Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

47. zk., 2020ko martxoaren 9a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
1430

EBAZPENA, 2020ko otsailaren 25ekoa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita «Vitoria-Gasteizko tranbia Zabalganara luzatzeari buruzko informazio-azterlana».

2001eko otsailaren 27ko 41/2001 Dekretuaren bidez, «Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sarearen Lurraldearen Arloko Plana» behin betiko onartu zen. Plan horrek arrazoizko luzapen gisa jasotzen du, zehaztu gabe, Vitoria-Gasteizko tranbia ekialde-Salburura (aurki, obra-fasean) eta mendebalde-Zabalganara zabaltzea.

Zabalganatik datorren tranbia-linea gaur egun distantzia luzeko trenbideak zeharkatzen duen korridorean kokatuko da, eta, lurperatzean, gaur egun lurrazalean okupatzen duen eremua libre utziko du.

Tranbiaren luzapen berriak hobetu egin nahi du Zabalgana auzora heltzeko modua, azken urteotan auzoaren okupazioaren gehikuntzaren ondorioz. Hori horrela, Vitoria-Gasteizko tranbia Zabalganara heltzeko aukera planteatzen da, horretarako alternatibarik hoberenak eta egin beharreko obrak zehaztuz.

Vitoria-Gasteizko abiadura handiko trenbidea lurperatzeko proiektuak, herrigunetik igarotzean, baldintzatzen du aukeratutako trazadura: alde batetik, egingo ez balitz, tranbiaren ibilbidea ez litzatekeelako bideragarria izango; bestetik, inguru horretako urbanizazio aldaketek eragina izan dezaketelako eginiko proposamenean.

Informazio-azterlana egitean, kontuan izan da tranbiak lehentasuna izango duela bidegurutze guztietako semaforoetan.

Tranbia Zabalganara heltzean, trazadura bi adarretan banatzen da, auzoko biztanle guztiengana iristeko moduan: adar bat Mariturrira doa; bestea, Jundizera.

Bi aukera hartu ditu kontuan azterlanak, Gaztelako Atearen biribilgunean bereizten direnak, bi arrazoi direla eta: tranbiak ibilgailuen trafikoan izan dezakeen eragina eta biribilguneko zubia mantentzeko aukera.

Proposatzen den ibilbidea Green Capital geralekuan hasten da, non bidaiariek tranbiaz aldatu eta beste lineak hartu ahal izango dituzten Florida eta Angulemako geralekuetan. Green Capital plaza zeharkatu, bira egin ekialderantz (Jose Erbina kalean) eta trenbidea lurperatzeak libre utzitako eremuan barrena abiatzen da, bi geralekutan geldituz (AHTren geralekuan eta Sendako pasealekuaren parean), Gaztelako Atearen biribilgunera iritsi arte.

Bi aukera daude hortik aurrera. 1. aukera: biribilgunea zeharkatzea lurrazaletik ipar aldetik eta Teodoro Dublang Margolariaren kalean barrena jarraitzea udaletxeraino (geralekua hor dago). 2. aukera: biribilguneko trafikoari ez eragiteko, zubian barrena igarotzea eta kalearen alde horretatik jarraitzea Etxezaharra kaleraino. Bi alternatibek bat egiten dute kale horretako Kiroldegiaren geralekuan.

Trazadurak Nazio Batuen hiribidean barrena jarraitzen du, Zabalgana hiribideko biribilguneraino, eta, han, linea bi adarretan banatzen da.

Alde batetik, Mariturriko adarrak hegoalderantz egiten du bira Zabalgana hiribideko erdibitzailetik (Zabalganako geralekua hor dago). Gero, ibilbideak ekialderantz egiten du bira Giza Eskubideen hiribiderantz –geralekua–, eta aurrera jarraitzen du hegoalderantz bira egin arte, Iruña-Veleia hiribidean. Bira egin eta berehala Iruña-Veleiako geralekua dago, eta ondoren ibilbideak aurrera jarraitzen du Sofia Erreginaren hiribideko bidegurutzeraino. Azkenik, Iruña-Veleiatik ekialderantz egiten du Sofia Erreginaren hiribidean, Mariturri adarraren azken geralekua dagoen lekuan.

Jundizeko adarrari dagokionez, zuzen jarraitzen du Nazio Batuen hiribidetik, Zabalgana hiribideko biribilgunetik. Geraleku bat du Zabalgana HLHIren parean, eta beste bat, kale amaieran, Jundiz.

Guztira, 11 geraleku proposatzen dira, eta haien arteko batez besteko distantzia 584 metro ingurukoa da.

Linea berrien ustiapena (Jundiz – Green Capital eta Mariturri – Green Capital) bereizi egingo da gainerako tranbia sistemaren ustiapenetik.

Tranbia-linea luzatzeko lanak bi fasetan egingo dira. 1. fasea: Green Capital – Mariturri zatia, 4.800 metro ingurukoa; 2. fasea: Jundizeko adarra, 1.200 metro ingurukoa. Bide zati komun bat dute, 2.600 metro ingurukoa, Green Capitaletik Zabalgana hiribideraino, zati batean trenbidea lurperatzeak libre utzitako korridorean barrena doana. Gero, Nazio Batuen hiribidearen eta Zabalgana hiribidearen arteko biribilgunean, ibilbidea bi adarretan banatzen da: bata 1.200 metro ingurukoa, Jundizeraino; bestea, 2.200 metrokoa, Mariturriraino.

Obren eta material mugikorraren guztirako aurrekontua (barnean hartuta 14 tranbia unitate, tituluak saltzeko makinak eta kantzeladorak eta, halaber, gastu orokorrak, industria-mozkina eta BEZa):

– 1. alternatiba: ehun eta hemeretzi milioi bederatziehun eta hirurogeita zazpi mila zortziehun eta laurogeita hamabost euro eta berrogeita zazpi zentimo (119.967.895,47 €).

– 2. alternatiba: ehun eta hogei milioi hirurehun eta hamazortzi mila laurehun eta laurogeita bat euro eta hogeita hamazortzi zentimo (120.318.481,38 €).

Material mugikorraren eta ekipamenduen aurrekontua hirurogeita bat milioi ehun eta hogei mila zazpiehun eta laurogei eurokoa da (61.120.780,00 €), BEZa barne, bi alternatibetan.

Bi alternatibetarako lanak gauzatzeko kalkulatutako epea hogeita hamar (30) hilabetekoa da 1. faserako, eta bederatzi (9) hilabetekoa 2. faserako.

Trenbide Sektoreko Erregelamenduaren 10.2 artikuluaren arabera Informazio-azterlana behar bezala idatzita dago, eta dagokion informazio publikoa praktikatu ahal izateko legezko eta arauzko betekizun eta preskripzio guztiak betetzen ditu, behin betiko onartu aurretik.

Organo honek eskumena dauka Gobernu Kontseiluarentzat gordeta ez dauden trenbide-sareko azterlanak eta proiektuak idatzi eta onartzeko, hala xedatzen baitu Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 22.1.b) artikuluak.

Trenbide Sektoreari buruzko Erregelamenduaren 10.5 artikuluak ezartzen duenez, informazio-azterlana, behin betiko onartu baino lehen, jendaurrean erakutsi beharko da hogeita hamar egun balioduneko epean, nahi duenak alegazioak aurkez ditzan trazaduraren ikusmolde orokorraz, ikusmolde horrek interes orokorreko alderdiei eragiten dien neurrian.

Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren III. tituluaren II. kapituluaren eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuari buruzko azterlana jendaurrean erakutsi beharko da, gutxienez, hogeita hamar egun balioduneko epean.

Informazio-azterlan honek sor dezakeen interes orokorra eta haren konplexutasun teknikoa kontuan hartuta, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32.1 artikuluaren arabera, aipatutako epeak hamabost egun baliodunez luzatuko dira.

Beraz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Jendaurrean jartzea «Vitoria-Gasteizko tranbia Zabalganara luzatzeari buruzko informazio-azterlana» eta haren ingurumen-inpaktuaren buruzko azterlana, berrogeita bost egun balioduneko epean, ebazpen hau azken aldiz argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; horrela, korporazioek, elkarteek eta partikularrek alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte jarduketa horren edukiaz, interes orokorreko aitortzeko arrazoiez, trazaduraren ikusmoldeaz eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaz.

Epe horretan, informazio-azterlana eta haren ingurumen-inpaktuaren buruzko azterlana jendeak ikusteko moduan izango dira, aztertu ahal izateko, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Vitoria-Gasteizko Udaletxean eta Interneteko www.euskadi.eus web-orrian, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren garraioen ataleko azpiegitura-proiektuei buruzko informazioaren atalean:

https://www.euskadi.eus/informazioa/azpiegitura-proiektuei-buruzko-informazioa/web01-a2garrai/eu/

Eta horrela jakinarazten da, jendeak horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 25a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MIKEL GURUTZEAGA ZUBILLAGA.


Azterketa dokumentala