Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

37. zk., 2020ko otsailaren 24a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
HEZKUNTZA SAILA
1063

AGINDUA, 2020ko otsailaren 4koa, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarena eta Hezkuntza sailburuarena. Haren bitartez, «Calasanz Lanbide Ikastegia» titulartasun pribatuko ikastetxeari baimena ematen zaio Euskal Autonomia Erkidegoan titulartasun pribatuko Lanbide Heziketako Ikastetxe integratua izateko.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 1998ko abenduaren 28ko Aginduaren bidez baimena ematen zaie Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetako ikastetxe pribatuei, erdi edo goi-mailako lanbide heziketako prestakuntza zikloak emateko (1999ko otsailaren 11ko EHAA).

Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak Lanbide Heziketako 3 sistemak bateratzeko oinarria jarri zuen: Hezkuntza-sistemaren Lanbide Heziketa, lanerako Lanbide Heziketa eta etengabeko prestakuntza, azken bi hauek enplegurako Lanbide Heziketaren sisteman txertatuta.

Bateratzeko baliabide berri gisa, legeak 11. artikuluan aurreikusten du Lanbide Heziketako ikastetxe integratuak sortzea. Ikastetxe integratuak tituluak eta profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko heziketa-eskaintza guztiak eskaintzen dituzten ikastetxeak dira, administrazioek dituzten eskumenen eremuan sortu eta baimendu ditzaketenak, beti ere, legeak ezartzen dituen baldintza eta betekizunekin.

Lanbide Heziketako ikastetxe integratuen oinarrizko baldintzak arautzen dituen abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuak garatzen du Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak 11. artikuluan ezarritakoa, eta 5. eta 6. artikuluan, hurrenez hurren, zehazten ditu ikastetxe integratuen xedeak eta funtzioak.

Profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 12. artikuluan ezartzen da zer ikastetxek eman ditzaketen ziurtagiriei lotutako prestakuntza-ekintzak, 2.a) puntuan beren-beregi aipatuta Lanbide Heziketako ikastetxe integratuak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako ikastetxe integratuak arautzen dituen apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuak ezartzen ditu Lanbide Heziketako ikastetxe integratuek bete behar dituzten baldintzak, eta 8. artikuluan xedatzen du hezkuntzaren eta enpleguaren alorrean eskumena duten sailek baimen ditzaketela, batera emango duten agindu baten bidez, eta ikastetxe pribatuaren titularrak eskatuta, Lanbide Heziketako ikastetxe pribatu integratuak dekretu honetan eta aplikagarri diren arauetan ezarritako baldintzen arabera.

Bigarren Hezkuntzako Calasanz Lanbide Ikastegia Ikastetxe pribatuak eskatuta, Lanbide Heziketako ikastetxe integratua izateko baimen-espedienteari hasiera eman zaio. Espedientea izapidetuta, baieztatu eta egiaztatu ondoren, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren eta Hezkuntzako sailburuaren 2017ko martxoaren 14ko Aginduak ezartzen dituen baldintzak Euskal Autonomia Erkidegoan titulartasun pribatuko Lanbide Heziketako ikastetxeko ikastetxe integratuak baimentzeko,

XEDATZEN DUGU:

1. artikulua.– Titulartasun pribatuko Lanbide Heziketako Ikastetxe integratua baimentzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako ikastetxe integratuak arautzen dituen apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 8. artikuluak ezartzen duenaren arabera, Calasanz Lanbide Ikastegia bigarren hezkuntzako ikastetxe pribatua Lanbide Heziketako ikastetxe integratua bilakatzen da, ondorengo datu hauekin:

a) Izen generikoa: Lanbide Heziketako ikastetxe pribatu integratua.

b) Izen espezifikoa: «Calasanz Lanbide Ikastegia».

c) Kode zenbakia: 48007405.

d) Titularra: «Calasanz Santurtzi, SL.»

e) Helbidea: Cuesta del Hospital behea, 11.

f) Herria: Santurtzi.

g) Udala: Santurtzi.

h) Lurralde historikoa: Bizkaia.

«Calasanz Lanbide Ikastegia» titulartasun pribatuko Lanbide Heziketako Ikastetxe integratua, hasierako Lanbide Heziketaren irakaskuntzei dagokienez, Hezkuntza sailaren mendeko ikastetxe publiko integratu bati atxikituko zaio.

2. artikulua.– Heziketa eskaintza eta ikasleak.

1.– Ikastetxeak bere prestakuntza-jardueretan sartuko dituen irakaskuntzak hauek izango dira: hasierako lanbide heziketari dagozkionak, enplegua hobetzeko ekintzei dagozkienak, eta bizialdi osoko irakaskuntzari dagozkionak, lanean dabilen langileriarentzat direnak. Jarduera hauek lan-ingurunearen premiei erantzun behar diete, betiere sailen eta organo eskudunen baimena izanik.

2.– Apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 2. artikuluaren 3. puntuan adierazitakoaren arabera, Lanbide Heziketako ikastetxe integratuek, baimenduta dituzten lanbide-familia edo -arloei dagozkien prestakuntza-eskaintzaz gain, lanbide-informazio eta -orientazioko zerbitzuak ere eskainiko dituzte, eta, hala badagokio, berariazko araudian zehazten denaren arabera, baita beste ikaskuntza ez formal batzuen bidez edo lan-eskarmentuaren bidez –kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren sistema nazionalaren esparruan– lortutako gaitasuna ebaluatzeko zerbitzuak eta kalitatezko prestakuntza, enplegagarritasuna, berrikuntza eta ekintzailetza sustatzen duten beste zerbitzu batzuk ere.

3. artikulua.– Hezkuntza administrazioak baimendutako irakaskuntzak.

1.– Lanbide-arloa: Administrazioa eta kudeaketa.

a) «Administrazio-kudeaketa», erdi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.

b) «Administrazioa eta finantzak», goi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.

2.– Lanbide-arloa: Merkataritza eta marketina.

a) «Merkataritza-jarduerak», erdi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.

b) «Marketina eta publizitatea», goi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.

c) «Garraioa eta logistika», goi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.

3.– Lanbide-arloa: Informatika eta komunikazioak.

a) «Sareko informatika-sistemen administrazioa», goi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.

b) «Plataforma anitzeko aplikazioak garatzea», goi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.

4.– Lanbide-arloa: Osasungintza.

a) «Erizaintzako zaintza osagarriak», erdi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.

b) «Farmazia eta parafarmazia», erdi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.

c) «Anatomia patologikoa eta zitodiagnosia», goi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.

d) «Osasun-dokumentazioa eta administrazioa», goi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.

e) «Diagnosi-irudia eta medikuntza nuklearra», goi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera 2 ziklo.

f) «Laborategi kliniko eta biomedikoa», goi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.

5.– Lanbide-arloa: Gizarte- eta kultura-zerbitzuak.

a) «Etxeko jarduerak eta eraikin garbiketa», oinarrizko Lanbide Heziketako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.

b) «Menpekotasun-egoeran dauden pertsonentzako arreta», erdi-mailako heziketa zikloa. Edukiera: ziklo 1.

c) «Haur hezkuntza», goi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: 2 ziklo.

d) «Gizarteratzea», goi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.

4. artikulua.– Lanbide-administrazioak baimendutako irakaskuntzak.

1.– Lanbide-arloa: Administrazioa eta kudeaketa.

a) «Bezeroarekiko harremanetako administrazio-jarduera», profesionaltasun-ziurtagiria.

b) «Administrazio-kudeaketako jarduerak», profesionaltasun-ziurtagiria.

c) «Zuzendaritzarako laguntza», profesionaltasun-ziurtagiria.

d) «Finantza-produktuak eta zerbitzuak merkaturatzea eta administratzea», profesionaltasun-ziurtagiria.

e) «Mikroenpresen sorkuntza eta kudeaketa», profesionaltasun-ziurtagiria.

f) «Enpresen finantzaketa», profesionaltasun-ziurtagiria.

g) «Ikuskapenerako kontabilitate- eta administrazio-kudeaketa», profesionaltasun-ziurtagiria.

h) «Giza baliabideen kudeaketa integratua», profesionaltasun-ziurtagiria.

i) «Administrazio zerbitzuetako eta zerbitzu orokorretako eragiketa osagarriak», profesionaltasun-ziurtagiria.

2.– Lanbide-arloa: Merkataritza eta marketina.

a) «Merkataritzako jarduera lagungarriak», profesionaltasun-ziurtagiria.

b) «Denda txikiak kudeatzeko jarduerak», profesionaltasun-ziurtagiria.

c) «Salmenten merkataritza-kudeaketa», profesionaltasun-ziurtagiria.

d) «Salmenten merkataritza-kudeaketa», profesionaltasun-ziurtagiria.

e) «Marketin- eta komunikazio-kudeaketa», profesionaltasun-ziurtagiria.

f) «Salmenten merkataritza-kudeaketa», profesionaltasun-ziurtagiria.

g) «Garraioaren eta banaketaren antolaketa», profesionaltasun ziurtagiria.

3.– Lanbide arloa: Osasuna.

a) «Biktima anitzentzako eta katastrofeetako osasun-arreta», profesionaltasun-ziurtagiria.

b) «Tanatopraxia», profesionaltasun-ziurtagiria.

c) «Osasun-garraioa», profesionaltasun-ziurtagiria.

4.– Lanbide-arloa: Gizarte eta kultura zerbitzuak.

a) «Mendeko pertsonei gizarte-erakundeetan gizarte- eta osasun-arreta ematea», profesionaltasun-ziurtagiria.

b) «Pertsonei etxean gizarte- eta osasun-arreta ematea», profesionaltasun ziurtagiria.

c) «Haurren eta gazteen aisialdiko jardueren dinamizazioa», profesionaltasun-ziurtagiria.

d) «Haurren eta gazteen aisialdiko jardueren Zuzendaritza eta koordinazioa», profesionaltasun-ziurtagiria.

e) «Enplegurako lanbide-heziketako irakaskuntza», profesionaltasun-ziurtagiria.

f) «Etxeko enplegua», profesionaltasun-ziurtagiria.

g) «Telelaguntzako deien kudeaketa», profesionaltasun-ziurtagiria.

h) «Desgaitasuna duten pertsonak lanean txertatzea», profesionaltasun-ziurtagiria.

i) «Gizarte bitartekotza», profesionaltasun-ziurtagiria.

j) «Itsu-gorren eta komunitatearen arteko harremanetan bitartekari-lana egitea», profesionaltasun-ziurtagiria.

5. artikulua.– Gobernu-partaidetza eta koordinazio-organoak.

1.– Titulartasun pribatuko Lanbide Heziketako Ikastetxe integratuak, gutxienez, pertsona bakarreko gobernu-organo hauek izango ditu: zuzendaria, ikasketa-burua eta idazkaria.

2.– Era berean kide anitzeko partaidetza-organo hauek izango ditu: gizarte kontseilua eta irakasleen klaustroa.

6. artikulua.– Aldatzea edo baliogabetzea.

Baimena aldatzeko edo baliogabetzeko, apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 8.5 artikuluan eta 2017ko martxoaren 14ko Aginduaren 10. artikuluan xedatutakoa jarraituko da.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Gizarte kontseilua eratzea.

Irakasleen klaustroa eratu ondoren, ikastetxearen Zuzendaritzaren ekimenez, Gizarte kontseilua osatu eta martxan jartzeko behar diren jarduera guztiak egin beharko dira Ikastetxea Integratua izan eta gehienez urtebeteko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Ondorioak.

Agindu hau 2020-2021 ikasturte hasieran jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza sailburuari edo Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien salan bi hileko epean. Errekurtsoak aurkezteko epea Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 4a.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala