Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

48. zk., 2020ko martxoaren 10a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
1469

AGINDUA, 2020ko otsailaren 25ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintzen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuen ekipamendua erosteko edo errentan hartzeko 2019-2020ko ikasturteko dirulaguntzetarako.

Merkatuen eta ekoizpenen globalizazioaren egungo egoera eta horren ondoriozko lehia handia direla eta, estrategia berriak behar dira euskal enpresa-ehuna lehiatzeko posizio batean jartzeko.

Egoera horretan, Lanbide Heziketa funtsezko aliatua da lanbide-profilak garatzeko eta, horrela, bermatzeko estrategia berri horien diseinuak eta garapenak eta balio berezi baten sorrerak ahalbidera diezaiela gure enpresei etorkizun jasangarri bat eta, ondorioz, pertsonen enplegagarritasuna nabarmen handitzeko bidean aurrera egitea.

2018ko uztailaren 5ean, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko 2018ko ekainaren 28ko 4/2018 Legea argitaratu da eta, haren bidez, berrikuntza gisa, LHko eredu konbinatu bat sartu da lanbide-heziketan. Eredu horrek, Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legean zehaztutako Lanbide Heziketa integratua ez ezik, berrikuntza aplikatuko ikaskuntzak eta ekintzailetza aktiboa ere hartzen ditu barnean. Bi eremu horiek kualitatiboki eraldatu behar dituzte lanbide-heziketak arlo ekonomikoan eta, batik bat, arlo produktiboan izango dituen ondorioak, betiere, helburu izanik pertsona aktiboak prestatzea, euren trebetasunen eta, bereziki, euren lanbide-helburuen zati izango baitira, batetik, berrikuntza (euren lanbide-eremukoa), eta, bestetik, ekimen-sena eta espiritu ekintzailea (dagokien sektore ekonomikoan).

Halaber, Lanbide Heziketako Eredu Konbinatuan Espezializatutako Ikastetxeen Euskal Sarea sortu eta arautzen du, euskal produkzio-sareari jarri zaizkion erronkei erantzuna emateko. Horrek guztiak, batetik, prestakuntza aurreratu bat hartzen du barnean, LH ikasten duten pertsonen kualifikazio eta espezializazioak altuak izan daitezen; eta, horrekin batera, berrikuntza aplikatu bat, teknologiaren arloan, enpresa txiki eta ertainei produktua, produkzio-prozesua eta zerbitzua hobetzen laguntzea lehenetsita, eta, metodologiaren arloan, ikasteko era aldatuta eta zeharkako konpetentziak hobetuta. Horrez gain, lanbide-heziketako zentroetan ekintzailetza-kultura sustatzearen eta enpresen sorrerari laguntzearen garrantzia ezartzen du legeak.

Gainera, Gobernu Kontseiluak Lanbide Heziketako V. Euskal Plana onartu zuen, 2019ko otsailaren 12an. Plan horrek giza garapen jasangarria du helburutzat, eta, xede hori erdiesteko, gizakien talentua sustatzen du, zenbait gaitasun eta kualifikazio txertatuz, ekoizpen-ingurune berri batetik datozen erronkei aurre egiteko.

Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legea eta Lanbide Heziketako V. Euskal Plana garatzeko, honako helburu hauei lotutako jarduerak gauzatuko dira:

– Lanbide Heziketako prestakuntza-eskaintza baliaerraza izatea eta ikasleei aukera ematea konpetentzia profesionala barneratzeko bai ikastetxeetan bai lantokietan.

– Lanbide Heziketako zentroetan, ikas-ekinezko prestakuntzako proiektuen ezarpena bultzatzea.

– Sare publikoaren eta sare itunduaren ohiko funtzionamendua bermatzea, baita koordinazio- eta laguntza-organoena ere.

Beraz, hortxe dauzkagu erronkak, eta, horretarako, beharrezkoa da Lanbide Heziketako ikastetxeen parte-hartze aktiboa proiektuak diseinatzeko eta garatzeko, benetan posible izan dadin gero eta ingurune espezializatuago eta konplexuagoetan ikaskuntza-metodo berritzaileak ezartzea, eta, horrela, ikasleek eskuratutako ezagutzak errazago eta benetan transferi daitezen, eta, azken finean, enpresen espezializazio-maila handitu eta, ondorioz, abantaila lehia-abantaila jasangarria lor dezaten.

Ondorioz, eta hemen xedatutakoekin bat: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. tituluan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan dirulaguntzen araubidea arautzekoa), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren helburua.

Deialdi honen helburua da ekipamendu eguneratu eta beharrezkoa erosteko edo errentan hartzeko finantzaketa, bai eta ekipamendu horretatik eratorritako instalazio-gastuen finantzaketa ere, agindu honen I. eranskinean adierazitako oinarrizko, erdi-mailako edo goi-mailako lanbide-heziketako heziketa-zikloetako curriculuma garatzeko orduan ikasteko metodo eta tresna berritzaileak ezartzeko.

2. artikulua.– Onuradunak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzak eskuratu ahal izango dituzte ikastetxe pribatuen pertsona fisiko edo juridiko titularrek baldin eta, 2019-2020ko ikasturtean, Euskal Autonomia Erkidegoan I. eranskineko oinarrizko, erdi- eta goi-mailako lanbide-heziketako heziketa-zikloren bat badaukate itunduta.

3. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako ondoreetarako, diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko da agindu honen 1. artikuluan definitutako ekipamenduaren erosketa edo errentamendua.

2.– Ekipamendua erosteko edo errentan hartzeko kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko.

3.– BEZa ez da, inola ere, diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko.

4.– Agindu honen bidez diruz lagundutako ekipamendu-erosketa hori 2019ko uztailaren 1etik 2020ko ekainaren 30era bitartean egin beharko da. Justifikazio-kontua aurkezteko epea amaitu baino lehen gauzatu beharko da horren ordainketa. Horren ildotik, benetan ordaindu dena hartuko da diruz lagundu daitekeen zenbatekotzat.

Errentamendu-kuoten kasuan, diruz lagundu ahal izango dira 2019ko uztailaren 1etik 2020ko ekainaren 30era bitartean ordaindu diren hileko kuotak.

5.– Agindu honen dirulaguntzako ekipamenduak dirulaguntzaren xede zehatz horretarako izango dira, eta bi urte baino gutxiago ezin izan daitekeen denboraldi baterako, ekipamendua erosi edo errentan hartzen den egunetik aurrera.

4. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Agindu honetarako diren dirulaguntzen zenbateko osoa milioi bat (1.000.000) eurokoa da.

Nolanahi ere, artikulu honetan ageri den diru-kopurua handitu daiteke, indarrean dagoen legerian aurreikusitako kreditu-loturako edo aurrekontu-aldaketako araubideari jarraituz. Hori gertatzen bada, publikotasuna emango zaio Lanbide Heziketako sailburuordearen ebazpen baten bidez, deialdi hau ebatzi baino lehen.

2.– Deialdiaren xedeko dirulaguntzak eskuratu ahal izateko, epe barruan eta behar bezala aurkeztu diren eskabide guztiek bete beharko dituzte agindu honen 5. artikuluan adierazitako eskakizunak.

3.– Dirulaguntza bakoitzaren banakako zenbatekoa zehazteko, artikulu honen 1. apartatuan adierazitako zuzkidura proportzionalki banatuko da 2. apartatuan adierazitako eskabideen artean, 8. artikuluan adierazitako irizpideak aplikatu eta lortu duten puntuazioaren arabera; ematen den azken zenbateko horrek ezin izango du gainditu eskatutako zenbatekoa.

4.– Banaketa hori egiteko, lehenik, lortutako puntu bakoitzeko balioa zehaztuko da; horretarako, hau egingo da: deialdiko zuzkiduraren kopurua zati onartutako eskabide guztietan lortutako puntuazio guztien batura. Kasu bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, hau egingo da: kalkulu horren emaitzatik ateratzen den puntu-balioa bider eskabide bakoitzak lortutako puntu kopurua.

