Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

42. zk., 2020ko martxoaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1264

EBAZPENA, 2020ko urtarrilaren 27koa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Amorebieta-Etxanoko (Bizkaia) Betarragane sektorean erdi-lurpean dauden beheko solairuetan garaje-erabilera gaitzeko plan bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2019ko uztailaren 10ean, Amorebieta-Etxanoko Udalak Amorebieta-Etxanoko (Bizkaia) «Betarragane sektorean erdi-lurpean dauden beheko solairuetan garaje-erabilera gaitzeko plan berezia» egitasmoaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko eskakizuna bete zuen. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Plan Bereziaren memoria eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan identifikatu dira dokumentu hori egin duten pertsonak, sinatuta dago, eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 4ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak eta edukia espedientean sartu dira. Era berean, Amorebieta-Etxanoko Udalari ere jakinarazi zitzaion izapide-prozesuaren hasiera.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da oinarriak ezartzea ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautzeko; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zer planek edo programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen nahiz programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra dagoela, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Kasu horietako bat da Amorebieta-Etxano udalerriko Betarragane sektorean erdi-lurpean dauden beheko solairuetan garaje-erabilera gaitzeko plan berezia.

Aztertuta geratu dira plan bereziaren ingurumen-ebaluazioaren dokumentazio teknikoa eta espedienteko txostenak, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak plan bereziaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Amorebieta-Etxano udalerriko Betarragane sektorean erdi-lurpean dauden beheko solairuetan garaje-erabilera gaitzeko plan bereziaren (aurrerantzean, Plan Berezia) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea –Amorebieta-Etxanoko Udalak sustatu du plana hori–, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Plan Bereziaren xedeko esparrua Amorebieta-Etxanoko Betarragane kaleko zati bat da, hiri-lurzoru finkatugabea dena indarreko antolamenduaren arabera, eta erabat urbanizatuta dago, eta jabari antropogenikoko hiri-paisaia gisa sailkatuta.

Plan Bereziaren xedea da garaje-aparkalekuen erabilera gehitzea –erdi-lurpean dauden beheko solairuetan– Betarraganeko bizitegi-lurzoru urbanizagarriaren plan partzialean jasotako erabilerei, eta bizitegi-azpieremutan aurreikusten diren erabilerak garaje-aparkalekuaren erabilerarekin bateragarri egitea. Zehazki, erdi-lurpean dauden beheko solairuen erabilera-aldaketak 1. eta 6. zenbakietako eraikinei deragie.

Bestalde, 1. zenbakiko eraikinaren beheko solairuaren altuera librea handituko da, ataripeak gutxieneko altuera izan dezan, egoki erabiltzeko. Hala, lehen solairuko forjatuaren kota +83,10 izango da; egungoa +82,10 da.

Plan Bereziak proposatzen dituen aldaketek ez dute eraginik sektorearen hirigintza-garapenean, eta azpiegitura berririk ere ez dute beharko.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, hain zuzen ere zehazteko Plan Bereziak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak.

Aurkeztu den dokumentazioaren arabera, Plan Bereziak aukera ematen du Plan Partzialak bizitegi-azpieremuetarako aurreikusten dituen erabilerak eta beheko solairuetako garaje-aparkalekuak uztartzeko, baldin eta erdi-lurperatuta badaude.

Plan Bereziarekin lehenesten da garaje-aparkalekuaren (trastelekuaren) erabileraz bestelako erabilera bat izatea beheko solairuak erdi-lurpean dituen eraikinaren ageriko aurrealdeak. Fatxadaren aurrealdeak erabilera hori balu, eraikinaren gainerako aldeen araberako tratamendua izango luke, hala materialak hautatzean, nola horien kokapen eta diseinuan, eraikin osoan pauta berari jarraitzeko.

Halaber, elementu arautzaile berezi bat dakar Plan Bereziak: Plan Berezia garatuta sortuko diren aparkalekuetan, birkarga elektrikorako puntu bat egongo da hamar garaje berriko.

Plan Bereziarekin ez da lurzoru artifizialdu gaberik okupatuko, eta ez da hauteman bateraezintasunik aipatu planaren eta hierarkian gorago duenaren artean.

2.– Eraginen eta erasan daitekeen eremuaren ezaugarriak.

Eremua ia guztiz hiri-lurzoru finkatugabea da, urbanizatuta dago, eta Amorebieta-Etxano udalerriaren erdian kokatuta.

Eremuan, Batasunaren intereseko 6510 habitata dago (altuera baxuetako sega-belardi elkorrak), eta ez da beste ingurumen-balio aipagarririk hauteman. Lurzoruak urrakortasun txikia edo oso txikia du akuiferoaren kutsaduraren aurrean; ez dago uholde-arriskuko gune batean, eta ez dago sartuta lurzorua kutsatu dezaketen jarduerak edo instalazioak egon diren edo dauden lurzoruen inbentarioan.

Eremuari eragiten dioten zarata-iturriak AP-8, N-634 eta hiri barneko errepideak dira. Lehen bi errepide horien zortasun-eremu akustikoaren barnean dago eremua, Amorebieta-Etxanoko Udalak babes akustiko bereziko gisa izendatu duen eremu batean, eta zonako plana du, baina horrek barne hartutako ekintzak ez dira erabat garatu.

Espero diren inpaktu nagusiak eraikuntza-obrenak dira (lurzorua okupatzea, lur-mugimenduak, partikulen emisioa eta zarata-kutsadura, baliabideen kontsumoa, eragozpenak herritarrei, etab.).

Eraginen eta erasan daitekeen eremuaren ezaugarriei dagokienez, eta Plan Bereziaren zehaztapenak kontuan harturik, ez da aurreikusten ingurumen-arazo adierazgarririk gertatzea hura gauzatzearen ondorioz, betiere, besteak beste, segurtasun eta osasunaren, ingurumenaren, natura-ondarearen, kultur ondarearen, paisaiaren, kutsadura akustikoaren eta uren arloko indarreko araudiari jarraikiz egiten badira eragin-eremuan egiten diren jarduerak. Eta bereziki beteko da Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko araudietan xedatutakoa, baita kultura-ondareari, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinei eta zaratari buruzko indarreko araudian ezarritakoa ere.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Plan Berezian bertan jasotakoarekin bat etorriz.

Zaratari dagokionez, EAEko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43.2 artikulua aplikatu behar da. Horren arabera, kalitate-helburuak barnealdean bederen bete beharko dira. Horretarako, Udalak gai horren gaineko justifikazio-txostena egin beharko du lizentzia eman aurretik, kanpoaldea babesteko neurriak ezarrita.

Aplikatu beharreko neurrien artean, proiektua gauzatzearen ondoriozkoak nabarmentzen dira, zeinek loturik egon beharko baitute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

a) Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea.

b) Proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

c) Amorebieta-Etxanoko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaio lurzoru-kutsaduraren zantzu oro, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

d) Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta soinu-igorpenei dagokienez, obrak egiteko erabiliko diren makinak egokitu beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-igorpenei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakoaren arabera.

e) Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

f) Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita.

g) Lorategiak jartzen badira, inola ere ez dira landatuko espezie aloktono inbaditzaileak, eta, lorategiok diseinatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

h) Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriago baterako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko etxebizitzen eraikuntza eta birgaikuntza jasangarriaren gida argitalpenean adierazitako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo -kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

– Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Amorebieta-Etxanoko (Bizkaia) Betarragane sektorean erdi-lurpean dauden beheko solairuetan garaje-erabilera gaitzeko plan bereziak ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsurik izango ez duela zehaztea, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ebazpen honetan ezarritakoari jarraikiz, eta, horrenbestez, ez zaiola ingurumen-ebaluazio arruntik egin behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Amorebieta-Etxanoko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Amorebieta-Etxanoko (Bizkaia) Betarragane sektorean erdi-lurpean dauden beheko solairuetan garaje-erabilera gaitzeko plan berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 27a.

Ingurumen Administrazioko zuzendariaren absentziaz (apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren lehen xedapen gehigarria).

Ingurumeneko sailburuordea,

MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.


Azterketa dokumentala