Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

55. zk., 2020ko martxoaren 18a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
1631

EBAZPENA, 2020ko martxoaren 13koa, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena. Honen bidez agintzen da argitara dadin Euskal Autonomia Erkidegoko Sindikatu Hauteskundeen Batzordea osatzen dutenek sinatutako akordioa, hauteskunde sindikalen prozesuak eteteko, aldi baterako eta ezohiko neurri gisa.

Koronabirusa enpresetan nahiz langileengan izaten ari den gero eta eragin handiagoa osasun publikoko arazo larria denez, ezinbestekotzat jo da enpresa eta administrazio publikoetan egitekoak diren hauteskunde sindikalen arloan ezohiko neurriak hartzea.

2020ko martxoaren 13an, Euskal Autonomia Erkidegoko Sindikatu Hauteskundeen Batzordea osatzen dutenek akordio bat sinatu zuten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoen zerbitzura diharduten enpresa eta langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskunde sindikalen prozesuak aldi baterako eteteko, ezohiko neurri gisa.

Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuak Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzari esleitzen dio, lan arloko agintari gisa, Hauteskunde Sindikalen Bulego Publikoa zuzentzeko funtzioa, azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

Hori dela eta,

EBAZTEN DUT:

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoen zerbitzura diharduten enpresa eta langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskunde sindikalen prozesuak aldi baterako eta ezohiko neurri gisa eteteko Sindikatu Hauteskundeen Komitea osatzen dutenek erdietsitako akordioa.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 13a.

Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,

MARÍA ELENA PÉREZ BARREDO.

ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO SINDIKATU HAUTESKUNDEEN BATZORDEAREN AKORDIOA, COVID-19AREN ONDORIOZKO EMERGENTZIA SANITARIOAK IRAUTEN DUEN BITARTERAKO HAUTESKUNDE SINDIKALAK ETETEKOA

2020ko martxoaren 13an, baliabide telematikoak erabiliz, Sindikatu Hauteskundeen Komitea osatzen duten kide hauek elkartu dira:

– Lan eta Justizia Sailaren izenean, Maria Elena Pérez Barredo, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Sindikatu Hauteskundeen Batzordea osatzen duten zentral sindikalen izenean:

(Ikus .PDF)
HONAKO HAU ADIERAZTEN DUTE:

Covid-19 birusaren epidemiaren ondorioz, emergentzia sanitarioa EAEko enpresetan eta langileengan izaten ari den eragina kontuan izanik, ezinbestekoa da ezohiko neurriak hartzea, hauteskunde sindikalen arloan.

Euskal Autonomia Erkidegoan Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, haren Batzordea eta Ikuskaritza sortzen dituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak ezarri zuen Sindikatu Hauteskundeen Batzordearen eginkizuna dela Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan egiten diren hauteskunde sindikalak kontrolatzea eta gainbegiratzea, 1999ko hauteskunde sindikalen sindikartuarteko akordioan ezarritakoari jarraikiz.

Hori guztia kontuan izanik,

ERABAKI DUTE:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoan egitekoak diren Hauteskunde sindikal guztiak aldi baterako etetea, martxoaren 16tik aurrera.

Bigarrena.– Akordioak indarrean jarraituko du Euskal Autonomia Erkidegoak bizi duen emergentzia sanitarioak irauten duen bitartean, eta aldeetako edozeinek proposatu ahal izango du hauteskunde-prozesuak berriro abiaraztea. Erabakia akordioa sinatu duten alde guztiek aho batez hartuko dute.

Hirugarrena.– Hona etenaldi horren baldintzak:

– Sindikatuek erabaki dute aurreabisurik ez erregistratzea.

– Egun martxan dauden hauteskunde-prozesuak etenda geratzen dira, eta etenaldia gertatu den puntu berean helduko zaie.

– Langileen Estatutuaren 67.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, langileen ordezkariek eta enpresa-batzordeetako kideek beren eskumenak eta bermeak baliatzen jarraituko dute, behin-behinean, hartik eta beste hauteskunde batzuk sustatu edo egin arte.

– Sindikatuek adostu dute gorabeherarik ez erregistratzea.

– Egun martxan dauden arbitraje-prozesuak etenda geratzen dira.

– Ikuskapen guztiak etenda geratzen dira.

– Etenaldiak irauten duen bitartean, aurkaratzeei buruzko komunikazioak posta elektronikoaren bidez egin ahal izango dira, eta posta elektronikoaz helaraziko zaizkio Sindikatu Hauteskundeen Lurralde Bulegoari.

– Ordezkagarritasunari dagokionez, Administrazioak azkena argitaratu duen datua hartuko da kontuen (2020ko urtarrilekoa).

– Lurralde batzordeen funtzioak etenda geratzen dira. Edonola ere, erregistratzeke dauden aktak erregistratu ahal izango dira, eta horretarako, kasuan kasuko sindikatu hauteskundeen lurralde-bulegoaren e-mail helbidea erregistro telematiko gisa gaituko da.

– Gorabehera baten ondorioz langileen legezko ordezkari batek edo gehiagok ordezkaritza utzi behar duenean legez aurreikusitako arrazoiren batengatik, gorabehera onartuko da lortutako botoen arabera hurrena datorrenak ordezka dezan, sindikatu berekoa nahiz beste batekoa izan. Kasu horretan kasuko Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoak mezu bat bidaliko die posta elektroniko bidez lurralde-batzordeko kideei, gehienez ere bi eguneko epean oniritzia eman diezaioten gorabehera horri; ezer adierazi ezean, egoerarekin ados daudela ulertuko da.

– Administrazioak komunikazio bat igorriko die une honetan hauteskunde-prozesuak irekita dituzten enpresei.

– Akordio honetan aurreikusi ez diren kasuetarako, mezu bat bidaliko posta elektronikoz Sindikatu Hauteskundeen Batzordearen email-helbidera, eta akordio hau sinatzen duten guztiei bitarteko digitalen bidez helaraziko zaie. Hala iruditzen bazaie aho batez erabaki ahal izango dute etenda uztea, harik eta lurralde-batzordeek aztertzeko modua izan dezaten.

Laugarrena.– Eusko Jaurlaritzako Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariak ebazpena emango du akordio hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin.


Azterketa dokumentala