Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

39. zk., 2020ko otsailaren 26a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1126

AGINDUA, 2020ko urtarrilaren 7koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez «Fundación Araubidean» fundazioaren eratzea inskribatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan.

Ikusi eta aztertu egin da «Fundación Araubidean» fundazioaren eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatzeko aurkeztutako espedientea. Hona hemen

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2019ko azaroaren 5ean, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean eskabide bat sartu zen, «Fundación Araubidean» fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko (José Ignacio Gómez Murguialday, Rafael Dueñas Garralda, Susana García Busto, Eduardo Comas Valls eta Iñaki Jauregui Navarro jaun-andreek sortu zuten fundazio hori). Eskabide-orriarekin batera, eratze-eskritura publikoa aurkeztu zen.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeak 2019ko abenduaren 19an aldeko txostena eman du fundazioaren xedeen zilegitasunari eta interes orokorrari buruz eta haren bideragarritasun ekonomikoari buruz.

Hirugarrena.– Honako hauek dira fundazioaren helburuak, estatutuen 5. artikuluan ezarritakoaren arabera:

– Helburu nagusia eta behinena hauxe du: betetzeari buruzko kultura sustatzea eremu publiko eta pribatu guztietan, funtsezko printzipio hauek dituela: etika, giza eskubideen errespetua, praktika onak eta legeen betetzea.

Laugarrena.– Estatutuen 1. artikuluarekin bat etorriz, fundazioaren helbidea hau izango da aurrerantzean: Bergara kalea 20, ezkerreko eskailera, 1. solairua, B, 20005 Donostia (Gipuzkoa). Bestalde, fundazioak Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatuko ditu bere jarduerak nagusiki.

Bosgarrena.– Erakunde fundatzaileak 2.000 euroko ekarpena egin du, fundazioaren hasierako dotazio gisa. Ekarpen hori egin dela jasota geratu da erregistro-inskripzioaren espedientean, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduaren 37.1.c) artikuluak. Erregelamendu hori ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak onartu du.

Seigarrena.– Patronatuko kideak, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hasieran hauek izango dira (2022ko urriaren 18ra arteko iraupena izango dute karguok):

– Lehendakaria: Eduardo Comas Valls.

– Lehendakariordea: Rafael Dueñas Garralda.

– Idazkaria: Susana García Busto.

– Bokala: Iñaki Jauregui Navarro.

– Bokala: José Ignacio Gómez Murguialday.

Izendatutako guztiek onartu dituzte karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 9ko 9/2016 Legeak 16.2 artikuluan ezarritako moduetako batean.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio eratze-espedientea agindu bidez ematea. Hala aurreikusita dago hiru dekretu hauetan: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua; Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Bigarrena.– Legitimatuta dagoen pertsona batek sustatu du espedientea; era berean, beharrezkoak ziren datu eta agiri guztiak aurkeztu dira, hots, bete egin dira ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7. artikulutik 12.era bitarteko artikuluetan eta 51.2 artikuluan (lege hori Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioena da) eta uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 41. artikuluan ezarritako betekizunak (dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen da). Beraz, aplikatu beharreko legezko eta erregelamenduzko manuen arabera eratu da fundazioa.

Ikusi dira aipatutako arauak eta aplikagarriak diren gainerako arauak. Beraz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea –egun honetan eta F-451 erregistro-zenbakiarekin– Donostiako «Fundación Azterlan» fundazioaren eraketa, bai eta Patronatuaren hasierako osaera ere. Patronatu horren kideak zazpigarren aurrekarian agertzen dira. Kideok espresuki onartu dituzte beren karguak, Fermín Lizarazu Aramayo notarioaren aurrean (protokolo-zenbakia: 3.654), 2019ko urriaren 18an emandako eskritura publikoan xedatu bezala.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 7a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala