Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

95. zk., 2020ko maiatzaren 20a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1999

43/2020 EBAZPENA, maiatzaren 14koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren, Arabako Foru Aldundiaren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena, Vitoria-Gasteizen bus elektriko adimenduna ezartzeko jarduera osagarriei buruzkoa, BEI-BEAren karga-unitate funtzionalaren eraikuntza-proiektua egikaritzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta dagokion publikotasuna emateko asmoz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea lankidetza-hitzarmen honen testua: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren, Arabako Foru Aldundiaren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena, Vitoria-Gasteizen bus elektriko adimenduna ezartzeko jarduera osagarriei buruzkoa, BEI-BEAren karga-unitate funtzionalaren eraikuntza-proiektua egikaritzeko. Lankidetza-hitzarmen hori ebazpen honen eranskinean dago jasota.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 14a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 14KO 43/2020 EBAZPENARENA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN, ARABAKO FORU ALDUNDIAREN ETA VITORIA-GASTEIZKO UDALAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA, VITORIA-GASTEIZEN BUS ELEKTRIKO ADIMENDUNA EZARTZEKO JARDUERA OSAGARRIEI BURUZKOA, BEI-BEA -REN KARGA-UNITATE FUNTZIONALAREN ERAIKUNTZA-PROIEKTUA EGIKARITZEKO

Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 11.

BILDU DIRA:

M.ª Aranzazu Tapia Otaegui, Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua.

Ramiro González San Vicente jauna, Arabako Ahaldun Nagusia, eta

Gorka Urtaran Aguirre jauna, Vitoria-Gasteizko alkate-udalburua, Tokiko Gobernu Batzordearen Laguntza Organoaren titularra lagun duela.

PARTE-HARTZAILEAK:

M.ª Aranzazu Tapia Otaegui, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean. Haren ordezkaritza Gobernu Kontseiluaren 2020ko otsailaren 18ko erabakian oinarritzen da.

Ramiro González San Vicente jauna, 52/1992 Foru Arauak, abenduaren 18koak, Arabako Foru Aldundiaren Antolaketa, Funtzionamendua eta Lege Araubidea arautzen duenak, Arabako Foru Aldundia ordezkatzeko esleitzen dion lege-gaitasuna erabiliz, eta bide batez Foru Gobernuaren Kontseiluak 2020ko martxoaren 31n hartutako erabakia egikarituz.

Eta Gorka Urtaran Aguirre jauna, 7/1985 Legeak, apirilaren 2koak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituenak, 124.4.a) artikuluaren bidez Vitoria-Gasteizko Udala ordezkatzeko ematen dion lege-gaitasuna erabiliz.

Parte hartzen duten guztiek aitortzen diote elkarri lankidetza-hitzarmen hau egiteko lege-gaitasuna, eta, xede horretarako, hau

AZALTZEN DUTE:

1.– Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.32 artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du gai hauetan: «Trenbideak, lehorreko, itsasoko, ibaietako eta kable bidezko garraioa, portuak, heliportuak, aireportuak eta Euskal Herriko Meteorologia Zerbitzua, hargatik eragotzi gabe Konstituzioaren 149.1.20 artikuluan xedatutakoa. Garraioaren arloko kontratazio-zentroak eta zamalanetarako terminalak.» Halaber, Autonomia Estatutuaren 11.1.a) artikuluak ebazten du Euskal Autonomia Erkidegoak duela, bere lurraldearen barruan, besteak beste ingurumenari eta ekologiari buruzko Estatuaren oinarrizko legeria lege bidez garatu eta exekutatzeko eskumena.

Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideei dagokie trenbide eta tranbien eskumena, hala ezarri baitu Euskadiko Autonomia Estatutuaren 10.32 artikuluak, 27/1983 Legeak, azaroaren 25ekoak, Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko harremanei buruzkoak, bere 6. artikuluan ebazten duenarekin bat eginda; aurrekoen osagarri dira, garraioaren arloari dagokionez, 5/2003 Legeak, abenduaren 15ekoak, Euskadiko Garraio Agintaritza sortzen duenak, ezarritakoak, eta, bereziki trenbideen arloari dagokionez, 6/2004 Legean, maiatzaren 21ekoan, «Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea» Erakunde Publikoari buruzkoan, xedatuta dagoena.

Halaber, azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 10. artikuluak Autonomia Erkidego Osorako Erakundeei ematen dizkie salgaien errepideko garraioaren gaineko legegintza, arau bidezko garapena, ikuskaritza gorena, plangintza eta koordinazioa egiteko eskumenak, eta lurralde historikoen esku uzten ditu ordura arte Arabak, Estatuarekin sinatu eta indarrean zeuden hitzarmenei jarraikiz, bere lurraldearen barruan zituen ahalmen berberak.

2.– Arabako Foru Aldundiak eskumenak ditu toki-erakundeei laguntza eta aholkularitza teknikoa ematearen alorrean, hala ezartzen baitu aipatu 27/1983 Legearen 7 a) 5 artikuluak; eta baita errepidezko garraioaren alorrean ere, aipatu 27/1983 Legearen 10. artikuluak ebazten duenaren arabera.

3.– Vitoria-Gasteizko Udalak, Estatuko nahiz autonomia-erkidegoko legeriaren ildotik, eskumen batzuk egikaritzen ditu arlo hauetan –Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 25.2 artikuluaren a) eta g) paragrafoen arabera–: bidaiarien garraio kolektiboa, trafikoa, ibilgailuentzako aparkalekuak eta mugikortasuna, hirigintzaren alorreko plangintza, kudeaketa, exekuzio-lanak eta diziplina. Bestalde, Lege horren 26.1.d) artikuluak ebazten du bidaiarien hiri-garraio publikoa nahitaezko zerbitzu minimoa dela 50.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerrietan. Azkenik, 2/2016 Legeak, apirilaren 7koak, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoak, ebazten du beren-beregi Udalerrien eskumenekoak direla, besteak beste, hirigintzaren antolamendua, kudeaketa, exekuzioa eta diziplina (17.1.9 artikulua), eta bidaiarien hiri barruko garraio publikoa –zeinahi delarik garraiobidea– antolatzea, planifikatzea, programatzea, kudeatzea eta sustatzea, eta horien inguruko diziplina ezartzea, betiere garraioa udalerriaren barruan egiten bada osorik (17.1.18 artikulua), horien egikaritzea lege horretan bertan eta aplikagarria izan daitekeen gainerako legerian ezartzen denari egokitzen zaion heinean.

4.– 2016ko ekainaren 1ean, lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Arabako Foru Aldundiak eta Vitoria-Gasteizko Udalak. Lankidetza-hitzarmen horren xedea hau da: proiektuak idaztea Vitoria-Gasteizko hirian garraio publikoaren eskaintza egokitzeko, azken miliako garraiobide publiko kolektiboen sistema multimodal integratu eta osorik elektrifikatu bat sortuta.

5.– BEI-BEA sistema ezartzeko eraikuntza-proiektu horiek 2017an idatzi ziren, eta sistema horrek behar bezala funtzionatzeko eta autonomia izateko behar ziren instalazioak aurreikusi ziren. Zehatzago, eraikuntza-proiektu horietan sartu eta definitu ziren kotxetegietan karga motela egiteko beharrezkoak diren instalazio guztiak, zeinak ezinbestekoak baitira autobusen karga egokia eta bizi-zikloa ziurtatzeko. Hala ere, oraindik ez zegoen zehaztuta non kokatuko ziren sistema hori jartzeko kotxetegiak.

6.– 2018ko martxoaren 23an, lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Arabako Foru Aldundiak eta Vitoria-Gasteizko Udalak, Vitoria-Gasteizen bus elektriko adimenduna jartzeko.

7.– BEA (Bus Elektriko Adimenduna) sistema hartzeko eta horrekin jarduteko kotxetegien kokapen zehatza definitu ondoren, 2018ko maiatzaren 10ean sinatu zen «Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena, Gasteizen bus elektriko adimenduna jartzeko jarduera osagarriei buruzkoa». Hitzarmen horretan jasotzen da bus elektriko adimendunen karga motela egiteko instalazioak hartuko dituzten kotxetegiak eraikitzeko proiektua idatzi behar dela.

8.– 2019ko urrian amaitu dute «Vitoria-Gasteizko BEI-BEAren karga-unitate funtzionala eraikitzeko proiektua» idazten. Proiektu horretan jasotzen dira zerbitzuaren eraginkortasuna bermatzeko beharrezkoak diren betekizunak, eta zehatz definitzen dira karga moteleko sistema hartuko duten instalazioak, zeinak 2017an idatzitako BEA sistema ezartzeko eraikuntza-proiektuetan jasota baitaude. Eraikuntza-proiektu horren edukiak BEA sistema ezartzeko eta behar bezala jarduteko helburuari erantzuten dio, bai eta karga moteleko instalazioak jartzeko egin behar den egokitzapenari ere.

Horregatik, beharrezkoa da Vitoria-Gasteizen bus elektriko adimenduna jartzeko jarduketa osagarriak egitea, eta, ondorioz, administrazio sinatzaileen konpromisoen artean sartu dira honako hauek: Vitoria-Gasteizko BEI-BEAren karga-unitate funtzionala eraikitzeko proiektua egitea, eta, horrekin lotuta, baita Obra Zuzendaritza eta Segurtasunaren eta Osasunaren Koordinazioa ere.

Bide batez, itun-kide diren Erakundeek ontzat ematen dute Hitzarmen hau sinatzea eta, horregatik, zeinek bere antolamendu-arauetan horrelako eginkizunetarako dituen prozedura formalak aurretiaz bete ondoren, adosten dute dokumentu hau gauzatzea, 40/2015 Legean, urriaren 1ekoan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenean, agintzen denaren arabera, eta Erakunde Erkideen, Foru Diputazioen eta udalen arteko harremanak arautzen dituzten xedapenen esanera, aginpidetzat hartuz xedapen horiek eta ondorengo:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da lankidetza eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren, Arabako Foru Aldundiaren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren artean, BEI-BEAren (bus elektriko adimendunaren) karga-unitate funtzionala eraikitzeko proiektua egiteko zenbait jarduketa osagarri burutzeko, bai eta Obra Zuzendaritza eta Segurtasunaren eta Osasunaren Koordinazioa ere. Horren helburua da bus elektriko adimendunaren sistema jartzea Vitoria-Gasteizen, hiriaren periferiako egungo 2. linean.

Bigarrena.– Administrazioen betebeharrak hitzarmenaren helburuari, garapenari eta finantzaketari dagokienez.

Vitoria-Gasteizko BEI-BEAren (bus elektriko adimendunaren) karga-unitate funtzionala eraikitzeko proiektua egiteko hasierako kostu zenbatetsia 5.599.926,88 eurokoa da (BEZa barne). Halaber, eraikuntza-proiektu hori egiteko Obra Zuzendaritzaren eta Segurtasunaren eta Osasunaren Koordinazioaren kostua 302.500,00 eurokoa da (BEZa barne).

A) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak honako hauek egiteko konpromisoa hartzen du:

2020ko ekitaldirako finantzatzea, beharrezko aurrekontu-kontsignazioak egin ostean, Vitoria-Gasteizko BEI-BEAren (bus elektriko adimenduaren) karga-unitate funtzionala eraikitzeko proiektua egiteko kostuaren eta Obra Zuzendaritzaren eta Segurtasunaren eta Osasunaren Koordinazioaren kostuaren % 65. Hasieran zenbatetsitako aurrekontuaren arabera, beraz, 3.836.577,48 euro izango lirateke, 20.1.1.03.42.0300.1.722.01.51311.001.K. aurrekontu-aplikazioaren kontura, eta urteko ordainketa honekin:

– 2020: 3.836.577,48 euro.

B) Arabako Foru Aldundiak konpromiso hauek hartzen ditu:

2020ko eta 2021eko ekitaldietarako finantzatzea, beharrezko aurrekontu-kontsignazioak egin ostean, Vitoria-Gasteizko BEI-BEA ren (bus elektriko adimenduaren) karga-unitate funtzionala eraikitzeko proiektua egiteko kostuaren eta Obra Zuzendaritzaren eta Segurtasunaren eta Osasunaren Koordinazioaren kostuaren % 17,5. Hasieran zenbatetsitako aurrekontuaren arabera, beraz, 1.032.924,70 euro izango lirateke, 20.1.20.50201.5401.7629002 eta 30.3.21.50201.5401.7629002 aurrekontu-aplikazioen kontura, eta urteko ordainketa hauekin:

– 2020: 600.000,00 euro.

– 2021: 432.924,70 euro.

C) Vitoria-Gasteizko Udalak konpromiso hauek hartzen ditu:

1.– 2020ko eta 2021eko ekitaldietarako finantzatzea, beharrezko aurrekontu-kontsignazioak egin ostean, Vitoria-Gasteizko BEI-BEAren (bus elektriko adimenduaren) karga-unitate funtzionala eraikitzeko proiektua egiteko kostuaren eta Obra Zuzendaritzaren eta Segurtasunaren eta Osasunaren Koordinazioaren kostuaren % 17,5. Hasieran zenbatetsitako aurrekontuaren arabera, beraz, 1.032.924,70 euro izango lirateke, aurrekontu-aplikazio hauen kontura: 2020/1521.4413.62701 «BEA Kotxetegiak», 2021/1521.4413.62701 «BEA Kotxetegiak» eta 2021/1520.02.1533.6098 «Eremu Publikoko Inbertsioen Plan Zuzentzailea». Hauek dira urteko ordainketak:

– 2020: 600.000,00 euro.

– 2021: 432.924,70 euro.

2.– BEI-BEAren (bus elektriko adimenduna) karga-unitate funtzionala eraikitzeko proiektua, Obra Zuzendaritza eta Segurtasunaren eta Osasunaren Koordinazioa egikaritzeko jarduketak lizitatu eta egitea, Gasteizko hiriaren periferiako egungo 2. linean.

Hirugarrena.– Lanak finantzatu eta ordaintzea.

1.– Vitoria-Gasteizko Udalak kontratazio-espedienteak onartu baino lehen, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Arabako Foru Aldundiak helaraziko dizkiote Udalari hartzen dituen finantza-konpromisoak betetzeko kreditu nahikoa eta egokia badela egiaztatzen duten ziurtagiriak.

2.– Adjudikazio-prezioari eragiten dioten kontratu-gorabeherak gertatuko balira, eta haien zenbatekoak, guztira, bigarren klausulan adierazitako kostua gaindituko ez balute, Udalaren kontratazio organoak onetsi ahalko ditu, erakunde horrek Hitzarmenaren Jarraipen Batzordeari gorabehera horien berri eman ondoren eta haren aldeko irizpena jasota.

3.– Gorabeheren guztizko zenbatekoak bigarren klausulan adierazten dena gaindituz gero, haien onarpenerako beharrezkoa izango da finantzatzen duten hiru alderdiak aldez aurretik ados jartzea eta behar diren kredituak gaitzea bakoitzaren partaidetzaren ehunekoaren arabera.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Arabako Foru Aldundiak Vitoria-Gasteizko Udalari egin behar dizkioten ordainketak gauzatuko dira egindako obren eta lanen egikaritzapena ziurtatzen duten eta egin beharreko ordainketak egin direla egiaztatzen duten dokumentuak (ziurtagirien eta fakturen kopia konpultsatuak) aurretiaz aurkeztu ondoren, orobat adieraziz guztizko zenbatekotik zenbat dagokion erakunde bakoitzari; erakunde horiek, horrenbestez, dagokion diru-kopurua sartu beharko dute horretarako ezarriko den kontuan, adierazitako dokumentazioa jaso eta hilabeteko epean.

5.– Dagokion ekarpena jaso eta hilabeteko epean gehienez, udalak itun-kide dituen beste bi alderdiei helaraziko dizkie fakturak ordaindu dituela ziurtatzen duten agiriak.

6.– Eskualde Garapeneko Europako Funtsarekin (EGEF) batera finantzatzea. Arabako Foru Aldundiak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmen honi egiten dizkioten ekarpenak Eskualde Garapeneko Europako Funtsak finantzatzen ditu,% 50ean, Euskadiko 2014-2020 EGEF Programa Operatiboaren esparruan, sektore guztiak karbono gutxiko ekonomiara igaro daitezela errazteko helburuaren barnean (4. helburu tematikoa). Vitoria-Gasteizko Udalak, kofinantzatutako proiektua lizitatzen eta gauzatzen duen erakunde kudeatzailea eta haren onuraduna den aldetik, bete egin beharko ditu kofinantzaketa horretatik eratorritako prozedurak, araudia eta betebeharrak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera, bai eta programan parte hartzen duten bitarteko erakunde bien (Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundia) kudeaketa-sistemak ere.

Laugarrena.– Kontu-egoera eta egikaritzea.

Finantza-itunkide den Erakunderen batek hala eskatuko balu, Udalak konpromisoa hartzen du honako dokumentu hauek bidaltzeko: proiektuaren egikaritzearen kontu-egoera eta azalpen-memoria bat; azken horretan jaso beharko dira proiektuari buruz esanguratsuak liratekeen inguruabarrak, eta gehienbat, dokumentu honetan jasotako denbora eta kostuen handitzea eragin lezakeen edozein gorabehera.

Bosgarrena.– Jarraipen-batzordea.

Hitzarmena sinatzen duten erakundeek jarraipen-batzorde bat sortuko dute, haietako bakoitzak izendatutako bina ordezkarik osatua, hitzarmena ondo betetzen dela begiratze aldera. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkarietako bat izango da batzorde horren buru, eta idazkari, aldiz, Vitoria-Gasteizko Udalak izendatutako ordezkarietako bat.

Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:

a) Egin beharreko izapideak laster egitea galarazten duten oztopoak kentzen laguntzea.

b) Hitzarmenaren xede diren lanak beteko direla bermatzeko behar diren neurrien berri eman eta proposatzea.

c) Jarraipena egitea hitzarmen honetan aurreikusitako jarduerak zuzen betetzen diren, eta irizpideak eta bitartekoak ezartzea alderdiek elkarri informazioa eman diezaioten eta dagozkien konpromisoak egoki bete ditzaten.

d) Hitzarmenak interpretazio- edo exekuzio-arazorik izanez gero, horiek konpontzen ahalegintzea.

Hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean, jarduketei bide egokia emateko behar den guztietan bilduko da batzordea, alderdietako edozeinek hala proposatuta. Batzordearen bileren bertaratze-quorumak kide guztiak agertzea eskatzen du, eta aho batez hartuko dituzte kideek erabakiak.

Hitzarmen honetan Jarraipen Batzordearentzat espresuki jasotzen ez diren gaietan, 40/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenak, Atariko Tituluaren II. kapituluaren hirugarren atalean arautzen duen kide anitzeko organoen araubidea aplikatuko da.

Seigarrena.– Araubide juridikoa.

Hitzarmen honek administrazio-izaera du, eta herri-administrazioen arteko lankidetza-hitzarmenei aplika dakiekeen antolamendu juridikoaren bidez arautuko da Hitzarmenaren interpretazioa eta garapena; zehazki, 40/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenak, Atariko tituluaren V. kapituluan xedatutakoaren arabera, itun-kideek espresuki onartzen dute administrazioarekiko auzibidearen jurisdikzioa.

Administrazio publikoen kontratuei buruzko legeriaren aplikagarritasunari dagokionez, baztertuta geratzen da hura, Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legeak 6.1 artikuluan xedatzen duenaren arabera, hargatik eragotzi gabe legeria horren printzipioak aplikatzea zalantzarik edo hutsunerik gertatuz gero.

Hitzarmenean edo hura egikaritzeko prozesuan gorabeherak sortuz gero, Jarraipen Batzordeak ebatziko ditu aurreko klausulan ebatzi denaren arabera, eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa izango da nor gorabehera horiek direla eta sor litezkeen auzi guztiak erabakitzeko.

Zazpigarrena.– Parte hartzen duten alderdien eskumenak errespetatzea.

Hitzarmen hau sinatzeak ez dakar parte hartzen duten alderdiek beren eskumenei uko egitea edo eskumen horiek aldatzea; hala, alderdiok hartutako konpromisoei dagozkien erantzukizunak bakarrik egiten dituzte bere.

Zortzigarrena.– Hitzarmena aldatzea.

Hitzarmen hau alda daiteke sinatzaile diren itun-kide guztiek aho batez hartutako akordioaren bidez.

Bederatzigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia eta suntsiarazpena.

Sinatzen den unetik izango ditu ondorioak hitzarmen honek, eta harrezkero behartuta egongo dira itun-kideak; 3 urteko indarraldia izango du hitzarmenak, sinatzen denetik aurrera.

Indarraldia amaitzen denean egiaztatuko da hitzarmenaren azkentzea. Bestalde, hitzarmena suntsiaraz daiteke itun-kide diren alderdi guztien ahobatezko akordioaren bitartez, haren xede diren jarduketak burututzat jotzen direnean, edo 40/2015 Legeak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenak, 51. artikuluan aurreikusten duenaren arabera suntsiarazteko kausa gertatzen bada.

Alderdietako batek, onartutako konpromisoak betetzen ez baditu, besteak eskubidea izango du hitzarmena suntsiarazteko eskatzeko. Hitzarmena suntsiarazten bada, 40/2015 Legeak 52. artikuluan aurreikusten dituen ondorioak egongo dira, eta, hala badagokio, eginbidean leudekeen jarduketak amaitzeko baldintzak zehaztuko dituzte alderdiek.

Hitzartutakoa behar bezala jasota uzteko, eta adostasunaren adierazgarri, hitzarmenaren hiru ale sinatu dituzte aldeek, idazpuruan adierazitako egunean eta lekuan, euskaraz eta gaztelaniaz, biak ala biak bertsio ofizialak direla.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean,

M.ª ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Arabako Foru Aldundiaren izenean,

RAMIRO GONZÁLEZ SAN VICENTE.

Vitoria-Gasteizko Udalaren izenean,

GORKA URTARAN AGUIRRE.


Azterketa dokumentala