5.– Kalkulu horretatik ateratako kopurua eskatutako kopurua baino handiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa doitu egingo da horren parera, eta soberako kopurua banatu egingo da, deskribatutako sistemaren arabera, egoera berean ez dauden eskabideen artean.

5. artikulua.– Parte hartzeko betekizunak.

Edonola ere, agindu honen deialdiko dirulaguntzak eskuratu ahal izateko, interesdunek honako hauek bete behar dituzte:

a) Itunpeko ikastetxe pribaturen baten titularra izatea, non 2019-2020ko ikasturtean Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi- edo goi-mailako heziketa-zikloren bat ematen baita (agindu honen 1. eranskinean adierazitako heziketa-zikloetariko bat).

b) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen duen zigor penal edo administratiboren baten eraginpean ez egotea sexu-diskriminazioa dela-eta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren arabera.

c) Indarreko xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, baita dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere. Emandako dirulaguntzak likidatu arte iraun behar dute eskakizun biek; beraz, betetzen direla egiaztatuko da, bai emateko orduan bai ordaintzeko orduan.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako egoeretakoren batean ez egotea.

6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Interesdunek Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko baliabide elektronikoen bidez egingo dituzte eskaerak, kontsultak eta izapide guztiak.

2.– Izapidetze elektronikoa hauetan dago araututa: Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua eta Informatika eta Teknologiako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena; ebazpen horren bidez, Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartu zen.

3.– Eskabideak bide elektronikoz nola izapidetu, erantsi beharreko dokumentazio-ereduak eta deialdi honi lotutako gainerako izapideak honako helbide elektroniko honetan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2019/fp_ekipamendua/web01-tramite/es/

4.– Eskabidearen osteko izapideak, justifikazioa barne, honako helbide honetako Nire karpeta atalaren bidez egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua, tokia eta epea.

1.– Eskabideak (II. eranskina), baldintza guztiak behar bezala beteta, modu elektronikoan aurkeztu behar dituzte, agindu honen 6. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta hilabeteko epearen barruan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.7 artikulua aplikatuz, eskabidean erantzukizunpeko adierazpena jasoko dute, honako betebehar eta eskakizun hauek egiaztatzeko:

a) Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatu zaizkien eta, hala badagokio, haietatik jaso diren dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea, eta adieraztea, baiezkoa izanez gero, laguntza eman duen erakundearen izena eta zenbatekoa.

b) Ez egotea dirulaguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean, berariaz adierazita sexu-bazterkeriagatik izandakoak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren arabera.

c) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

d) Egiazkoak izatea eskabideko datuak eta emandako dokumentazioa, eta betetzea indarreko araudian dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako baldintzak.

4.– Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Beharrezko ekipamenduaren justifikazio-memoria, III. eranskina.

b) Eskatzaileren batek inbertsioa amaitu badu eskabidea aurkezten duen egunerako, inbertsio hori egin izanaren eta egindako benetako gastuaren egiaztagiriak aurkeztu ahal izango ditu.

5.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkezteak baimena emango du Lanbide Heziketako Sailburuordetzak zuzenean egiazta dezan dirulaguntzen eskatzaileek betetzen dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten administrazio-agiriak aurkeztu beharko ditu.

8. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.

Eskabidea oso-osorik betetzen ez bada, edo eskabidearekin batera behar den dokumentazioa aurkezten ez bada, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun naturaleko epean akatsa zuzentzeko, edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, esango zaio aurrekoa egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren araberako ebazpena eman ondoren.

9. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Dirulaguntza hauen balorazio-irizpideak hauek izango dira:

1.– Agindu honen 1. eranskinean ezarri, eman eta Hezkuntza Sailarekin itundutako heziketa-ziklo desberdinen kopurua (oinarrizko Lanbide Heziketakoak, erdi- edo goi-mailakoak), 2019-2020ko ikasturtekoak. % 50eko balio haztatua izango du. Heziketa-ziklo bakoitzari koefiziente bat emango zaio, I. eranskinean adierazitako ekipamendu-taldeetakoak izatearen arabera. Zer taldetakoak diren kontuan hartuta, aplikazio-koefiziente horiek taula honetan adierazitakoak izango dira:

(Ikus .PDF)

Batu egingo dira aipatutako ikasturtean ikastetxe bakoitzak emandako heziketa-zikloei dagozkien koefizienteak. Koefiziente horien batuketetan batura handiena lortzen duen eskabideak jasoko du horretarako adierazitako puntuazio handiena, eta gainerakoak proportzio sinple baten bidez kalkulatuko dira.

2.– Agindu honen 1. eranskinean ezarritako heziketa-zikloetan 2019-2020ko ikasturtean izena eman duten ikasleen kopurua. % 20ko balio haztatua izango du. Aurreko paragrafoan zehaztutako heziketa-zikloetan matrikulatutako ikasle-kopuruaren batuketa egingo da. Koefiziente horien batuketetan batura handiena lortzen duen ikastetxeak jasoko du horretarako adierazitako puntuazio handiena, eta gainerakoak proportzio sinple baten bidez kalkulatuko dira.

3.– Enplegurako lanbide-heziketako prestakuntza-ekintzetan emandako orduen kopurua. % 30eko balio haztatua izango du. Batu egingo da 2019ko ekitaldian amaitu eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak (Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari atxikia) ziurtatutako prestakuntza-ekintzetako orduen kopura, prestakuntza-eskaintza finantzatzeko deialdi guztiak kontuan hartuta, zeinak lanean dauden langileei eta lanik gabe daudenei zuzenduta egongo baitira.

Ordu kopururik handiena daukan eskabideari egokituko zaio horretarako adierazitako puntuazio handiena, eta gainerako eskabideetarako balorazioa proportzio sinple baten bidez kalkulatuko da.

10. artikulua.– Prozeduraren instrukzioa.

1.– Plangintza eta Antolaketako zuzendariak izango du emate-prozedura instruitzeko eskumena.

2.– Balorazio-batzorde bakar bat eratuko da aurkeztutako eskabideak aztertu, ebaluatu eta hautatzeko; kide anitzeko organo gisa jardungo du, eta hauek izango dira kideak:

a) Batzordeburua: Nicolás Sagarzazu Alzua, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa.

b) Bokalak:

M.ª Eugenia Santos Urdiain, Lanbide Heziketako Zerbitzuaren arduraduna, edo haren ordezkoa.

Luisa Ana Guinea De La Cruz, Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzako Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa.

Maite Lizartza Urrestarazu, Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzako Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa.

Mikel Imaz Gorrotxategi, Arabako Lurralde Ordezkaritzako Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa.

Pablo Gaztelumendi Martínez, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa; idazkari-lanetan arituko da, hitza bai baina botorik gabe.

3.– Balorazio-batzordeak, aurkeztutako eskabideak ebaluatutakoan, behin-behineko ebazpenaren proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Proposamen hori agindu honen 6. artikuluan ezarritako baliabide elektronikoez jakinaraziko zaie onuradunei, eta 10 egun naturaleko epea emango zaie, halaber, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, egoki iritzitako alegazioak aurkez ditzaten. Hamar egun naturaleko epea igarotzen bada jakinarazpenaren edukira sartu gabe, jakinarazpena baztertutzat joko da, eta, prozedurari jarraikiz, izapidea gauzatutzat joko da, salbu eta, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, horra sartzea teknikoki edo materialki ezinezkoa dela egiaztatzen bada.

4.– Aurkeztutako alegazioak aztertuta, balorazio-batzordeak prozeduraren ebazpen-proposamena egingo du, dirulaguntza ematea proposatutako eskatzaileen zerrenda adierazita, baita zenbatekoa ere, eta horretarako jarraitutako ebaluazioa eta balorazio-irizpideak zehaztuko ditu proposamen horrek. Plangintza eta Antolaketako zuzendariak, organo instrukzio-egile gisa, Lanbide Heziketako sailburuordeari bidaliko dio proposamen hori, ondoren ebazpena eman dezan.

5.– Ebazpenerako behin-behineko eta behin betiko proposamenek ez dute eskubiderik sortzen onuradun gisa proposatutako pertsonen alde, harik eta emateko ebazpena jakinarazten zaien arte.

11. artikulua.– Ebazteko prozedura, jakinarazpena eta publikotasun-prozedurak.

1.– Deialdi honetan aurkeztutako eskabideak prozedura bakarrean izapidetuko dira, eta, horiek ebaztea, interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita, Lanbide Heziketako sailburuordeari dagokio, balorazio-batzordeak proposatuta.

2.– Hartzen den ebazpenak erabakiko du eskatutako dirulaguntzak emango diren ala, hala badagokio, ukatu egingo diren; lehenengo egoeran, adierazi behar dira onuradunaren izena edo izen soziala, zer ikastetxe den, zenbateko puntuazioa lortu duen, eta zenbateko dirulaguntza eman zaion. Ukatutako eskabideei dagokienez, eskatzaileen izena edo izen soziala eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko du ebazpenak.

3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta pertsona interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete horren kontra Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

4.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei; dena den, haren ezagutza orokorra bermatzearren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, hauek adierazita: onuradunen zerrenda, zer ikastetxe den, zenbateko puntuazioa lortu duen, eta zenbateko dirulaguntza eman zaion.

5.– Prozedura ebazteko eta ebazpena pertsona interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilekoa izango da, deialdiaren agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutako ondoreetarako.

6.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzen emakida eta, hala badagokio, ordainketa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak amaitzeko baldintzapean geratuko da.

12. artikulua.– Justifikazioa.

1.– Justifikazio-agiriak aurkezteko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bitarteko elektronikoak erabili beharko dira, honako helbide honetako Nire karpeta atalaren bitartez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

2.– Dirulaguntzen onuradunek justifikazio-kontuari dagozkion agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) IV. eranskina – Justifikazio-memoria ekonomikoa. Dokumentu horretan, errentamendu-kuoten fakturen eta/edo ordainketen zerrenda jasoko da, honako hauek adierazita: hornitzailea/finantza-erakundea, faktura-zenbakia / errentamendu-kontratuaren zenbakia, fakturaren jaulkipen-data/errentamendu-kontratuaren izenpetze-data eta errentamendu-kuoten/fakturen ordainketa-data. Eranskin horrekin batera, honako justifikazio-agiri hauek aurkeztu beharko dira, formatu elektronikoan edo kopia digitalizatuetan:

– Ekipamendua erosiz gero, fakturak eta horiek ordaindu direla egiaztatzen duten agiriak.

– Errentamendua bada, finantza-errentamenduaren gastuen hileko kuotaren justifikazioa, errentamendu-kontratuaren kopiaren eta ordainagirien bidez.

Dirulaguntzaz gain, finantzaketaz ere baliatu badira jarduerak bai baliabide propioez bai bestelako dirulaguntzez edo baliabideez, justifikazio horretan, egiaztatu beharko da zenbatekoa, haren jatorria eta funts horiek diruz lagundutako jardueretarako erabili direla.

Onuradunek jatorrizko justifikazio-agiri guztiak izan behar ditu zaintzapean eta Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzaren eskura, eskatzea du eta.

b) V. eranskina – Azken memoria, hauek adierazita, besteak beste:

– Egindako inbertsioaren azalpen laburra.

– Programatutako helburuen lorpen-mailari buruzko informazioa.

– Emaitzen ebaluazioa eta hobetzeko proposamenak.

3.– Agiri horiek aurkezteko azken eguna 2020ko irailaren 15a izango da.

4.– Emandako zenbateko osoa eskuratzeko, ekipamenduaren eskuratzeari egotzitako kostuek diruz lagundutako zenbatekoa baino handiagoak edo parekoak izan behar dute.

13. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.

Dirulaguntzak ordainketa bakar batean emango dira, behar bezala justifikatu ostean.

14 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasuak nahiko arrazoi izango dira dirulaguntzak ezeztatzeko eta berandutze-interesekin batera itzularazteko, dirulaguntza ordaintzen denetik itzularaztea egokia dela erabaki arteko interesak, hain zuzen ere. Horretarako, egoki iritzitakoak egiaztatzeko eskumena izango du Hezkuntza Sailak.

2.– Dirulaguntza itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

15. artikulua.– Ebazpena aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira eta beste erakunde publiko edo pribaturen batetik bestelako dirulaguntzak ere lortzen badira, eta, horren ondorioz, ezarritako mugak gainditzen badira, emate-ebazpena ere aldatu ahal izango da hirugarrenen eskubideak kaltetu gabe.

2.– Justifikazioa –erosketarena, errentamendu-kuotena eta eskatutako kopuruen ordainketarena– aurkezten ez bada, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan azaldutako kausaren bat jazoz gero, dirulaguntza osorik edo zati bat kobratzeko eskubidea galduko da.

Horretarako, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak likidazio-ebazpena emango du eta, han, eman diren dirulaguntzen zenbatekoak doituko dira.

16. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jasoz gero, horren berri eman beharko da. Izan ere, gainfinantzaketarik gertatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, behar den gehieneko mugaraino.

17. artikulua.– Jarduera egiteko baldintzak eta onuradunen betebeharrak.

Proiektua egiteko, dirulaguntzen onuradunek baldintza eta betebehar hauek hartu beharko dituzte kontuan:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Horretarako, dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hamabost egun naturaleko epean onuradunek berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

2.– Dirulaguntzako ekipamenduak dirulaguntzaren xede zehatz horretarako izango dira, eta bi urte baino gutxiago ezin izan daitekeen denboraldi baterako, ekipamendua erosi edo errenta-kontratua egiten den egunetik aurrera.

3.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzari justifikatzea deialdian ezarritako betekizunak eta baldintzak betetzen dituztela.

4.– Jasotako funtsak zertarako erabili diren frogatzen duten agiriak gordetzea, baita elektronikoak ere, baldin eta egiaztatu eta kontrolatu ahal badira.

5.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman beharko diete, beren jardunean ari direla, deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz eskatzen dieten informazioa.

6.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatutatik agindu honetako helburu bererako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.

7.– Laguntza ematerakoan kontuan izandako gorabeheraren bat aldatzen bada, horren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.

8.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzari erraztu behar diote diruz lagundutako ekipamenduen kontrola, jarraipena eta ebaluazioa.

9.– Jasotako dirulaguntzen berri emateko neurriak hartzea. Neurri horiek euskarrietan –informatiko zein bestelakoetan– honako adierazpen hau jasotzera mugatuko dira: «Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzak 2020ko deialdian finantzatutako ekipamendua».

Dirulaguntzaren bidez ekipamenduaren zati bat bakarrik finantzatu bada, hau adieraziko da: «Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzak 2020ko deialdian kofinantzatutako ekipamendua».

10.– Hemen xedatutako betebehar guztiak betetzea: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikulua.

18. artikulua.– Datuen babesa.

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean eta Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoa betez, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuetarako deialdiaren prozedura kudeatzen duten organoek –ekipamendua eskuratu edo errentan hartzeko dirulaguntzak eskatzeko– prozedura kudeatzeko erabiliko dituzte eskabideak betetzearen bidez lortzen dituzten datu pertsonalak.

Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta transferitzeko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, bai eta datuak tratatuak izateko mugak ezartzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubidea ere. Horretarako, idazki bat igorri behar dute Hezkuntza Saileko Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzara (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 30/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapitulua; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean adierazitako oinarrizko araudia, eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 25a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala