Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

76. zk., 2020ko apirilaren 22a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1890

EBAZPENA, 2020ko apirilaren 1ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Azkoitiko Arau Subsidiarioen 4. Aldaketa Puntualaren ingurumen-adierazpen estrategikoa.

AURREKARIAK

2017ko apirilaren 27ko Ebazpenaren bidez, Ingurumen Administrazioaren zuzendariak Azkoitiko Arau Subsidiarioen 4. Aldaketa Puntualaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismeneko dokumentua formulatu zuen.

2019ko urriaren 16an (Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 198. zenbakia), Azkoitiko Udalak onartu zuen Azkoitiko Arau Subsidiarioen 4. Aldaketa Puntualaren jendaurreko informazioaren izapidea abian jartzea, 45 egun baliodunez, iragarkia argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, egoki ikusten ziren alegazioak aurkeztu ahal izateko; horrela, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoa bete zen.

Era berean, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoa aplikatuta, Azkoitiko Udalak bete zuen eraginpeko administrazio publikoei eta herritar interesdunei kontsulta egiteko izapidea, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluari jarraikiz, egoki ikusten ziren oharrak eta iradokizunak aurkezteko aukera izan zezaten.

Azkoitiko Udalak ohartarazi duenez, jendaurreko informazioaren eta entzunaldiaren izapideak amaituta, ez zen alegaziorik jaso, baina bai zenbait txosten, administrazio-espedientean jasotako emaitza eta edukia dutenak. Alegazio eta txosten horiek kontuan hartu dira Azkoitiko Arau Subsidiarioen 4. Aldaketa Puntualaren behin betiko bertsioa idazterakoan.

2020ko otsailaren 14an, Azkoitiko Udalak Azkoitiko Arau Subsidiarioen 4. Aldaketa Puntualaren ingurumen-adierazpen estrategikoaren eskaera osatu zuen, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean eta abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoari jarraikiz.

2020ko martxoaren 14an, prozedura izapidetzeko epea bertan behera geratu zen, COVID-19ak eragindako krisi sanitarioa kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan ezarritakoa betez, zeina martxoaren 17ko 465/2020 Errege Dekretuaren bidez aldatu baitzen.

2020ko martxoaren 26an, Azkoitiko Udalak adierazi zuen ez zegoela ados prozedura izapidetzeko epea bertan behera uztearekin, eta prozedura izapidetzea eskatu zuen, ulertuta, argi eta garbi, interes orokorreko espediente bat dela.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak bere 1. artikuluan dio helburutzat duela ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarri bat sustatzeko.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoa aplikatuz, administrazio publiko batek onartutako planetan beharrezkoa izango da ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea, baldin eta lege-mailako xedapen batek ebaluazioa egin eta onartzea exijitzen badu, planak ingurumenaren gainean izan daitezkeen ondorio esanguratsuengandik.

Halaber, otsailaren 27ko 3/1998 Legeak 46.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazio bateratu bat egin behar da; hau da, aipatu den legearen I. eranskinaren A apartatuan jasotako planen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar da, plan horiek eta planon aldaketak ingurumenari ondorio adierazgarriak eragiteko modukoak badira.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Azkoitiko Udalak bai Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute Azkoitiko Arau Subsidiarioen 4. Aldaketa Puntualaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eraman ahal izateko, ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta herritar interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

Covid-19ak eragin duen krisi sanitarioko egoera kudeatzeko alarma-egoera ezartzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak honako hau xedatzen du, administrazio-prozeduren izapidetze epeak direla eta:

1.– Sektore publikoko erakundeen prozedurak izapidetzeko baldintzak bertan behera utzi eta epeak eten egiten dira. Epeen zenbaketa berrekingo da errege-dekretuak, edo, horrela badagokio, haren luzapenek indarrean egoteari uzten diotenean.

2.– Baldintzen eta epeen etenaldia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean definitutako sektore publiko osoari aplikatuko zaio.

3.– Lehenago aipatutakoa gorabehera, organo eskudunak, arrazoietan oinarritutako ebazpen baten bitartez, adostu ahal izango ditu prozeduran interesdunak direnen eskubide eta interesetan kalte larriak saihesteko behar-beharrezkoak diren antolamendu- eta instrukzio-neurriak, interesduna ados badago edo interesdunak epea bertan behera ez uzteko adostasuna adierazten duenean.

4.– Aurreko apartatuetan ezarritakoa albo batera utzi gabe, errege-dekretua indarrean jarri eta gero, sektore publikoko erakundeek arrazoietan oinarrituta adostu ahal izango dute alarma-egoera justifikatu duten gertaerekin hertsiki lotutako egoerekin harremanetan dauden administrazio-prozedurekin aurrera jarraitzea, edo ezinbestekoak direnekin, interes orokorra babesteko edo zerbitzuen oinarrizko funtzionamendurako.

Azkoitiko Udalak 2020ko martxoaren 26an egindako adierazpena kontuan izanik, aipatutako martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren 3. eta 4. apartatuetan ezarritakoa betez, bidezkoa da Azkoitiko Arau Subsidiarioen 4. aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntarekin jarraitzea.

Azkoitiko Arau Subsidiarioen 4. Aldaketa Puntualaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa egokia dela eta indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola, baita irismeneko dokumentuan jasotako baldintzak ere, ingurumen-adierazpen estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –organo eskuduna otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baiten Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko egitura organiko eta funtzionala–. Adierazpen horretan, ingurumen-arloko alderdiak Azkoitiko Arau Subsidiarioen 4. Aldaketa Puntualaren proposamenean sartzearen alde egiten da, eta Aldaketa Puntualak dakartzan ingurumen-efektu nabarmenen aipamena jasotzen da, azkenean onartuko den planean sartu beharreko azken zehaztapenak sartuta, ingurumen-efektuetarako bakarrik.

Orain arte ezarritakoari jarraikiz, espedienteko txostenak aztertu dira eta honako lege-xedapen hauek guztiak ikusi dira: Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretua; Covid-19ak eragindako krisi sanitarioa kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, bada, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Azkoitiko Arau Subsidiarioen 4. Aldaketa Puntualaren ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzea, jarraian zehaztu bezala:

1.– Azkoitiko Arau Subsidiarioak 2007an onartu ziren. Ingurumen-ebaluazio honen xede den Azkoitiko Arau Subsidiarioen Aldaketak jarraian zehazten diren jarduketak ditu xede, lau eremutan:

A) San Juan 24. eremua (128.311 m²): Dagoeneko bere zatirik handienean urbanizatuta eta exekutatuta dagoen industrialde bat da. Eraikigarritasuna areagotzea da xedea.

B) Basarte 25. eremua (80.968 m²): Dagoeneko finkatutako eremu industriala da eta hirigintzako zenbait kontzeptu berrikusiko dira. Horrez gain, eremua berriz ere mugatzea proposatzen da gaur egun dagoeneko eraldatuta dagoen eremuaren aldameneko lurzoru bat bertan sartzeko; lurzoru hori aparkaleku gisa erabiltzen da eta uneotan urbanizaezin jotako gune batean dago.

C) San Martin 3. eremua (100.260 m²): Dagoeneko guztiz finkatutako bizitegi-eremu hiritarra da. Indarrean den antolamenduari eremuaren azterketa soziourbanistikoaren ondorioak gehitu nahi zaizkio.

D) Izarrejandalo sektorea: Zona industrial berri bat sortzea proposatzen da udalerrian dauden beharrei erantzuteko, dagoeneko agortu egin baitira jarduera ekonomikoetara bideratzeko antolamendu orokorrean aurreikusitako lurzoruak. Izarrejandalon sektore baten (114.007 m²) sailkapena onartzea proposatzen da. Sektore horretako zati bat zabortegi zahar bat da.

E) Lurzoru urbanizaezinaren antolamendua berrikustea: Lurzoru urbanizaezinaren zonifikazioa eguneratzen da, egokitzeko bai lurralde- eta sektore-antolamendura bai indarreko Arau Subsidiarioak 2007an onartu zirenetik gaur egunera bitartean onartu diren eta Azkoitiko udal-mugartean eragina duten babes figuretara.

2.– Ingurumen-adierazpen estrategiko hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2017ko apirilaren 27ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideen integrazioa.

Ingurumen-organo horrek emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakonera, xehetasun-maila eta espezifikazio-gradua bermatuz egin da Arau Subsidiarioen Aldaketaren ingurumen-azterketa estrategikoa. Planifikazio-prozesuan ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da nahikoa zorrozki heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.

3.– Arau Subsidiarioen Aldaketaren izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzeko eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu beharreko jarduketarik Arau Subsidiarioen Aldaketan.

4.– Neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta segimendukoak indarreko araudiaren arabera hartuko dira, hurrengo apartatuetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera.

Arau Subsidiarioen Aldaketaren ingurumen-azterketa estrategikoak espezifikoki aurreikusten ditu neurriak (ingurumen-azterketa estrategikoren 6.2 epigrafea eta ingurumen-irizpideak txertatzeko dokumentuaren 4.2 puntua), Izarrejandalo sektorearen garapenerako. Neurri horiek sektorearen fitxa urbanistikoan sartu eta dagokion plan partzialean garatu beharko dira. Besteak beste, aurreikusten da jarduketa gauzatzeko suntsitu beharreko eskualde mailako intereseko habitatak (hariztia-zuhaitz hostozabalen baso mistoa), azalera berean edo handiagoan berrezarriko direla.

Oro har, ingurumen-balioen babesa lehenetsiko duten neurriak aplikatu beharko dira, hau da, jarduketak gauzatzean, proposamen zehatzak aztertu beharko dira eta ingurumen-balioak mantentzen direla bermatzeko neurriak landu beharko dira. Orokorrean, ingurumen-dokumentu estrategikoan ezarritako neurriei, besteak beste, honako hauek gehitu beharko zaizkie:

A) Lurzorua ez okupatzen saiatuko da; horretarako, erabileren nahasketa sustatuko da eta espazio degradatuak leheneratuko eta berrerabiliko dira. Lurraldea –orokorrean hartuta– berrerabiltzea eta birziklatzea bultzatzen duen hiri-berroneratzeari lehentasuna emango zaio, jadanik hirigintzak okupatuta dauzkan espazioetan erabilera berriak garatuz.

B) Bermatuko da udalerriko baso autoktonoak eta Batasunaren interes lehenetsiko habitatak babestuko direla, eta hori izango da lurzoru urbanizaezinen antolamendurako kategoriak onartu ahal izateko baldintza, 92/43/EEE Zuzentarauak, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko 42/2007 Legeak (irailaren 21eko 33/2015 Legeak aldatua), Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen 1/2014 Legegintzako Dekretuak eta Lurralde Antolamendurako Gidalerroek ezarritakoarekin bat.

Oro har, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaredi naturala.

C) Urbanizazio-obrak, eta haien artean indusketa-lanak, indusketa selektiboen planen arabera eta Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako lurzoruaren kalitateari buruzko prozeduran ezarritako baldintzetan egingo dira, kokapena aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko. Halaber, lurzoruaren kalitateari buruzko ebazpen horretan ezartzen diren erabilera-mugak beteko dira.

Hala ere, obrek dirauten bitartean lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada, edo lurzorua kutsatzen duten gaien zantzu argirik bada, kasu horietarako ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.

D) Jardunbide egokien eskuliburuan jasotako neurriak hartu beharko dira obretan, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, induskatutako lurzoruen kontrolean, uraren eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesean. Bereziki:

1) Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Alderdi hauei loturiko alderdiak behintzat hartuko ditu barnean: lanaldiak, makineria, behin-behineko desbideratzeak, isurketen prebentzioa, ahalik eta hauts eta zarata gutxiena sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

2) Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

3) Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoa bete beharko da.

4) Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).

5) Olio erabiliak kudeatzeko, hauetan xedatutakoa beteko da: Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua, eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua.

6) Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

7) Urak babestea: Urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuek lurrazaleko uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak aurreikusi beharko dituzte, adibidez, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.

8) Eraikinak eta eraikuntza-lanak jasangarriagoak izatea lortzeko, «Eraikuntza jasangarriaren gida. Eraikin industrialak» lanean jasotako neurri eta ingurumen-jardunbide egokiak jarraituko dira, eraikinen aurrezkia eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko xedez. Neurri horiek alderdi hauetan behintzat eragin beharko dute:

a) Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

b) Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia kopurua edota kontsumoa murriztea.

c) Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

d) Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

e) Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

f) Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

9) Behar diren neurriak jarriko dira eragingo zaien lurzoruen ezaugarri edafikoak mantentzeko. Ezponda eta landareztatu beharreko azaleretan landare-lurra erabiliko da ahal dela. Era berean, saihestu egingo da lur-mugimenduek espezie inbaditzaileen hedapena sustatzea. Horrez gain, diseinu irizpideak erabiliko dira erosio-arriskuak minimizatzeko.

10) Kultur ondareari dagokionez, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legean ezarritakoa hartuko da kontuan. Lur-mugimenduak egiten badira eta horiek egitean arkeologia-izaerako aztarnaren bat aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio kultura-ondarearen arloko Gipuzkoako Foru Aldundiko Sail eskudunari, eta behar diren neurriak hartuko ditu hark.

5.– Ingurumen-jarraipenaren plana.

Ingurumen-azterketa estrategikoak ikuskatze-programa egoki bat deskribatzen du, bai Azkoitiko Arau Subsidiarioen Aldaketan jasotako xedapenen aplikazio egokia bermatzeko, bai, hala badagokio, aurreikusitakoak ez diren beste ingurumen-efektu batzuk atzemateko.

6.– Azkoitiko Arau Subsidiarioen Aldaketaren ondoriozko planen eta proiektuen ingurumen-ebaluaziorako arau orokorrak.

Egitasmoaren ondoriozko planen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta Ingurumen Administrazioaren zuzendariak 2017ko apirilaren 27an emandako Ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak.

Azpimarratu behar da, besteak beste, jada artifizialdutako lurzoruen erabilerari lehentasuna eman behar zaiola, bai eta ingurumen-baliabideen erabilera jasangarriari eta zona berdeen eta ibaien kalitatea hobetzeari ere.

Bigarrena.- Ebazpen honen edukia jakinaraztea Azkoitiko Udalari.

Hirugarrena.- Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 1a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala