
36. zk., 2020ko otsailaren 21a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (287 KB - 5 orri.)
- EPUB (223 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1021
EBAZPENA, 2020ko urtarrilaren 17koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Getxoko (Bizkaia) Zugazarte etorbideko 21.ean kokatutako lurzatiaren xehetasun-azterketaren ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
2019ko abuztuaren 7an, Getxoko Udalak eskaera osatu zuen Zugazarte etorbideko 21.ean kokatutako lurzatiaren xehetasun-azterketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari hasiera emateko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera.
Eskabide horri atxiki zitzaizkion Planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat. Gainera, dokumentu horretan, dokumentu hori egin duten pertsonak identifikatu dira, sinatuta dago, eta amaiera-data dauka.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki iruditzen zitzaizkien oharrak egiteko, oinarritzat har bailitezke ingurumen-organo horrek bere ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko, eta, beharrezko ikusiko balitz, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Halaber, eskatu zien iritzia emateko, espedienteari erantsi beharko litzaiokeen ingurumen-azterlan estrategikoak nolako irismena, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan beharko lukeen zehazteko. Legez ezarritako epea bukatuta, zenbait erantzun jaso dira kontsultak egiteko izapide horretan, eta haien emaitza espedientean jasota dago.
Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egiteko aukera izan zezaten.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da oinarriak ezartzea ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautzeko; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Zugazarte etorbideko 21.ean kokatutako lurzatiaren xehetasun-azterketa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan edo programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin adierazgarririk ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Ingurumen-arloko alderdiak Planaren proposamenean sartzearen alde egiten du txostenak, eta Plana aplikatzearen inpaktu nabarmenen gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.
Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Zugazarte etorbideko 21.ean kokatutako lurzatiaren xehetasun-azterketaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa egitea, Getxoko Udalak sustatuta, jarraian zehazten den moduan:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Getxoko HAPOak banaketa-eremu bakoitzerako ordenantzak xedatzen ditu, eta antolamendu xehatuaren planoetako zehaztapen grafikoetan oinarritzen da. Hala, xehetasun-azterketaren xede den lurzatiaren sestrapeko lerrokadura Zugazarte 5-6. ordenantzan zehazten da, eta udal-plangintzako antolamendu xehatuaren 6.2 planoan.
Planaren xedeko lurzatian, Amandrerena Etxea dago. Lorategia du inguruan, erdi-sotoa, beheko solairua, lehen solairua eta teilatupeko solairua, teilatu etenarekin. Indarrean dagoen plangintzak babes-maila ertaina ematen dio, B eremuko monumentu multzoaren barnean dagoenez.
Aipatu eraikinaren ezaugarriak kontuan hartuta, Getxoko Udalaren eraikuntza- eta urbanizazio-arau nagusien 7.1.2 artikuluaren arabera, gehieneko lerrokadura dagokion fitxan adierazitako bideek eta lurzati mugakideek zedarritzen dute. Mugon barnean, eraikuntza askatasun osoz garatu ahalko da.
Zugazarte 5-6. ordenantzaren arabera, eraikinaren eta bideen nahiz espazio libreen artean egon beharreko tartea 4 metrokoa da, eta 8 metrokoa eraikin mugakideekiko. Aipatu eraikinaren erdi-sotoak muga horiek gainditzen ditu bi aldetan: ez dago 4 metroko aldea ekialdeko eta mendebaldeko mugetan.
Planaren xedea lurzatiaren sestrapeko lerrokaduren gaineko zehaztapenak egokitzea da, eraikina indarreko plangintzaren arabera finkatzeko eta sotoan aparkaleku bat eraiki ahal izateko.
Sestrapeko lerrokadura berri horri esker, guztizko azalera erdi-sotoaren egungo okupazioa baino handiagoa da; hala, sestra peko okupazio berriak gainazal osoa hartuko du, gorakako eraikinak egun okupatzen ez duen eremura arte.
Xehetasun-azterketaren xede den eremuak Getxoko Zugazarte etorbideko 21. zenbakiko lurzati osoa hartzen du barnean; guztizko azalera 103,66 m2-koa da. Hiri-lurzoru finkatu gisa dago sailkatuta, eta ez dago natura- edo geologia-intereseko elementurik, ez espazio babesturik ere, nahiz eta eraikina bera, Amandrerena Etxea, kultura-ondasun babestua izan, EAEko Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen babesean. Izan ere, aipatu eraikina Getxoko elizateko eremu bereziaren barnean dago, eta Eusko Jaurlaritzak kultura-ondasunaren kalifikazioa eman zion, monumentu multzoaren kategoriarekin, maiatzaren 22ko 89/2001 Dekretuaren bitartez.
Beraz, gerta litezkeen ingurumen-inpaktu esanguratsuak, batetik, kultura-ondareari erasatea, Amandrerena Etxeari, eta bestetik, herritarrei sestrapeko aparkalekuak eraikitzeko proiektutik eratorritako eragozpenak sortzea dira (igorpen atmosferikoak ugaritzea –zarata eta emisio lausoak–, hondakinak sortzea eta lur-mugimenduak).
B) Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako alderdi hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektu edo beste jarduera batzuetarako esparrua. Aurkeztutako agiriak ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Zenbaterainoko eragina duen Planak beste plan edo programa batzuetan. Planak ez du eraginik izango bestelako planetan edo programetan.
c) Plana egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Plana garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-arloko kontsiderazioak integratzeko egokia dela irizten da.
d) Planarekin edo programarekin lotutako ingurumen-arazo garrantzitsu batzuk: ingurumen-inpaktu nagusia plana garatzeagatik kultura-ondareak nozitu dezakeen eragina da. Gainera, ingurumenean inpaktuak sortu ditzake, halaber, plana garatzeko proiektuaren obra-faseak. Giza habitataren kalitateak behera egingo du kutsadura atmosferikoa handituko delako, izan partikula-emisioengatik, izan zaratengatik.
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko Europar Batasuneko edo Espainiako legedia txertatzeko.
2.– Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta seguruenik eraginpean izango den eremuaren ezaugarriak:
Xehetasun-azterketaren xede den eremua Getxo udalerrian dago, hiri-eremu eta garatu batean; bertan ez dago kalteak jasan ditzakeen fauna eta flora interesgarririk, ezta gune babesturik edo Batasunaren intereseko habitatik ere.
Alabaina, kultura-ondareari dagokionez, lurzatian dagoen eraikina, Amandrerena Etxea, kultura-ondasun babestua da. Beraz, plana garatzeko jarduerek kontuan hartu beharko dute inguruabar hori.
Beraz, esan daiteke ez dela hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta, eragindako eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzean indarrean dagoen araudia betetzen bada, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez.
3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean jasotakoaren arabera. Planari loturiko proiektua betetzeko hartu behar diren neurri nagusiak honako hauek dira:
– Proiektua gauzatzeko orduan, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da.
– Lurrak eta soberakinak kudeatzea: proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakindegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.
– Hondakinen sorrera eta kudeaketa: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.
Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun arauak bete behar dituzte (dekretu horren bidez, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen da), eta itxita egon behar dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.
Olio erabiliak, berriz, Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta garbi mantendu beharko dira kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
– Kultura Ondarea babestea: EAEko Kultura Ondarearen Zentroaren txostenean bildutako oharren arabera, higiezinaren kultura-balioak babesteko, hala lerrokadurak nola okupazioa eraikinaren lerrokaduretara eta okupaziora egokituko dira, hala sestra gainean nola sestrapean. Gainera, eraikinaren mugetan nahiz kultura-balioetan eraginik izan gabe sestrapean aparkalekua eraiki ahalko da, baldin eta, Getxoko elizateko eremu berezia monumentu multzo izendatzen duen maiatzaren 22ko 89/2001 Dekretuaren 6. artikulua betez, eraikina inguratzen duen espazio libre pribatuan egiten diren jarduerek landare-elementuek eta lurzatiaren itxiturek bere horretan jarraitzea ahalbidetzen badute.
– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria:
IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoaren lehentasunetako bat zen [2017rako lehentasuna] eraikingintzan eta eraikuntzan baliabideak euren bizi-ziklo osoan modu efizienteagoan erabiltzea eta ziklo-amaieran hondakinak aprobetxatzea. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira EAEko etxebizitza-arloko eraikingintza eta birgaikuntza jasangarriko gidan jasotako gomendioak (Eusko Jaurlaritza-2015), eraikinetan energia-aurrezpena eta energiaren efizientzia areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko.
Ezarri beharreko neurriek jardun-eremu hauetan izan behar dituzte ondorioak, aplikagarritasunaren arabera, kasu zehatz bakoitzerako:
Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energiaren sorkuntza edo kontsumoa murriztea.
Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.
Materialak garraiatzeko prozesuak murriztea.
Hondakin solido gutxiago sortzea.
Lurzoruaren okupazioa murriztea.
Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
Ur gris gutxiago sortzea.
Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.
Pertsonen garraio-prozesu gutxiago egitea eta mugikortasuna hobetzea.
Barneko airearen kalitatea hobetzea.
Konforta eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Zehaztea, Ebazpen honetan ezarritakoari jarraikiz, ez dela aurreikusten Getxoko Zugazarte etorbideko 21.ean kokatutako lurzatiaren xehetasun-azterketak kontrako eragin nabarmenik izatea ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Getxoko Udalari.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Getxoko Zugazarte etorbideko 21.ean kokatutako lurzatiaren xehetasun-azterketa onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 17a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.
RSS