Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

42. zk., 2020ko martxoaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1267

EBAZPENA, 2020ko urtarrilaren 31koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita Aerorecycling International SL txatartegiari Aguraingo udal-mugartean (Araba) hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko baimena emateko.

AURREKARIAK

2018ko urriaren 26an, Aerorecycling International SL enpresak Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako eskaera osatu zen, Aguraingo udal-mugartean (Araba) hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko baimena lortzeko proiektuari buruzkoa. Eskaeran, hain zuzen ere, galdegiten zen proiektu horren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura sinplifikatua hastea, betiere Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluarekin bat etorriz, arau horren 7.2.a) artikuluan xedatutakoaren gainean oinarritzen baita proiektua.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluak ezarritakoari jarraituz, ingurumen-organoak kontsulta egin zien proiektuak eragiten dien administrazio publikoei zein interesdunei, aipatu proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaion zehazte aldera.

Kontsulten izapidea amaitu ondoren, zenbait erantzun jaso dira; horien emaitza eta edukia espedientean jasota daude. Aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak baditu aski judizio-elementu ingurumen-inpaktuari buruzko txosten hau egiteko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.a artikuluan xedatutakoa aplikatuta, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin beharko zaie arau horren II. eranskinean jasotako proiektuei; ebazpen honen xede den jarduera lege horren II. eranskineko 9. multzoaren b) apartatuan dago jasota: hondakinak deuseztatzeko edo balioztatzeko instalazioak, I. eranskinean sartuta ez daudenak, industrialde bateko nabe baten barruan egikaritzen ez direnak, edo nolanahiko gaitasuna dutenak, jarduera aire zabalean edo industrialdeetatik kanpo egiten bada. Horrenbestez, ingurumen-ebaluazioaren arloan indarrean den legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura aplikatu behar zaio Aerorecycling International SL txatartegiak Agurainen (Araba) sustatutako hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko baimena lortzeko proiektuari. Ondoren, proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez zehaztuko da, eta, beraz, baita ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez ere.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-txostena zuzena dela eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (erakunde hori da eskuduna aipatutako otsailaren 27ko 3/1998ko Legearen arabera, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, aztertuko da aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen, eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura arrunta egin behar zaion ala ez.

Horrenbestez, zenbait xedapen aztertuta –Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak–, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egitea Aerorecycling International SL txatartegiak Agurainen (Araba) sustatutako hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko baimena lortzeko proiektuaren gainean, baldintza hauetan:

A) Aerorecycling International SL enpresak Agurainen (Araba) dituen instalazioetan gauzatzen duen jardueraren xedea produktu siderurgikoak (burdinazko metalak eta burdinarik gabekoak) biltzea, biltegiratzea eta merkaturatzea da.

B) Hondakin ez-arriskutsuak balorizatzeko instalazioa ezartzeak ingurumenean duen inpaktuari buruzko txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuari buruzko ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere:

1.– Proiektuaren ezaugarriak:

Enpresaren jarduera instalazio hauetan gauzatzen da:

– Pabiloi estali bat, bi gunetan banatua: oinplano laukizuzeneko nabe bat, 1.654,77 m2-koa, eta bulegoen modulu bat, 33,80 m2-koa; azalera, guztira, 1.688,57 m2 dira.

– Nabearen barruan, txirbila tratatzeko makinak daude. Prozesu hori egiteko, zentrifugazioa eta bereizketa magnetikoa erabiltzen dira. Tratamendua hasteko materialak, nagusiki, titanioa eta iconela dira (kromoa + nikela). Hilabetean, material horien 20 tona inguru ekoizten dira. Tratamendu horren bitartez, txirbila garbitu, eta metal motaren arabera bereizten da. Horrela, amaierako produktua eta hondakinak sortzen dira, baimena duen kudeatzaile batek kudeatzen dituena. Tratamendua egin ostean, materialak bereizi eta biltegiratzen dira, eta, ondoren, saldu eta banatu.

– Kanpoko zelaia; hormigoizko horma bat dago perimetro osoan, eta ate metaliko lerragarri bat. Oinarria hormigoizko zola bat da, 20 zentimetrokoa, eta sare-egitura bat dauka. Hormigoizko zorua zagor artifizialeko geruza baten eta polietilenozko xafla baten gainean dago.

Kanpoaldean biltegiratuta dauden material metalikoak askotarikoak dira. Hondakinak kanpoko zelaiaren inguruan daude kokatuta. Hainbat tamainako nitxotan egiten da pilaketa, bloke handien bidez banatuta. Prozesuan zehar hondakin arriskutsuak sortzen dira, eta baimena duen kudeatzaile batek kudeatzen ditu.

Hona hemen plantak biltegiratzeko, banatzeko eta, hala badagokio, tratatzeko biltzen dituen hondakin motak:

Alumina-hondakinak (HEZ: 100305).

Lehen eta bigarren mailako produkzioetako zepak (HEZ: 100501).

Beste partikula batzuk eta hautsak (HEZ: 100504).

Lehen eta bigarren mailako produkzioetako zepak (HEZ: 100601).

Beste zepa batzuk (HEZ: 100809).

Labeko zepak (HEZ: 100903).

100905 kodean zehaztutakoak ez diren isurketa gabeko galdaketako ardatzak eta moldeak.

(HEZ: 100906).

100907 kodean zehaztutakoak ez diren isurketadun galdaketako ardatzak eta moldeak (HEZ: 100908).

100911 kodean zehaztutakoak ez diren beste partikula batzuk (HEZ: 100912).

100913 kodean zehaztutakoak ez diren hondakin-aglutinatzaileak (HEZ: 100914).

Labeko zepak (HEZ: 101003).

101005 kodean zehaztutakoak ez diren isurketa gabeko galdaketako ardatzak eta moldeak (HEZ: 101006).

101007 kodean zehaztutakoak ez diren isurketadun galdaketako ardatzak eta moldeak (HEZ: 101008).

101011 kodean zehaztutakoak ez diren beste partikula batzuk (HEZ: 101012).

Burdinazko metalen hautsa eta partikulak (HEZ: 120102).

Burdinarik gabeko metalen hautsa eta partikulak (HEZ: 120204).

120116 kodean zehaztutakoak ez diren granailaketaren edo zorrotadaren hondakinak (HEZ: 120117).

120120 kodean zehaztutakoak ez diren erabilitako esmerilatze-harriak eta materialak (HEZ: 120121).

Hondakin metalikoak (HEZ: 020110).

Burdinazko metalen karraka-hautsak eta txirbilak (HEZ: 120201).

Burdinarik gabeko metalen karraka-hautsak eta txirbilak (HEZ: 120103).

Ontzi metalikoak (HEZ: 150104).

160111 kodean zehaztutakoak ez diren balazta-zapatak (HEZ: 160112).

Burdinazko metalak (HEZ: 160117).

Burdinarik gabeko metalak (HEZ: 160118).

Kobrea, brontzea eta letoia (HEZ: 170401).

Aluminioa (HEZ: 170402).

Beruna (HEZ: 170403).

Zinka (HEZ: 170404).

Burdina eta altzairua (HEZ: 170405).

Eztainua (HEZ: 170406).

Nahastutako metalak (170407).

Metalak (HEZ: 200140).

Burdinaren eta altzairuaren hondakinak (HEZ: 191001).

Burdinarik gabeko hondakinak (HEZ: 191002).

Burdinazko metalak (HEZ: 191202).

Burdinazko metalak (HEZ: 191203).

2.– Proiektuaren kokapena:

Aerorecycling International SL enpresak Galzar industrialdean egiten du bere jarduera, Aguraingo udal-mugartean, Araban. Enpresa 1. industrialdeko 1663 lurzatian dago kokatuta, eta 4.988,66 m2 hartzen ditu, guztira.

Ingurumenaren ikuspegitik, ez da alderdi garrantzitsurik aurkitu.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak:

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, honako hauek dira aurreikusten diren eragin esanguratsuenak:

– Airerako emisio kutsatzaileak:

Instalazioko hondakinen kudeaketa atmosfera kutsa dezakeen jardueratzat hartzen da AKDJ jardueren katalogoan, 09 10 09 03 (C taldea) epigrafean, airearen kalitateari eta atmosferaren babesari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen IV. eranskinaren arabera. Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoari buruzko urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuak eguneratu zuen katalogoa.

Aerorecycling International SLtik inguru atmosferikora egiten diren emisio kutsatzaileak materialak plantan sartzeko eta bertatik ateratzeko joan-etorriek eragiten dituzte, bai eta hondakin arriskutsuak baimena duen kudeatzailearen kokapeneraino eramateko egiten diren bidaiek ere (Sartego Servicios Medioambientales SLUko Interenvases SAren bitartez bidaltzen dira).

– Zarata-igorpena:

Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko 213/2012 Dekretuaren 51. artikulua aplikatuta, zarataren igorpen-foku berri bat egonez gero, Dekretu horren I. eranskinaren 2. zatian azaltzen diren muga-balioak bete beharko ditu.

– Hondakin-uren isurketa:

Enpresak isurketa-baimena dauka. Industriako hondakin-urei, ibilgura isuri aurretik, arazketa-tratamendua egiten zaie, bi etapatan: enpresan eta industrialdean. Ur sanitarioak industrialdeko HUAn tratatzen dira.

Kanpoko zelaiko ur oliotsuei hidrokarburo-bereizlearen bitartez egiten zaie tratamendua, eta etengabe mantendu behar da egoera onean.

– Hondakinak:

Hiru mota daude:

– Hiri-hondakin solidoen antzekoak: udal-bilketaren bitartez kudeatzen dira.

– Hondakin ez-arriskutsuak: enpresak berak kudeatzen ditu.

– Hondakin arriskutsuak (txirbila tratatzearen ondorioz sortutako materialak, hidrokarburo-bereizlearen flotazioak sortutako kontzentratuak, gastatutako hodi fluoreszenteak eta gastatutako kartutxoak eta tonerrak) baimena duen kudeatzaileak kudeatuko ditu.

Bestalde, honako ingurumen-alderdi positibo hauek nabarmendu litezke: materiala eta energia aurreztea, birziklapen-tasa handitzearen ondorioz, baliabideak gutxiago ustiatu behar izateagatik; ondoko instalazioetan sortutako hondakinak garraiatzen dituzten ibilgailuek egiten dituzten bidaiak murriztea eta, beraz, horiek sortzen dituzten emisioak gutxitzea; lehenagoko jarduerek eraldatutako lurzorua aprobetxatzea, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak areagotzea ekidinda, etab.

Bigarrena.– Proiektua gauzatzeko, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileak eta baimen sektorialetan adierazitakoak ez ezik, baldintza hauek ere izan behar dira kontuan:

▪ Airea babesteko neurriak: atmosfera kutsa dezaketen jardueren (AKDJ) berri eman beharko du, Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 15. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Beste baimen batzuetan ezartzen denari kalterik egin gabe, kontuan hartu beharko dira galdaketa-hondarren moldeetatik isur daitezkeen partikulak eta dekantagailuan bereizketa magnetikoaren ondorioz imandutako hauts-partikulek izan dezaketen eragina. Horrez gain, arreta berezia jarriko da hondakinak baliarazteko lanetan, ahalik eta hauts gutxien sor dadin. Honako neurri hauek hartuko dira kontuan horretarako:

– Balorizatzekoa den materiala aurrez busti egingo da eremu kritikoenetan, egokitzat jotzen den maiztasunarekin.

– Materialaren zamalanak egiteko orduan, ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira horiek; hala bada, honako neurri hauek hartuko dituzte, besteak beste: materiala deskargatzean, hura erortzen den altuera gutxitzea; materiala hartu ondoren, koilara edo atzaparrak guztiz ixtea; etab.

– Materialak biltegiratzea: babestuen dauden tokietan bilduko dira, haizeak hondakinak herrestan eraman ez ditzan; bilketen altuera ere kontrolatuko da, eta, behar izanez gero, ihinztatzeko, lainoztatzeko eta langartzeko sistemak erabiliko dira. Aire zabaleko biltegien kasuan, behar izanez gero, haize-babes artifizial edo naturalak erabiliko dira, haizearen abiadura eta turbulentzia murrizteko; babes hori haizearen norabidearekiko zut jarriko da, biltegiratutako materiala babesteko. Oro har, haizearen esposiziopean dauden gainazalak murriztuko dira. Edonola ere, behar bezala mantendu eta ikuskatu beharko dira biltegiak.

– Makineriak ez du orduko 20 km-ko abiadura gaindituko, atmosferan partikulen suspentsioa ahal den txikiena izan dadin.

– Zamalanak, biltegiratzeak eta abar egiten dituzten bideak eta eremuak hauts-itxurako materialik gabe edukiko dituzte; erraztatu aurretik eremua hezetu edo busti beharko dute haiek garbitzeko, metodo horiek lehorrean garbitzea baino eraginkorragoak direlako.

– Uda garaietan edo prezipitaziorik ez dagoenean kamioien joan-etorrietarako eremuak ureztatuko dira.

– Plantaren instalazioak aldi-aldian berrikusi beharko dira, egoera onean egon daitezen.

– Ez da hondarrik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.

– Haizearen eta baldintza meteorologikoen arabera planifikatu beharko da zamalanen orientazioa, materia partikulatuaren barreiadura ahalik eta gehien murrizteko.

▪ Zaraten eta bibrazioen eraginak gutxitzeko neurriak:

– Zarata prebenitzeko behar diren neurriak hartuko dira, eragin akustiko txikiena duten teknologiak erabilita, kontuan izanik eskuragarri dauden teknikarik onenak –halakotzat hartuko dira gutxien kutsatzen duten teknologiak baldintza tekniko eta ekonomiko bideragarrien barnean– eta kasuan kasuko igorgailu akustikoaren ezaugarriak aintzat hartuta. Betiere, foku igorle berriei aplikatu beharreko muga-balioak bete beharko dira, hala badagokie, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

– Jardueran erabiltzen diren makinen eta ekipamenduen soinu-emisioen mailek aplika dakiekeen araudia bete beharko dute, eta, batez ere, aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurunean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua. Hala, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza ezin hobeetan funtzionatzen duela bermatzeko, bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez.

▪ Lurzorua eta urak babesteko neurriak:

– Lurzorua okupatzea dakarten lanak egin behar izanez gero, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira.

– Lurzorua kutsa dezakeen jarduera bat denez, kontuan izango da lurzorua babesteari buruzko legeria eta, zehazki, Lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu gisa deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua, bai eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea ere.

– Egiten diren euri-ur «zikinen» kasuan, alde batera utzi gabe Uraren Euskal Agentziak isuriaren baimenean ezartzen dituen mugak eta kontrolak, tratamendu aurreko sistema (hidrokarburo-bereizlea eta dekantagailua) aldian-aldian kontrolatuko da. Sistema mantentzeko lanak egingo dira, ondo funtzionatuko duela bermatzeko behar den maiztasunarekin. Lan horietan sartzen dira, halaber, lohia eta hidrokarburoak kentzea eta gero kudeatzaile baimenduari bidaltzea.

– Jarduerak sortzen dituen hondakin-uren kontrola balizko kutsatzaileen parametroetara egokitu beharko da, eta kontrolaren maiztasunak bere eraginkortasuna bermatu beharko du.

– Kudeatu beharreko hondakin ez-arriskutsu berriak soilik biltegiratuko dira horietara bideratutako kokapenean, eta bertako hormigoizko zolata baldintza optimoetan mantenduko da.

– Produktu eta hondakin arriskutsuen biltegia zein makinak biltegiratu eta kontserbatzeko eremua, baita erregaia hornitzeko gunea ere, toki iragazgaiztu estankoetan egon beharko dira, izan litezkeen isurietatik babestuta; eta indarreko araudiaren araberako edukiera nahikoa eta baldintzak edukiko dituzte. Berariaz debekaturik egongo da mantentze-lanak horretarako zuzendutakoa ez beste toki batean egitea.

▪ Hondakinak kudeatzeko neurriak: jarduerak sortutako hondakin guztiak behar bezala kudeatzen direla kontrolatuko da, indarrean dagoen legeria betez.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira hondakinak, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balioztatzeko beste modu batzuk, balioztatze energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

– Berariaz debekatuta egongo da sortutako hondakinen tipologia desberdinak nahastea (arriskutsuak izan ala ez), haien artean nahiz beste hondakin edo efluente batzuekin. Hondakinak jatorrian bereiziko dira, eta hondakinak jasotzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak edukiko dira erabilgarri, nahasketak saihesteko eta kudeatzaile baimenduaren esku uzteko, baldin eta ez badira berrerabiltzen instalazioan.

– Hondakinak biltegiratzeko eremu egokiak gaitu beharko dira tipologiaren, sailkapenaren eta bateragarritasunaren arabera. Hondakin arriskutsuak estalpean biltegiratuko dira, zolata iragazgaitzaren gainean, eta jarioak edo lixibiatu likidoak jasotzeko sistemekin; halaber, biltegiratze mota horretarako preskripzio teknikoak bete beharko dira.

– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregaiak eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

– Gainera, hondakin hauek bereiz biltegiratzeko edukiontziak egongo dira, gutxienez: papera eta kartoia, plastikoak, metalak eta errefusa.

– Behar bezalako baldintzetan baztertuko dira olioen eta baterien hondakinak, makinerien mantentze-lanen hondakin arriskutsuak eta, oro har, substantzien/prestakinen hondakin arriskutsu guztiak, haiek barnean izan dituzten ontzi guztiak, iragazkiak, xurgatzaileak, trapu eta kotoi kutsatuak, hodi fluoreszenteak, merkuriozko lurrunezko lanparak eta abar, betiere Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeari jarraikiz, eta Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren eta hondakinei buruzko gainerako araudiaren arabera.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte bilketa-sistemek, eta hondakin arriskutsuak dituzten ontziek itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, hondakinok isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

▪ Instalazioaren bizitza erabilgarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.

▪ Era berean, jarduera eten ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako gai arriskutsu esanguratsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erakusten badu instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsatze nabarmena eragin duela lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean egindako lurzoruaren kalitatearen ikerketa-txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko eta instalazioa lehengo egoerara ekartzeko, Ingurumen Erantzukizunari buruzko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan izanik sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz aurreko puntuan adierazitakoek eta baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortzea. Horrenbestez, ez da beharrezkoa ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Aerorecycling International SL txatartegiak Aguraingo udal-mugartean (Araba) sustatutako hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko baimena lortzeko proiektuari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua baimentzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 31.

Ingurumen Administrazioko zuzendaria.
E (apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarria).

Ingurumeneko sailburuordea,

MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.


Azterketa dokumentala