Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

42. zk., 2020ko martxoaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
1268

AGINDUA, 2020ko otsailaren 21ekoa, Segurtasuneko sailburuarena, Eusko Legebiltzarrerako 2020ko Hauteskundeetako gastuak mugatzeko ezarritako zenbatekoak zehazten dituena.

Otsailaren 10eko 2/2020 Dekretuaren bidez (otsailaren 11ko EHAA, 28. zk.), Eusko Legebiltzarra desegin eta 2020ko apirilaren 5ean Euskal Autonomia Erkidegoan hauteskundeak egiteko deia egin zen.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legearen 147. artikuluak alderdi, federazio, koalizio eta hautesle-elkarteen hauteskunde-gastuen muga zehazteko arauak ezartzen ditu, horiek aurkezten diren hauteskunde-barrutietako zuzenbidezko biztanleria kontuan hartuta.

Hauteskunde-gastuen muga kalkulatzean, 2019ko urtarrilaren 1ean Lurralde Historiko bakoitzeko zuzenbidezko biztanleriari zegokion biztanle-kopurua aintzat hartuko da, hala ezartzen baitu abenduaren 20ko 743/2019 Errege Dekretuak, udal-erroldaren berrikuspenak ematen dituen biztanle-zifrak ofizialtzat jotzen dituenak.

Era berean, deialdia egin ondoren, legean jasotako zenbatekoen eguneratzeak ezartzen duena ere kontuan hartu behar da. Eguneratze hori Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren 2020ko otsailaren 17ko Aginduaren bidez egin da. Izan ere, horren bigarren apartatuak eguneratzen ditu Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legea bosgarrenez aldatzen duen abenduaren 23ko 11/2015 Legeak (2016ko urtarrilaren 7ko EHAA, 3. zk.) ekainaren 15eko 5/1990 Legeari emandako idazketan jasota dauden zenbatekoak.

Hori guztia horrela izanik, hauteskunde-zerrenden hauteskunde-gastuak mugatzeko zenbatekoak zehazten dira.

Horrenbestez, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Arabako hauteskunde-barrutirako, hauteskunde-gastuen muga hau izango da: hirurehun eta berrogeita hamazazpi mila eta hogeita lau euro eta laurogeita sei zentimo (357.024,86).

Bigarrena.– Bizkaiko hauteskunde-barrutirako, hauteskunde-gastuen muga hau izango da: zazpiehun eta hamazazpi mila laurehun eta sei euro eta berrogeita hamabi zentimo (717.406,52).

Hirugarrena.– Gipuzkoako hauteskunde-barrutirako, hauteskunde-gastuen muga hau izango da: bostehun eta hogeita bederatzi mila eta laurogeita bost euro eta berrogeita hamaika zentimo (529.085,51).

Laugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hauteskunde-barrutietan aurkezten diren alderdi, federazio, koalizio edo hautesle-elkarteei dagokienez, hauteskunde-gastuen muga hau izango da: milioi bat seiehun eta hiru mila bostehun eta hamasei euro eta laurogeita bederatzi zentimo (1.603.516,89).

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 21a.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.


Azterketa dokumentala