Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

42. zk., 2020ko martxoaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
1258

198/2020 EBAZPENA, otsailaren 3koa, Bilbao-Basurtoko Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari gerentearena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Bilbao-Basurtoko Erakunde Sanitario Integratuko Administrazioko taldeburu lanpostu bat izendapen aske bidez betetzeko.

Bilbao-Basurtoko ESIko Administrazioko taldeburu lanpostu bat hutsik dago. Hori dela eta, Zuzendaritza Gerentzia honek erabaki du lanpostu hori izendapen aske bidez betetzeko deialdi publikoa egitea, honako hiru lege-xedapen hauei jarraikiz: Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluaren hirugarren arau komuna, Osakidetzaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretua eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua. Honako oinarri hauen arabera beteko da:

OINARRIAK

1.– Parte hartzeko eskakizunak.

Deialdi honetan parte hartzeko, baldintza hauek betetzen direla egiaztatu behar da:

a) Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetako langile finkoa izatea (estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-kontratuduna) eta lanpostua jabetzan edukitzea C2/D2 talde profesionalean.

b) C2/D2 lanbide-taldeko titulazioa edukitzea.

c) Bi urteko lan-esperientzia, gutxienez, edukitzea C2/D2 lanbide-taldeetan.

d) Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta Osakidetzako Euskara Planean ezarritako gainerako eskakizunak betetzea.

2.– Aintzat hartuko diren merituak:

a) E-Osabide eta Osabide Global aplikazio informatikoak erabiltzen jakitea.

b) ISO 9001-2000 araudia ezagutzea.

c) Esperientzia izatea kudeaketa administratiboaren arloan (Harrerak, Zerbitzu Zentralak, Proba Osagarriak, Ospitalizazioko Solairuak, Kanpo Kontsultak, eta Ospitaleko eta Ospitalez kanpoko beste Unitate Administratibo batzuk).

d) Esperientzia edota prestakuntza izatea taldeak antolatzen eta kudeatzen.

e) Lan-taldeetan pare hartu izana izatea.

f) Gaitasuna izatea lidergoan eta komunikazio-tekniketan.

g) Datuen babesaren gaineko ezagutzak izatea.

h) Ofimatikako ezagutzak izatea: Word, Excel, Acess, Power Point, Outlook.

Lanpostu hau betetzeko interesgarria izan daitekeen edo balioa erants dezakeen edozein meritu aurkeztu ahalko da.

3.– Euskararen ezagutza.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.

4.– Eskabideak egiteko epea eta aurkezteko modua.

Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Bilbao-Basurtoko ESIko Pertsonaleko Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte eskabideak (Montevideo etorbidea 18, 48013, Bilbao). Horretarako, 15 egun balioduneko epea izango dute, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Aurkeztu ahal izango dira, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako eran.

Interesdunek Bilbao-Basurtoko ESIko Pertsonaleko Zuzendaritzara bidali behar dute eskabidea (Montevideo etorbidea 18, 48013, Bilbao), beren datu pertsonal guztiak eta curriculum vitae dokumentatuarekin batera. Dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

b) Funtzionarioaren edo estatutupeko langilearen izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-kontratu finkodun langilea dela egiaztatzen duen agiriarena.

c) Baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.

d) Baloratu beharreko meritu guztien fotokopia konpultsatua.

CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, eskatzaileak horren berri eman behar du eskabidean.

5.– Balorazio Batzordea.

Batzorde bat eratuko da aurkezten diren eskabideak baloratzeko, eta izangaiei horren berri emango zaie.

Batzordeak, eskabideak baloratu ondoren, eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake; eta izangaiei horren berri emango die.

Izangaien balorazioa egindakoa, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak, betiere aurrez txosten arrazoitua egiten badu, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.

Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak eta gauzatutako eginbide osagarriak (halakorik badago) zerrendatuko dira, eta lanpostua haietako bati esleitzeko edo deialdia bete gabe uzteko kontuan hartutako arrazoiak emango.

6.– Hautaketa prozedura.

Ezin izango dira inolaz ere baloratu deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merituak, ez eta eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.

7.– Prozedura amaitzeko ebazpena.

Honen bidez hasitako prozedurari amaiera emango zaio (lanpostua esleitzea edo betetzeke uztea), Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Bilbao-Basurtoko ESIko zuzendari gerentearen ebazpen baten bidez, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Ebazpen horrek EHAAn argitaratzen den egunetik izango ditu ondorioak, bertan besterik xedatu ezean behintzat.

8.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea egongo da, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bilbao, 2020ko otsailaren 3a.

Bilbao-Basurto ESIko zuzendari gerentea.
E (ekainaren 20ko 1556/2017 Ebazpena).

Bilbao-Basurtoko ESIko Pertsonaleko zuzendaria,

AMAYA DE ALLENDE ACHALANDABASO.


Azterketa dokumentala