Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

49. zk., 2020ko martxoaren 11, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1488

EBAZPENA, 2020ko otsailaren 24koa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena, zeinaren bidez aldatzen baita Hernaniko Udaleko idazkaritzako eta kontu-hartzailetzako lanpostuen sailkapena, zeinak Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeta baitaude.

Administrazio Publikoetarako Ministerioko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren 1988ko martxoaren 16ko Ebazpenaren bidez, Hernaniko Udaleko idazkaritzako eta kontu-hartzailetzako lanpostuak bigarren mailakotzat hartu ziren. Ebazpen horretan, Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuen sailkapena behin betiko bihurtu zen (1988ko martxoaren 22ko BOE, 70. zk.).

Horrela, 2019ko maiatzaren 21ean eginiko ohiko bileran, Hernaniko Udaleko osoko bilkurak erabaki zuen idazkaritzako eta kontu-hartzailetzako lanpostuen sailkapena aldatzea, zeinak Estaturako gaikuntza duten funtzionarioentzat gordeta baitaude. Ondorioz, alkate-udalburuaren idazki baten bidez, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariari eskatu zitzaion lehen mailako sailkapena jartzeko toki-erakundeko idazkaritzako eta kontu-hartzailetzako lanpostuei. Izan ere, organo horrek dauka sailkapena aldatzeko eskumena, Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzen duen martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuaren 8. eta 13. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuaren 8.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, lehen mailan sailkatuko dira probintziako diputazioetako, uharteetako kabildo eta kontseiluetako, probintziako hiriburuetako udaletako eta 20.000 biztanletik gora dituzten udalerrietako udaletako idazkaritzak; era berean, aipatutako Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoaren arabera, toki-erakunde bateko idazkaritza lehen mailan sailkatuta badago, kontu-hartzailetzako lanpostuak ere lehen mailan sailkatuko dira.

Horri dagokionez, Hernaniko udalerriak 20.354 biztanle ditu, 2019ko urtarrilaren 1eko udal-erroldaren berrikuspenetik ateratako biztanle-zifren arabera; beraz, aipatutako 8.1 artikulua aplikatuz, Hernaniko Udaleko idazkaritzako lanpostuak lehen mailan sailkatuta egon beharko luke; sailkapen horrek berekin dakar, halaber, toki-erakundeko kontu-hartzailetzako lanpostua ere lehen mailan sailkatuta egotea.

Horrenbestez, prozedura honen instrukzio-fasean Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu zitzaion Hernaniko Udalak egindako eskariari buruzko txostena igor zezala. Txosten horretan, aldundiak aldeko txostena eman du idazkaritzako lanpostuaren sailkapena aldatzeko egindako eskaerari buruz, hau da, bigarren mailatik lehen mailara igarotzeari buruz.

Bestalde, sailkapenaren aldaketa horren eraginpean dauden funtzionarioek eta toki erakundeak ez dute alegaziorik egin fase honetan. Horiei nahitaezko entzunaldi-izapidea eman zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluaren arabera.

Ondorioz, Hernaniko Udaleko idazkaritza lehen mailan sailkatu behar da (Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordea, idazkaritzako azpieskalan, goi-mailako kategorian –martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuaren 24.1 artikulua–), eta, beraz, kontu-hartzailetzako lanpostuaren sailkapena aldatu behar da (Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordea, Kontu-hartzailetza-Diruzaintza azpieskalan, goi-mailako kategorian –martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuaren 25.1 artikulua–).

Horregatik guztiagatik, Hernaniko Udalak aurkeztutako eskabidea ikusirik, TAOLen 92.bis artikuluarekin eta 128/2018 Errege Dekretuaren 8. eta 13. artikuluekin bat etorriaz, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 10. artikuluak ematen dizkidan ahalmenez baliatuz, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hernaniko Udaleko idazkaritzako lanpostuaren sailkapena lehen mailara aldatzea –gaur egun, bigarren mailan sailkatuta dago–. Lanpostu hori idazkaritzako azpieskalakoak –goi-mailako kategoria– diren eta Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeta egongo da.

Bigarrena.– Hernaniko Udaleko kontu-hartzailetzako lanpostuaren sailkapena lehen mailara aldatzea –gaur egun, bigarren mailan sailkatuta dago–. Lanpostu hori Kontu-hartzailetza-Diruzaintzako azpieskalakoak –goi-mailako kategoria– diren eta Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeta egongo da.

Hirugarrena.– Lanpostuen sailkapena aldatzeak ez du eraginik izango Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioen destinoan, baldin eta behin betiko izaeraz betetzen ari baziren.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen. Beraz, honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Erakunde Harremanetako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; hala xedatzen da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan, hargatik eragotzi gabe zuzenbidean onartutako bestelako aurkaratze-bideak erabiltzea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluari jarraikiz, administrazio publiko interesdunek ezin izango dute administrazioarekiko errekurtsorik jarri ebazpen honen aurka. Hala ere, errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bi hileko epean, 29/1998 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz. Lehenago eta epe berean, Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritza honi eskatu ahal izango zaio ebazpen hau deuseztatu edo atzera bota dezala, 29/1998 Legearen 44.1 artikuluak xedatzen duen bezala.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 24a.

Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,

MIREN ITZIAR LICEAGA ROMERO.


Azterketa dokumentala