Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

42. zk., 2020ko martxoaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1266

EBAZPENA, 2020ko urtarrilaren 30ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Sociedad Financiera y Minera SA merkataritza-sozietateak sustatutako «Buruntzaren handitzea, 4729. zk.» (Andoain) emakidari dagokion ustiapen-proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren adierazpena.

AURREKARIAK

Ingurumen-ebaluazioaren irismena Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzako zerbitzu teknikoen 2014ko apirilaren 9ko txostenaren bitartez ezarri zen (Sociedad Financiera y Minera SA merkataritza-sozietateak sustatutako «Buruntzaren handitzea, 4729. zk.» –Andoain– emakidari dagokion ustiapen-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketaren edukiari, hedadurari eta xehetasun-mailari buruzko aurretiko txostena).

2014ko abenduaren 18an, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzak jendaurreko informazioaren izapiderako ipini zituen Sociedad Financiera y Minera SA merkataritza-sozietateak sustatutako «Buruntzaren handitzea, 4729. zk.» (Andoain) emakidari dagokion ustiapen-proiektua, leheneratze-plana eta proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 36. artikuluan xedatzen duena betez, ikusten ziren alegazio guztiak aurkez zitezen. Izapide horri zegokion iragarkia 2014ko abenduaren 18ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen (241. zk.).

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Gipuzkoako lurralde-ordezkaritzak, 2014ko abenduaren 4an, kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei. Emaitza espedientean jasota dago.

Organo substantiboak adierazi du behin jendaurreko informazio-aldia eta entzunaldia amaitu ondoren, hainbat txosten jaso direla, barnean eduki desberdinak dituztenak, eta sustatzaileak txosten horiek kontuan izan dituela ingurumen-inpaktuaren azterketaren behin betiko bertsioa idazteko orduan.

2019ko abenduaren 3an, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako eskaera osatu zuen, Sociedad Financiera y Minera SA merkataritza-sozietateak sustatutako «Buruntzaren handitzea, 4729. zk.» (Andoain) emakidari dagokion ustiapen-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko.

Eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu zen:

– Proiektuaren dokumentu teknikoa.

– Ingurumen-inpaktuaren azterketa, 2019ko otsailean amaitua.

– Jendaurreko informazioaren izapideko emaitzak deskribatzen dituzten dokumentuak.

– Eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitzak deskribatzen dituzten dokumentuak.

– Eraginpeko administrazio publikoek eta interesdunek jendaurreko informazioaren eta entzunaldiaren izapidea egin ondoren sartutako informazio berriaren inguruan duten iritzia azaltzea.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da oinarriak ezartzea ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautzeko; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioak era egokian bermatuko dira. Helburua, besteak beste, ingurumenean dauzkan ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan sartzea da, aukerarik egokienak hautatzeko xedearekin, jarduerek eragindako metaketa- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1 artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, I. eranskineko proiektuek ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar dute. Proiektua aipatutako abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 2. taldeko a) letran dago jasota.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Gipuzkoako lurralde-ordezkaritzak, organo substantiboa den aldetik, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterlan bat gehitu du espedientean, eta kontsulta publikoak egin ditu; gainera, eragindako administrazio publikoek eta interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, irismen-dokumentuan jasotako baldintzak barne, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin da, eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jaso da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, baita Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera ere.

Horrenbestez, zenbait xedapen aztertuta –Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak–, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Sociedad Financiera y Minera SA merkataritza-sozietateak sustatutako «Buruntzaren handitzea, 4729. zk.» (Andoain) emakidari dagokion ustiapen-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzea, proiektuaren alde.

«Buruntza meatze-ustiapenaren emakidaren handitzea, 4729. zk.» izeneko proiektuaren xedea da kareharria ateratzea gaur egun abandonatuta dagoen Azpikola meatze-ustiategitik (Andoain, Gipuzkoa), zementua fabrikatzeko lehengai gisa erabiltzeko, Sociedad Financiera y Minera SAk Ańorgan daukan fabrikan. Ustiategi horretatik hurbil, Buruntza harrobia dago («Meatze-ustiapenaren emakida, 4642. zk.»); gaur egun Sociedad Financiera y Minera merkataritza-sozietateak ustiatzen du. Bi ustiategien jarduera ez litzateke inoiz aldi berean izango, aurkeztutako dokumentazioan ezartzen denaren arabera, «Buruntzaren handitzea, 4729. zk.» izeneko proiektua Buruntza harrobitik (4642. zk.) atera daitezkeen baliabideak agortu ondoren ustiatuko bailitzateke.

«Buruntza meatze-ustiapenaren emakidaren handitzea, 4729. zk.» izeneko proiektuan, 4.882.163 m3 ateratzea aurreikusten da, eta azalera 95.644 m2-koa izango da. Harrobiaren bizitza baliagarria 30 urte ingurukoa izango da.

Harrobia aire zabalean eta beherako mailetan ustiatuko da. Materiala martxan jartzeko, zulaketak eta leherketak egingo dira (urtean, 16.640 m3-ko 10 leherketa egitea dago aurreikusita), eta ateratako materiala aurrealde aktiboan kokatuta dagoen planta mugikor batean birrindu eta bahetuko da. Ondoren, kamioietan eramango da Ańorgako fabrikara. Buruntzako instalazioak (ustiapen-emakida, 4642. zk.) kentzen ez diren bitartean, ustiapena amaitu eta 6-9 hilabete inguruko epean erabiliko dira Buruntza harrobian dauden instalazioak. Edonola ere, materialen tratamendua instalazio batean bakarrik egingo da; hau da, Buruntzako planta finkoan (meatze-ustiapenaren emakida, 4642. zk.) edo Buruntzako planta mugikorrean (Buruntza meatze-ustiapenaren emakidaren handitzea, 4729. zk.»).

Guztira 20 metroko 7 maila egingo dira, baina azkenekoa 15 metrokoa izango da. Lehen mailaren goreneko kota +205 izango da, eta harrobiko azken gunea +70 kotan geratuko da. Halaber, 8 metroko bermak utziko dira, 105. eta 85. kotetan izan ezik, 4 metroko bermak utziko baitira.

Abandonatutako ustiategia denez, ustiapen berrirako, sarbideak bakarrik egokitu beharko dira. Ustiapenaren hasieran, orain dauden pistak erabiliko dira, baina, goiko mailak ustiatzeko, pista berriak egitea aurreikusten da.

Ustiatze-jarduerarako beharrezkoa da ura ekartzea pistak ureztatzeko, gurpilak garbitzeko (zirkuitu itxia da; dekantazio-putzutik hartzen da ura) eta komunetarako. Ur hori euritik lortzen da, eta, euririk ez badago, udal-saretik hartu eta zisterna-kamioian eramango da. Bulegoko eta aldageletako edateko ura botilakoa izan beharko da. Oria ibaira egingo dira isurketak; jariatze-urak dekantazio-putzuetatik igaro ondoren isuriko dira, eta ur sanitarioak, iragazki biologikotik igaro ondoren. Dekantazio-putzuko lohiak leheneratzeko erabiliko dira, edota zementu-fabrikara eramango dira, ustiapenaren egoeraren arabera.

Jarduerak sortutako eraginei dagokienez, emisioak egingo dira atmosferara, eta isurketak ubide publikora. Horrez gain, esterilak eta hondakinak sortuko dira, baliabide naturalak erabili eta landare-estalkia eta fauna desagerrarazi. Bestalde, eragin handia izango du paisaian.

Bigarrena.– Baldintza hauek jartzea proiektua gauzatzeko; baldintza lotesleak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak 47.2 artikuluan xedatzen duenaren arabera.

A) Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da proiektua, eta, nolanahi ere, ebazpen honetan zehaztutakoaren mende egongo da. Proiektua garatzeko baldintzak bat etorriko dira indarrean dagoen araudiarekin ez ezik, hurrengo apartatu hauetan ezarritakoarekin ere, eta, aurrekoari aurka egiten ez dioten neurrian, bat egingo dute, orobat, proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzak Ingurumeneko Sailburuordetza honen aurrean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten denarekin.

B) Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 7. artikuluan xedatzen duena aplikatuko da.

Aldaketa puntualak egin behar badira proiektuan, eta aurreko paragrafoan aipatutakoak baino garrantzi txikiagoa badute eta obrak egiteko falta diren gainerako izapideetan sortu badira, ingurumenaren ikuspuntutik ere justifikatu beharko dira. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintza-pleguetan jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

C) Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.

Ebaluatzen den eremuan belatz handiaren presentzia ikusi da (Falco peregrinus; EAEn bakan gisa katalogatuta dago, eta Hegaztien 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean sartuta dago), eta, halaber, beste espezie harkaiztar batzuk aurkitu dira (erroiak, Corvus corax; haitz-enarak, Ptyonoprogne rupestris; sai zuriak, Neophron percnopterus, eta sai arreak, Gyps fulvus). Harrobia ustiatzen den bitartean, zuloak eta arrailak ager daitezke paretetan, eta saguzar haitzulotarrak eta pitzaduretakoak sar daitezke.

Ikuspegi hidrogeologikotik, Ernioko Unitate Hidrogeologikoko Buruntza sektorean kokatzen da eremua. Eremuko materialak uharri-kareharrien eta margen gainean daude kokatuta, eta akuifero-zaurgarritasun handia dauka, infiltrazio-erraztasunari dagokionez eta lurpeko urak kutsatzeko arriskuari dagokionez.

D) Babes- eta zuzenketa-neurriak.

Ondorengo apartatuetan ezartzen dira proiektua egikaritzen den bitartean eta amaitu ostean aplikatu beharreko babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak; aipatu neurriok sustatzaileak proposatutakoak osatzera eta, kasua hala denean, ordeztera datoz.

Bestalde, neurri horiek behar den dimentsioan aplikatzeak eta kontrolerako langile nahikoa izateak bermatu beharko dituzte ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honetan finkatzen direnak.

Neurri horiek guztiek dagokien aurrekontu-zuzkidura izan beharko dute, egiaz gauzatuko direla bermatuta egon dadin.

D.1.– Proiektuaren esparrua.

Jardueraren gehieneko eragin-esparrua bat etorriko da sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako prozeduran aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten diren mugekin. Ezin izango zaie inolaz ere eragin ustiaketa-proiektuan aipatutako eraginpeko mugetatik kanpo dauden guneei, ez zuloen irekierarengatik edo ez pista berrien, sarbideen, zabortegien edo erauzketako bestelako jarduera lagungarrien beharrengatik.

Muga horien erreferentzia bat finkatzeko, proiektuak gehienez izango duen eragin-eremua zedarritu beharko da, tokian bertan mugarriztatuta.

D.2.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

D.2.1.– Gipuzkoako Mendien urriaren 20ko 7/2006 Foru Arauak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko zenbait flora-espezie babestea ezartzen duen urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretuetan ezarritakoa aplikatzea ezertan galarazi gabe, zuhaizti landaretzari eta Batasunaren intereseko habitatei eragiten dieten jarduerak gutxieneko eremuan egingo dira, ezinbestez, eta, edonola ere, ingurumen-inpaktuari buruzko azterketan ezarri diren gehieneko afekzio-mugen barruan. Esparru horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko da obretako makinen zirkulazioa.

Horretarako, ustiapen-fase bakoitzean, zehatz-mehatz mugatu eta balizatu beharko dira eremu horiek, kalte egin diezaieketen jarduketetatik babesteko.

Adierazitako eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.

D.2.2.– Tokiko lotura ekologikoak kalterik izan ez dezan, dekantazio-putzuek eta drainatze-sareek barrura eror daitezkeen ornodun txikiak atera ahal izateko elementuak izango dituzte (aldapa txikitua duten zonetan eta, pareta bertikalen ordez, azalera zimurtsuak dituzten zonetan).

