
42. zk., 2020ko martxoaren 2a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (251 KB - 3 orri.)
- EPUB (220 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
1259
17/2020 EBAZPENA, otsailaren 11koa, Arabako Errioxako Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari gerentearena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Arabako Errioxako Erakunde Sanitario Integratuko Erizaintza Unitateko (Lezako Ospitaleko bigarren solairua) gainbegirale lanpostu bat izendapen aske bidez betetzeko.
Arabako Errioxako Erakunde Sanitario Integratuko Erizaintza Unitateko (Lezako Ospitaleko bigarren solairua) gainbegirale lanpostua hutsik dago. Hori dela eta, Zuzendaritza Gerentzia honek erabaki du lanpostu hori izendapen aske bidez betetzeko deialdi publikoa egitea, honako lege-xedapen hauei jarraikiz: Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluaren hirugarren arau komuna, Osakidetzaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretua eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua. Oinarri hauen arabera beteko da lanpostua:
OINARRIAK
1.– Parte hartzeko baldintzak.
Deialdi honetan parte hartzeko, baldintza hauek betetzen direla egiaztatu behar da:
a) Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetako langile finkoa izatea (estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-kontratuduna) eta lanpostua jabetzan edukitzea dagokion B1 talde profesionalean.
b) Titulazio hau edukitzea (B1).
c) Lan-esperientzia hau, gutxienez, edukitzea 3 urte (B1 taldean).
d) Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta Osakidetzako Euskara Planean ezarritako gainerako eskakizunak.
2.– Aintzat hartuko diren merituak:
a) Erizaintzako unitateak kudeatzen esperientzia izatea.
b) Taldeak eta pertsonak antolatzen eta kudeatzen esperientzia izatea.
c) Ospitale-eremuak koordinatzen eta antolatzen esperientzia edota prestakuntza izatea.
d) Prestakuntza edota ezagutza kudeaketa-tresnetan, kalitate-ereduetan, prozesuetan, hala nola, prozesu eta etengabeko hobekuntzan, ISOn eta MGAn.
Lanpostu honetan aritzeko interesgarriak eta baliotsuak diren beste merezimendu batzuk aurkeztu ahal izango dira.
3.– Euskararen ezagutza.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan Euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.
4.– Eskaerak egiteko epea eta aurkezteko modua.
Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Arabako Errioxako Erakunde Sanitario Integratuko Pertsonaleko Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte eskabideak (Gasteiz-Logroño errepidea, 59. km, 01309 Laguardia, Araba).
Horretarako, 15 egun balioduneko epea izango dute, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Aurkeztu ahal izango dira, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako eran.
Interesdunek lehenago aipatutako Pertsonaleko Zuzendaritzara bidali behar dute eskabidea, beren datu pertsonal guztiak dituena, curriculum vitae dokumentatuarekin batera. Dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.
b) Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-kontratu finkodun langilea dela egiaztatzen duen agiriarena.
c) Baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.
d) Baloratu beharreko meritu guztien fotokopia konpultsatua.
CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, eskatzaileak horren berri eman behar du eskabidean.
5.– Balorazio Batzordea.
Batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskabideak baloratzeko. zuzendari gerentea edo eskuordetza ematen dion pertsona izango da epaimahaiburua. Erizaintzako zuzendaria eta Langileen zuzendaria (idazkari ere arituko da) izango dira batzordekideak. Balorazioa izangaiei jakinaraziko zaie.
Batzordeak, eskabideak baloratu ondoren, eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake; eta izangaiei horren berri emango die.
Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.
Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak eta gauzatutako eginbide osagarriak (halakorik balego) zerrendatuko dira, eta lanpostua haietako bati esleitzeko edo deialdia bete gabe uzteko kontuan hartutako arrazoiak emango.
6.– Hautaketa-prozedura.
Ezin izango dira baloratu, inolaz ere, deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merituak, ez eta eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.
7.– Prozedura amaitzeko Ebazpena.
Honen bidez hasitako prozedurari amaiera emango zaio (lanpostua esleitzea edo betetzeke uztea) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Arabako Errioxako Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari gerentearen ebazpenaren bidez, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Ebazpen horrek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratzen den egunetik, bertan besterik xedatu ezean behintzat.
8.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Laguardia, 2020ko otsailaren 11.
Arabako Errioxako ESIko zuzendari-gerentea,
CARLOS RUIZ DE VERGARA LAORDEN.
RSS