Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

42. zk., 2020ko martxoaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
1261

EBAZPENA, 2020ko otsailaren 19koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen eta jakitera ematen baita Euskadin Q Sukarra Zaintzeko eta Kontrolatzeko Plana.

Q sukarra zelula barneko Coxiella burnetii bakterio gram-negatiboak eragindako zoonosia da; beroarekiko eta lehorketarekiko oso erresistentea da, eta haizeak infekzio-fokutik zenbait kilometrotara eraman dezake. Q sukarra endemikoa da Europako zenbait eremutan, eta Osasun Publikoko arazo handi bihurtu da.

Q sukarra etxeko animalietan kontrolatzea funtsezkoa da gaixotasunak gizakiengan duen eragina murrizteko; horregatik, garrantzitsua da zaintza- eta kontrol-planak ezartzea, batez ere ustiategietako detekzioan eta profilaxi- eta higiene-neurrietan oinarrituta.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuak xedatzen du Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari dagokiola «landare eta animalien ekoizpen eta osasunari buruzko programa eta jardunak eta ekoizpen bateratu eta ekologikoak prestatu eta koordinatzea, hargatik eragotzi gabe lurralde historikoen eskumenak».

Aldi berean, Lurralde historikoei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legeak bere 7.b.1 artikuluan ezartzen du lurralde historikoei dagokiela garatzea eta betearaztea erakunde erkideek landare-ekoizpenean eta landare-osasunean eta animalien ekoizpenean eta osasunean emandako arauak.

Beraz, etxeko hausnarkarietan Q Sukarraren prebalentzia murrizteko bide ematen duten ekintzak ezartzeko, eta, beraz, euskal biztanlerian agerraldiak izateko arriskua murrizteko, Eusko Jaurlaritzaren eta foru-aldundien zerbitzu teknikoek Euskadin Q Sukarra Zaintzeko eta Kontrolatzeko Plana egin dute.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Onartzea eta argitaratzea.

Euskadin Q Sukarra Zaintzeko eta Kontrolatzeko Plana onartzea eta argitaratzea Eusko Jaurlaritzan nekazaritzaren eta elikaduraren arloko eskumena duen sailaren hurrengo web-orrian: http://www.euskadi.eus/plana/q-sukarraren-kontrola-eta-zaintzarako-euskadiko-plana/web01-a2nekabe/eu/.

Bigarrena.– Errekurtsoak.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarrena.– Ondorioak.

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 19a.

Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendaria,

JORGE GARBISU BUESA.


Azterketa dokumentala