D.3.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Ezar daitezkeen prozeduren esparruan uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezarriko dituen baldintzez gain, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ere hartu beharko dira:

D.3.1.– Proiektuak drainatze-sare bat aurreikusten du, ustiategiko isuri guztiak bilduko dituena; bai ustiategi-zuloko ur guztiak –harrobiko instalazioak dauden zonako isuriak barne–, baita sarbideetatik eta pisten sistematik igarotzen direnak ere. Drainatze-sarearen azken elementua dekantazio-putzuak izango dira. Putzu horietan, solido esekien dekantazioaren bitartez arazten dira urak. Jariatze-urak arazteko tratamendu gehigarri bat ezarri beharko da, ur horiek izan ditzaketen beste kutsatzaile batzuen hondarrak ezabatzeko.

Arro-erakundeak zehazten duenarekin bat etorriz gauzatu beharko dira hondakin-urak kudeatzeko sistema garatu eta exekutatzeko neurriak.

Drainatze-sarea eta sare horren azken elementuak egokitu egin behar dira, proiektua garatzeko fase bakoitzean ustiategiak duen konfigurazioaren arabera; betiere, uneoro bermatzeko, ustiategian sortutako ur-emari guztiak biltzen direla, solidoak behar bezala atxikitzen direla, meatzaritza-jarduerarekin lotutako beste kutsatzaile batzuen hondarrak ezabatzen direla eta isurketa lokalizatua egiten dela, indarrean dagoen araudiaren arabera, uraren parametro fisiko-kimikoei dagokienez.

D.3.2.– Jariatze-urak berrerabili aurretik, dela pistak garbitzeko dela hauts atmosferikoaren kontzentrazioa areagotu dezaketen materiala hezetzeko, ur horiek tratatu beharko dira. Kontrol-kutxatila izan beharko da, laginak hartzeko eta tratatzen diren jariatze-urak ezaugarritzeko. Kutxatilak uraren lagin esanguratsuak lortzeko behar diren ezaugarri guztiak bete beharko ditu.

D.3.3.– Dekantazio-putzuen sistemaren mantentze- eta garbitze-lanak egin beharko dira aldizka, funtzionamendua optimoa izan dadin eta, horrela, uraren kalitatearen inguruko araudia bermatuta egon dadin. Beraz, tratamendu-sistemaren errendimendua optimoa izateko xedez, pilatutako lohiak atera egin beharko dira maiztasun jakin baten arabera. Lohi horiek hondakinen kudeaketari dagozkion neurrien apartatuan aurreikusitakoaren arabera kudeatuko dira.

D.3.4.– Funtzionamendu-egoera onean mantenduko dira beti jariatze-sareak; hala, ez da inolako oztoporik ezarriko, ez material metaketarik egingo edo potentzialki kutsakorra izan daitekeen elementurik ipiniko euri-urak joaten diren gune eta bideetan, eta ahalegin guztia egingo da lurrazaleko eta lurpeko uren zirkulazio askea ez oztopatzeko.

D.3.5.– Komun eta dutxetatik datozen hondakin-urak putzu septiko batean biltzen dira; tratamendu-sistemaren errendimendu optimoa bermatzeko, putzu horiek erregulartasunez garbitu beharko dira, uneoro behar bezainbateko edukiera manten dezaten.

D.3.6.– Obrako makina-parketarako erabiliko den azalera eta berorren mantentze-lanetarako eremua isolatu egingo dira drainatze naturaleko saretik. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistemak izango dituzte, lurzorua eta ura olioaren eta erregaien eraginaren ondorioz kutsatu ez daitezen. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

D.3.7.– Ustiategian, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa (erroilu erakoa edo gai pikortatua, etab.) izango da, ustekabeko jario edo ihesetan berehala erabili ahal izateko.

D.3.8.– Ustiapenean sistema karstikoko hodiak aurkituz gero, zuzenean karstarekin egon beharko dira konektatuta, noizbehinka hodietatik harrobiko plazara doazen ur-fluxuei ateratzeko aukerarik eman gabe.

D.4.– Kutsadura atmosferikoa prebenitzeko eta hautsa aireratzea murrizteko neurriak.

Buruntza harrobian (meatze-ustiapenaren emakida, 4642. zk.) mineralak tratatzeko dauden instalazioek Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2015eko otsailaren 11ko Ebazpenean ezarritakoa bete beharko dute. Sociedad Financiera y Minera SA merkataritza-sozietateak sustatutako Buruntza harrobiari (Andoaingo udal-mugartea, Gipuzkoa) atmosfera kutsa dezaketen jarduerak egiteko emandako baimenaren esparruan eman zen ebazpena.

Urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren bitartez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen da, eta hura aplikatzeko oinarrizko xedapenak ezartzen dira. Bada, dekretu horren eranskinean jasotzen da proiektuaren xede den jarduera, eta azaroaren 15eko 34/2011 Legean eta azaroaren 27ko 278/2007 Dekretuan ezarritako obligazioei eta baimen-erregimenari egokitu beharko zaie (abenduaren 27ko 278/2011 Dekretua, atmosfera kutsa dezaketen jarduerak gauzatzen diren instalazioak arautzen dituena; eta azaroaren 15eko 34/2007 Legea, atmosfera babesteari eta airearen kalitateari buruzkoa). Aurrekoari kalterik egin gabe, babes- eta zuzenketa-neurri gehigarri hauek hartuko dira:

D.4.1.– Jarduera garatzen denean, ez dira inoiz gaindituko atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuan partikulei buruz ezartzen diren immisioko muga-balioak.

D.4.2.– Zulaketako eragiketetan, lantalde guztiek hauts-kaptadoreak izan beharko dituzte.

D.4.3.– Erauzketa-eremuak eta kamioiak ibiltzen diren eremuak ureztatzeko beharrezko bitartekoak izango dira, hautsaren barreiadura ahalik eta gehien murrizteko, batik bat garai txarretan. Mantentze- eta garbiketa-lanak egin beharko dira aldiro, bai instalazioen eremuan bai harrobiko sarreretan, hautsa ahalik eta gutxien barreia dadin.

D.4.4.– Hautsa murrizteko eta minimizatzeko sistema guztiak aldiro berrikusi eta egoera onean mantenduko dira, bai onura-instalazioetakoak (zinta garraiatzailearen gainak, babes-estalkiak, materialen biltegiratzea, etab.), bai makineriarenak (hautsa jaten duten sistemak) eta bai pistak ureztatzekoak (aspertsore-sistema, zisternak).

D.4.5.– Hautsa murrizteko sistemei ahalik eta etekin handiena ateratzeko helburuarekin, haiek behar bezala erabiltzeko jardunbide egokien kode bat ezarri behar da, eta harrobiko langileei arlo horretan nola jokatu irakatsi beharko zaie. Jardueraren eta eguraldiaren arabera beharrezkoa den puntuetan, ureztapen-sistema aktibatu beharko da, eta kamioien gurpilak harrobitik irten aurretik garbitzeko sistema bat erabili.

D.4.6.– Indusketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreia ez daitezen.

D.4.7.– Horrez gainera, ustiapen-fasean atmosferara isurtzen diren partikulak murrizteko hartu behar diren neurriak hartuko dira, bereziki negutegi-efektuko gasekin zerikusia dutenekin.

D.5.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

D.5.1.– Zarata sortzen den lekuan praktika operatibo egokiak aplikatu beharko dira ustiapen-fasean zehar; batez ere, zamalanetan, garraio-lanetan eta erabiltzen den makineriaren mantentze-lan orokorrak egiterakoan.

D.5.2.– Leherketa-proiektuak UNE 22-381-93 arauaren arabera egin beharko dira; hortaz, proiektuaren eragin-esparruan dauden eraikinetan eragindako bibrazioek ezingo dituzte arauan ezarritako mugak gainditu. Aireko uhinaren presioari dagokionez, ezingo ditu 128 dB(L) gainditu –muturreko balioa–, eraikineko fatxada guztietatik kalte gehien har dezakeen horretan.

D.5.3.– Sustatzaileak harrobitik hurbil bizi direnei informazioa banan-banan emateko sistema jarri beharko du abian. Horrela, auzokoek zehatz jakingo dute zer-nolako neurriak hartu behar dituzten leherketek eragiten dituzten dardaren eta aire-uhinaren ondorioak gutxitu eta kontrolatzeko.

D.5.4.– Era berean, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuko 22. artikuluan xedatutakoaren arabera, zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta isurpen akustikoei dagokienez, erabilitako makineria aire zabalean erabiltzen diren makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legedian ezarritako xedapenetara egokitu beharko da, eta, bereziki, haientzat aplikagarria denean, aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurumenean eragiten dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan xedatutakora ere egokitu beharko dira.

D.5.5.– Zarata-fokuek Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako jardueretara aplika daitezkeen muga-balioak bete beharko dituzte.

D.5.6.– Era berean, behar diren neurriak hartu beharko ditu, foku horiek kanpoko ingurumenera zabaldu ez ditzaten urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzkoa) I. eranskineko F taulan muga-balio gisa ezarritako zarata-mailak baino handiagoak, betiere horiek aipatutako arauaren II. eranskinean jasotako prozeduren arabera ebaluatuta.

Era berean, jardueraren funtzionamendutik, zuzenean nahiz zeharka, eratortzen diren efektu gehituek kalitate akustikoko helburuak gainditzen dituztenean, behar besteko neurriak hartu beharko dira, hori gerta ez dadin.

D.6.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

D.6.1.– Jarduerak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatu beharreko arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

Meategiko hondakinak erauzketa-industrien hondakinak kudeatzeari eta meategietako jarduerak eragindako tokiak babestu eta lehengoratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

D.6.2.– Proiektua gauzatzerakoan eta ustiapenaren amaieran, instalazioak desegiten direnean, hondakinak sortzen badira eraikitze- eta eraiste-lanen ondorioz (onura-instalazio berriak egitea, instalazio zaharkituak eraistea eta abar), hondakin horiek eraikitze- eta eraiste-hondakinen produkzioa eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz kudeatu beharko dira.

D.6.3.– Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten baldin bada, hondakin horiek ezaugarrituko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak (Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituena) xedatutakoari jarraikiz, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak (Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena) ezarritako jarraibideen arabera.

Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

Betelanak jalkitzeko, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

D.6.4.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

D.6.5.– Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da sortutako olio erabilia.

Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

D.6.6.– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregaiak eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin inerteak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

D.7.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Museoetako eta Arkeologiako Zerbitzuari.

D.8.– Ustiapenaren eraginpeko paisaia eta eremua lehengoratzeko neurriak.

Erauzketa-lanek aldatutako naturaguneak lehengoratzeari buruzko ekainaren 20ko 115/2000 Dekretuan eta Erauzketa-industrien hondakinak kudeatzeari eta meategietako jarduerak eragindako tokiak babestu eta lehengoratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuan xedatutakoaren kontra egin gabe, proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioko proposamenaren arabera egingo dira lehengoratze-lanak. Halaber, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira:

D.8.1.– Landare-berritzeak, bertako espezieak sartuta, landaretza-masa trinkoak eta jarraituak ezartzeko aukera eman behar du; habitat naturalak sortu behar dira, eta, ahal dela, horiek inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotu.

D.8.2.– Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana edo beste landare inbaditzaile batzuk ez zabaltzeko ekintzak egingo dira. Ildo horretan, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia leheneratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatuta egon litekeen lurra.

D.8.3.– Erauzketa-lanek erasandako alde guztiak lehengoratuko dira; baita lehengoratze-planean agertzen ez zirenak baina azkenean ustiapenaren ondorioz kaltetu direnak ere.

D.8.4.– Lehengoratze-lanetan kanpoko materialak erabiltzeari dagokionez, lurzorua kutsatzea saihesteari eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinaren barruan, dagokion taulako «Beste erabilera batzuk» zutabean giza osasunaren babeserako ezarritako EBA-B ebaluazioko balio adierazleak baino kutsatzaile-eduki txikiagoak dituzten obretako indusketa-lanetatik datozen materialak soilik baimenduko dira.

D.8.5.– Gainera, kanpotik datozen induskatutako material naturalak erabili ahal izateko, hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorrizko obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Aginduan adierazten dena aplikatuko da. Arau orokor horiek betetzen direnean, baimenik gabe geratuko dira hondakin horien balorizazioa aurrera daramaten pertsona fisikoak edo juridikoak, hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 28. artikuluko aurreikuspenak aplikatzen diren neurrian.

D.8.6.– Ustiategiaren bizitza erabilgarri osoan zehar, hainbat mantentze-lan egin beharko dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak birlandatu, horretarako beharra ikusten denean.

D.9.– Jarduera bertan behera utzi ostean aplikatuko diren neurriak.

D.9.1.– Sustatzaileak esandako jarduera lurzorua kutsatzea saihesteari eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen aplikazio-eremuan sartzetik eratortzen diren obligazioak bete beharko ditu.

D.9.2.– Ustiapen-jarduera bertan behera uzten den momentuan aplikatzekoa den berariazko araudia betetzearen kaltetan izan gabe, onura-instalazioak desegiteko eragiketak hainbat neurri babesle eta zuzentzaile aplikatuz gauzatu beharko dira. Esandako neurri horiek, hain zuzen ere, Ebazpen honetan ustiapen faserako ezarri direnen antzekoak izango dira, batez ere landaredia eta uren kalitatea babesteari eta hondakinak kudeatzeari dagokionez.

E) Ingurumena zaintzeko programa.

Ondorengo apartatuetan ezartzen dira proiektua egikaritzen den bitartean eta amaitu ostean aplikatu beharreko ingurumen-jarraipeneko neurriak; aipatu neurriok sustatzaileak proposatutakoak osatzera eta, kasua hala denean, ordeztera datoz.

Bestalde, neurri horiek behar den dimentsioan aplikatzeak eta kontrolerako langile nahikoa izateak bermatu beharko dituzte ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honetan finkatzen direnak.

Neurri horiek guztiek dagokien aurrekontu-zuzkidura izan beharko dute, egiaz gauzatuko direla bermatuta egon dadin.

E.1.– Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.

Egiaztatuko da gauzatutako okupazioa proiektuan aurreikusia denarekin bat datorrela, obrek aurreikusitako azaleran soilik izan dutela eragina, eta babes-zedarriak egoera onean daudela.

E.2.– Uren eta lurzoruaren kalitatea kontrolatzea.

E.2.1.– Sustatzaileak proposatutako uren kontrolari eta isurketaren baimena emateko eskumena duen organoak ezarritako kontrolei kalterik egin gabe, uraren kalitate-kontrola egingo da Lear errekan eta Oria ibaian identifikatutako puntuetan. Horretarako, indize biotikoa aztertuko da sei hilean behin, bai eta honako parametro fisiko-kimiko hauek ere: pH-a, solido esekiak, konduktibitatea eta olio eta koipeak.

E.2.2.– Kontrol-kutxatilan, parametro fisiko-kimiko hauek aztertuko dira sei hilean behin: pH-a, solido esekiak, konduktibitatea eta olio eta koipeak.

E.2.3.– Bestalde, egiaztatuko da substantzia toxikoak ustekabean isurtzearen ondorioz lurzorua kutsatu den (olioak eta hidrokarburoak bereziki).

E.3.– Airearen kalitate-kontrola.

Kutsadura atmosferikoari dagokionez, ingurumena zaintzeko programa bat etorri beharko da kutsa dezaketen jarduerak gauzatzen dituzten instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren IV. kapituluak xedatutakoarekin.

E.4.– Zarataren kontrola.

E.4.1.– Sustatzaileak proposatutako zarataren kontrolari kalterik egin gabe, zarataren kontrolak egingo dira sustatzaileak aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketan identifikatzen diren eraikuntza eta ekipamendu sentikorretan, baldin eta proiektuko ustiategitik 800 metroko erradioan badaude. Neurketak egunez egingo dira, harrobian jarduera handiena dagoen uneetan.

Neurtzeko metodoak eta erreferentzia-balioak zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean eta hura garatzeko araudian xedatutakoari atxiki beharko zaizkie, baita Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan xedatutakoari ere.

E.4.2.– Lehenengo urtean, Ebazpen hau argitaratzen den egunetik zenbatuta, hiru hiletik behin egingo dira zarataren neurketak. Lehen urtean izandako emaitzak ikusita, kontrolen aldizkakotasuna aldatu ahal izango da, jardueraren titularrak hala eskatuta.

E.5.– Dardarak eta aire-uhinaren presioa kontrolatzea.

Dardaren kontrolak ingurumen-inpaktuaren azterlanean aurreikusitakoaren arabera egingo dira, hilean behingo maiztasunez, gutxi gorabehera, ustiategiko leherketa-programara egokiturik.

Neurketak UNE 22-381-93 Arauan bildutako metodologiaren arabera egingo dira.

E.6.– Hegazti harkaiztarrentzako eta kiropteroentzako habiak egiteko gune berriak kontrolatzea.

Sustatzaileak harkaitzetako hegazti harkaiztarrentzat eta kiropteroentzat ezarritako jarraipen-protokoloei kalterik egin gabe, belatz handiak habiak egiteko gainazal berriak sortu diren eta kiropteroentzako habi-kutxak jarri diren egiaztatuko da, proiektuan aurreikusi bezala.

E.7.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bateratua egin beharko du sustatzaileak, non bilduko baitira ingurumen-inpaktuaren azterlanean proposatutako betebeharrak eta Ebazpen honetan jasotakoak.

Ingurumena zaintzeko programaren helburu nagusia ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak beteko direla bermatuko duen sistema bat ezartzea izango da, bertan adierazitako jarraibideekin eta zuzenketa-neurriekin batera.

Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta honako beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia, kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian, kontrol horien maiztasuna, eta hori guztia gauzatzeko aurrekontu zehaztua, programa betetzea bermatuko duena.

Kalitate-helburuak, hala behar denean, legeetatik edo oro har onartutako azterketa teknikoetatik hartutako muga-balioen edo gida-balioen arabera ezarriko dira. Hala ere, proiektuaren eraginpeko eremuaren berezitasunek eta ezaugarri zehatzek hala eskatzen badute, balio are zorrotzagoak ezarri beharko dira, beharrezkoak diren parametroetan.

E.8.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programaren barruko txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumeneko Sailburuordetza honetara igorriko dira, ondoren, organo substantiboaren bitartez. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, ingurumenean aditua den erakunde batek egindako txostenarekin batera. Txosten hori emaitzen analisi bat izango da, aldi horretan gertatutako gorabeherak, balizko kausak eta konponbideak bereziki aipatuta, eta aldez aurretik zehaztu ez denean, laginak hartzearen xehetasunak, baita ere.

Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez, gutxienez, eta datu horiek herri-administrazioen ikuskapen-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

F) Baldin eta arautegi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala eginarazten badigute, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-zaintzako programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai eta neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Halaber, ingurumen-organoak erabaki ahal izango du, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatzea, baldin eta egiaztatzen bada, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan edo bestelakoetan oinarrituta, gerta litezkeen ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak ez direla nahikoak.

G) Ebazpen honen aurreko apartatuetan ezarritakoa gorabehera, jarraian aipatzen diren agiriak helarazi beharko zaizkio ingurumen-organo honi, espedientean sartzeko.

Agiri horiek Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzara bidali beharko ditu organo substantiboak oniritzia eman ondoren, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioarekin batera.

G.1.– Ebazpena argitaratu eta hiru hilabeteko epean, ingurumena zaintzeko programari buruzko agiri bategina, ebazpen honen E.7 apartatuan azaldua.

G.2.– Urtean behin, ingurumena zaintzeko programaren emaitza, ebazpen honen E.8 apartatuan ezarritakoaren arabera.

Hirugarrena.– Lau urteko epea ezartzen da proiektua egikaritzen hasteko; ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasiko da kontatzen epea. Epe hori igaro eta artean ez bada proiektua egikaritzen hasi, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio iraunaldia, eta dagozkion ondorioak sortzeari utziko dio. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatu epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Laugarrena.– Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak ingurumen-organoari jakinarazi beharko dio, aldez aurretik, noiz hasiko den proiektua gauzatzen.

Bosgarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzari eta Andoaingo Udalari.

Seigarrena.– Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 30a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren absentziaz (apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren lehen xedapen gehigarria).

Ingurumeneko sailburuordea,

MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.


Azterketa dokumentala