
36. zk., 2020ko otsailaren 21a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (354 KB - 16 orri.)
- EPUB (268 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
1015
EBAZPENA, 2020ko otsailaren 12koa, Portu eta Itsas Gaietako zuzendariarena, zeinaren bidez erabakitzen baita hasiera ematea Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetan 2020tik 2022ra bitartean izozki-postuak jarri eta ustiatzeko baimenak esleitzera bideratutako prozedurari.
EAEko Portuen eta Itsas Garraioaren ekainaren 28ko 2/2018 Legearen 36.1 artikuluan xedatzen denarekin bat, «baimena eskuratzea beharrezkoa izango da portuko jabari publikoa gehienez ere hiru urtera arte erabili edo okupatu behar denean, luzapenak barne, ondasun higigarriak edo instalazio desmuntagarriak izan ala ez».
Lege horren beraren 5.2 artikuluak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari esleitzen dio autonomia-erkidegoko portuetako politika garatzeko eta betearazteko eskumena, eta erkidegoari berari dagokio autonomia-titulartasuneko portu-sistemaren koordinazioaz eta kontrolaz arduratzea. Horrenbestez, egiteko hauek ditu: portuko jabari publikoaren kudeaketa, eraikitzea, ustiapena, kontserbazioa, babesa, defentsa eta diziplina, eta autonomia-erkidegoko portuetan emakidak eta baimenak ematea, aldatzea edo kentzea.
Orain arte esandakoarekin bat, eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 7.h) eta 23.n) artikuluek Zuzendaritza honi ematen dizkioten eskumenen arabera, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– EAEren titulartasuneko portuetan 2020tik 2022ra bitartean, biak barne, izozki-postuak jarri eta ustiatzeko baimenak esleitzera bideratutako prozedura hastea, Ebazpen honen I. eranskinean jasotako oinarrien arabera eta II. eranskinean jasotako baimen-baldintzen arabera.
Bigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Azpiegitura eta Garraioko sailburuordeari, edo ebazpena eman duenari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Hirugarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 12a.
Portu eta Itsas Gaietako zuzendaria,
AITOR ETXEBARRIA ATUTXA.
I. ERANSKINA
BIZKAIKO ETA GIPUZKOAKO PORTUETAN 2020TIK 2022RA BITARTEAN IZOZKI-POSTUAK JARRI ETA USTIATZEKO JABARI-BAIMENEN ADJUDIKAZIO-PROZEDURAREN OINARRIAK
Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.
Prozedura honen xedea da EAEren titulartasuneko Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetan 2020tik 2022ra bitartean izozkiak saltzeko 14 (hamalau) postu jarri eta ustiatzeko jabari-baimenak esleitzea.
Bigarrena.– Kokapena.
Baimen-araubidea okupatu ahal izango diren izozki-saltokiak kokapen hauetan (planoetan grafikoki adierazita daude) ipini beharko dira:
Bizkaia:
– 1. postua: Bermeo, liburutegiko izkinan.
– 2. postua: Armintza, iturriaren atzean.
– 3. postua: Ondarroa, Calatrava zubiaren eta Arrigorri plazara sartzeko eskaileraren azpiko hegoaldeko dikearen (hondartzako kaia) hasieraren artean.
– 4. postua: Lekeitio, hegoaldeko dikearen hasieran (apaizen kaia), karelaren ondoan.
– 5. postua: Elantxobe, Portu kalean, Santi tabernaren aurrean, lurpeko kontainerren parean, karelaren ondoan.
Gipuzkoa:
– 6. postua: Hondarribia 1. hondartza, hondartzako izkinako estradosean, Iribarren pasealekuan, 1. biribilgunean.
– 7. postua: Hondarribia 2. hondartza, hondartzako erdiko estradosean, 2. biribilgunean.
– 8. postua: Hondarribia 3. hondartza, hondartzako bideratze-izkinako estradosean, 3. biribilgunean.
– 9. postua: Hondarribia Portu auzoa, Madalena elizako izkinan, Matxin Arzus kalea eta Itxas-Etxea auditoriuma batzen diren lekuan.
– 10. postua: Getaria, Malkorbe hondartzan, Salbamendu eraikinaren atzealdean.
– 11. postua: Getaria, Gaztetape hondartzan, hondartzan sartzeko aldaparen hasieran.
– 12. postua: Zumaia, Santillana kaian, oinezkoentzako igarobideko aldaparen hasieraren ondoan.
– 13. postua: Deba, Deba hondartzan, eskuineko bazterreko bideratze-dikearen hasieran.
– 14. postua: Mutriku, «solarium» zabaldegian, Kantinaren albo batean.
Hirugarren oinarria.– Garatuko den jarduera.
Izozkien salmenta bakarrik onartzen da. Berariaz debekatuta dago edariak edo janariak banatzea, edota beste zeinahi produktu, botilaratutako ura izan ezik, edo bestelako jardueratara bideratzea.
Laugarren oinarria.– Administrazioak ematen dituen baliabideak.
1.– Gehienez sei metro koadroko azalera postuko, portu-jabari publikoaren izaerakoa.
2.– Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak ez du konpromisorik hartzen inolako zerbitzurik edo horniketarik emateko. Horren harira, energia elektrikoaren hornidura adjudikaziodunak kudeatuko du, eta haren kontura izango da instalazioa, kableak eta konexioak ezartzea, eta eragiten diren bestelako gastuak. Debekatuta dago babesik gabeko linea elektrikoak jartzea, bai airekoak bai lurrekoak.
3.– Adjudikaziodun bakoitzak egikaritze-xehetasuna proposatuko dio Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzari, berariaz onar dezan. Hori dagozkion obra-lizentziak eta udal-jarduerak aurkeztu aurretik egingo da.
Bosgarren oinarria.– Administrazioak emandako informazioa.
Izozki-postuen esleipen-prozedurari buruzko informazioa agiri hauez dago osatuta:
– Esleipen-prozeduraren abiarazpen-ebazpena.
– I. eranskina: esleipen-prozeduraren oinarriak.
– II. eranskina: baimena emateko baldintza orokorren agiria.
– Postuen kokapen-planoak.
Esleipen-prozedurari buruzko informazioa helbide elektroniko honetan dago eskura: https://www.euskadi.eus/deialdia-bizkaiko-gipuzkoako-portuetan-izozki-postuak-jartzeko-ustiatzeko-jabari-baimenei-dagokiona-2020-2022/web01-a2portua/eu/
Halaber, aurrez aurre eskatu daiteke informazioa, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara bitartean, bulego hauetan:
– Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritza, Bizkaia (Elkano 3, behea. 48011, Bilbao). Telefonoa: 944 03 13 21.
– Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritza, Gipuzkoa (Kaiko pasealekua 23, 2. solairua, 20003, Donostia). Telefonoa: 943 02 29 70.
– Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritza, Araba (Donostia 1 – Lakua 1 – 7. solairua. 01010 Vitoria-Gasteiz). Telefonoak: 945 01 97 45 eta 945 01 97 17.
– Zuzenean bulegoak. 012 telefonoa.
Bilbao: Kale Nagusia 85. 48011 Bilbao.
Donostia. Andia 13.
Vitoria-Gasteiz. Ramiro de Maeztu kalea 10, behea.
Seigarren oinarria.– Postuen ezaugarriak.
Izozkien postuak ez du sei metro koadroko baino gehiagoko azalera izango, bisera irekiak barne, eta solairu bakarrekoa izango da.
Zazpigarren oinarria.– Eskatzaileen betekizunak.
1.– Eskaera aurkeztu ahalko dute jarduteko gaitasun osoa duten eta indarreko legediak eskatutako betebehar fiskal, laboral eta sozial guztiak ordainduta dituzten pertsona fisiko edo juridikoek.
2.– Prozeduran parte hartzeko eskaera aurkezten dutenek ordainduta izan beharko dute Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak egin dizkien likidazio guztiak.
Zortzigarren oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hamabost egunekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita.
2.– Pertsona fisikoek modu presentzialean zein elektronikoan aurkez ditzakete eskabideak:
– Modu presentziala:
– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egoitzetako edozeinetan: Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritza, Bizkaia (Elkano 3, behea. 48011, Bilbao); Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritza, Gipuzkoa (Kaiko pasealekua 23, 2. solairua, 20003, Donostia); eta Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritza, Araba (Donostia kalea 1. 01010 Vitoria-Gasteiz).
– Zuzenean bulegoetan.
– Edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatzen dituen tokietariko edozeinetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin bat.
– Modu elektronikoa: eskabideak euskadi.eus egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira, oinarri honen 4. apartatuan adierazitako helbideen bidez.
Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko moduak (elektronikoa zein presentziala izan) ez du behartuko aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak modu berean egitera, edonoiz alda daiteke eta.
3.– Pertsona juridikoek baliabide elektronikoz aurkeztuko dituzte eskabideak, oinarri honen 4. apartatuan adierazitako helbide elektronikoaren bidez.
4.– Eskabideak, eta modu presentzialean nahiz elektronikoan izapidetzeko jarraibideak, euskadi.eus helbidean daude eskura: gazt.: https://www.euskadi.eus/convocatoria-autorizaciones-demaniales-puestos-helados-puertos-bizkaia-gipuzkoa-2020-2022/web01-a2portua/es/; eusk: https://www.euskadi.eus/deialdia-bizkaiko-gipuzkoako-portuetan-izozki-postuak-jartzeko-ustiatzeko-jabari-baimenei-dagokiona-2020-2022/web01-a2portua/eu/
5.– Eskaera aurkeztu osteko izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan egingo dira: https://www.euskadi.eus/micarpeta eta https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Bederatzigarren oinarria.– Eskabideen edukia.
1.– Pertsona bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du. Eskabide bakoitza postu baterako edo gehiagorako izan daiteke, eta argi eta garbi zehaztu beharko da alderdi hori eskabidean (oinarrioi atxikitako inprimaki normalizatuan).
2.– Eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
– Eskatzailearen nortasun-agiri nazionalaren kopia, erakundearen IFZren kopia, ahalorde-eskrituraren kopia eta ordezkariaren nortasun-agiri nazionalaren kopia.
– Eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda egotearen egiaztagiria.
– Kontratatzeko debekurik ez duela egiaztatzen duen berariazko eta erantzukizunpeko adierazpena. Adierazpen horretan, indarreko xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela aitortu beharko du prozeduran hautatua izan denak, jabari-baimena eman aurretik, eta betebehar hori ziurtatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharrari kalterik egin gabe (eskaeraren inprimaki normalizatua sartu da).
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluko 2. zenbakian xedatutakoarekin bat eginez, eskabidea aurkeztuz gero, eskatzaileak baimena emango du Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak zuzenean eskura ditzan haren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzen duten agiriak, NAN/IFK nortasuna eta beste edozein administrazio publikok egindako dokumentu guztiak. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz uka dezake, baina, kasu horretan, adierazitako dokumentuak aurkeztu beharko ditu.
Hamargarren oinarria.– Hautapen-batzordea.
1.– Honela dago osatuta hautapen-batzordea: Bizkaiko Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzako Obra Publikoen zuzendaria, presidente izango dena; Gipuzkoako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzako Obra Publikoen zuzendaria, kide izango dena; Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzaren letraduak, idazkari izango dena.
2.– Batzordekideak beste batzuekin ordezkatu ahal izango dira, eta, horretarako, nahikoa da gertakari hori aktan jasotzea.
Hamaikagarren oinarria.– Eskatzaileen onarpena.
1.– Aurkezpen-epea amaituta, hautapen-batzordea bildu egingo da, eta aurkeztu diren eskabideak ireki eta dokumentazioa aztertzen hasiko da.
2.– Eskabidean edo harekin batera derrigor aurkeztu beharreko dokumentazioan akatsen bat antzemanez gero edo osorik ez badago, hamar egun balioduneko epea emango zaio eskatzaileari, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak errekerimendua jakinarazten zaion egunetik aurrera kontatuta, akats horiek zuzentzeko. Epea igaro, eta akatsak zuzendu ez badira, eskabidea baztertu egingo da. Zuzenketa-izapidea ez da baliatuko eskabideen aurkezpen-epea amaitzean bete gabe dauden betekizunak betetzeko.
3.– Aurkeztutako gutun-azaleko agiriak kalifikatu eta horien akatsak eta falta diren agiriak zuzendu ondoren, oinarrien agiriko baldintzekin bat egiten duten eskatzaileak zeintzuk diren zehaztuko du batzordeak, eta onartu edota baztertu diren adieraziko du. Ez onartutakoen kasuan, erabaki hori hartu izanaren arrazoiak adieraziko ditu.
4.– Hautapen-batzordeak eskatzaileei eska diezazkieke beharrezko ikusten dituen argibide eta datu guztiak.
Hamabigarren oinarria.– Esleipena.
1.– Notario aurrean egindako zozketa batean esleituko dira postuak.
2.– Zozketa egin aurretik, lekua, eguna eta orduak jakinaraziko zaizkie eskatzaileei, nahi izanez gero, bertaratu daitezen.
3.– Eskabide onartuentzako baimenak esleitzeko zozketan, prozeduran sartutako postuak banan-banan esleituko dira.
4.– Postu bakoitzak eskatzaileen zerrenda izango du, zozketa bidez ordenatuta.
5.– Postu jakin batean betekizunak betetzen dituen eskabide bakarra badago, hari esleituko zaio zozketaren beharrik gabe.
6.– Zozketa amaitu, eta eskatzaile esleipendunak zehaztuta, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak izozki-postuen 2020-2022 aldirako esleipen-ebazpena emango du.
Hamahirugarren oinarria.– Baimena izapidetzea.
1.– Hautatutako eskabideak 2/2018 Legean, ekainaren 28koan, EAEko Portu eta Itsas Garraioari buruzkoan, baimenak emateko ezartzen den eraren arabera izapidetuko dira.
2.– Ondorio horietarako, esleipen-prozedurarako eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak agiri honen eta baimenaren emakidarako baldintzen agiriaren oinarriak oso-osorik eta baldintzarik gabe onartzen dituela.
3.– Izozki-postuak jabari publikoa okupatzeko bete behar dituen baimen-baldintzak prozedura hasteko ebazpen honen II. eranskinari atxikitako baldintzen agirian daude jasota.
Hamalaugarren oinarria.– Izozki-postuak ustiatzen hasi aurreko betebeharrak.
Esleipenaren ebazpena jakinarazten den hurrengo egunetik hasita hamabost (15) egun balioduneko epean, postu bakoitzerako hautatutako eskatzaileak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
a) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan indarreko ekitaldian alta emanda egotearen egiaztagiria edo zerga horren azkeneko ordainagiria, eta gainera, geroztik zerga horretan bajarik ez duela eman esaten duen erantzukizunpeko adierazpena. Pertsona ez badago adierazpen edo agiri horiek aurkeztera behartuta, horri buruzko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du.
b) Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean dagoela egiaztatzen duten agiriak.
c) Enpresa hornitzaileen (ura, elektrizitatea, saneamendua, telekomunikazioak) harguneen baimenak.
Hamabosgarren oinarria.– Jurisdikzioa.
Agiri hau interpretatzean edo betetzean sor daitezkeen auzigaiak Portu eta Itsas Gaietako zuzendariak ebatziko ditu. Haren ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Azpiegitura eta Garraioko sailburuordearen aurrean.
Hamaseigarren oinarria.– Datuen babesa.
1.– Datu pertsonalen babesari eta eskubide digitalen bermeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 11. artikuluan xedatzen dena betez, jakitera ematen da eskatzaileen emandako datu pertsonalak «Portu-jabari publikoko emakidak eta baimenak» fitxategian sartuko direla. Fitxategi horren arduraduna Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritza da. Era berean, jakinarazten da datu horiek jasotzearen eta gordetzearen helburua baimenak kudeatzea dela, eta informazioaren hartzailea aurrez aipatutako zuzendaritza dela.
2.– Datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuak ezerezteko eta datuen aurka egiteko eskubideak Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzan baliatu ahal izango dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetan 2020tik 2022ra bitartean izozki-postuak jarri eta ustiatzeko jabari-baimenen emakida-baldintzak.
Hauek dira Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetan 2020tik 2022ra bitartean izozki-postuak jarri eta ustiatzeko baimenak arautzen dituzten baldintza orokorrak:
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1.– Araubide juridikoa.
Baimen honek ez dakar portu-jabari publikoaren ez Euskal Autonomia Erkidegoko jabari-ahalmenen lagapenik, eta EAEko Portu eta Itsas Garraioari buruzko ekainaren 28ko 2/2018 Legean xedatzen denaren mende ematen da.
2.– Baimenaren xedea.
1) Baimenaren xedea izozki-postuak jartzea eta ustiatzea da, eta horren esleipen-prozedura ebazpen honen bidez hasi da: Ebazpena, 2020ko urtarrilaren XX(e)koa, Portu eta Itsas Gaietako zuzendariarena, Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetan 2020tik 2022ra bitartean izozki-postuak jarri eta ustiatzeko jabari-baimenen esleipen-prozedura hasteari buruzkoa.
2) Saltokia hirigintza-ingurunean eta portu-jabari publikoko paisaian integratuta egon beharko da.
3.– Baimen-aldia.
Baimena hiru (3) urteko eperako (2020, 2021 eta 2022) ematen da. Honako hau da baimen-aldia, lehenagoko eskubideak izan ezik eta hirugarrenei kalterik egin gabe:
– 2020. urtean: esleipenaren egunetik 2020ko urriaren 15era arte gehienez. Aldatu nahi izanez gero, jarduera amaitzeko eguna jakinarazi beharko zaio Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzari, gutxienez 15 egun natural lehenago. Zuzendaritzak aldaketa hori berariaz baimendu beharko du.
– 2021. eta 2022. urteetan: gehienez zazpi (7) hilabeteko epea, martxoaren 15etik urriaren 15era bitartean. Bi denboraldi horietan, jarduera hasteko eta amaitzeko egunak jakinarazi beharko zaizkio Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzari, gutxienez 15 egun natural lehenago. Zuzendaritzak egun horiek berariaz baimendu beharko ditu.
4.– Beste titulu batzuekin bat etortzea.
1) Baimena eskuratzeak ez du esan nahi titularrak legeak ezartzen dituen lizentzia eta baimenak lortu eta mantendu behar ez dituenik eta dagozkion zergak ordaindu behar ez dituenik.
2) Gainera, ez du esan nahi titularrak lanarekin lotutako gaietan, gizarte-segurantzan eta laneko osasunean indarrean dauden xedapenak bete behar ez dituenik.
3) Era berean, baimenaren titularra behartuta dago indarrean dauden xedapenak edo aurrerago indarrean egongo direnak betetzera, emandako portu-jabari publikoari eta hango instalazioei eta jarduerei eragiten dietenak, batik bat, hirigintza-lizentziak eta -preskripzioak.
4) Muntatuko dituzten instalazioek ezingo dituzte portuaren zaintza-lanak edo bertako zortasun publikoak oztopatu.
5.– Ustiapenaren bermea eratzea.
1) Esleipen-ebazpena jakinarazten den egunaren hurrengotik hasita, baimenaren titularrak hamabost eguneko epea izango du ustiapen-bermea gordailutzeko (1.000) euro. Horretarako, ordainketa-gutuna emango zaio.
2) Baimendunak ez badu ustiapen-bermerik jartzen horretarako ezarritako epean, baimenari uko egin diola ulertuko da.
3) Ustiapen-bermeak honako hauei erantzungo die: baimenaren ondorio diren betebehar guztiei, baimenaren baldintzak ez betetzeagatik titularrari ezarri ahal zaizkion zigorrei, eta ez baldintza horiek ez betetzeak eragin ditzakeen kalte eta galerei.
4) Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak ustiapen-bermearen zati bat edo bermea osorik exekutatzen badu, baimendunak osatu edo berriro osorik jarri beharko du, zenbatekoa gutxitu egin dela jakinarazten dionetik hilabeteko epean. Betebehar hori betetzen ez bada, baimena iraungi egingo da.
6.– Jabari publikoa zaintzea.
1) Baimendunak jabari publikoa eta instalazioak behar bezala erabiltzeko moduan, garbi eta txukun mantendu beharko ditu. Konponketa guztiak, behar badira, ohizkoak nahiz bereziak, bere kontura izango dira.
2) Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak noiznahi ikuskatu ahal izango du jabari publikoaren eta emandako instalazioen egoera, eta konponketarik egin behar bada, hala aginduko dio baimendunari. Horrek, ezartzen zaion epean eta bere kontura egin beharko ditu konponketak.
3) Baimenaren titularrak Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak agindutako mantentze-lanak egiten ez dituenean, Zuzendaritzak, aldez aurretik ohartarazita, lanen betearazte subsidiarioa egin ahalko du, eta gastuak zein kalteak eta galerak baimenaren titularraren kontura izango dira. Hori guztia Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen azaroaren 26ko 39/2015 Legearen 100. eta 102. artikuluekin bat etorriz egingo da.
4) Baimenaren xede den jabari publikoa osorik edo horren zati bat baimendunaren eta haren ardurapeko pertsonaren baten doloz edo erruz suntsituz gero, baimenaren titularra behartuta egongo da kaltetu duena berehala berreraikitzera, eta eskatu ahal zaizkion gainerako ardurak ere bete beharko ditu.
5) Edateko uraren, saneamenduaren, gasaren eta elektrizitatearen zerbitzuek enpresa hornitzaileek alta egiteko mementoan jartzen dituzten baldintzak bete behar dituzte. Baimenaren titularrak, bere kontura, enpresa bakoitzak eskatzen dituen lanak egin beharko ditu.
7.– Baimenaren indarraldian instalazioak aldatzea.
Baimenaren indarraldian, titularrak ezingo du instalazioen aldaketarik edo handitze-lanik egin, aurrez Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzaren baimenik ez badu. Baldintza hori betetzen ez bada, baimena iraungi egingo da.
8.– Tasak.
Baimendunak, baimena eman zaion ebazpena jakinarazten zaionetik aurrera, dagokion tasa ordaindu beharko du portu-jabari publikoa okupatzeagatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei Buruzko Legearen 197. quinquies artikuluan ezarritakoaren arabera.
2020 urterako, tasaren zenbatekoa 0,472920 eurokoa da metro koadro eta egun bakoitzeko. Zenbateko hori eguneratu egingo da 2021ean eta 2022an, eta indarrean den tasa aplikatuko da betiere.
Une oro indarrean den BEZa aplikatuko zaie kopuru horiei.
II. TITULUA
USTIAPEN-BALDINTZAK
9.– Baimenaren xedea.
1) Baimena berariaz erabiliko da emate-tituluan zehaztutako xederako («XX. Izozkiak saltzeko postua»). Okupatzeko baimentzen den jabari publikoa eta han jarritako instalazioak ezingo dira erabili baimenean adierazitako erabileretarako ez bada. Izozkiez gain, botilaratutako ura bakarrik sal daiteke.
2) Titulu gaitzailearen xedean agertzen ez den jardueraren bat burutzea baimena deuseztatzeko arrazoia izango da.
10.– Baimena kudeatzea.
1) Baimendunak bere gain hartuko du baimena kudeatzeko arriskua. Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritza ez da, inolaz ere, baimendunak bere gain hartutako betebeharren erantzule izango, ez eta horrek hirugarrenei sortutako kalteena ere.
2) Baimena ustiatzeko behar dituen langile guztiak baimendunaren kontura izango dira.
3) Halaber, haren kontura izango dira: elektrizitatea, ura, telefonoa, zabor-bilketa, jarduera aurrera eramateko behar diren beste zerbitzu batzuk eta, oro har, baimenak eragiten dituen gastu guztiak. Era berean, baimendunari dagokio kasuan kasuko hornidura horiek kontratatzea, hartuneak egitea eta horiengatik ordaindu beharrekoa ordaintzea.
4) Ez da Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzaren ardura izango jabari publiko okupatuan egon daitezkeen merkantziak, makinak edo tresnak galdu, hondatu edo lermatzea, arrazoia zeinahi ere den.
5) Baimenaren titularrak egunero garbitu beharko ditu okupatutako eremua eta izozki-postuaren alboko eremua, eta horien osasungarritasun-baldintzak mantendu beharko ditu.
11.– Baimendunaren jarduera eza.
1) Baimendutako aldiaren barruan, emandako jabari publikoko ondasunak 15 egunez ez erabiltzea baimena deuseztatzeko arrazoia izango da, horretarako arrazoi zuzenik ez badago behintzat.
2) Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzari dagokio baimendunak baimenaren erabilera eza justifikatzeko alegaturikoak baloratzea. Horretarako, 15 eguneko epea igaro baino lehen, emandako jabari publikoaren erabilera eza eragin duten inguruabarren berri eman beharko dio titularrak Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzari. Zuzendaritza honen iritzian ez bada nahikoa justifikatu inguruabar hori, baimena deuseztatzeko espedientea abiaraziko da.
12.– Neurri prebentiboak eta segurtasunekoak.
1) Baimendunak, lantokiaren titular den heinean, enpresa-jarduerak koordinatzeko betebeharra ere badu, hala ezartzen baitu Lan Arriskuen Prebentziorako azaroaren 8ko 31/1995 Legeak.
2) Era berean, baimendunak kasuan kasuko portu-instalazioak babesteari buruzko araudiak ezartzen dituen bestelako neurriak ere hartu beharko ditu.
13.– Ingurumeneko neurriak.
1) Hondakin urak, deposituak garbitzen erabilitakoak eta lur-azaleko ur ibiliek isurketen arloan indarrean dauden arauak bete beharko dituzte.
2) Instalazioak ez badira indarrean den araudira egokitzen, baimendunak, agintari eskudunak jarritako epean, arau horiek betetzeko behar diren neurri zuzentzaileak hartu beharko ditu.
14.– Aseguruak.
Baimendunak bere jarduera aurrera eramateko derrigorrezkoak diren aseguruak egin beharko ditu.
15.– Eskualdatzea.
1) Baimena pertsonala da eta ezin da bizirik dauden pertsonen artean besterendu; hortaz, debekatuta dago hirugarrenei lagatzea haiek erabiltzeko.
2) Baimenduna hiltzen bada, haren kausadunak, jaraunspen nahiz legatu bidez izan, haren eskubideetan eta betebeharretan subrogatu ahal izango dira, heriotza gertatu eta hiru hilabeteko epean. Epe hori igaro eta Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzari ez bazaio berariaz halakorik adierazi, emakidari uko egin zaiola ulertuko da.
3) Oinordeko bat baino gehiago badago, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak ordezkari bat izendatzeko eskatuko die ondorio guztietarako.
III. TITULUA
BAIMENA AZKENTZEA
16.– Azkentzeko kausak.
Kausa hauengatik azkenduko da baimena:
1) Emakida-epea betetzea.
2) Ofiziozko berrikuspena, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legean ezarritako kasuetan.
3) Titularrak uko egiten dionean, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak uko hori onartzen badu.
4) Pertsona juridikoetan, baimenaren titularra den sozietatea desegin edo azkentzea, bat-egitearen edo zatiketaren kasuetan izan ezik.
5) Kausadunek jarraitzea erabakitzen ez den kasuetan, baimenaren titularraren heriotza edo ezintasuna, Portuko Administrazioari inguruabar horren berri eman ondoren betiere.
6) Adostasuna baldin badago titularraren eta Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzaren artean. Errebokatzea.
7) Iraungipena.
8) Erreskatea.
9) Jarduteko gaikuntza-titulua edo lizentzia azkentzea.
17.– Emakida-epea betetzea.
Baimenaren epea amaitzen denean, baimena automatikoki iraungiko da eta titularrak baldintza ezin hobeetan eta erabat garbi utzi beharko du espazioa.
18.– Baimenari uko egitea.
Baimenaren titularrak horri uko egiten badio, bere kontura desmuntatu beharko ditu instalazioak. Jabari publikoa guztiz libre utzi beharko du adierazitako epean, eta bermea galduko du.
19.– Baimena errebokatzea.
1) Titularrari entzunaldia eskaini ondoren, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak baimena errebokatu ahal izango du edonoiz, kalte-ordain eskubiderik gabe eta alde bakarrez, kasu hauetan:
a) Baimena baterazina denean interes handiagokotzat jotako beste portu-erabilera edo -jarduera batzuekin.
b) Eman ondoren onartutako obra edo planekin bateraezina denean.
c) Portu-ustiapenerako oztopo denean.
2.) Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzari dagokio egoera baloratzea, eta baimenaren titularrari entzunaldia eskaini ondoren, ebazpen arrazoitu baten bidez mamituko du balorazio hori.
3) Kasu horretan, baimenaren titularrak espazioa libre utzi beharko du jakinarazten dioten egunetik hilabete bateko epean.
20.– Baimenaren iraungipena.
1) Emakida iraungitzeko arrazoi izango dira ez-betetze hauek:
a) Izozki-postua ez instalatzea edo horren ustiapena ez hastea baimendutako aldiaren hasieratik hamabost eguneko epean, justifikatutako arrazoiengatik ez bada.
b) Izozki-postuaren jarduera-eza edo hori ez ustiatzea hamabost eguneko epean, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzaren ustez horrek justifikatutako arrazoirik ez badu.
c) Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak igorritako tasen likidazio bat ez ordaintzea hilabeteko epean. Iraungitze-espedientea hasteko nahikoa izango da ordainketa ez egitea borondatezko epean. Espedientea abiarazi eta gero ere, artxibatzea erabaki ahal izango da, baldin zor dena ordaintzen bada eta Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak finkatzen duen bermea eratzen bada.
d) Izozki-salmentaz bestelako jardueraren bat gauzatzea.
e) Zerbitzugunea azalera baimendutik kanpo hedatzea.
f) Erabilera osoa edo zati bat hirugarren bati lagatzea.
g) Emakida-titulua eskualdatzea.
h) Dagozkion bermeak ez berrezartzea edo osatzea, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak aldez aurretik horretarako agindeia egin duenean.
i) Beste baldintza batzuk ez betetzea, baldintza horiek ez betetzea berariaz titulua iraungitzeko arrazoi gisa aurreikusita badago.
2) Iraungitze-adierazpenak berarekin ekarriko du eratutako bermeak galtzea.
3) Baimena iraungitzat ematen bada, haren jabeak ez du eskubiderik izango inolako kalte-ordainik jasotzeko.
21.– Baimena iraungitzearen ondorioak.
1) Baimenaren epea amaitzen denean, edo baimena zernahi kausarengatik azkendu bada, titularrak bere kontura desmuntatu beharko ditu instalazioak adierazitako epean, eta jabari publikoa erabili aurretik zegoen egoeran utzi beharko du.
2) Betebehar hori betetzearen akta egingo da, eta han jabari publikoaren egoera adieraziko da.
3) Baimenaren titularrak ez baditu instalazioak Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak adierazitakoaren arabera kentzen, horrek subsidiarioki betearaziko ditu lanak, eta gastuak titularraren kontura izango dira.
4) Baimenaren titularrak ez baditu borondatez ordaintzen Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak subsidiarioki egin dituen instalazioak desmuntatzeko eta kentzeko gastuak, eta eratutako bermeak ezin baditu gastu horiek estali, administrazio-premiamenduaren prozedura erabili ahalko da zenbateko horiek kobratzeko.
5) Baimena azkenduta, ustiapen-bermea itzuliko zaio titularrari, honek eskaera egin badu aldez aurretik, salbu eta uko egite eta iraungipen kasuetan. Lehenago, baimen-baldintzak bete diren egiaztatu behar da, eta baimenaren titularrak zehapenengatik eta erantzukizunengatik ordaindu behar dituen kopuruak kendu behar dira.
6) Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak ez du bere gain hartuko baimena azkentzearen inolako lan- edo ekonomia-arloko betebeharrik, azkendutako tituluaren xede zen jarduerekin lotuta izan ala ez.
22.– Harrera-akta.
1) Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzaren ordezkari batek akta egingo du baimendunaren edo haren ordezkariaren aurrean, jabari publikoaren egoera islatuta, eta, hala dagokionean, kalteak zehaztuta.
2) Kalterik balego, dagokion espedientearen izapideak egiteko oinarria izango da akta; bertan, behar diren konponketen zenbatekoa zehaztuko da, eta baimendunari eskatuko zaio kopuru hori. Baimendunak dagokiona ordaintzen ez badu, ustiapen-bermeari helduko zaio, eta hori aski ez bada, eta beharrezko gertatuz gero, premiamendu bidezko administrazio-prozedurara joko da.
3) Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak, beste izapiderik gabe, ondasunen eta instalazioen edukitza hartuko du, elektrizitatea, ura, gasa eta telefonia hornitzeko enpresei eskatu ahal izango diela kasuan kasuko hornitzea etetea.
IV. TITULUA
ZEHAPEN-ARAUBIDEA
23.– Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hausteengatik zehapenak jarri ahalko dira, dagokien administrazio-espedientea abian jarrita, administrazio-prozedura arautzen duen legedian ezarritakoaren arabera eta EAEko Portu eta Itsas Garraioari buruzko ekainaren 28ko 2/2018 Legean ezarritako arau-hausteen eta zehapenen araubidearekin bat.
RSS