Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

69. zk., 2020ko apirilaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
1841

EBAZPENA, 2020ko martxoaren 16koa, Garraio Azpiegituretako zuzendariarena. Horren bitartez, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari eskuordetu zaio zenbait eraikuntza-proiektu onesteko eskumena.

Garraio Azpiegituren Zuzendaritza da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskumenekoak diren azpiegituretako proiektu teknikoak onesteko eskumenak dituen organoa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuan xedatutakoekin bat eginez.

74/2017 Dekretuaren 22.1.b artikuluarekin bat eginez, Azpiegitura eta Garraioen Sailburuordetzarekiko menpekotasun zuzen eta hierarkikoarekin, Azpiegitura eta Garraio Zuzendaritzari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskumen guztiak egikaritzea garraio azpiegituretako obrak sortzearen, zuzentzearen, ikuskatzearen eta egikaritzearen alorretan, obra proiektuak onestea barne.

Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen bidez sortu zen, eta, horrekin bat eginez, trenbideen alorrean eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailari atxikita dago, eta helburua da administrazio horren eskumenekoak diren trenbide garraioko azpiegiturak eraikitzea eta administratzea.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 8. artikuluan xedatuta dago eskumenari ezin zaiola uko egin, eta eskumen hori propiotzat esleituta duten administrazio organoek egikarituko dutela, salbu eta eskuordetze edo bereganatze kasua, lege horretan edo beste batzuetan aurreikusitakoekin bat eginez.

Eskumen printzipioak eta administrazio jarduerako printzipio orokorrak, bereziki eraginkortasun printzipioa, kontuan hartuz, eta ikusirik Garraio Azpiegiturako Zuzendaritzan ez dagoela giza baliabide nahikorik, egokitzat jo da Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea izeneko zuzenbide pribatuko erakunde publikoari eskuordetzea Ebazpen honetako xedapen atalean adierazitako eraikuntza-proiektuak onesteko eskumena.

Azaldutakoarekin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 9. artikuluan xedatutakoarekin bat eginez, hauxe

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen Zuzendaritza Nagusiari eskuordetzea Garraio Azpiegituretako Zuzendaritzako eskumenekoak diren trenbide-azpiegituretako eraikuntza-proiektuak onesteko eskumena.

Eskuordetze hori ez da aplikatuko honako eraikuntza-proiektu hauetan:

– Ondasun eta eskubideen atxikipena duten eraikuntza-proiektuak.

– Informazio-azterketa garatzen duten eraikuntza-proiektuak.

– Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena behar duten eraikuntza-proiektuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 41. artikuluarekin eta I. eranskineko B atalarekin eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearekin bat eginez.

– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari egindako aginduen ondoriozko eraikuntza-proiektuak, edo Eusko Jaurlaritzako beste erakunde edo sailekin egindako hitzarmenak, agindu edo hitzarmen horietan xedatutako terminoekin eta baldintzekin bat eginez.

Bigarrena.– Ebazpen honetan jasotako eskuordetzea egikarituko da albo batera utzi gabe horri buruz, eskumenak dituen erakunde gisa, Garraio Azpiegituretako Zuzendaritzak ezarritako zuzentarauak eta irizpideak. Eskuordetze bidez emandako ebazpenetan zorrotz bete beharko dira irizpide horiek.

Hirugarrena.– Ebazpen honetan jasotako eskuordetzearekin bat eginez, emandako ebazpenetan, berariaz inguruabar hori jaso beharko da, eta organo eskuordetza-emaileak emandakotzat hartuko dira.

Laugarrena.– Ebazpen honetan jasotako eskuordetzea edozein unetan indargabetu ahal izango du Garraio Azpiegituretako Zuzendaritzak.

Bosgarrena.– Garraio Azpiegituretako Zuzendaritzak bereganatu ahal izango du Ebazpen honetako eskuordetzean jasota dauden gaiak aztertu eta ebazteko eskumena, betiere eskuordetzeak irauten badu eta berariaz indargabetzen edo aldatzen ez bada.

Seigarrena.– Ebazpen hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Zazpigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordearen aurrean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 16a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MIKEL GURUTZEAGA ZUBILLAGA.


Azterketa dokumentala