atzera egiteko eskatuko zaio, eta, egiten ez badu, erregistratutako lehen eskabidea onartuko da, eta gainerako guztiak artxibatuko.

6.– Laguntza eskatzeko, interesa duen erakundeak behar bezala bete eta sinatu behar du inprimaki normalizatua (ikus IV. eranskina), Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/) onartutako identifikazio elektronikoko bitartekoren baten bidez, eta artikulu honetan aipatzen diren dokumentazio osagarriak aurkeztu. Sinadura elektronikoaren data hartuko da aurkezpen-datatzat.

7.– Ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, haren izenean bide elektronikoz jardun dezan agindu honi dagozkion prozedura guztietan, eta, horretarako, aukera hauetako bat erabiliko da:

– Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan dagoen Ordezkarien Erregistro Elektronikoa (https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/).

– «Borondatezko lege-ordezkaritza emateko inprimaki arautua» (http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), behar bezala beteta, eta ordezkaritza-ahalordea edo zuzenbide-balioko beste edozein agiri, baldin eta hirugarren pertsona bati ordezkaritza ematen dion erakundearen legezko ordezkari aritzeko zilegitasuna ematen badio.

Ordezkariak (fisikoa nahiz juridikoa) Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio elektronikorako bitartekoren bat izan beharko du.

8.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

11. artikulua.– Eskabidearen eta aurkeztu beharreko beste dokumentazioaren edukia.

1.– Inprimaki normalizatuan erakundearen datu orokorrak idatzi beharko dira, eta langileen datuak sexuaren arabera bereizita jaso beharko dira. Era berean, proiektuak aztertzeko eta laguntzak kalkulatzeko behar den informazioa eman beharko da. Gainera, eskabide horretan jasota dagoen informazioaren egiazkotasunari buruzko erantzukizunpeko adierazpena ere jasoko du. Aipatutako informazioa honako hau da:

– Laguntza jaso duen pertsonaren edo erakundearen izaerari dagokionez:

● Pertsona edo erakundea ez dago Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatzen diren gainerako egoeretan (egoera horiek eragotzi egiten dute pertsona edo erakunde onuradun izatea).

– Zehapenei dagokienez:

● Ez dauka dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penal edo administratibo irmorik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

● Erakundearen kontra dirua itzultzeko edo zehatzeko prozedurarik dagoen edo ez, Administrazio Orokorrak edo Euskal Autonomia Erkidegoak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan.

– Bestelako laguntza batzuei dagokienez:

● Proiektu bererako beste erakunde publiko edo pribatuei eskatutako edo haiengandik jasotako laguntzak.

● Agindu honetan ezarritako zenbatekoak, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako beste dirulaguntza batzuekin batera, dirulaguntza emateko xede den jarduketaren kostua baino altuagoa bada, eskatzaileak konpromisoa hartzen du egoera horren berri emateko.

– Emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez:

● Ez dago zigortuta dirulaguntzen eta laguntza publikoen onuradun izateko debekuarekin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 24.2 artikuluaren arabera.

● Emakumeen eta gizonen egiazko berdintasuna bermatzeko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoa betetzen du.

● Konpromisoa hartzen du Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen 2.3 artikuluak administrazioarekin laguntzak kontratatzen, hitzartzen edo handik laguntzak jasotzen dituzten erakundeei ezarritako betebeharrak bere gain hartzeko. Hauek dira betebehar horiek: tratu-berdintasunaren, aukera-berdintasunaren eta langileen aniztasunarekiko eta desberdintasunarekiko errespetuaren printzipioak betez jardutea; estatistika eta azterketak egokitzea; edozein motatako hizkuntzaren erabilera ez-sexista egitea euskarri guztietan, eta zuzendaritza-organoetan eta kide anitzeko organoetan gaitasun, prestakuntza eta ahalmen egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua edukitzea.

– Eskabideko datuei dagokienez:

● Erakundearen organo eskudunak erabaki du jarduketak laguntza-programa honen deialdira aurkezten diren bezala onestea eta finantzaketa-konpromisoa onartzea diruz lagundu ezin daitekeen zatiarentzat.

● Betetzen ditu deialdia arautzen duten oinarrietan ezarritako betekizunak.

● Egiazkoak dira eskabideko datu guztiak eta aurkeztutako dokumentazioa, eta norbere gain hartzen du dagokion erantzukizuna (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua).

Erantzukizunpeko adierazpen batean jasotzen den datu edo informazioren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari ez bazaio erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu, deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa ezinezkoa izango da dena delako eskubidea baliatzen edo jarduera egiten jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikulua).

2.– Eskabideekin batera, gainera, ondoren zehazten den dokumentazio digitalizatua aurkeztu beharko da:

● Ekintza-plan bat turismo-produktu bakoitzeko, alderdi hauek bilduko dituena: ekintza-planaren testuingurua, helburuak, laguntzaren helburu izango diren jardueren deskribapena eta aurrekontu banakatua, plana garatzeko behar diren baliabideak, kronograma eta ebaluazio-adierazleak.

● Dirulaguntzaren xede den proiektuaren tipologia ez badator bat turismoaren arloko sailburuordetza eskudunak Basquetourren bidez garatzen dituenekin, erakunde eskatzaileak horretarako egindako produktuaren plana aurkeztu beharko da, eta horrek agindu honen I. eranskinaren 3. apartatuan jasotako gutxieneko edukiak izan beharko ditu.

● Lankidetza turistikorako erakundeak: akten kopia, laguntza-eskabidean aurkeztutako proiektuei buruz hartu diren erabakiak jasotzen dituena.

● Turismo-produktuak kudeatzen dituzten erakundean: akten kopia, laguntza-eskabidean aurkeztutako proiektuei buruz hartu diren erabakiak jasotzen dituena.

3.– Ez da nahitaezkoa izango erakunde interesdunek aurretik edozein administrazioren aurrean aurkeztu dituzten dokumentuak aurkeztea, betiere adierazten badute noiz eta zer administraziotan aurkeztu zituzten. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak ofizioz bilduko ditu datu edo dokumentu horiek, erakunde eskatzaileak espresuki horretarako baimena ukatzen ez badu. Materiala dela eta ezinezkoa bada agiria zuzenean eskuratzea, organo kudeatzaileak agiri hori aurkezteko eskatu ahal izango dio erakunde eskatzaileari, edo, aurkeztu ezin badu, agirian aipatzen diren eskakizunak beste modu batez egiazta ditzala.

4.– Dirulaguntzak eskatzen dituzten pertsonek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, dirulaguntza eman baino lehen eta laguntza horren ordainketak egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz eragotzi ahalko du informazio hori egiaztatzea, eta, halakorik egiten badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

5.– Era berean, ez da beharrezkoa izango aurkeztea Basquetourrek eman dezakeen dokumentazioa, hots, erakunde horrek garatutako jardunbide egokien programak gainditu dituzten erakundeen zerrenda.

12. artikulua.– Aurkeztutako eskabideak zuzentzea.

1.– Eskabidea guztiz bete ez bada, edo aurreko artikuluan aipatutako nahitaezko dokumentazioarekin batera aurkeztu ez bada, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko lurralde-bulegoetako Turismoaren arloko teknikariek entitate eskatzaileari 10 eguneko epea emango diote akatsa zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak bidaltzeko; era berean, hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela adieraziko dio. Epe hori igarota, zuzenketak egin ez badira, dagokion ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoaren arabera.

2.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zer egun eta ordutan jakinarazi zaion jakinarazi beharreko egintza interesdunari, baita hura noiz sartu den jakinarazpen horren edukira ere; une horretatik aurrera, egintzat emango da jakinarazpena. Jasota baldin badago interesdunaren eskura jarri dela, eta hamar egun natural igarotzen badira interesduna edukira sartu gabe, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertuko da eta, prozedurari jarraituz, izapidea egintzat joko da, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela jakinarazpenera sartzea.

13. artikulua.– Esleitzeko prozedura.

1.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko lurralde-bulegoetako teknikariek epean aurkeztutako eskabideak aztertuko dituzte, eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko. Eskabide guztiak behar bezala ulertu eta ebaluatzeko, behar adina agiri edo informazio eskatu ahal izango diete erakunde eskatzaileari eta Basquetourri.

2.– Azterketa horren emaitza txosten batean jasoko da (eskabide bakoitzeko txosten bat). Txosten horretan zehaztuko da zer gastu diren hautagarriak eta zer ez, eta hautagarriak ez diren gastuak arrazoitu beharko dira, bai eta agindu honen 7. artikuluan eta I. eta II. eranskinetan adierazitako mugen arabera eman beharreko dirulaguntzaren (dirulaguntza teorikoa) ehunekoak eta gehieneko zenbatekoak ere.

3.– Gero, egindako txostenak eta programara bideratutako zuzkidura ekonomikoa ikusita, turismoaren eta ostalaritzaren arloan eskumena duen zuzendaritzako antolaketa-arduradunak edo, halakorik ez badago, sustapen-arduradunak ebazpen-proposamen bat bidaliko dio zuzendaritza horretako titularrari.

4.– Baldin eta 3. artikuluan adierazitako zuzkidurarekin nahikoa ez bada 7. artikuluan eta I. eta II. eranskinetan aurreikusitako gehieneko ehunekoetan eta zenbatekoetan aurkeztutako eskabide guztiei erantzuteko, eskatutako baldintzak betetzen dituzten eskabide guztien artean banatuko da zuzkidura hori, haietako bakoitzerako hasieran kalkulatutako kopuruek eskabide guztiak betetzeko behar den guztizko zenbatekoarekiko izango luketen proportzio berean.

14. artikulua.– Laguntzak emateko ebazpena.

1.– Turismoaren eta ostalaritzaren arloan eskumena duen zuzendaritzako titularrari dagokio erakundeek eskatutako laguntzak eman edo ukatzeko administrazio-ebazpena eman eta jakinaraztea; sei hileko epea dute horretarako, urteko deialdia argitaratu eta biharamunetik aurrera. Ebazpen horretan identifikatuko dira erakunde onuradunak, finantzatutako proiektuak eta dagokien zenbatekoa, eta, hala badagokio, laguntza ez emateko arrazoiak.

2.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Turismo eta Merkataritzako sailburuordeari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 122. artikuluan xedatutakoaren arabera. Gora jotzeko errekurtsoa egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» aplikazioaren bidez bakarrik izapidetuko da: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

3.– Sei hilabete igarotzen badira ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, erakunde interesdunak bere eskabidea ezetsi dela ulertu ahal izango du; hala ere, organo eskudunak ebazpena espresuki eman beharra dauka.

4.– Laguntzak emateko ebazpena erakunde interesdun bakoitzari jakinaraziko zaio, banan-banan, bitarteko elektronikoen bidez. Horretaz gain, erakunde esleipendunen eta emandako laguntzen zerrenda argitaratu ahal izango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

5.– Arau honetan aurreikusitako dirulaguntzak erakunde onuradunei emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da bukatuta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz eta halakorik egingo ez balitz horretarako ezarritako borondatezko epearen barruan, indargabetu egingo da baldintzapean emandako laguntza, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik.

15. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Dirulaguntzaren ordainketa Turismoaren arloan eskumena duen zuzendariak aginduko du, eta bi epetan ordainduko da, honela: dirulaguntzaren % 70 emandako laguntza onartu ondoren edo, dagokionean, agindu honen 16.1 artikuluan zehaztutako epea dirulaguntzari espresuki uko egin gabe igarotzen denean, eta gainerako % 30a, egindako gastuen justifikazioa aurkeztu ondoren, hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera.

Aurrerakina ordaintzeko laguntza onartu arren, errekurtsoa aurkeztu ahalko da laguntza onartzen duen ebazpenaren aurka.

2.– Dirulaguntza kobratzeko, eta pertsona edo enpresa onuradunaren bankuko edo izen sozialeko datuak aurretik eman ez badira edo aldatu nahi izanez gero, hirugarrenei alta emateko datuak eman beharko dira, Ogasun eta Ekonomia Sailak ezarritako ereduaren eta prozeduraren arabera (https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/)

«Hirugarrenen alta» dokumentua Hirugarrenen Erregistro Telematikoaren bidez betetzen ez bada, inprimakiarekin batera, identifikazio fiskaleko txartela aurkeztu beharko da.

16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betebeharrez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, dirulaguntzaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean, erakunde onuradunak ukoa idatziz eta espresuki adierazten ez badu, dirulaguntza onartu egiten duela ulertuko da.

2.– Emandako dirulaguntza eskatutako helburua betetzeko bakar-bakarrik erabiltzea, agindu honen 18. artikuluan ezarritakoa aplikatzekoa ez bada behintzat. Horrez gain, laguntzaren xede diren helburuak eta jarduketak bete dituztela justifikatu beharko dute, agindu honetan eta laguntza emateko ebazpenean xedatutakoari jarraikiz.

3.– Beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribaturen eskutik xede berbererako dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortuz gero, horren berri ematea dirulaguntza ematen duen organoari. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori, eta, nolanahi ere, dirulaguntza justifikatzeko agiriekin batera.

4.– Dirulaguntza emateko edozein inguruabar objektibo edo subjektibo aldatzen bada, aldaketa egin aurretik horren berri ematea.

5.– Laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten zereginak aurrera eramanez eskatzen dion informazio oro ematea, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari edota Herri Kontuen EAEko Epaitegiari.

6.– Jasotako funtsak aplikatu direla egiaztatzen duten dokumentuak eta fakturak, dokumentu elektronikoak barne, gutxienez bost urtez gordetzea, diruz lagundutako jardueraren azken justifikazioa egin eta biharamunetik aurrera. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak dokumentu eta faktura horiek egiaztatu edo kontrolatzeko beharra izan dezake.

7.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lankidetza espresuki aipatzea modurik egokienean, diruz lagundutako proiektuaren ezaugarrien arabera eta irizpide hauek betez:

– Irakas-, promozio- eta marketin-euskarriek, beren formatua eta hedabidea edozein dela ere, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren logoa (https://www.euskadi.eus/erakunde-ikurrak-eta-nortasuna/web01-s1ezaleh/eu/) eta Euskadi Basque Country marka turistikoa «Basquexperience» leloarekin erakutsi beharko dute, horri buruzko eskuliburuetan jasotako aplikazioen arabera, salbu eta bidaia-agentziekin edo turismo-preskriptoreekin egindako promozio-ekintzetan erakunde onuradunaren, helmugaren edo produktuaren klubaren logotipoa erabiltzen ez bada Eskuliburu horiek Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bitartez eskatu ahal izango dira (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/), dokumentazioa aurkezteko botoia erabiliz.

– Gainera, hala badagokio, webgunean, turismoaren webgune ofizialaren banner bat jarri beharko da: www.euskaditurismo.eus

8.– Bere gain hartzea Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 2.3 artikuluan administrazioaren laguntzak jasotzen dituzten edo harekin kontratuak edo hitzarmenak egiten dituzten erakundeei ezarritako betebeharrak. Tratu-berdintasunaren, aukera-berdintasunaren eta langileen aniztasunarekiko eta desberdintasunarekiko errespetuaren printzipioak betez jardutea; estatistika eta azterketak egokitzea; edozein motatako hizkuntzaren erabilera ez-sexista egitea euskarri guztietan, eta zuzendaritza-organoetan eta kide anitzeko organoetan gaitasun, prestakuntza eta ahalmen egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua edukitzea.

9.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko zerbitzu teknikoek egin beharrekotzat jotzen dituzten ikuskaritzei eta egiaztapenei men egitea. Diruz lagundutako jardueren garapen eta betearazpenarekin zerikusia izan dezakete ikuskaritzek eta egiaztapenek, eta erakunde onuradunek eman egin beharko dute horien inguruan eskatzen zaien informazio guztia, baita eskatzen zaien justifikazio-dokumentazio guztia ere.

17. artikulua.– Dirulaguntzen justifikazioa eta azken likidazioa.

1.– Justifikaziora sartzeko eta hori betetzeko, modu bakarra egongo da, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/) «Nire karpeta» aplikazioa erabiltzea.

2.– Baliabide elektronikoen bidez dokumentuak aurkeztuta frogatu beharko du erakunde onuradunak ezarritako baldintzak bete dituela eta laguntza ematean ezarritako helburua lortu duela. Justifikazioa egiteko epea 2021eko urtarrilaren 31n amaituko da.

3.– Ezarritako justifikazio-epea bukatu eta justifikaziorik aurkeztu ez bada, hamabost egun luzaezineko epean aurkezteko eskatuko diote Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko lurralde-bulegoetako teknikariek erakunde onuradunari. Ezarritako epean justifikaziorik aurkeztu ezean, baldintza hori bete gabe geratuko da, eta, ondorioz, ordaindutako dirulaguntza eta berandutze-interesa itzuli beharko dira.

4.– 2. apartatuan zehazten den justifikazio-aldia bukatu aurretik egiaz ordaindutakoa joko da egindako gastutzat.

5.– Dirulaguntzak justifikazio-kontuaren bidez justifikatuko dira, gastu-egiaztagiriak aurkeztuta; dokumentu hauek izango ditu, gutxienez:

– Dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak bete dituztela justifikatzeko jarduera-memoria, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak zehatz-mehatz azalduta.

– Justifikazio-memoria ekonomikoa, egindako jardueraren kostua frogatzen duena. Honako hauek jasoko ditu:

a) Jardueraren gastuen zerrenda sailkatua, enpresa hornitzailearen identifikazioarekin (IFZ eta enpresaren izen soziala), faktura emandako data, kontzeptua eta zenbatekoa (BEZa barne, diruz lagungarria bada) eta ordainketa-eguna. Laguntza aurrekontu baten arabera eman bada, gertatutako desbideratzeen berri eman beharko da. Fakturen koadroa egoitza elektronikoan garatu eta emandako ereduaren arabera beteko da: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

b) Jatorrizko fakturek (elektronikoak izan daitezke), merkataritzako trafiko juridikoan froga-balio bera duten dokumentuek edo administrazio-eraginkortasuna dutenek bat etorri beharko dute aurreko apartatuan zehaztutakoekin. Bidaia-gastu txikiak justifikatzeko (bidesariak, kilometrajea, hiriko garraioa eta mantenu-gastuak), ordainagirien ordez, posible izango da kontzeptu horregatik egindako gastuen egiaztagiri bat aurkeztea, arduradunaren edo baimendutako pertsonaren sinadurarekin (udal-ikuskatzailea, erakundearen kudeaketa ekonomikoaren arduraduna, etab.), betiere zenbateko hori emandako dirulaguntzaren % 10 baino txikiagoa bada. Diruz lagundutako gastuen kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko.

c) Ordainketa egiaztatzen duen dokumentazioa.

b) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, zenbatekoa eta jatorria ere aipatzen dituena; adieraziko da, halaber, oinarrietan eta ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen dituela, jarduerak egin dituela eta proiektu horren emaitzak lortu dituela –jardueraren azken memoriaren eta justifikazio-kontuaren bidez hala justifikatzen baitu– eta datuak eta aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.

e) Lan-kontratua eta dagozkion nominak, pertsona gaituren bat kontratatzeko dirulaguntza jasotzen den kasuetan.

f) Hala badagokio, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Legearen 31.3 artikuluari jarraikiz eta agindu honen 8.4 artikuluan ezarrita dagoen moduan, erakunde onuradunak eskatu dituen hiru aurrekontuak.

6.– Gainera, kasu guztietan:

– Promoziorako materiala egiteko dirulaguntza eskatu dutenek sortutako material bakoitzaren ale bat aurkeztu beharko dute; materiala Interneten argitaratu bada, helbidearen esteka.

– Dagokionean, bankuko dokumentu bat, dirulaguntza ordaindu zenetik justifikazioa aurkeztu zen egunera arte dirulaguntzaren % 70eko aurrerakinak sortu dituen benetako finantza-etekinak adierazita.

7.– Turismo eta ostalaritzaren arloko teknikariek aurkeztutako dokumentazioa aztertuta egiaztatuko dute diruz lagundutako jarduerak egin direla.

8.– Dokumentazioa egiaztatzerakoan ikusten bada konpon daitezkeen akatsak daudela erakunde onuradunak aurkeztutako egiaztagirian, jakinaren gainean jarriko dute aipatutako langileek, eta hamar eguneko epea emango diote akatsok zuzentzeko.

9.– Dirulaguntzaren behin betiko zenbatekoa likidatzeko, dirulaguntza emateko ebazpenean zehaztutako finantzaketa-ehunekoa aplikatuko zaio erakunde onuradunak benetan ordaindu eta justifikatu dituen gastuei, kontuan izanik agindu honen II. eta III. eranskinetan eta 8. artikuluan ezarritako gehieneko zenbatekoak. Inongo kasutan ezin izango da dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako zenbatekoa gainditu. Era berean, diruz lagundutako jarduketak finantzatzeko beste entitate batzuek emandako laguntzak kontuan hartuko dira, bai eta, hala badagokio, laguntzaren aurrerakinaren finantza-etekinak ere. Dirulaguntzaren azken zenbatekoa ez da inola ere dirulaguntza emateko ebazpenean agertzen dena baino handiagoa izango. I. eranskinean jasotako jardueren justifikazioen zenbatekoak, dirulaguntzaren ehuneko berekoak badira, elkarrekin konpentsatu ahal izango dira, eta ezin izango dute gainditu eranskin horretako jardueretarako onartutako laguntza.

10.– Nolanahi ere, ez badira dirulaguntzaren justifikazioan aurkeztutako gastu guztiak onartzen, eta, horrek emandako dirulaguntza murriztea ekarriko badu, turismo eta ostalaritzaren arloan eskumena duen zuzendaritzako titularrari dagokion dirulaguntzaren likidazioa proposatu baino lehen, hamabost eguneko entzunaldi-izapidea emango zaio erakunde interesdunari, hala badagokio, egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan.

11.– Aipatutako alderdi guztiak egiaztatu dituztenean, izendatutako teknikariek txosten bat emango dute, eta turismo eta ostalaritzaren arloan eskumena duen zuzendaritzako titularrari igorriko diote; bertan, justifikatutako eta onartutako gastuaren arabera, dagokion dirulaguntzaren likidazioa proposatuko da.

18. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira eta beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuetatik beste dirulaguntza batzuk edo bestelako laguntzak jasotzen badira, edota, hala badagokio, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da, betiere ustezko ez-betetzeak estaltzen ez badira, arau honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira eta hirugarrenei kalterik eragiten ez bazaie. Laguntza-programa honen onuradun izateko, gutxieneko baldintza horiek bete behar dira. Baldintzak agindu honen 4. artikuluan daude, eta dirulaguntzak jasotzeko jarduerak, ordea, 5. artikuluan eta I. eta II. eranskinetan. Ondore horietarako, aldatzeko ebazpena emango du turismo eta ostalaritzaren arloan eskumena duen zuzendaritzako titularrak, eta bertan emandako dirulaguntzen zenbatekoak doituko dira.

2.– Aurrekoa gorabehera, aurkeztutako proiektua funtsean aldatzea ez dakarten aldaketak (adibidez, diruz lagundutako turismo-produktuak sortzeko, sustatzeko edo merkaturatzeko aurreikusitako ekintzak antzeko izaera eta helburuak dituzten beste batzuekin ordeztea, dela laguntza-eskabidean aurkeztu eta onartutako baldintzetan egin ezin direlako, dela turismo-aukerengatik) turismo eta ostalaritzaren arloan eskumena duen zuzendaritzari jakinarazi, eta idatziz justifikatu beharko dira, betiere, gutxieneko baldintzak betetzen badira eta eskabideko xedea mantentzen bada. Dena den, ez du dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko.

19. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntza eskatzen duen erakundeak atzera egin dezake bere eskabidean. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Turismo eta ostalaritzaren alorrean eskumena duen zuzendaritzaren titularrak, ebazpen bitartez, erabat onartuko du uko egitea, eta prozedura amaitutzat eman.

2.– Enpresa onuradunak uko egin ahal izango dio emandako laguntzari. Dirulaguntza onartu eta gero egin ahal izango da ukoa. Turismo eta ostalaritzaren arloan eskumena duen zuzendaritzako titularrak, ebazpen bidez, berariaz onartuko du emandako ukoa, eta ordurako ordainketaren bat egin bada, dirulaguntza itzultzeko obligazioa adieraziko du, sortutako interes eta guzti; halaber, amaitutzat emango du prozedura.

20. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Erakunde onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntza emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, edo ez badu laguntza emateko aintzat hartutako xedea, edo dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluarekin eta abenduaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluarekin bat etorriz, laguntza eman zuen organo eskudunak, ez-betetzearen espedientea izapidetu ondoren (interesdunari entzunda), ebazpen bidez, dirulaguntza osoa edo zati bat jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak (guztia edo zati bat, proiektuaren betetze-mailarekiko modu proportzionalean) eta berandutze-interesak, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin eta aipatutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluarekin bat etorriz, hartara eragotzi gabe beste neurri batzuk hartzea. Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Segidan aipatzen den gorabeheraren bat gertatzen bada, dirulaguntza osorik kobratzeko eskubidea galduko da:

a) Diruz lagundutako jarduerak emandako dirulaguntzaren % 25 edo gutxiagoko ehunekoan burutuak izatea guztira.

b) Egiaztagiriak epez kanpo aurkeztea, dagokion errekerimendua egin ostean.

c) Laguntza lortzeko eskatzen diren baldintzak ez betetzea.

3.– Turismo eta ostalaritzaren arloan eskumena duen titularrari dagokio ez-betetzearen espedientea hastea eta ebaztea. Ez-betetzearen espediente hori Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bitartez bakarrik izapidetuko da: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

4.– Prozedura administrazioko arau-hauste izan daitezkeen egitateen ondorioz hasten bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio, behar den zehapen-prozedurari ekin diezaion.

21. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileen datu pertsonalak «Turismo-arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira. Datu pertsonalak honako arau hauen arabera tratatuko dira: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

1.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

2.– Oinarri hauetan jasota ez dagoen guztirako, honako arau hauek aplikatuko dira: 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena; eta, prozedurari dagokionez, 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, betiere agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 30a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

SONIA PÉREZ EZQUERRA.

I. ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO HELMUGEN ERAKARGARRITASUNA ETA ESPERIENTZIA TURISTIKOA HOBETZEN DUTEN TURISMOKO LURRALDE-PROIEKTUAK

1.– Atal honetan oinarrituko dira helburu hauek lortzeko turismo-produktuak sortu, abiarazi, sustatu eta merkaturatzea dakarten proiektuak: EAEko turismo-esperientzia hobetzea; turismo-eskaintza sendotzea eta bereiztea, balio erantsi handiagoa emanez; eta turismo-fluxu berriak indartzea eta sortzea, horrela turismo-kontsumoa urte guztian modu uniformean banatzen laguntzen badute eta turisten batez besteko egonaldia eta gastua handitzen badute. Zeharkakoak izango dira, ahal dela, eta eskualdez gaindiko eragin handiagoa izango dute, eta, horretarako, helmugen arteko lankidetza eta koordinazioa sustatuko da. Ekimen pribatuaren parte-hartzea sustatuko dute fase guztietan, eta, berariaz, merkaturatzean. Halaber, konponbide teknologikoak erabiltzeko joera izango dute, helmugaren, turismo-enpresaren eta bisitariaren arteko elkarreragina ahalbidetzeko.

2.– Diruz lagun daitezkeen proiektuak izango dira Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzak sustatutako gida-planen eta turismo-produktuen arabera –Basquetour SA erakundeari eskatu ahal zaizkio– egiten diren jarduerak; zehazkiago, honako hauek:

2.1.– Turismo enogastronomikoa: turismo enogastronomikoa sustatzeko planaren araberako proiektuak baino ez dira kontuan hartuko, «Euskadi Gastronomika» produktuaren klubaren testuinguruan garatutakoak.

2.2.– Naturarekin lotutako turismoa: honako kategoria hauetan bildutako turismo-produktuei dagozkien proiektuak baino ez dira kontuan hartuko:

2.2.1.– Turismo aktiboa naturan.

– Mendi-ibilaldiak: EAEko mendi-ibilaldien plana.

– Zikloturismoa: EAEko zikloturismo-plana.

2.2.2.– Ekoturismoa: Ekoturismoaren Gida Planarekin bat datozen proiektuek izango dute lehentasuna.

2.3.– Bilera eta pizgarrien turismoa (MICE): Basquetourrek eginiko MICE turismoaren garapen-planarekin bat datozen hiriburuetako proiektuek izango dute lehentasuna.

2.4.– Kultura-turismoa.

– EAEko Done Jakue bideak.

– EAEko Ignaziotar Bidea.

2.5.– Kostaldeko turismoa: EAEko Kostaldearen Gida Planeko eragiketa-planari dagozkion eta ezarritako lan-mahai edo foroetan onartzen diren ekintza guztiak jasoko dira; hala ere, produktu hauei lotutakoek izango dute lehentasuna: Surfing Euskadi, turismo nautikoa eta marinel-kultura.

2.6.– Familia-turismoa: Familia Turismoaren Planarekin bat datozen proiektuak.

2.7.– Esperientzia-programa: III. eranskinean zerrendatutako esperientzia ofizialei dagozkien ekintza guztiak.

2.8.– Turismo industriala: Turismo Industrialaren Gida Planarekin bat datozen proiektuek izango dute lehentasuna.

2.9.– Erosketa arduratsuko turismoa: Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzak abiarazi duen «Erosketa arduratsuko turismoa» estrategiarekin bat datozen ekintzak barne hartuko dira.

3.– Halaber, aurreko atalean identifikatutako planetan ez dauden baina ezarriko diren helmugen turismo-garapenerako estrategikotzat jo daitezkeen beste produktu-mota batzuk (txangoak, ibilaldiak, interes bereziko turismoa, eta abar) sortzeko, garatzeko, sustatzeko eta merkaturatzeko jardunak sustatuko dira, eta, horrela, produktuaren planean justifikatuko dira. Planak honako atal hauek jaso beharko ditu, gutxienez:

– Planaren justifikazioaren diagnostikoa (hala badagokio, eskaintzaren, ahalmenaren eta eskariaren azterketa eta AMIA diagnostikoa identifikatuta).

– Planaren helburuen identifikazioa.

– Turismo-produktuaren definizioa eta ezaugarriak.

– Produktuaren marketin-plana (sustapena eta merkaturatzea).

– Garapen-estrategia (aurreikusitako ekintzak, kronograma, markaren irudia –hala badagokio–, etab.).

– Helburuen lorpenaren amaierako ebaluazioa.

4.– Diruz lagundu ahalko dira, zalantzarik gabe, jarraian adierazitako ardatz bakoitzean zehaztutako jarduerak egiteko behar diren gastuak:

1) Plangintza eta kudeaketa:

– Proiektuak kudeatzeko, horien jarraipena egiteko eta dinamizatzeko giza baliabideak. Diruz lagundu ahal izango da langile kualifikatuak aldi baterako kontratatzeko gastua –laguntza teknikoaren bidez edo obra, zerbitzu edo antzeko kontratu baten bidez–, bai eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 2. artikuluaren arabera «toki-erakundetzat» hartzen ez diren erakundeetako langile finkoen edo egonkorren gastua ere, baldin eta proiektuak kudeatzea, horien jarraipena egitea eta dinamizatzea xede badute.

Onartuko dira, halaber, erakundea Espainiako eta nazioarteko sareetako kide izateari dagozkion gastuak, hala nola kuotak, bidaiak eta ekitaldiak.

2) Produktua sortzea:

– Produktua dinamizatzeko tailerrak. Diruz lagundu ahalko dira produktuaren garapenean interesa duten erakundeek parte hartzen duten tailerren garapenari lotuta dauden gastuak, horiek hobetzen edo sortzen eta gauzatzen laguntzeko, besteak beste: aretoak eta materiala alokatzea, tailerrak garatzeko kanpo-enpresak kontratatzea, etab.

– Jardunbide egokien bidez ezagutza eman dezaketen beste helmuga batzuetara azterketak egiteko bidaiak. Diruz lagundu ahalko dira bidaia-gastuak, ostatuari eta garraioari dagozkienak.

– Proiektua abiaraztea. Diruz lagundu ahalko dira produktuaren inguruan eskaintza antolatzeko aukera ematen duten ekimenak abian jartzearen ondoriozko gastuak, bai eskariaren jokamoldearen azterlanei buruzkoak (Ibiltur estatistika-operazioaren planteamendu metodologikoaren arabera), bai horiek eraginkor bilakatzeko laguntza ematen duten zerbitzuei eta zabalkunderako behar diren euskarriei dagozkienak.

Kanpoko sentsibilizaziorako ekintzak, foroak, jardunaldiak eta EAEko 2017-2020 Marketin Planean lerrokatutako produktuen aurkezpenak. Diruz lagundu ahal izango dira ekintza horiek abiaraztearen ondoriozko gastuak, euskarrien garapenari, espazioen alokairuari, materialaren garapenari, zabalkundeari, hizlariei eta abarri dagokienez.

– IKTekin lotutako soluzio teknologikoak ezartzea, produktua osatzen duten baliabideen bisita turistikoa eta interpretazioa errazteko: seinaleztapena eta informazio-panelak teknologia berrietan oinarrituta, audio-giden edukien garapena, errealitate areagotua, etab.

3) Sustapena:

– Interes handiko ekitaldiak sortzea edo martxan jartzea, deialdirako eta/edo oihartzun mediatikorako duten ahalmenagatik, bai eta produktuarekin zerikusia duten nazioarteko ekitaldiak ere.

– Web-euskarriak eguneratzea edo hobetzea (webguneak, blogak, newsletterrak, etab.).

– Sare-sozialen kudeaketaren eta mantentze-lanen gastuak.

– Ikus-entzunezko edukiak garatzea: irudi-bankuak, ikus-entzunezko erreportajeak eta abar egitea, betiere erakunde eskatzailearen esku geratzen badira eta material hori eta doan erabiltzeko eskubidea Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzaren esku geratzen badira, erakunde onuradunari aplika dakizkiokeen baldintza beretan.

– Proiektuarekin zerikusia duten sustapenerako materialak editatzea eta sortzea eta emango diren euskarrietara –fisikoa edo digitala– egokitzea. Gainera, zehazki, Euskadi Gastronomika eta Familia Turismoa produktu-klubei lotutako helmugetarako, produktu-klubari ikusgaitasuna emango dieten euskarri fisikoak lagunduko dira diruz, eta, naturako produktuari dagokionez, mendi-ibilaldiei, zikloturismoari eta ekoturismoari buruz egindako euskarrien inprimatzeen ondoriozko gastuak lagundu ahal izango dira diruz.

Produktuan espezializatuta dauden turismoko azoka profesionaletara eta amaierako publikoari zuzendutako produktuan espezializatutako azoka turistikoetara joatea: diruz lagunduko dira espazioa eta standa alokatzearen eta pertsona baten ostatuaren, bidaiaren eta mantenuaren ondoriozko gastuak, baita jendearentzako arreta-zerbitzua emateko pertsona baten kontratazioarenak ere. Ez dira diruz lagunduko Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Basquetourren bidez bisitatzen dituen azokak.

– Publizitatea sartzea (online eta offline), «press-trip» delakoa eta kaleko ekintzak.

4) Merkaturatzea:

– Eskaintza dinamizatzea, eragile espezializatuen bidez, eta/edo eskaintza kokatzeko ekintza interesgarriak egitea; besteak beste, fam tripak, alderantzizko jardunaldiak, zuzeneko jardunaldiak, workshopak, etab.

– Lineako merkataritza-estrategiak.

5.– Gastu hauek ez dute dirulaguntzarik jasoko:

– Inbertsio-gastuak.

– Informatikako ekipamendua erostea.

– Funtzionamendurako ohiko gastu orokorrak (hornidurak, ura, argia, telefonoak, aseguruak, bulegoko materiala, alokairua eta antzekoak); Internetera sartzeko kuotak; beste elkarte batzuei ordaindutako kuotak, eta egon ohi diren antzeko beste gastu batzuk. Diruz laguntzen den egitatearekin zuzeneko harremana dagoela egiaztatzen duten frogak aurkezten ez badira.

– Erakunde eskatzaileko langile finkoen edo egonkorren gastuak, eranskin honen 4.1) apartatuan zehaztutakoak izan ezik.

– Luntxak, bazkariak eta antzekoak, gastu horiek ekintza garatzeko zuzeneko harremana daukatenean eta beharrezkoak direnean izan ezik; baina, betiere, eskabidean arrazoitu beharko dira.

– Gonbidapenen, merchandisingaren eta oparien ondoriozko gastuak.

– Webgunearen erregistrorako, mantentzerako eta ostaturako (hosting) gastuak.

6.– Turismo-produktuak sustatzeko eta merkaturatzeko ekintzen garapena diruz lagunduko da honako eremu hauetan:

– Euskal Autonomia Erkidegoa.

– Espainian eta nazioartean, batez ere EAEko Turismoaren 2017-2020 Marketin Planean lehentasunezkotzat jotzen diren merkatuetan (Espainian: Madril, Katalunia, Andaluzia, Gaztela eta Leon, Valentziako Erkidegoa; eta nazioartean: Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Italia, AEB, herrialde nordikoak eta Herbehereak), hiru hiriburuetako eta Arabako Errioxako turismoaren erakunde sustatzaileek egiten dituzten jardueretarako. Era berean, gainerako entitate onuradunek esparru horietan egiten dituzten sustapen- eta merkaturatze-ekintzak egitea onartuko da, baldin eta halakoak Espainiako eta/edo nazioarteko sareen barruan egoteagatik egiten badira eta eskabidean hala justifikatzen bada.

7.– Honako hau izango da produktuak sustatzeko eta merkaturatzeko ekintzetan aplikatu beharko den logotipoa duten markak elkarrekin agertzeko politika:

– Erakunde onuradunen logotipoa duten markak «Euskadi Basque Country» markarekin eta, hala badagokio, produktu-klubaren markarekin batera agertuko dira.

– «Euskadi Basque Country» logotipoa duen markak –«Basquexperience» leloarekin– eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren logoak hierarkikoki garrantzi bera edo handiagoa izango dute erakunde onuradunaren logotipoaren markak baino.

– Aurrekoa gorabehera, bidaia-agentziekin edo turismo-preskriptoreekin sustapen-ekintzak egiten badira, erakunde onuradunaren logotipoa duen marka erabili gabe, ez da beharrezkoa izango Euskadi Basque Country logotipoa duen marka erabiltzea, ez eta produktu-klubarena ere.

8.– Dirulaguntzen zenbatekoa:

8.1.– Hauke dira eranskin honetan aurreikusitako laguntzen zenbatekoak eta ehunekoak:

a) Proiektuak kudeatzeko, horien jarraipena egiteko eta dinamizatzeko giza baliabideak (eranskin honen 4.1 apartatua): onartutako gastuaren % 60; gehienez 25.000 euroko dirulaguntza entitate bakoitzeko.

b) Diruz lagun daitezkeen gainerako jarduketak: onartutako gastuaren % 50.

8.2.– Aurreko hori gorabehera, hau da erakunde onuradun batek eranskin honetan ezarritako kontzeptu guztiengatik jaso ahal duen gehieneko dirulaguntza, kontuan hartuta entitatearen jarduketa-eremua:

a) Udalerrien eremuko toki-erakundeak: 15.000 euro, eta, Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuek, 66.500 euro gehienez.

b) Eskualdearen edo eskualdez gaindiko eremuan jarduten duten erakundeak: 66.500 euro.

II. ERANSKINA
HELMUGEN LEHIAKORTASUNA ETA JASANGARRITASUNA HOBETZEKO PROIEKTUAK

1.– Erakunde onuradunei Basquetourrek sustatutako eta kudeatutako jarduerak antolatzen eta ezartzen lagunduko zaie, Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren esparruan, bai entitateen bai helmuga bateko enpresa, baliabide eta zerbitzu turistikoen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko,

Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa ezinbesteko tresna da Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda garatzeko; izan ere, bere helburu nagusia garapen jasangarrirako 17 helburuak (GJH) betetzea da,

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila, Basquetourren bidez, EAEko turismo-lehiakortasunaren eraldaketa jasangarria eta arduratsua egiten ari da, garapen jasangarrirako 17 helburuak (GJH) bete ahal izateko. Eraldaketa hori orain arte banaka landutako konpromiso-tresnak eredu bakar batean sartzean datza (helmugetan kalitatezko jardunbide egokiak ezartzeko programa; Smart Business konpromiso programa –IKTak erabiltzeko jardunbide egokiak–; Europako ekoetiketen programa, eta irisgarritasunarekiko konpromiso-programa).

Eredu integratzaile bakar horretarako bidea EAEko enpresak eta helmugak Euskadiko Turismoaren Kode Etikoari atxikita hasten da, jasangarritasunarekiko eta erantzukizunarekiko duten konpromisoa erakusteko. Behin enpresak eta erakundeak atxikita, Euskadiko Turismoaren Kode Etikoan ezarritako 8 printzipioak betetzeko konpromisoa hartzen dute. Printzipio horiek gobernantzaren, teknologiaren, berrikuntzaren, jasangarritasunaren eta irisgarritasunaren arloekin lotuta daude.

2.– Basquetourreko urteko programazioko laguntzaren erakunde eskatzaileak onarpena eman beharko du jarduketa horiek ezartzeko.

3.– Diruz lagundu ahal izango da langile kualifikatuak aldi baterako kontratatzeko gastua –laguntza teknikoaren bidez edo obra, zerbitzu edo antzeko kontratu baten bidez–, bai eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 2. artikuluaren arabera «toki-erakundetzat» hartzen ez diren erakunde onuradunetako langile finkoen edo egonkorren gastua ere, baldin eta haien xedea bada parte hartzen duten enpresei eta erakundeei planifikazio-, sentsibilizazio- eta prestakuntza-prozesuetan laguntzea eta, hala badagokie, autodiagnostikoa eta diagnostikoa egitea, laguntza tekniko indibidualizatua ematea eta ebaluatzea.

4.– Laguntza onartutako gastuaren % 60 izango da, eta gehienez 25.000 eurokoa erakunde bakoitzeko. Onartutako zenbatekoa honako alderdi hauek kontuan hartuta kalkulatuko da:

a) Euskadiko Turismoaren Kode Etikoari atxikitako erakunde, enpresa, baliabide eta zerbitzu turistikoen kopurua.

b) Turismo-erakunde, enpresa, baliabide eta zerbitzuengatik, gehienez 20 ordu ordaindu ahal izango dira, atxikimendu bakoitzeko.

c) Orduko diruz lagun daitekeen gehieneko kostua 35 euro da. Horrenbestez, onartutako zenbatekoa eskuratzeko aplikatu beharreko formula honako hau da: (enpresa parte-hartzaileen kop.) x (diruz lagundutako ordu kop.) x (kostua orduko).

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala