Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

94. zk., 2020ko maiatzaren 19a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
1992

AGINDUA, 2020ko maiatzaren 4koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baita bidaiarien eta salgaien garraio publikoaren sektorerako laguntza-programa bat, jarduera bertan behera geratu delako.

Garraiolari autonomoen adin handia da errepidez egiten den garraio publikoaren sektoreari eragiten dioten arazoetako bat. Hori dela-eta, sail honek uste du egoki dela adin handiko profesionalek lanbidea bertan behera uztea sustatzea, hain zuzen ere errepide bidezko garraio publikoaren sektorean bizitza profesional gehiena egin duten profesionalei dagokienez; eta, hartarako, beharrezko baliabideak jarriko dira.

2020ko ekitaldian, honako sektore hauei erantzungo zaie: ibilgailu arin eta astunetan errepidez egiten den salgaien garraio publikoa; eta autobusez egiten den bidaiarien garraio publikoa; izan ere, sektore horietan, adin handiko garraiolari askok ez dute beharrezko baliabiderik jarduera bertan behera uzteko, eta, beraz, aipatutako laguntzek gizarte-funtzioa egiten dute. Halaber, garraiolari hauek sartuko dira: ezintasun iraunkor absolutua edo osoa aitortua dutenak, eta bai baliaezintasun handia aitortua dutenak ere.

Laguntza-programa hau sartuta dago Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2020ko otsailaren 19ko Aginduaren bitartez onartutako 2020ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, eta egoitza elektroniko honetan kontsulta daiteke: www.euskadi.eus. Euskal Autonomia Erkidegoko helburu, estrategia eta jarduera-lerroen barruan kokatzen da laguntza-programa hau, hain justu ere garraio-sektorearen funtsezko elementuari –garraiolariari– eragiteari dagokionez.

Euskal Autonomia Erkidegoaren 2020. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legeak baimendutako kredituen arabera, honako dirulaguntza-deialdi honek nahikoa aurrekontu-estaldura dauka.

Herritarrei Administrazioarekin dituzten harremanak errazteko, eta laguntzen barne-kudeaketa eraginkorrago egiteko, prozedurako izapideak telematikoki egiteko aukera ematen duen aplikazio bat egin da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluari jarraituz. Aginduan izapidetze telematiko horren xehetasun guztiak jaso dira.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 3.1 artikuluak ematen didan aginpidea erabiliz, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaz onartutakoaren– VI. titulua eta VII. tituluko II. eta III. kapituluak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ordaindu beharreko laguntza eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainontzeko xedapenak kontuan harturik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

1.– Agindu honen helburua araubide hau arautzea da: bidaiarien eta salgaien garraio publikoaren sektoreko adin handiko garraiolariek, ezintasun iraunkor absolutua edo osoa aitortua dutenek eta baliaezintasun handia aitortua dutenek lanbidea bertan behera uztea sustatzeko laguntza-araubidea (2020. urtea).

2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko, berrehun eta hogeita hamabost mila (235.000,00) euroko diru kopurua baliatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako kontu-sailetatik hartuta.

2. artikulua.– Pertsona onuradunak.

Eskabideak aurkezteko datan edo, egoki bada, 2019ko urtarrilaren batean, honako eskakizun hauek betetzen dituzten pertsonak izan daitezke agindu honetan araututako laguntzen onuradunak:

a) 2015eko urtarrilaren 1a baino lehenagotik helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

b) 63 urtetik 64 urtera (biak barne) bitarteko adina izatea, edo ezintasun iraunkor absolutua edo osoa edo baliaezintasun handia aitortua izatea, pentsioaren onarpen-data adierazten duen Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpenarekin.

c) Azken hamar urteetan, etenik gabe, gehienez ere hiru kopiarekin autobusaren bidezko bidaiarien edo salgaien garraio publikorako indarreko baimen baten titular izatea; edo bi horiek batera izatea, gehienez ere hiru kopiarekin. Baimen horrek eten gabekoa izan beharko du, eta gutxienez indarreko kopia bat izan beharko du. Hala ere, baimenaren titulartasunean edo indarraldian eten bat baimenduko da, gehienez ere hiru hilabetetik pasatuko ez den epe batez. Ondorio horiei dagokienez, eskabidea aurkezterakoan birgaiturik badaude, bisatuaren falta dela-eta iraungitako baimenak indarrean izan direla ulertuko da. Laguntza ematea eragiten duen baimenak indarrean egon behar izango du egoera hauen onarpenera arte, ezintasun iraunkor absolutua, osoa edo baliaezintasun handia denean.

Trakzio propiodun ibilgailuei (barne direla TD motakoak) dagokienez, 2007ko apirilaren 16a baino lehen, onuradunaren titulartasunpeko diren baimenak, salgaien garraio publikorako direnak, zehazki, estatuko, eskualdeko edo tokiko eremukoak direnak baimen baten kopia gisa zenbatuko dira.

Onuradunaren titulartasunpeko ibilgailuari dagokionez, 1998ko uztailaren 1a baino lehen bidaiarien garraio publikorako diren baimenak, zehazki, estatuko, eskualdeko edo tokiko eremukoak direnak baimen baten kopia gisa zenbatuko dira.

d) Gizarte Segurantzako langile autonomoentzako erregimenean alta emanda egotea, hain justu ere azken hamar urteetan etenik gabe; gehienez ere, hiru hilabetetik pasatzen ez den eten bakarra onartuko da.

Ezintasun iraunkor absolutuak edo osoak edo baliaezintasun handiak eragiten dien eskatzaileen kasuari dagokionez, halakorik aitortu zainetik hara zenbatuko da aipatutako hamar urteko epea.

e) 2020ko azaroaren 30a baino lehen, errepidez bidaiariak edo salgaiak garraiatzeko jarduera bertan behera uzteko konpromisoa hartzea; betiere, bere titulartasunpeko garraio-baimenei behin betiko uko eginez. Jarduerari berriz ekinez gero, jasotako laguntzak edo tokatzen diren interesak itzultzeko obligazioa izango du.

f) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen penalik edo administratiborik ez izatea, ez eta horretarako legezko inolako debekurik ere (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta daude).

g) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere.

h) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedaturikoa betetzea.

3. artikulua.– Laguntzak izapidetzea.

1.– Laguntzen izapidetze elektronikoa Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 eta 14.3 artikuluetan arautzen da.

2.– Nahi dutenek baliabide elektronikoen bidez egin behar izango dituzte eskaera, kontsultak eta prozedurako izapide guztiak.

Laguntza hauek izapidetzeko baliabide elektronikoak erabiltzeko zehaztasunak euskadi.eus-eko atal honetan jarriko dira: http://www.euskadi.eus

4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta lekua, eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabidearen eredua agindu honen eranskinean dator, eta garraioen arloan eskumena duen organoak euskadi.eus-en barruan duen egoitza elektronikoak ere eskuratu ahal izango da.

Baliabide elektronikoak ere erabili behar izango dira eskabideak eta gainerako agiriak aurkezteko. Informazioa, prozedura eta eskakizunak egiaztatzeko era garraioen arloan eskumena duen organoaren egoitza elektronikoan jarriko dira eskura, 3. artikuluan izapidetze elektronikorako aurreikusitako zehaztapenetan garatutako prozedura eta jarduketei jarraituz. Eskabidearen ondorengo izapideak, baliabide elektronikoa erabiltzekotan, www.euskadi.eus/nirekudeaketak webgunearen bidez egingo dira.

2.– Eskabideak aurkezteko epea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua, Covid-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duena (martxoaren 17ko 465/2020 Errege Dekretuak aldatuta) edo, hala badagokio, horren luzapenen indarraldia galtzen denetik hilabete igaro artekoa izango da.

3.– Aginduan araututako laguntzak eskuratzeko dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Eskabide-orria, behar den moduan beteta.

b) Eskatzailea pertsona fisikoa bada, identitatea automatikoki egiaztatuko da eskaera baliabide elektronikoak erabiliz egiten delako, eta, pertsona horiek ziurtagiri digitalaren edo baliokidearen bidez identifikatu behar direlako baliabide horietara sartzeko.

c) Eskatzailea Euskal Autonomia Erkidegoan erroldaturik dagoela egiaztatzeko agiria, noiztik erroldaturik dagoen jasotzen duena.

d) Pertsona bakar bateko sozietateen bazkide bakarren kasuan, eskatzailearen identifikazio fiskaleko zenbakia edo IFZ, Merkataritza Erregistroan inskripzio-ziurtagiria eta halaber eratze-eskriturak edo onuraduna bazkide bakarra dela egiaztatzen duen agiria.

e) Azken hamar urteetan, etenik gabe, autobusaren bidezko bidaiarien edo salgaien garraio publikorako indarreko baimen baten titular izan dela egiaztatzeko agiria, gehienez ere hiru kopiarekin, Foru Aldundiak emana, edo, halaber, bi horiek batera izatea, gehienez ere hiru kopiarekin.

f) Azken hamar urteetan, etenik gabe, Gizarte Segurantzako langile autonomoentzako erregimenean alta emanda egon izanari buruzko egiaztagiria.

g) Beharrezkoa bada, ezintasun iraunkor absolutua edo osoa edo baliaezintasun handia aitortua izateari buruzko egiaztagiria.

h) Aukerakoa, eta dirulaguntza eman eta gero aurkez daiteke, hirugarrengoen alta edo horren aldaketaren fitxa, Ogasun eta Ekonomia Sailak ezarritako ereduaren araberakoa; betiere, lehengoz aurkezten diren edo banku-datuak aldaturik dituzten eskatzaileei dagokienez, beti laguntzak ordaindu baino lehen.

4.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza-eskabidea eta beharrezko dokumentazioa. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

5.– Laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikulua aplikatuz. Hala ere, eskatzaileak espresuki ukatu ahal izango du baimena eta, orduan, dirulaguntzei buruzko araudian aurreikusitako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

6.– Laguntza eskatzen duen erakundeak eskabidearekin batera erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du, honako alderdi hauen egiazkotasunari buruzkoa:

a) Helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo beste baliabideren bat eskatu dela eta, jaso bada, administrazio edo ente publikoek nahiz pribatuek emanik, horren berri ematea.

b) Ez egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi den eta oraindik bideratzen ari den itzultzeko edo zigortzeko ezein prozeduratan sartuta. Eskatzailea prozedura horietan sartuta egotekotan, dirulaguntzaren ematea edo ordainketa itzultzeko edo zigortzeko prozedurak amaitu arte baldintzatua geratuko da.

c) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen penalik edo administratiborik jaso ez duela eta horretarako legezko inolako debekurik ez duela agertzen dituena (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta daude).

d) Aipatutako 39/2015 Legearen 69. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, 6. zenbaki honetan adierazitako alderdiak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa edukitzea. Dokumentazio hori administrazioaren esku utziko da, hala eskatzen zaionean, bai eta dirulaguntza horren gozamenak irauten duen bitartean betetzen jarraitzeko konpromisoa ere.

Erantzukizunpeko adierazpen batean jasotako datu, azalpen edo dokumenturen bat zuzena ez bada, edo faltsua bada, edo haietako bat falta bada, prozedura etengo da horren berri jakin bezain laster, hargatik eragotzi gabe gerta daitezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak beste edozein agiri edo argibide eskatu ahal izango du, baldin eta aurkeztu den eskabidea behar bezala balioesteko beharrezkotzat jotzen badu.

5. artikulua.– Kudeaketa-organoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Garraio Plangintzaren zuzendariaren ardura izango da agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

6. artikulua.– Agirien gaineko okerrak zuzentzea.

Eskatzaileak aurkezturiko agiriek agindu honetan eskatutako baldintzak ez dituztela betetzen ikusiz gero, hala jakinaraziko dio organo kudeatzaileak eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko epea utziko dio, okerrak zuzendu edo behar diren agiriak aurkezteko; gainera, adieraziko dio, hala egiten ez badu, bere eskaria besterik gabe atzera botako duela, ebazpen bidez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritako eran.

7. artikulua.– Zenbatekoa.

1.– Agindu honetan araututako laguntzen gehieneko zenbatekoak honako hauek izango dira:

a) Garraiolariari hirurogeita bost urte betetzeko falta zaion sei hilabeteko epe bakoitzeko lau mila eta ehun (4.100) euro; ibilgailu astunez egindako salgaien garraio publikoari eta autobusez egindako bidaiarien garraio publikoari dagokienez.

b) Garraiolariari hirurogeita bost urte betetzeko falta zaion sei hilabeteko epe bakoitzeko bi mila eta seiehun (2.600) euro; ibilgailu arinez egindako salgaien garraio publikoari dagokionez.

c) Ezintasun iraunkor absolutua edo osoa aitortua duen edo baliaezintasun handia aitortua duen garraiolariari hamar mila (10.000) euro.

2. artikuluko gainontzeko betekizunez gain, adinarena eta ezintasun iraunkor absolutua edo osoa edo baliaezintasun handia aitortu izatearena betetzen dituzten onuradunek kopuruz handiena den laguntza jasoko dute.

2.– Sei hilabeteko osoen zenbaketa 2020ko ekainaren 1etik aurrera egingo da. Aipatutako datan, sei hilabete oso baino gutxiago falta badira hirurogeita bost urte betetzeko, ez da emango laguntzarik.

3.– Agindu honen 1.2 artikuluan ezarritako diru kopurua aski ez bada aurkeztutako eskabide guztiei artikulu honen 1. puntuan jasotako gehieneko laguntza ordaintzeko, ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabide guztien artean banatuko da dirua. Banaketa egiteko, bakoitzari eman beharko litzaiokeenak guztiei eman beharrekoarekiko izango lukeen proportzio berari eutsiko zaio.

8. artikulua.– Bateragarritasuna.

Agindu honekin bat emandako dirulaguntzak bateragarriak dira beste pertsona juridiko eta fisiko batzuek emandakoekin.

9. artikulua.– Dirulaguntza eman, jakinarazi eta argitaratzea.

1.– Dirulaguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Garraio Plangintzaren zuzendariaren ebazpenaren bidez emango dira. Ebazpen horrek ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, berorren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio administrazio bereko Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari, hilabeteko epean.

Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritako modua erabiliz eta sei hilabeteko epean, agindu honek ondorioak izaten dituen egunetik hasita. Ebazpen horrek zehaztuko du dirulaguntza ematen den ala ukatu egin den; aldekoa bada, onuraduna zein den eta zenbat eman zaion azalduko da, eta kontrakoa bada, ukatzeko arrazoiak.

2.– Aurreko paragrafoan ezarritako epearen barruan ez bada jakinarazten laguntzak esleitzeko ebazpena, eskabideak ezetsiak izan direla ulertu ahal izango dute interesdunek, 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan aurreikusitako ondorioei dagokienez.

3.– Laguntzak esleitzeko prozedura amaitzeko ebazpena interesdunei jakinarazteaz gain, onuradunak eta emandako zenbatekoak jasotzen dituen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

4.– Agindu honetan berariaz aurreikusi gabekoari dagokionez, honako hauen bidez arautuko da dirulaguntzak emateko prozedura: 39/2015 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua; dirulaguntzari buruzko oinarrizko araudia, hau da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

10. artikulua.– Ordainketa.

1.– Laguntza emandakoan, onuradunak jarduera laga duela egiaztatzen badu, laguntza osorik ordainduko da, baina hark honako betekizunak bete beharko ditu:

Laguntzaren onuradunak uko egin beharko die honako hauei: laguntza ematea eragin zuen baimenari edo baimenei, eta bai bidaiarien eta salgaien garraio publikorako dituenei ere; betiere baimen horietan baja hartu izana egiaztatuaz.

Enpresari legez garraio-jarduera behin betiko uzteko konpromisoa hartu beharko du, eta, halaber, bere gaikuntza profesionala beste garraio-enpresa bati ez ematekoa ere.

Baimendutako gehieneko 3.500 kg-ko masatik gorako ibilgailuak edota autobusak gidatzeko baimen balioduna badu, trafiko zuzendaritza egokian uko egin behako dio hari; eta hori, gidabaimen berriaren kopia konpultsatuaren bitartez justifikatu ahal izango da.

2.– Dirulaguntza eskuratzeko eskakizun guztiak betetzen dituztela egiaztatzeko agiriak 2020ko azaroaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dira.

11. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honetan azaltzen diren dirulaguntzak eskuratzen dituztenek honako betebehar hauek izango dituzte kasu guztietan:

a) Dirulaguntza eskuratzeko beharrezko diren eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatu beharko diote dirulaguntza eman behar duen Administrazioari.

b) Emandako dirulaguntza onartu beharko dute. Dirulaguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso, eta hamabost eguneko epean onuradunek idatziz uko egiten ez badiote, onartu egiten dutela ulertuko da.

c) Eman zaion horretarako erabili beharko du dirulaguntza.

d) Helburu bererako beste laguntza edo dirulaguntzaren bat lortu badu, lortu duela eta nork eta zenbat eman dion jakinarazi beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Garraio Plangintzaren Zuzendaritzari.

e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzen inguruan eskatzen dieten informazioa ematea.

f) Dirulaguntzen onuradunen betebeharrak eta dirulaguntzen publizitatearen inguruan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 18. artikuluetan ezarritakoa bete.

2.– Artikulu honen 1.e) puntuan adierazitako organoen ahalmena gorabehera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak dirulaguntza jaso duen jarduerari buruz bidezko jotzen dituen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.

12. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako egoeraren bat aldatuz gero, edo helburu bererako, onuradunak beste administrazio batzuek edo erakunde publiko nahiz pribatuek emandako laguntza edo dirulaguntzak jasotzen baditu, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da, betiere deialdi honetan onuradun izateko ezarritako betekizunak betetzen jarraitzen badu.

13. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.

Onuradunak agindu honetan, dirulaguntza emateko aginduan edo aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, organo aginpidedunak, onuradunari entzun ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat deklaratuko du, eta, halakorik izanez gero, dagokion diru kopurua Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzultzera behartuko du, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, eta dirulaguntzetarako betebeharrak betetzen direla zaintzeko gainontzeko arauek ezarritakoa betetzeko. Zenbateko horiek dirusarrera publikotzat joko dira lege-ondorio guztietarako. Horrek guztiak ez du galaraziko, ordea, bestelako zehapenak jartzea, eta kalteengatiko ordainak eta, halakorik izanez gero, erantzukizun penala ere eskatzea.

Halaber, itzultzeko arrazoien inguruan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatukoa aplikatuko da; kasu horretan, jasotako zenbatekoak, osorik edo partez, eta dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dira.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradunak hauek izan daitezke: salgaien garraio publikoaren edo autobuseko bidaiarien baimenaren titulartasuna duten pertsona bateko sozietateen bazkide bakarrak, betiere pertsona bateko sozietateak zein bazkide bakarrak agindu honek ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Agiri bidez egiaztatu beharko dute, eta, ahal bada, merkataritza erregistroko ziurtagiriaren bidez, azken hamar urteotan sozietatea pertsona batekoa izan dela.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita.

Agindu hau errekurritzeko ezarritako epea martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratutako Covid-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko alarma-egoera (2020ko martxoaren 14ko BOE, 67. zk.) eta haren luzapenak amaitu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 4a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala