Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

36. zk., 2020ko otsailaren 21a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
1022

18/2020 DEKRETUA, otsailaren 18koa, zeinaren bidez erabaki eta baimentzen baita 2020ko ekitaldirako zorpetze-eragiketak egitea.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 24. artikuluak ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari eta haren erakunde autonomoei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorrek ezarriko dute ekitaldi bakoitzean egin daitezkeen zorpetze-eragiketen gehieneko zenbatekoa, edo, luzapenik izanez gero, Euskadiko aurrekontu-araubideari buruzko araudian aurreikusitakoa izango da.

Euskal Autonomia Erkidegoaren 2020ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartu zituen abenduaren 27ko 13/2019 Legearen 10.1 artikuluan, baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari zorpetze-eragiketak egiteko. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak formalizatutako zorpetzea, edozein agiri motatan gauzatzen dela ere, gehitu ahal izango da, muga honekin: ekitaldiaren amaierako saldoa ezin izango da izan ekitaldiaren hasieran dagokion saldoa baino 171.640.354 euro handiagoa.

Beraz, 2019. urtea ixtean zeuden zorpetze-eragiketak eta 2020ko ekitaldian egin beharreko amortizazioak kontuan hartuta, 885.961.041 eurokoa da ekitaldi honetan formalizatu beharreko zorpetzearen gehieneko zenbatekoa, aurreko lege-murrizketa beteta. Edonola ere, ekitaldian formalizatutako gehieneko zenbatekoen bidez bermatu beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko 2020rako aurrekontu-egonkortasuneko helburua betetzea, zor publikoari dagokionez, Kontzertu Ekonomikoaren 62.b artikuluan ezarritakoaren arabera.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoaren Finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 28. artikuluan aurreikusten denez, zorpetzea egin ahal izango da zor publikoaren jaulkipenen bidez edo kreditu- edo mailegu-eragiketen bidez.

Horri dagokionez, lege horren 30. artikuluan xedatzen denez, zor publikoaren jaulkipena egitea Gobernu Kontseiluak erabakiko du, dekretu bidez, zorpetze-kontuetan eskumena duen sailak proposatuta. Dekretuak zehaztuko ditu zenbatekoaren eta zorpetzea egiteko denboraren gehieneko mugak, eta eragiketaren bestelako ezaugarriak ere zehaztu ahal izango ditu. Dekretuak bere aurreikuspenen barnean aipatu gabeko jaulkipenaren ezaugarriak, aldiz, zorpetze-kontuetan eskumena duen sailburuak zehaztuko ditu, agindu bidez, zeina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko baita.

Bestalde, lege beraren 34. artikuluan zehazten denez, Gobernu Kontseiluak baimendu ditzake finantza-erakundeekiko kreditu- edo mailegu-eragiketak, eta, horretarako, errespetatu beharreko ezaugarri orokorrak zehaztuko ditu.

Nazioarteko finantza-merkatuen gaur egungo egoera munduko ekonomia- eta finantza-egoeraren bilakaerak eragindakoa denez, ahalik eta malgutasunik handienaz hartu behar dira zorpetze-arloko erabakiak.

Hori dela eta, aurreko ekitaldietan baimena eman zen, era berean, Euskadiren zor publikoaren jaulkipenak egiteko edo mailegu-eragiketak ituntzeko, eta zorpetze-kontuetan eskumena duen sailburua gaitu zen zorpetze-eragiketak egiteko tresna eta modalitate zehatzak zehazteko, baita finantza-baldintzak eta eragiketen gainerako ezaugarriak zehazteko ere, dagokion dekretuaren aurreikuspenen barnean, betiere.

Horregatik, dekretu honen bidez baimendutako eragiketei buruzko erabakiak ahalik eta malgutasunik handienaz hartu nahirik, merkatuen egoerak horretarako aukera ematen duenean zehazteko uzten da bai zer tresna eta zer modalitate zehatz erabiliko den zor-jaulkipenak eta mailegu-eragiketak bideratzeko, bai zer finantza-baldintza ezarriko diren.

Horrenbestez, Ogasun eta Ekonomiako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2020ko otsailaren 18an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Zorpetze-eragiketak.

Euskal Autonomia Erkidegoaren 2020ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legearen 10.1 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak zor publikoaren jaulkipen bat edo batzuk egitea adostu zen, eta baimena eman zen mailegu-eragiketak ituntzeko, horiek prestatzeko modua edozein dela ere, bi kasuetan, izan barnean zein kanpoan, zortziehun eta laurogeita bost milioi, bederatziehun eta hirurogeita bat mila eta berrogeita bat (885.961.041) euroko gehienezko zenbatekoarekin.

2. artikulua.– Zorpetze-eragiketen ezaugarriak.

Ezaugarri orokor hauek izango dituzte dekretu honen babesean onartzen eta baimentzen diren zorpetze-eragiketek:

1.– Gehieneko zenbatekoa, guztira: 885.961.041 euro.

2.– Moneta: euroa edo beste edozein dibisa.

3.– Interes-tasa: finkoa edo aldakorra.

4.– Epea: 40 urte, gehienez.

5.– Jaulkipen-modalitateak: Eragiketak honela egin ahal izango dira:

a) Zor Publikoaren jaulkipenen bidez, etekin esplizitu edo inplizituen balioak zirkulazioan jarriz, eurotan edo beste edozein dibisatan, formatua eta egitura zeinahi direlarik ere.

b) Beste edozein mailegu- edo kreditu-eragiketa mota erabiliz.

3. artikulua.– Helburua.

Zorpetze-eragiketen ondoriozko baliabideak, dekretu honen bidez erabaki eta baimenduak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorrak finantzatzeko izango dira, 2020ko ekitaldirako.

4. artikulua.– Onurak.

Gaur egungo arauekin bat, baimentzen diren jaulkipenek Estatuaren zor publikoaren onura eta baldintza berberak izango dituzte.

5. artikulua.– Konputagarritasuna.

Dekretu honen arabera jaulkitako balioak gaitzat joko dira ondoren aipatzen diren erakundeen koefizienteetan egin beharreko inbertsioen ondorioetarako. Hauek dira erakundeak: elkarren bermerako sozietateak, aseguru pribatuko erakundeak, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak eta Estatuaren zor publikoaren konputagarritasuna berez aitortuta duten erakundeak.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Gaikuntzak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legean xedatutakoaren arabera, Ogasun eta Ekonomiako sailburuari dagokio, agindu baten bidez, dekretu honetan erabaki diren zorpetze-eragiketak egiteko tresnak eta modalitateak zehaztea, bai eta dekretu honetan jaulkipenari buruz aipatu ez diren finantza-baldintzak eta ezaugarriak zehaztea ere, dekretu horren aurreikuspenen barruan, betiere. Zor publikoaren jaulkipena balioen bidez egiten bada, agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.

2.– Baimena ematen zaie Ekonomiako, Finantzetako eta Aurrekontuetako sailburuordeari eta Finantza Politikako zuzendariari, dekretu honetan erabakitako eta baimendutako zorpetze-eragiketak egin ahal izateko behar diren kontratuak eta gainerako agiri erantsi eta osagarriak sinatzeko, bai eta estalduratik eratorritako eragiketak sinatzeko ere, halakorik behar izanez gero.

AZKEN XEDAPENA.– Ondorioak.

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 18a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARIA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala