Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

49. zk., 2020ko martxoaren 11, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI-KONTUEN EUSKAL EPAITEGIA
1482

ERABAKIA, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2020ko urtarrilaren 29ko bilkuran hartua, Tolosaldeko Mankomunitatearen 2018ko fiskalizazio-txostena behin betiko onesten duena.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2020ko urtarrilaren 29an egindako bilkuran honako hau

ERABAKI DU:

Tolosaldeko Mankomunitatearen 2018ko fiskalizazio-txostena behin betiko onestea, erabaki honen eranskin modura ageri dena.

HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 29a.

HKEEren lehendakaria,

JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.

HKEEren idazkari nagusia,

JULIO ARTETXE BARKIN.

ERANSKINA
TOLOSALDEKO MANKOMUNITATEAREN 2018KO EKITALDIKO FISKALIZAZIO-TXOSTENA

Laburdurak:

BOE: Estatuko Aldizkari Ofiziala.

GAO: Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.

GHK: Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa.

EBAO: Europar Batasuneko Aldizkari Ofiziala.

BEZ: Balio Erantsiaren gaineko Zerga.

TAOAL: 7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituena.

6/2007 FA: 6/2007 Foru Araua, Gipuzkoako udalaz gaindiko toki erakundeak arautzen dituena.

LZ: Lanpostuen zerrenda.

HHS: Hiri-hondakin solidoak.

I.– Sarrera.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiak otsailaren 5eko 1/1988 Legeak eta Epaitegiaren Osoko bilkurak onetsitako Lan Programari jarraikiz, Tolosaldeko Mankomunitatearen (aurrerantzean, Mankomunitatea) 2018ko ekitaldiko Kontu Orokorraren fiskalizazio-lana mamitu du.

Fiskalizazio-lan honek honako alderdi hauek besarkatzen ditu:

– Legezkotasuna: honako aurrekontuaren atal hauetan ezargarria den arautegia bete izana: aurrekontua, zuzenbide publikoko sarrerak, zorpetzea eta finantza-eragiketak, langileria, obren kontratazioa, zerbitzuak eta hornidurak eta dirulaguntzen emakida. azterketa lan hau fiskalizazio-gai den ekitaldiari dagokio, beharrezko irizten diren beste ekitaldi batzuei buruzko egiaztatzeak egitea eragotzi gabe, fiskalizazio-gai den ekitaldian eragina dutelako.

– Kontabilitatea: Kontu Orokorra ezargarri zaizkion kontularitzako printzipioekin bat datorrela egiaztatzea. Kontu Orokorrak honako hauek besarkatzen ditu: Mankomunitatearen Balantzea, Ekonomia eta ondarearen emaitzaren kontua, Oroitidazkia eta Aurrekontuaren likidazio-egoera.

– Lanaren zabalak ez du gastuaren efikazia eta efizientziari buruzko azterlan berariazkorik besarkatu; ezta, kudeaketa-prozedurei buruzkorik ere. Nolanahi den ere, fiskalizazioan sortu diren alderdi partzialak txosten honen III. idazpuruan aztertu ditugu.

Honako 28 udal hauek:

(Ikus .PDF)

1997an Mankomunitatea osatu zuten, eskualdeko HHSak tratatu eta biltegiratzeko. 2007an Batzarrak Estatutuak aldatu zituen zehazteko Mankomunitatearen xede sozialak HHSak jaso, garraiatu eta tratatzea besarkatzen zuela. Azken zerbitzu hau Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak ematen du, Mankomunitatea bertako kide baita. Batzarra, Batzorde Iraunkorra, Lehendakaria eta Lehendakaria dira Mankomunitatea osatzen duten organoak eta nagusiki, kide diren udalek egiten dituzten ekarpenekin finantzatzen da.

II.– Iritzia.

II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.

1.– Mankomunitateak 2 zerbitzu-kontratu esleitu zituen 379.218 euroren zenbatekoan eta lizitazioa bere profilean eta GAOn argitaratu zuen; ez, ordea, EBAOn eta BOEn, nahitaezkoa dena, publikotasun eta lehia printzipioak urratuz.

Epaitegi honen ustetan, aurreko paragrafoan adierazitakoa alde batera, Tolosaldeko Mankomunitateak zuzentasunez bete du 2018ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.

II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.

Epaitegi honen iritzira, Tolosaldeko Mankomunitatearen Kontu Orokorrak alderdi esanguratsu guztietan 2018ko ekitaldiaren jarduera ekonomikoa eta abenduaren 31ko ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena erakusten du; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, arautegian jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.

III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa-prozedurei buruzko irizpenak.

Atal honetan ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioak gehiegi eragiten ez dituzten akatsak ez ezik, kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere azaleratu dira.

III.1.– Aurrekontua eta kontabilitatea.

– Estatuek zehazten dute ekarpenak kalkulatuko direla sarreren bidez gastuak berdintzeko moduan. 2018an Mankomunitateak 660.731 euroren aurrekontuko superabita izan zuen eta 2018ko abenduaren 31ko geldikin erabilgarriak 2,9 milioi euro egin zituen. Honi dagokionez, hasiera batean onartutako ekarpenen osagai finkoa (HHSak biltzeko kostua eta gastu orokorrak) ez zen aldatu Mankomunitateko sarrera eta gastuen egiazko bilakaeraren arabera eta ondorioz, 528.293 euroren desbideratze positiboa gertatu zen, aurrekontuko superabitaren osagai nagusi dena.

Udalen artean ekarpenak banatzeko Estatutuek aurreikusten duten irizpide bakarra biztanle kopurua da, gastu orokorretarako 2018ko ekarpenetan baliatutakoa (832.575 euro). Ekarpenen gainerako 3,9 milioientzat, berriz, 2018an Estatutuetan aurreikusi gabeko beste bi irizpide baliatu ziren. udal bakoitzean sortutako HHSak kilotan (errefusa, organikoa, plastikoa eta papera) eta HHSen bilketa zerbitzuaren kostu balioetsia.

Ekarpenak kalkulatzeko sistema zehaztasun handiagoz arautzea komeniko litzateke.

– 2018ko ekitaldirako aurrekontua hasiera batean Udalbatzak 2017ko urtarrilaren 17an onetsi zuen; ordea, arautegiak behin betiko urtea hasi aurretik onestea aurreikusten du.

– 2018an amaitu zen HHSak biltzeko kontratuko ibilgailuak eta edukiontziak Mankomunitateari eman zitzaizkion eta kontratista berriaren eskura jarri, zeinak beste berri batzuekin ordeztu behar baitzituen. Komenigarria zatekeen elementu hauek jasotzeko ekintza formalizatu eta ekipoen alta hondar-balioarekin kontabilizatzea.

III.2.– Langileria.

Mankomunitateko Batzarrak erabaki zuen 2018ko ordainsariak % 1,75 handitzea, erabaki horri GAOn publikotasunik eman gabe.

III.3.– Kontratazioa.

Fiskalizazio-gai izan den urtean indarrean zeuden 3 kontratu nagusiak aztertu ondoren -13,5 milioi euroren esleipenei dagozkienak- honako alderdi hauek azaleratu zaizkigu:

– Guztira 379.218 euroan esleitutako 2 kontratutan (1 eta 3 espedienteak) esleipen-irizpide orokorrak baliatu ziren, balioztatuko liratekeen alderdiak eta/edo baloraziorako aplikatu beharreko sistema zehaztu gabe (A2 akatsa).

– Bi garbiguneetako edukiontziak garraiatzeko kontratua (282.418 eurorena) esleitzen zuen ebazpenaren jakinarazpenek ez zituzten jasotzen egindako hautaketa justifikatuko zuten argudioak (B akatsa).

Alderdi orokorrak eta erosketa txikiak

– 3 kontratuetan prezioa balioztatzeko baliatutako formulak murriztu egin zuen faktore honen egiazko balioa, lizitazio prezioa berdintzen zuten eskaintzei puntuak emanez.

– Mankomunitateak ez ditu udal kudeatzaileen eta zerbitzu-kontratuen esleipendun diren enpresetako langileen arteko harremana argitzeko eskatutako jarraibideak ebatzi, lan harreman baten aitortza eragin zezaketen ekintzak saihestearren.

– Beste erosketa batzuk berrikustean azaleratu da 78.620 euroan esleitutako bi zerbitzu zuzenean esleitu zirela (olioaren eta hondakin arriskutsuen tratamendua), prozedura ireki erraztu laburtu bidez egin beharrean.

III.4.– Beste alderdi batzuk.

– Toki erakundeak gardentasun eta informazio publikorako irispidea izateari buruzko araudira egokitzeko prozesua 2015eko abenduan amaitu behar zatekeen. Horrekin batera, Mankomunitatearen webgunean informazioa jaso behar zatekeen gobernu-organoei buruz eta aurrekontuen eta egikaritzaren datu ekonomikoei buruz.

– Mankomunitatearen Estatutuak 1997koak dira eta ez dituzte gaurkotu; horrek 6/2007 FAren 1. xedapen iragankorrak finkatutako urtebeteko epea urratzen du. 2018an Mankomunitatea Estatutuak gaurkotzeko prozesua abiarazi zuen eta 2019ko maiatzean aldaketa-proiektu bat onartu zuen, udalbatzei aurkezteko dena.

IV.– Urteko Kontuak.

2018KO EKITALDIKO AURREKONTUAREN LIKIDAZIOA
(Ikus .PDF)
GASTUAK
(Ikus .PDF)
AURREKONTU ITXIEN BARIAZIOA
(Ikus .PDF)
AURREKONTUAREN EMAITZA
(Ikus .PDF)
DIRUZAINTZAKO GELDIKINA
(Ikus .PDF)
A) BALANTZEA 2018 ETA 2017KO ABENDUAREN 31N
(Ikus .PDF)
B) 2018 eta 2017KO EKONOMIA ETA ONDAREAREN EMAITZAREN KONTUAK
(Ikus .PDF)
ALEGAZIOAK TOLOSALDEKO MANKOMUNITATEAREN 2018. URTEALDIRAKO FISKALIZAZIO-LANAREN ONDORIO-TXOSTENARI

II.– Iritzia.

II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.

«Mankomunitateak 2 zerbitzu-kontratu esleitu zituen 379.218 euroren zenbatekoan eta lizitazioa bere profilean eta GAOn argitaratu zuen; ez, ordea, EBAOn eta BOEn, nahitaezkoa dena, publikotasun eta lehia printzipioak urratuz.»

Alegazioa.

Txostenak diharduen 2 kontratuak dira Tolosaldeko Mankomunitatearenak diren garbiguneetatik ahalmen handiko edukiontziak garraiatzeko zerbitzuen kontratua eta Tolosaldeko Mankomunitatea osatzen duten herrietan hondakinen gaikako bilketa bultzatzeko 2 Ingurumen hezitzaileen zerbitzua kontratatzeko kontratua.

Tolosaldeko Mankomunitatearenak diren garbiguneetatik ahalmen handiko edukiontziak garraiatzeko kontratuaren lehen luzapenaren indarraldia irailean amaituko denez, 2020an kontratu hori erregularizatuko da.

Tolosaldeko Mankomunitatea osatzen duten herrietan hondakinen gaikako bilketa bultzatzeko bi ingurumen-hezitzaile kontratatzeko kontratuan, berriz, pleguek 4 luzapen aurreikusi zituzten. Hori dela eta, kontratuaren balio estimatua 407.203 eurokoa zen. Kontuan hartuta kontratu horren lizitazioan Mankomunitateak ez zituela EBAOn eta BOEn beharrekoak ziren iragarkiak argitaratu, 2019. urtean ez zen luzapenik onartu eta, berriro lizitaziora aterata, kontratu berri bat formalizatu zen 2019ko azaroan.


Azterketa dokumentala