Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

36. zk., 2020ko otsailaren 21a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
1003

ERABAKIA, 2020ko otsailaren 4koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluarena, UPV/EHUren sailen esparru arautegia aldatzeko.

Gobernu Kontseiluak, 2019ko irailaren 26an egindako bileran, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko sailen esparru arautegia onartu zuen eta 2019ko urriaren 17an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

2019ko irailaren 26an Gobernu Kontseiluak hartutako erabakiaren bidez onartutako sailen berrantolaketa prozesuarekin bat etorrita, UPV/EHUko sailen esparru arautegi horretan, azken xedapenetatik lehenengoan, zenbait prozedura daude zehaztuta sailarteko batzordeek azken xedapen horretan jasotako lanak eta proposamenak egin ditzaten.

Bestalde, sailak berrantolatzeko prozesuaren bidez sortuko diren sail berrien kasuan, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko xedapen iragankorretatik bigarrena ezarri behar da (2011ko maiatzaren 18ko EHAA) eta, xedapen horren arabera, behin-behineko gobernu organoa osatuko da eta haren eginkizuna izango da sail berriaren funtzionamendua bermatzeko ezinbesteko diren neurriak hartzea eta horiek baino ez; era berean, gobernu organo horren osaera ere zehazten da.

Kontuan izanda sailak berrantolatzeko prozesuaren eragina oso zabala dela, eta egungo egoeratik egoera berrira arteko bidea errazte aldera, komenigarria da sortuko den sailaren behin-behineko gobernua (sail berria sortzeko erabakiak eragina daukan unetik aurrera) Sailen Esparru Arautegiko azken xedapenetatik lehenengoan jasota dagoen sailarteko batzordea izatea, betiere, sailarteko batzordeak egoki iritziz gero eta aldez aurretik prozesuan eragindako sailen aldeko iritzia izanda.

Batzorde horiek duten osaera eta berrantolaketa prozesuan izan dituzten eginkizunak aintzat hartuta, batzordeek hurbiletik ezagutzen dituzte sail sortu berrien premiak, saileko kontseiluak eratu eta onartu bitartean ase beharrekoak.

Horrela, bada, komenigarria da sortuko diren sailen behin-behineko gobernuak malgutasunez eratzea saileko kontseilua eratu bitartean, eta, beraz, beharrezkoa da arautegian zehaztea aukera izango dela sailarteko batzordeak bere gain hartzeko eginkizun hori, batzorde horietan berrantolaketan eragindako sailetako kideak daudela aintzat hartuta.

Testuaren aldaketa Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordeak onartu zuen 2020ko urtarrilaren 27an, eta Sailen Esparru Arautegiko azken xedapenetatik lehenengoan txertatu behar da, atal berri batean.

Horrela, bada, idazkari nagusiaren proposamenari jarraituz, Gobernu Kontseiluak honakoa

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Onartzea Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen sailen esparru arautegia aldatzea, erabaki honetako eranskinean jaso bezala.

Bigarrena.– Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen sailen esparru arautegiko aldaketa, erabaki honen bidez onartua, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Hirugarrena.– Idazkari nagusiari esleitzea erabaki hau garatu eta betetzeko beharrezko diren egintzak edo erabakiak zehazteko eginkizuna.

Leioa, 2020ko otsailaren 4a.

Errektorea,

NEKANE BALLUERKA LASA.

Idazkari nagusia,

PEDRO MARÍA IRIONDO BENGOA.

ERANSKINA

Zortzigarren atal berri bat erantsiko zaio Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen sailen esparru arautegiko azken xedapenetatik lehenengoari, honako idazkera honekin:

8.– Berrantolaketa prozesuaren ondoren sortuko den sail berriaren behin-behineko gobernua (azken xedapen honetako 1. atalean zehaztutakoa) UPV/EHUren Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko bigarren xedapen iragankorrari jarraituz beteko da.

Aurreko paragrafoan zehaztutakoa gorabehera, azken xedapen honetan adierazitako sailarteko batzordeak izan ahalko dira sail sortu berrien funtzionamendua bermatzeko ezinbesteko erabakiak eta horiek baino ez hartzeko ardura izango duten organo eskudunak; egoera hori behin-behinekoa izango da, sail berriaren sorrerak eragina daukanetik saileko kontseilua sortu arte, eta saileko kontseilua sortzen den unean bertan desagertuko da kasuan kasuko sailarteko batzordea. Horrelakoetan, beharrezkoa izango da kasuan kasuko sailarteko batzordeak horren aldeko erabakia hartzea, eragindako sailen aldeko txostena izanik, eta erabaki hori Idazkaritza Nagusiari jakinaraztea.


Azterketa dokumentala