Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

53. zk., 2020ko martxoaren 16a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1586

35/2020 DEKRETUA, martxoaren 3koa, zeinaren bidez onesten baita Zaldibar udalerrian (Bizkaia) dagoen zabortegiaren ingurunean hondakinen segurtasun-biltegiak urgentziaz eraikitzea.

Ikusita Zaldibar udalerrian (Bizkaia) kokatutako zabortegiaren luizia eta ondorengo sutea direla-eta sortutako egoeraren larritasuna eta kontuan hartuta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen testu artikulatua, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Ingurumen Erantzukizunaren urriaren 23ko 26/2007 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, dekretu hau ematea erabaki da, honako egitate hauetan oinarrituta:

EGITATEAK

1.– 2020ko otsailaren 6an, Verter Recycling 2002, SL enpresak ustiatutako hondakin ez-arriskutsuen zabortegian luizia izan zen eta horrek ondoren zabortegiak su hartzea eragin zuen. Ondorioz, zoritxarrez, bi pertsona desagertu ziren eta inguruneak ingurumen-eragin larriak izan zituen.

2.– Egitateen garrantzia kontuan hartuta, 2020ko otsailaren 10ean, Ingurumeneko sailburuordeak lehen ebazpen bat eman zuen. Ebazpen horren bidez, urgentziazko neurriak ezarri ziren gertatutakoari dagokionez, funtsean inplikatutako administrazio publikoei zuzenduta.

3.– Egun horretan bertan, Ingurumeneko sailburuordeak ebazpena eman zuen, zeinaren bidez Verter Recycling 2002, SLri agintzen baitzitzaion urgentziaz zenbait jarduketa egin zitzala zabortegian gertatutako luiziarekin lotuta. Horiek horrela, enpresa ustiatzaileari agindu zitzaion 7 eguneko epean bidal zezala gertatutakoa konpontzeko jarduketa-planaren aurrerapena, eta, era berean, isurketa-ontziaren egonkortasunari buruzko informazio historikoa bidaltzeko eskatu zitzaion.

4.– 2020ko otsailaren 13an, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak agindua eman zuen, zeinaren bidez urgentziazko neurriak hartzea erabaki baitzen Zaldibar udalerriko zabortegian izandako luiziari dagokionez. Agindu horretan, urgentziazko neurri hauek hartzea erabaki zen:

– Euri-urak, prezipitazio zuzenekoak edo kanpoko arroetatik datozenak, irristatutako eta irristatu gabeko hondakin-masaren gainean sartzea prebenitzeko neurriak.

– Irristatutako masa egonkortzearekin lotutako neurriak.

– Segurtasunarekin, desagertutako pertsonen erreskatearekin edo bestelakoekin lotutako beste helburu batzuetara bideratutako neurri gehigarriak.

– Lixibiatuak biltzeko, garraiatzeko eta kudeatzeko neurriak.

– Zabortegiko gasaren errekuntza eta sortutako sua kontrolatzeko eta eteteko neurriak.

– Obrako sarbideak, plataformak eta instalazioak irekitzeari buruzko neurriak, urgentziazko ekintzak gauzatzeko.

– Urgentziazko ekintzei buruzko dokumentuen, ingeniaritzaren, planen eta proiektuen diseinuarekin, kalkuluarekin eta garapenarekin lotutako neurriak.

– Hondakinak kudeatzeari lotutako neurriak, baldin eta –iragazgaiztutako segurtasun-biltegiaren kanpoaldera irristatu direlako edo lekuz aldatu behar direlako– instalazioko isurketa-ontzia bera ez den beste kokaleku edo instalazio batzuetara eraman behar badira.

5.– 2020ko otsailaren 13ko Aginduaren bigarren ebazpen-zatiak honako hau zehazten du:

Hartu beharreko neurri zehatz guztiak eta EAEko Administrazio Orokorraren jarduketak iraungo duen denbora izango dira gertakariaren ondoriozko hasierako larrialdi-fasea konpontzeko eta ingurumeneko kalte edo afekzio berriak sortzeko arriskua minimizatzeko behar diren gutxienekoak eta behar-beharrezkoak direnak, eta Administrazioak zuzenean gauzatuko ditu Verter Recycling 2002, SLren kontura, modu proportzionalean eta zabortegiko operadorearentzat kostu txikiagoko beste aukerarik ez dagoen neurrian.

Ondoren, hasierako larrialdi-fasea gainditu ondoren, zabortegia ustiatzen duen enpresak –lehengoratze-ekintzak egiteko betebeharra eta erantzukizuna duen aldetik– bere gain hartuko du, oso-osorik, prebentzio-neurriak, kalte berriak saihesteko eta gauzak berrezarri edo aurreko egoerara itzultzeko neurriak gauzatzea, baldin eta bere aldetik proposatu eta EAEko ingurumen-administrazioko organo eskudunek teknikoki baliozkotzen badituzte.

6.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Zerbitzuetako zuzendariak 2020ko otsailaren 13an emandako Ebazpenaren bidez, agindua ematen zaie Ingurumen Sailburuordetzako zerbitzu eskudunei Zaldibar udalerrian (Bizkaia) kokatutako hondakin ez-arriskutsuen zabortegian izandako luiziaren ondorioz beharrezkoak diren jarduketak berehala kontrata ditzaten, prebentzio-neurriak, pertsonei, ondasunei eta ingurumenari egindako kalteak konpontzeko neurriak eta ukitutako zonan kalte berriak sortzea saihesteko neurriak aplikatzeko helburuarekin.

7.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak (KEB) 2020ko otsailaren 13ko 1/20 Zirkularra eman du, EAEko sektore publikoko sailek eta erakundeek Zaldibarko zabortegiaren amiltzea dela-eta egin beharreko jarduketetan sortutako ezohiko gastuak izapidetzeko prozedura bateratua ezartzeko, bai eta izan daitezkeen itzulketak egiteko behar den informazioa jasoko duten erregistro eta artxibo egokiak antolatzeko ere, hala dagokionean. Zirkular horretan adierazten da gastuak egozteko partida berriak ireki beharko direla sail eta erakunde autonomo bakoitzaren kasuan kasuko programetan.

8.– Administrazio publikoak urgentziazko neurri horiek gauzatzeko izendatutako obra-zuzendaritzak erabaki du beharrezkoa dela irristatutako hondakinen zati bat Zaldibarko zabortegiko ontzitik ahalik eta gertuen dauden bi biltegiratze-eremu segurutara eramatea. Justifikazio teknikoa eta ingurumenekoa behar bezala egiaztatzen dira arlo horretan aditua den enpresa batek administrazio publikoaren eskariz egindako azalpen-proiektu batean. Proiektu hori dekretu honen I. eranskinean jasota dago.

9.– Ingurumenari eta pertsonen osasunari dagokienez lehendik sortutako arrisku eta kalteez gain egungo egoera larriagotu dezaketen kalte eta arrisku berriei aurrea hartzeko eta haiek saihesteko neurri gisa, ezinbestekoa da urgentziazko neurriak berehala gauzatzea, dekretu honi erantsitako azalpen-proiektuari jarraikiz; irristatzeko arriskuan dauden, irristatu diren edo desagertuak bilatzeko lanen ondorioz edo ezpondak egonkortzeko lanen ondorioz inguruetan metatu diren kolapsatutako zabortegiko hondakinak birkokatu beharra dago.

Azalpen-proiektu horretan zehazten dira hondakin horiek gordetzeko diseinatutako bi segurtasun-biltegiak, haiekin lotutako instalazioak, haietara iristeko bideak eta hondakin horiek mobilizatzeko eta biltzeko egin beharreko lanak.

10.– Jarduketa horiek gauzatzeko ezinbestekoa da –aldi baterako behintzat– lursailak okupatzea, bai eta lursailak okupatzea urgentziazkoa dela deklaratzea ere. Okupazio horren eraginpeko lursailak erabiliko dira aipatu diren hondakin-biltegiak eta haiei lotutako instalazioak jartzeko eta bertara iristeko pistak egiteko, eta, esan bezala, Zaldibarko zabortegiaren inguruetan daude.

Aurreko egitateei zuzenbideko oinarri hauek aplikatu behar zaizkie:

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren (1/2016 LED) 35. artikuluak, behin-behineko neurriei buruzkoak, honako hau xedatzen du:

1.– Zehapen-prozedura bat hasitakoan, zehapena ezartzeko organo eskudunak behin-behineko neurri hauetakoren bat edo batzuk ezarri ahalko ditu, besteak beste:

a) Arriskua edo kaltea ez luzatzeko zuzentze-, segurtasun- edo kontrol-neurri egokiak.

(...)

2.– Aurreko apartatuan adierazitako neurriak zehapen-prozedura administratiboa hasteko erabakia hartu aurretik erabaki ahalko dira, araudi erregulatzaile orokorrean aurreikusitako moduan.

2.– Halaber, aipatutako 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren 36. artikuluan –lehengoratu beharrari eta hertsapen-isunei buruzkoa– honako hau zehazten da:

1.– Ezar daitekeen zehapen penal edo administratiboaz gainera, arau-hausleak gauzak berrezarri edo aurreko egoerara itzuli beharko ditu, arau-haustea egin baino lehenagoko egoerara ekarriz, eta, hala dagokionean, eragindako kalte eta galeren ordaina eman beharko du. Administrazio publikoei eragindako kalte eta galeren ordaina administrazio-bidean erabaki eta bilduko da.

Arau-hausleak, halaber, organo eskudunak beharrezkotzat jotzen dituen neurri osagarriak hartu beharko ditu, ingurumen-baimen integratuaren baldintzak betetzea berriro bermatzeko eta gertakari edo istripu gehiago ekiditeko.

3.– Antzekoa dio Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 102. artikuluak:

Aldatutako ingurunea leheneratzea.

1.– Ezartzen diren zigorren kalterik gabe, araua hausten dutenak behartuta daude eragindako kalteak ordaintzera, aldatutako ondasunak konpondu eta lehengo egoerara ekartzearren.

2.– Araua hausten duenak aurreko apartatuan ezarrita dagoen betebeharra betetzen ez duenean edo erabat betetzen ez duenean, hertsapen-isunak ezarri ahal izango zaizkio.

4.– 3/1998 Legearen 105. artikuluak honako hau ezartzen du:

105. artikulua.– Ezohiko kasuetan kautelazko neurriak hartzea.

Salbuespenez, eta zehapen-espedienteari hasiera eman aurretik, administrazio publikoek zehapen-izaerarik ez duten ondoko kautelazko neurriak hartu ahal izango dituzte edo lege honetan arau-hauste gisa tipifikatutako edozein ekintzaren ustezko arduradunari neurri horiek harrarazi ahal izango dizkiote:

a) lanak edo jarduerak bertan behera uztea.

b) aparatuak, ekipoak edo ibilgailuak zigilatzea.

c) ingurumen-kaltea zabaltzea galarazten duen beste edozein zuzenketa-, segurtasun- edo kontrol-neurri.

5.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak, administrazio-prozeduraren arloko oinarrizko arau izaki, administrazio-prozeduretan har daitezkeen behin-behineko neurriak ere jasotzen ditu, zehapen-espedienteetara mugatu gabe. Horiek horrela, 56. artikuluak honako hau xedatzen du:

56. artikulua.– Behin-behineko neurriak.

(...)

2.– Administrazio-prozedura hasi aurretik, prozedura hasteko edo instruitzeko eskumena duen organoak, ofizioz edo alderdi batek eskaturik, urgentzia geroraezineko kasuetan eta ukitutako interesak behin-behinean babesteko, beharrezko eta proportziozko gertatzen diren neurriak hartu ahal izango ditu modu arrazoituan. (...)

3.– Aurreko bi apartatuetan aurreikusitakoaren arabera, behin-behineko neurri hauek hartzea erabaki ahal izango da, Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legean aurreikusitako moduan:

(...)

(i) Beste neurri batzuk, interesdunen eskubideak babesteko xedez legeek espresuki aurreikusiak edo ebazpena eraginkor izango dela segurtatzeko beharrezkotzat jotzen direnak.

6.– Halaber, Zaldibarko zabortegian izandako gertakariari zuzenean eta lehentasunez aplikatzekoa den araua izaki, Ingurumen Erantzukizunaren urriaren 23ko 26/2007 Legeak honako hau xedatzen du:

44. artikulua.– Behin-behineko neurriak.

1.– Prozedurak izapidetzen diren bitartean, behin-behineko izaeraz hartu ahal izango dira egoera larriagotu ez dadin, ingurumen-kalterik eragin ez dadin eta, bereziki, giza osasuna bermatzeko beharrezkoak diren prebentziozko neurri guztiak eta kalte berriak saihesteko neurriak.

2.– Helburu berarekin, ezinbestekoak diren behin-behineko neurriak hartu ahal izango dira prozedura hasi aurretik, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 72.2 artikuluan ezarritako muga eta baldintzekin.

3.– Behin-behineko neurriak izan daitezke operadoreari agintzea beharrezkotzat jotzen diren jarduketak egin ditzala, eta, egiten ez baditu, nahitaez betearazi ahal izango dira, bai eta agintaritza eskudunak egin beharreko jarduketei dagokienez ere, arduradunaren kontura bada ere.

23. artikulua.– Administrazioak zuzenean jardutea.

1.– Baliabide naturalak, eta haiek ematen dituzten zerbitzuak, ahalik eta modu eraginkorrenean babesteak hala eskatzen duenez, agintaritza eskudunak bere kabuz erabaki eta betearazi ahal izango ditu lege honetan aurreikusitako prebentzio-neurriak, kalte berriak saihesteko neurriak edo konponketa-neurriak, besteak beste, honako inguruabar hauek kontuan hartuta:

(...)

c) Hala aholkatzen duten azterlanak, ezagutzak edo baliabide teknikoak behar izatea.

d) Administrazio publikoen ondasunetan edo hirugarrenen jabetza pribatukoetan egin beharreko jarduketak egotea, operadore arduradunak egin ditzan zailtzen edo eragozten dutenak.

e) Kaltearen larritasunak eta garrantziak hala eskatzea.

2.– Larrialdi-kasuetan, ingurumen-kalteak konpontzeko, saihesteko edo prebenitzeko neurriak finkatzeko edo neurri horiek hartzea eskatzeko lege honetan aurreikusitako prozedura izapidetu beharrik gabe jardun ahal izango du agintaritza eskudunak.

7.– Behin-behineko edo kautelazko neurriak hartzeko erabakia, bereziki urgentziaz eta dagokion administrazio- edo zehapen-prozedura hasi baino lehen hartu behar bada, arrazoituta egin behar da, salbuespenez, atzeraezina den urgentziazko kasuetan eta ingurumen-kalteak edo bestelako kalteak daudenean, edo halakoak izateko arrisku ziurra dagoenean, betiere modu proportzionalean.

8.– Zaldibarko zabortegia irristatu eta geroko ingurumen-erantzukizuna eskatzeko prozeduran eman daitekeen ebazpenaren eraginkortasuna ziurtatzeko, bidezkoa da organo honek, instalazioaren titularraren kontura, honako prebentzio-neurri hau hartzea eta betearaztea, kalte berriak saihesteko edo konpontzeko:

Zaldibar udalerrian (Bizkaia) dagoen zabortegiaren ingurunean hondakinen segurtasun-biltegiak urgentziaz eraikitzea.

9.– Espazio fisiko segurua izateko urgentzia dela-eta, ezinezkoa da administrazio-espedienteak izapidetzea beren fase eta izapide arruntekin; titulartasun pribatuko ondasun eta eskubide jakin batzuk aldi baterako okupatzeko gizarte-intereseko deklarazioaren tituluari buruzko 26/2007 Legearen seigarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat etorriz, ezinbestekoa da berehala okupatzea segurtasun-biltegiak eraikitzeko behar diren lursailak. Alde horretatik, arauak hau dio:

Gizarte-interesekotzat deklaratzen da titulartasun pribatuko ondasun eta eskubideak aldi baterako okupatzea, ingurumen-kalteak konpontzeko edo horien gauzatzea prebenitzeko edo saihesteko beharrezkoa denean. Administrazio publikoek okupazio hori urgentziazkotzat deklaratu ahal izango dute, inguruabarrek hala justifikatzen dutenean.

10.– Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak, horri dagokionez, lehen xedapen gehigarrian onura publikokotzat eta gizarte-interesekotzat deklaratzen du, nahitaezko desjabetzeari buruzko legeriaren ondoreetarako, hondakinak biltegiratzeko, balorizatzeko eta kentzeko instalazioak ezartzea edo handitzea.

11.– Nahitaezko desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legeak, bestalde, xedatzen du onura publikoa inplizituki ulertzen dela –higiezinen desjabetzeari dagokionez– Estatuaren, probintziaren eta udalerriaren obra- eta zerbitzu-plan guztietan, eta, legeak onura publikoa orokortzat deklaratzen duen gainerako kasuetan, kasu zehatz bakoitzean Ministroen Kontseiluaren erabaki baten bidez onartu beharko dela, salbu eta obra, zerbitzu edo emakida jakin batzuen kategorietarako, horiek arautzen dituzten legeek beste zerbait xedatu badute. Bestalde, eta beharrezkoa izanez gero, arau-multzo bereko 52. artikuluak irekita uzten du obra edo helburu jakin baterako egingo den desjabetzeak ukitutako ondasunen okupazioa urgentziazkotzat deklaratzeko aukera.

12.– Azaldutakoagatik, 26/2007 Legeak beste arau batzuekin lotuta adierazten duen moduan, bidezkoa da erabaki bat ematea, zeinaren bidez onura publikokotzat, gizarte-interesekotzat eta urgentziazkotzat deklaratzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aldi baterako okupatzea zabortegiaren inguruko hondakinen segurtasun-biltegiak, instalazio osagarriak eta haietarako sarbideak urgentziaz gauzatzeko proiektuak ukitutako ondasunak eta eskubideak, beharrezkoa delako ingurumen-kalteak konpontzeko edo halako kalteak prebenitzeko edo ekiditeko.

13.– Jurisprudentziak okupazioak urgentziazkotzat deklaratzeko eskatzen dituen baldintzak betetzen dira betiere salbuespenezko zirkunstantziek –hau da, hondakinak irristatzeko arrisku berriak, herritarren osasunari kalte egin diezaioketen sute berriak, lurpeko eta azaleko uren kutsadurak, ondoko lurzoruen kutsadura edo aldaketak, uretako espezieen hilkortasunak eta abarrek– prozedura berezi hau erabiltzea eskatzen badute, eta dekretua behar bezala arrazoituta badago oinarrian lehen aipatutako kausei dagokienez, besteak beste.

14.– Segurtasun-biltegiak kokatzeko hautatutako lursailak gaur egungo instalazioen ondoko eremuak dira, ex profeso hautatuak, hondakinen tipologia berezia isurketaren gunetik urrun dauden lekuetara eramatea saihestu behar delako. Horrez gain, adierazi behar da ez dagoela hirigintza-oztoporik ukitutako jabetza-ondasun eta -eskubideak aldi baterako okupatzea urgentziazkotzat deklaratzeko.

15.– 1. eta 2. biltegiak, horien instalazio osagarriak eta horietara iristeko pistak eraikitzeko aldi baterako okupazioak ukitutako lursailak eta pertsonak erantsitako planoetan jasotakoak dira, eta guztiak 006 poligonoari dagozkio, katastroaren arabera. Planoa erantsi da dekretu honen II. eranskin gisa.

Puntu honetan adierazi behar da ukitutako interesdunei –okupatzen diren lurren titularrei– jakinarazi beharko zaiela eta entzun egin beharko zaiela, eta, nolanahi ere, aplikatu beharreko araudiak ematen dizkien eskubideak babestuko direla.

16.– Eraiki beharreko bi biltegi segurutara irristatutako hondakinen zati bat ahalik eta lasterren eramateko urgentziazko beharraren ondorioz, adierazi behar da Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak 41.1 artikuluan ezartzen duela, oro har, ingurumen-inpaktua ebaluatzeko dagokion prozedura bete behar dutela Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean gauzatu nahi diren plan eta proiektuek, publikoak zein pribatuak izan, lege horren I. eranskinean jasotakoak badira.

Aipatutako I. eranskineko B) apartatuko 4. puntuak ingurumen-kudeaketarako azpiegitura-proiektuak jasotzen ditu, besteak beste hondakin arriskutsuak errausteko industria-instalazio finkoak eta hondakin horiek zabortegietan biltegiratuta, segurtasun-biltegian, tratamendu kimikoarekin edo kutsatzaileen balizko isurketari dagokionez antzekoa den beste edozein tratamenduren bidez ezabatzeko instalazioak.

17.– Hala ere, 3/1998 Legearen 41. artikuluaren 2. apartatuak ezartzen duenez, salbuespenezko kasuetan Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuak, arrazoitutako erabaki baten bidez, lege honetan jasotako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedurak aplikatzetik salbuetsi ahal izango du –osorik nahiz zati batean– I. eranskinean aipatutako plan edo proiekturen bat. Aipatutako erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

18.– Gauzak horrela, nahiz eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura izapidetzeak denboran atzerapena ekarriko lukeen irristatutako isurketa birkokatzeko –eta beharrezkoa da hori saihestea–, kontuan hartuta ingurunean bizi den egoera larria eta urgentziazkoa dela lurraren ezegonkortasunaren ondorioz, eta ingurumenerako eta herritarrentzat arrisku handiagoa sor ez dadin, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-arloko organo eskudunak erabaki du aurreikusitako hondakinen segurtasun-biltegiak gauzatzean mota guztietako prebentzio- eta zuzenketa-neurriak aintzat hartu behar direla, ingurumenean inpaktu potentzial berriak eta ondorio negatibo nabarmenak sortzea minimizatzeko.

19.– Alde horretatik, otsailaren 27ko Euskal Herriko ingurugiroa babesteko 3/1998 Lege Orokorraren 41.2 artikulua aplikatuz, proiektu hau salbuetsita dago ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozeduratik, zeina ohiko egoeretan nahitaezkoa izango bailitzateke; hala ere, ingurumen-ebaluazio alternatibo bat egin da, eta, bertan, proiektua gauzatzeak ingurumenean izan ditzakeen ondorioak identifikatu dira, eta ondorio horiek saihesteko, edo, hala badagokio, zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak diseinatu dira, eta ingurunearen ingurumen-jarraipenerako beharrezkoak direnak ere bai.

20.– Kontuan hartuta jarduketak osorik edo zati batean kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak izan dituzten lurzoruetan aurreikusten direla, lurzorua babestearen arloko legeriaren aurreikuspenak aplikatu behar dira, eta, zehazki, ekainaren 25eko 4/2015 Legea, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa, eta hura garatzeko erregelamendua (209/2019 Dekretua, abenduaren 26koa). Alde horretatik, 4/2015 Legearen 23. artikuluak lurzoruaren kalitatearen arloko deklarazio-prozedura bat izapidetzeko betebeharra ezartzen du honako kasu hauetan:

a) Kutsagarria izan daitekeen jarduera edo instalazio bat duen edo izan duen lurzoruan jarduera bat instalatzea edo zabaltzea.

21.– Hala ere, 4/2015 Legearen 25. artikuluaren 1.c) apartatuak adierazten du ez dela beharrezkoa izango lurzoruaren kalitatearen arloko deklarazio-prozedurei hasiera ematea, 23. artikuluko kasuren bat gertatu arren, honako zirkunstantzia hauetakoren bat gertatzen denean: c) Lurzorua kutsa dezakeen jarduera edo instalazio bat handitu edo aldatzean, handitu edo aldatu nahi den jarduera edo instalazioak hartzen duen lurzatiaren mugen barruan egiten bada.

22.– Ondorioz, Zaldibarko zabortegiko lurzatiaren mugen barruan dagoenez bi biltegietarako aurreikusitako kokapena, instalazio horiek ezartzeko ez da beharrezkoa izango aurrez haiek okupatuko duten lurzoruaren kalitatearen deklarazioa egitea.

23.– Lehen aipatutakoari estuki lotuta, erantsitako proiektuan deskribatutako jarduketak gauzatzea, agerikoa denez urgentziazkoa delako, ezin dute baldintzatu udal-organo eskudunak hirigintza-lizentziak izapidetzeak eta lortzeak, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legean xedatutakoaren arabera.

Alde horretatik, hirigintza-jarduketen sustatzaile guztiei –partikularrei zein erakunde publikoei– aplikatu behar zaie aldez aurreko lizentzia, baina, hala ere, salbuespenak onartzen dira hirigintza-lizentzia ez eskatzeari dagokionez jarduketa jakin batzuetarako, dela interes orokorreko arrazoiak daudelako, dela ordenamendu juridikoak berariaz hala ezartzen duelako, hain zuzen.

24.– Jorratu beharreko eraikuntza-jardueraren xedearen izaera eta haren interes publiko nabarmena kontuan hartuta, dagokion udal-lizentzia lortzeko izapidetze arrunta dekretu honen xedearen aurkakoa izango litzateke, proiektuan interes orokorraren babes efektiborako aurreikusitako neurriak berehala exekutatzea baita, hain zuzen, dekretuaren xedea. Horrela, zabortegiaren irristatzeak eta ondorengo suteak eragindako egoera larria arintzeko urgentziazko beharrak berretsi egiten du hirigintzako obra arruntak kontrolatu eta gauzatzeko ezartzen den arau orokorretik kanpo dagoen salbuespenezko obra baten aurrean gaudelako ideia.

25.– Azken alderdi gisa, 26/2007 Legean xedatutakoaren arabera, honako hau adierazi behar da:

9. artikulua.– Operadoreen erantzukizuna.

1.– Lege honetan jasotako jarduera ekonomikoen edo profesionalen operadoreak behartuta daude ingurumen-kalteak prebenitzeko, saihesteko eta konpontzeko neurriak hartzera eta betearaztera, bai eta horien kostuak ordaintzera ere, horien erantzuleak direnean, horien zenbatekoa edozein dela ere.

Hona hemen kostuen arau horrek ematen duen definizioa, hitzez hitz: «Kostuak»: Lege hau ingurumen-kalte baten edo ingurumen-kaltearen mehatxu baten aurrean modu egoki eta eraginkorrean aplikatzen dela bermatzeko beharrak justifikatutako gastu oro, edozein dela ere haren zenbatekoa. Bereziki, honako hauek sartzen dira: prebentzio-neurriak behar bezala gauzatzeak dakartzan gastu guztiak, kalte berriak saihestekoak eta konpontzekoak; ingurumen-kalteak eta kalte horiek gertatzeko berehalako mehatxua ebaluatzekoak; jarduteko aukera posibleak ezartzekoak eta egokienak aukeratzekoak; egoki diren datu guztiak lortzeko sortutakoak eta jarraipena eta gainbegiratzea bermatzekoak. Ulertzen da gastu horien artean sartzen direla aipatutako ekintzak gauzatzeko beharrezkoak diren administrazio-kostuak, kostu juridikoak eta jarduera material eta teknikoenak.

26.– Era berean, 27/2006 Legeak, 23. artikuluan –Administrazioaren zuzeneko jarduketa behar den kasuei buruzkoan–, Zaldibarko gertakarian Euskal Administrazio Publikoak gauzatutako jarduketen kasu zehatzean gertatzen den moduan, argi eta garbi zehazten du:

2.– Larrialdi-kasuetan, agintaritza eskudunak jardun ahal izango du ingurumen-kalteak konpontzeko, saihesteko edo prebenitzeko neurriak finkatzeko edo neurri horiek hartzea eskatzeko, lege honetan aurreikusitako prozedura izapidetu beharrik gabe.

Inguruabar horiek desagertu ondoren, agintaritza eskudunak, dagokion prozeduraren instrukzioa egin ondoren, ebazpena emango du, artikulu hau aplikatuz gauzatutako neurrien kostuen zenbatekoa eta horiek ordaintzera behartuta dagoena edo daudenak finkatuz, eta hori nahitaez betearazi behar izango da.

3.– Agintaritza eskudunak operadorearengandik edo, hala dagokionean, kaltea edo kaltearen berehalako mehatxua eragin duen hirugarrenarengandik berreskuratuko ditu kalte berriak prebenitzeko, saihesteko edo konpontzeko neurri horiek hartzeagatik sortutako kostuak.

27.– Gobernu Kontseiluak eskumena du administrazio-ebazpen hau emateko, eta, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legean xedatutakoaren arabera, dekretu-forma hartuko du, 65.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, aipatutako arau-testuaren 60. artikuluari eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 35.1.a) artikuluari dagokienez.

Horiek horrela, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren proposamenez, nahitaezko txostenak bildu ondoren eta Gobernu Kontseiluak 2020ko martxoaren 3an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Zaldibar udalerrian (Bizkaia) dagoen zabortegiaren ingurunean hondakinen segurtasun-biltegiak urgentziaz eraiki daitezen onartzea, dekretu honen I. eranskin gisa erantsitako azalpen-proiektuarekin bat etorriz.

Bigarrena.– Aipatutako hondakinen segurtasun-biltegien proiektu osoa salbuestea ingurumen-ebaluazioaren araudian jasotako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozeduretatik.

Hirugarrena.– Proiektu hori gauzatzeko beharrezkoak diren obrak eta jarduketak salbuestea, hain zuzen, lurzoruaren kalitatea prebenitzeari eta zuzentzeari buruzko araudian xedatutakoaren arabera berez exijitzekoak litzaizkiekeen administrazio-prozeduretatik.

Laugarrena.– Zabortegiaren inguruko hondakinen segurtasun-biltegiak urgentziaz gauzatzeko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak onura publikokotzat eta gizarte-interesekotzat deklaratzea, eta urgentziazkoa dela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak horiek aldi baterako okupatzea. Dekretu honen II. eranskinean dago horien planoa.

Bosgarrena.– Jarduketak berehala gauzatzeko agintzea; proiektua gauzatzeko ez dira hirigintzako udal-lizentziak lortu beharko.

Seigarrena.– Dekretu hau Zaldibarko zabortegia ustiatzen duen Verter Recycling 2002, SL merkataritza-sozietateari jakinaraztea.

Zazpigarrena.– Dekretu hau aldi baterako okupatzen diren lursailen titularrei jakinaraztea.

Zortzigarrena.– Dekretu hau Zaldibarko Udalari jakinaraztea.

Bederatzigarrena.– Dekretu hau EHAAn argitaratzeko agintzea.

ERREKURTSOAK:

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, iragarkia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko martxoaren 3an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala