Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

49. zk., 2020ko martxoaren 11, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1489

EBAZPENA, 2020ko otsailaren 12koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Hondarribiko 5.9.1 Pertenecidos de Montañanea EU exekuzio-unitatearen gaineko xehetasun-azterketaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2019ko irailaren 16an, Hondarribiko Udalak ingurumen-organoari eskaera egin zion Hondarribiko 5.9.1 Pertenecidos de Montañanea EU exekuzio-unitatearen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura izapidetzen hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola xehetasun-azterketaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Ingurumen-ebaluazio estrategikoa hasteko eskaera baliozkotuta, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak eta edukia espedientean sartu dira. Era berean, Hondarribiko Udalari jakinarazi zitzaion izapidea hasita zegoela.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen nahiz programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Hondarribiko 5.9.1 Pertenecidos de Montañanea EU exekuzio-unitatearen gaineko xehetasun-azterketa da kasu horietako bat.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Aztertuta geratu dira Hondarribiko 5.9.1 Pertenecidos de Montañanea EU exekuzio-unitatearen gaineko xehetasun-azterketaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Hondarribiko 5.9.1 Pertenecidos de Montañanea EU exekuzio-unitatearen gaineko xehetasun-azterketan ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa. – Hondarribiko 5.9.1 Pertenecidos de Montañanea EU exekuzio-unitatearen gaineko xehetasun-azterketaren (aurrerantzean, Planaren) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, zehaztapen hauekin:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Hondarribiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak –HAPO– (testu bategina 2016an onartu zen behin betiko) plan honen xedeko antolamendu xehatua ezarri zuen, Hondarribiko 5.9.1 Pertenecidos de Montañenea EU exekuzio-unitateko hiru lurzatitan eraikiko diren eraikinen behin betiko lerrokadurak eta profilak zehazteko.

Planak jarduera hauek jasotzen ditu:

– Egungo baserriak finkatzea, lurzati atxiki txiki batekin, handitzeko aukerarik gabe, eta «Montañenea» eremuko gainerako eranskinen bizitegi-garapena finkatzea.

– Egungo bide-sistema hobetzea, errepidetik biderako sarbidean itxarote-errei bat gaituta ezkerrera biratzeko, eta eragindako bide-zatia urbanizatzea, espaloiak eta aparkalekuak eginda.

– Oinezkoen nasa bat sortzea errepidearen hegoaldean, hirigunetik kanpinera sartzeko.

– Ibai-ibilguen egoera naturala babestea, ibilguaren zabalerari eta luzetarako profilari bere horretan eutsita eta, behar izanez gero, ertzeko landaredia hobetuta, Zimizargako bideak Montañeneko erreka gainditzen duen bide-zatian izan ezik.

– Antolamendu xehatua aldatzea, indarrean den hirigintza-antolamenduan adierazitako garajeetarako eta erabilera lagungarrietarako sotoen gainean hiru solairuko hiru etxebizitza bloke eraikitzeko. Horietako bat Zimizarga bidearen hegoaldean kokatuko da, eta beste biak iparraldean. -Bi horien hegoaldeko fatxadan kirol-ekipamendu pribaturako lurzati bat egongo da –igerilekua edo besteren bat–.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako agiriak ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: Planak ez du eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuekiko, ingurumenari dagokionez.

c) Plana egokia da batik bat garapen jasangarria sustatzera bideratutako ingurumen-irizpideak txertatzeko, batik bat urbanizazioan, eraikingintzan eta eraikuntzan, baliabideen erabilera-efizientzian eta baliabideen kontsumoa murriztean eta aprobetxamendua areagotzean, eraikinen energia-aurrezkian eta -efizientzian, energia berriztagarrien bultzadan, oinezkoen irisgarritasun-baldintzen sustapena eta hobekuntza, ingurunearen eta biodibertsitate autoktonoaren kalitatearen bultzada eta espezie inbaditzaileak sartzeko arriskuaren murrizketan.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: eremuko errekei dagokienez, kontuan hartuta planaren irismena eta eremua ez dagoela uholde-arrisku handiko eremutzat hartzen direnen artean, ez da hauteman haiei loturiko ingurumen-arazo nabarmenik, uraren arloan eskumena duen erakundeak zehazten dituen baldintzen kalterik gabe. Edonola ere, ezartzen diren erabilerak bateragarriak izan beharko dira Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren 40. artikuluan xedatzen denarekin, baita EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.2 apartatuko zehaztapenekin ere.

Ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko bestelako ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, natura-ondareari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta urei dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako edo Espainiako ingurumen-legedia ezartzeko; hain zuzen ere, hondakinen, klima-aldaketaren, airearen kalitatearen eta biodibertsitatearen arlokoa.

2) Eraginen eta erasan daitekeen eremuaren ezaugarriak.

Xehetasun-azterketari loturiko eremuaren azalera 10.354 m2-koa da eta forma trapezoidala du; Hondarribiko hirigunearen mendebaldeko mugan dago, Garbigunearen alboan. Trantsizio-eremua da, landazabaleko paisaia duen landa-lurzorukoa, Jaizkibelen hegoaldeko magalean kokatua, eta hiri-lurzoru gisa dago sailkatuta.

Planaren xedeko eremuan ez dago naturgune babestu edo garrantzitsurik, eta inguruan ere ez, eta ez du inongo igarobide ekologikok zeharkatzen. Montañeneko erreka, ipar-mendebaldetik hego-ekialdera, eta eskuineko ertzetik errekara isurtzen den errekastoa igarotzen dira eremutik. Gaur egun , Montañeneko errekaren ingurumen-parametroak eraldatuta daude; izan ere, eremu aztergaiaren parera iristean, bideen azpitik bideratuta dago.

Landarediari dagokionez, eremuan lizarrez, zuhandorrez, sahatsez eta haltzez, platano arruntez, ezkiz eta beltxalez, landaredia apaingarriz, tartean, akaziak, eta banbu-kanaberaz (espezie inbaditzailea) osatutako zuhaizti mistoa dago.

Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, planaren eremuak ez du uholde-arriskurik, eta uren kutsadurarekiko urrakortasuna txikia da. Eremuan ez dago lurzatirik, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan dagoenik. Kultura-ondareko elementurik ere ez dago.

Aurkeztu den informazioaren arabera, inpaktu-arrisku handieneko ekintzak Montañeneko errekan egingo diren jarduketak dira (100 metroko tartean) eta hiru eraikinak eraikitzeko lanetan sortuko diren hondakinak. Beraz, errekan egingo diren jarduketek ibaiertzeko landaredian eragina izango dute, baita horren alderdi hidromorfologikoetan ere. Ingurumen-inpaktu horiek murriztu eta hobetzeko, errekaren bi ertzak birlandareztatzea proposatzen da, ibaiertzeko espezie ohikoak erabilita, errekaren egoera ekologikoa oneratzeko baldintzak sortzea xede, parametro hidromorfologikoei dagokienez. Higadura-arriskua da errekak nozitu ditzakeen ingurumen-inpaktuetako bat; prebenitzeko, ingeniaritza biologikoko teknikak proposatu dira: adarrez estaliko da ezponda 1,5 metro inguruan, eta gainerakoan eskuz ereingo da, bi ertzetan.

Beste ingurumen-inpaktu txikiago batzuk ere izango dira, eta horietarako neurri prebentibo eta zuzentzaileak proposatu dira. Zehazki, urbanizazio- eta eraikuntza-lanek inpaktu hauek izango dituzte: giza habitataren kalitatea okertzea obra-fasean, urbanizatzeko eta eraikinak eraikitzeko behar diren ibilgailuen eta makinen joan-etorriek eragindako eragozpenengatik (zarata, hauts, hondakin, bibrazio, etab., gehiago).

Onartu den hirigintza-garapena dela eta, inguruan mugimendu gehiago egotea espero da, eta zarata eta etxeko hondakin gehiago sortzea, energia-beharrak handitzea, etab.

Zaratari dagokionez, HAPOaren esparruan egindako azterketa akustikoaren arabera, neurri zuzentzaileak hartu beharko dira (abiadura 40 km/h-ra mugatzea GI-3440 errepidean), kanpoaldeko kalitate akustikoaren helburuak beteko badira.

Planaren ondorioak baloratzeko, erreferentziatzat hartuko da indarrean dagoen HAPOn aurreikusitako egoera. Planaren irismena kontuan hartuta, eta ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatutako neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuta, bai eta aurrerago zehazten direnak ere, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

3) Nolanahi ere, neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzen duten planetan jasotakoaren arabera.

Bestalde, eraikuntza-proiektuak egikaritzeko prozesuan aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

Natura-ondarea eta lurrazaleko urak babestera bideratutako neurriak:

– Arau hauetan xedatutakoa alde batera utzi gabe: Gipuzkoako Lurralde Historikoko zenbait flora-espezieren babesa finkatzen duen urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretua, bertako baso-espezie zenbaiten araubide espezifikoari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Araua, eta neurri babesle eta zuzentzaile hauek hartuko dira:

– Ezinbesteko eremu gutxienekoan egingo dira planetik eratorritako jarduketak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere, proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan.

– Leku horietan, lanek eragindako eremua in situ mugatuta geratu beharko da, eta obra-ingurunetik hurbil dauden balio handiko elementu naturalak behar bezala babestuta egongo dira, nahi gabeko eraginik jaso ez dezaten.

– Eremuren bat egokitu behar bada bertan makina uzteko, materialak bolada batean biltzeko, edo zerikusia duen beste edozein jarduera gauzatzeko, ingurumen-inpaktu txikieneko irizpideei jarraikiz hautatuko dira eremu horiek.

– Eraikuntzen eta urbanizazio obren proiektuak lurrazaleko uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak aurreikusi beharko ditu; adibidez, dekantazio-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.

– Era berean, proposatzen diren hirigintza-garapenek zeharkatuko duten arroaren drainatzea gehiegi ez eraldatzeko, drainatze jasangarriko sistemak ezarri beharko dira (Plan Hidrologikoaren 44.1 artikulua).

– Proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Espezie autoktonoak landatuko dira, ahalik eta lasterren, erosio-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak ekiditeko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horiek inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotzen. Landare-estaldura leheneratzeko jardueretan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, horrela, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko.

Hala bada, planaren xedeko eremuan banbua dagoenez, banbua kentzeko eta obren eraginez hedatzea ekiditeko neurri egokiak dituen protokolo bati jarraitu beharko zaio. Banbuz estalitako eremu osorako jarduketa globala egitea komeni da. Horretarako, Hondarribiko Udala arloan eskumena duen organoarekin harremanetan jarri behar da, aukera egokienak aztertzeko.

– Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren 2019ko urriaren 14ko txostenean esaten denaren arabera, egiten diren jarduketen ondoriozko landaredia-galera konpentsatu behar da, izan Hondarribiko beste inguru batean azalera baliokidea leheneratuta, izan Montañeneko errekaren ingurumen-egoera leheneratuta. Azken kasu horretan, erreka leheneratzeko proiektua egin beharko da, gutxienez jabari publiko hidraulikoaren 5 metroko zortasuna barne hartuta, zerrenda horretan haltz kantauriarren zuhaitz eta zuhaixka autoktonoak landatzeko. Batean zein bestean, leheneratze-jardueren jarraipena egin beharko da gutxienez bi urtez.

Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

Hondakinak kudeatzeko neurriak:

– Lurren eta soberakinen kudeaketa: obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eraman eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.

– Induskatutako lurzoruen kontrola: Hondarribiko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteko neurriak:

– Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Planean aurreikusi den hirigintza-garapenari dagokionez, eta kalitate akustikoaren helburuei dagokienez, kontuan izan beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluan xedatutakoa.

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izan daitezen beharrezko diren ezaugarriei dagokienez, EAEko etxebizitzen eraikuntza iraunkorrerako gidan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo -kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea, bildutako zehaztapenei jarraikiz eta ebazpen honetan ezarritako baldintzak betez, ez dela aurreikusten Hondarribiko 5.9.1 Pertenecidos de Montañanea EU exekuzio-unitatearen gaineko xehetasun-azterketak eragin kaltegarri nabarmenik izatea ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Hondarribiko Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Hondarribiko 5.9.1 Pertenecidos de Montañanea EU exekuzio-unitatearen gaineko xehetasun-azterketa onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 12a.

Ingurumen Administrazioko zuzendariaren absentziaz (apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarria).

Ingurumeneko sailburuordea,

MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.


Azterketa dokumentala