Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

30. zk., 2020ko otsailaren 13a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
778

EBAZPENA, 2020ko urtarrilaren 17koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita Donostiako Hirigintza Ondare Eraikia Babesteko Plan Bereziaren Aldaketari buruz.

EGITATEZKO AURREKARIAK

2019ko urriaren 4an, Donostiako Udalak «Donostiako Hirigintza Ondare Eraikia Babesteko Plan Bereziaren Aldaketari» buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko eskabidea bete zuen. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren Aldaketaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan dokumentu hori egin duten pertsonak identifikatu dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki irizten zieten oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Era berean, Donostiako Udalari ere jakinarazi zitzaion izapidearen hasieraren berri.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek aukera izan zezaten egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egiteko.

Bukatu da abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea, eta zenbait erantzun jaso dira; espedientean jasota daude horien edukia eta emaitza.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da oinarriak ezartzea ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautzeko; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen nahiz programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. «Donostiako Hirigintza Ondare Eraikia Babesteko Plan Bereziaren Aldaketa» kasu horietako bat da.

Aztertuta geratu dira planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea Donostiako Udalak sustatutako Donostiako Hirigintza Ondare Eraikia Babesteko Plan Bereziaren Aldaketari buruz (hemendik aurrera, Plan Bereziaren Aldaketa), jarraian jasotzen diren baldintzetan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Donostiako Hirigintza Ondare Eraikia Babesteko Plan Berezia 2014ko otsailaren 27an onartu zuen behin betiko Donostiako Udalak, eta haren helburua da Donostiako Hirigintza Ondare Eraikiaren Katalogoan (hemendik aurrera, Katalogoa) txertatu beharreko multzo, eraikin eta elementuen zerrenda zehaztea, bai eta multzo, eraikin eta elementu horiek tratatzeko eta babesteko araubidea ezartzea ere. Katalogoan sartuko diren elementuek kultura-balioak eduki behar dituzte, babesa justifikatzen dutenak. Elementu bat Katalogoan txertatzeak berekin dakar aurreikusita dauden sei kategorietako batean sailkatzea.

Plan Bereziaren zehaztapenek murrizketa-araubide bat osatzen dute, zeinak baldintzatuko baitu katalogoan sartutako elementuen gainean esku-hartzeak egiteko lizentziak ematea.

Ondoren, 2018ko uztailaren 19an, Donostiako Udalak plan berezi horren aldaketa bat onartu zuen behin betiko, eta, haren bidez, 47 elementu txertatu ziren. Aldaketa horri ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura aplikatu zitzaion.

Donostiako Hirigintza Ondare Eraikia Babesteko Plan Bereziaren Aldaketak, txosten honen xedea bera, helburutzat du Donostiako hiri-paisaiaren babesa osatzea, eta, horretarako, zehatz aztertzen ditu babestu beharrekoak izan daitezkeen elementuak, balio hauek aintzat hartuz: historikoa (joera estilistikoen datak eta bereizgarriak), arkitektonikoa (iturrien erreferentzia nazional eta nazioartekoak), eraikuntzakoa (zer lotura duen itxurazko eraikuntzarekin), homogeneotasuna (ordenantza unitarioak), interes urbanoa (tipologiaren eta kokapenaren arteko lotura) eta ingurunearen balioa (etxe eta komentuen partzela-sistemen paisaiaren balorazioa, haien landaredia barnean dela).

Aldaketa horren ondorioz, proposamen bat egin zen, Hirigintza Ondare Eraikia Babesteko Plan Bereziaren Katalogoan 231 elementu sartzeko, kategoria hauetan multzokatuta: etxeak; bizitegi-eraikinen etxe-uharteak; erlijio-eraikinak; espazio irekidun eraikuntzak; baserriak; gotorlekuak eta bestelako elementu arkeologikoak; atariak; XX mende amaierako elementuak, eta Arte Ederrak. Halaber, babes-araubidean tarteki bat egiten da, fatxadetako estaldura isolatzaileei buruz.

Plan Bereziaren Aldaketa garatzearen ondorioz gauzatuko diren jarduketak, funtsean, lotuta daude Katalogoan txertatzeko proposatutako zenbait elementuren mantentze- edo birgaitze-lanekin. Horregatik, aurreikusitako ingurumen-eraginak lotuta daude mantentze- eta birgaitze-lanen fasean gerta litezkeenekin (partikulak atmosferara igortzea; soinuak eta bibrazioak; biztanleei eragozpenak sortzea; ustekabeko isurketak; lurzorua hartzea eta abar).

Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, eraginetako bat hau izan daiteke: Katalogoan txertatutako elementuetan, bisitaldien maiztasunak gora egin lezake, batik bat udalerrian natura-elementu interesgarriak dituzten tokietako elementuetan, esaterako: Uliako biltegiak. Bestalde, Katalogoak baztertu egiten du halako elementuetan eragin negatibo esanguratsurik gertatzeko arriskua, eta zenbait neurri proposatzen ditu hori horrela izango dela bermatzeko.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak. Honako alderdi hauek hartu dira kontuan:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen beste proiektu batzuetarako markoa: aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, Plan Bereziaren Aldaketak ez du biltzen ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorik beharko luketen proiektuak garatzeko zehaztapenik. Idatzitako Planak inolaz ere ezingo ditu irizpide edo baldintzatzaileak eduki, besteak beste, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa beharko luketen proiektuen kokapen, ezaugarri, dimentsio edo funtzionamenduaren inguruan, eta ezingo du ezarri modu espezifiko eta identifikagarrian nola eman behar diren ingurumen-ebaluazioko araudian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuen baimenak.

b) Plana zer neurritan den bateragarria beste plan eta programa batzuekin: ez da hauteman bateraezintasunik hierarkiako goragoko plangintzarekin.

c) Plana egokia da ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu beharreko alderdiak osatzeko: Plan Bereziaren Aldaketan bildutako proposamenek ez dute galarazten garapen jasangarria sustatzeko irizpideak osatzea. Halaber, zenbait zehaztapen ezartzen dira fatxadetako estaldurei buruz, bateragarriak izan daitezen eraikingintzan energia-efizientzia sustatzearekin.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak. Ingurumenean izan daitezkeen efektuak bereziki lotuta daude Plan Bereziaren Aldaketaren ondorioz Katalogoan txertatutako elementuen mantentze- edo birgaitze-lanen fasean eragin daitezkeen ingurumen-efektuekin. Ingurunean ere kalteak izan daitezke, katalogatutako zenbait elementutan bisitaldien maiztasunak gora egin bailezake, batez ere hirigunetik kanpoko guneetan kokatutako elementuetan eta, zehazki, natura-elementu interesgarriak dituzten espazioetan, esaterako: Uliako biltegietan.

e) Plan Bereziaren Aldaketa egokitzat jotzen da ingurumen-arloko legedia (erkidegokoa eta estatukoa) txertatzeko.

2.– Efektuen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak.

Efektuen eta haien eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriei dagokienez, Plan Bereziaren zehaztapenak eta ebazpen honetako aurreko apartatuetan deskribatutakoa kontuan izanik, ez da aurreikusten ingurumen-arazo adierazgarririk izango denik Plana gauzatzearen ondorioz.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak: neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko ebazpen honetan adierazitakoarekin bat etorriz, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat etorriz. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

– Ahalegina egin beharko da obrako langileek jardunbide egokien eskuliburu bat erabil dezaten Hirigintza Ondare Eraikiaren Katalogoan bildutako elementuak mantentzeko eta birgaitzeko proiektuak gauzatzean.

– Ordenantza partikularretan, zehaztapen orokor edo espezifikoak erantsi beharko dira, zehazki dagokion legezko arauak babes-araubidearen arloan finkatzen dituenak.

– Afekzioren bat gertatuz gero, deklaratutako zona arkeologikoek Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legearen 66. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute, bai eta dagokion babes-araubidean ezarritako zehaztapenak ere. Deklaratutako ustezko zona arkeologikoek, berriz, 6/2019 Legearen 65. artikuluan ezarritakoa beteko dute.

– Gomendatzen da banakako balioa aitortua duten eraikin eta eraikuntzen ordenantza partikularretan jaso dadila ezen, babes bereziko proposamena duten kultura ondasunetan egiten diren obrako esku-hartzeek Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legearen 38. artikuluan ezarritako esku-hartze baldintza espezifikoak bete behar dituztela, bai eta lege horren 34. artikuluan ezarritako irizpide orokorrak ere. Onargarriak dira, halaber, abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren I. eranskinean («Birgaitzeko esku-hartzeak») definitzen diren berritze zientifikoko esku-hartzeak (317/2002 Dekretua, Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzkoa; abenduaren 31ko EHAA, 249. zk).

– Babes ertaineko proposamena duten kultura ondasunetan, gomendatzen da esku-hartzeek bete ditzatela Legearen 42. eta 43. artikuluetan hurrenez hurren ezarritako irizpide orokor eta espezifikoak. Onargarriak dira, halaber, 317/2002 Dekretuaren 1. eranskinean zehazten diren zaharberritze kontserbatzaileko esku-hartzeak.

– Gomendatzen da, orobat, 8. apartatuko eraikinen ordenantza partikularrek ezar dezatela ezen, haietan egiten diren obrek errespetatu behar dutela bolumetria, kanpoko itxura eta oinarrizko banaketa tipologikoa eta egiturazkoa, egituraren material generikoari eutsiz. Obra-mota zein den, erreferentziatzat har daitezke esku-hartzeetarako Sendotzea eta/edo Zaintzea eta Apaintzea kategoriak, aipatutako 317/2002 Dekretuan ezarritakoari jarraituz, bai eta zaharberritzeko esku-hartzeak eta goragoko babes-mailetan jasotakoak ere.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legean xedatuta dagoenari jarraituz, mantentze- eta birgaitze-lan horietan aztarna arkeologikoren bat aurkitzen bada, badaezpada lanak eten egingo dira, eta, ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari emango zaio horren berri, hark erabaki dezan nola jokatu behar den kasu bakoitzean.

– Hirigintza-dokumentuan bildutako elementuen inguruan egin beharreko mantentze- eta birgaitze-lanetarako proiektuetan, ohartarazi beharko da lan horiek hartutako lekua ez dela izango beharrezkoa baino handiagoa, bai lana bera egiteko, bai materialak gordetzeko, instalazio lagungarrietarako, etab. Proiektuetan adieraziko da, halaber, lanak hartutako lekua egoki hesitu behar dela.

– Landaredia babesteko, ahal dela, jarduketa-guneetan dauden berdeguneak bere horretan utziko dira. Ezinbestekoaz haraindiko efekturik ez da eragingo leku horietako landaredian. Natura-intereseko elementuak dituzten lekuetan muturreraino eramango dira babes-neurriak: zuinkatzeak egitea, hesiak instalatzea, balio handieneko zuhaitzak markatzea, etab. Natura-interesekotzat jotako zuhaitzen bat kendu behar bada, zuhaitz hori birlandatzeko aukera kontuan hartuko da beti. Horretarako, zuhaitz horiek ezin hobeto kontserbatu beharko dira, behin betiko lekuan birlandatu arte.

– Hondakinen sorrera eta kudeaketari dagokionez, obrak egin bitartean sortutako hondakin guztiak eta indusketaren, eraispenen eta garbiketa-kanpainaren soberakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko araudietan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoa bete beharko da.

Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete behar dituzte (dekretu horren bidez, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen da), eta itxita egon beharko dute baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Olio erabiliak, berriz, Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1988 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Lur eta soberakinak egoki kudeatzeko, katalogatutako elementuen mantentze- eta birgaitze-lanetan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eraman eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.

Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean jasotako zirkunstantzietako bat agertuz gero, lurzoruaren kalitateari buruzko deklarazioa, arau honetan aurreikusitakoa, izapidetu beharko da. Horrez gainera, kutsadura-zantzurik detektatuz gero, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluan xedatutakoaren arabera jokatu beharko da.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesari dagokionez, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Urak babestea: aurreikusitako jarduketek dirauten bitartean, azaleko uretara ahalik eta solido gutxien arrastatzeko neurri guztiak hartuko dira, hala nola dekantagailuak, sedimentu-tranpak edo iragazkiak, hala behar izanez gero.

– IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoak eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoa sustatzea ezarri zuen lehentasun gisa, baliabideak euren bizi-ziklo osoan erabiltzea eta ostean ere sortutako hondakinak aprobetxatzea lehenetsiz (2017rako lehentasuna). Lehentasun hori kontuan izanik, katalogatutako eraikinen mantentze- eta birgaitze-proiektuetan aintzat hartu beharko dira, ahal dela, eraikuntza jasangarriko gidetan jasotako gomendioak eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko, bai eta energia berriztagarriak sustatzeko ere. Neurri horiek gutxienez alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia-kopurua edo -kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

– Plan Bereziaren Aldaketan txertatutako elementuen inguruan egin beharreko obra-proiektuetan, jasota geratuko da ezinbestean egin beharko dela sakoneko garbiketa eta ongi errematatu behar direla mantentze- eta birgaitze-lan horiek, aldi baterako lan horien eraginpeko azalerak kontuan izanda.

Bigarrena.– Ez da aurreikusten Donostiako Hirigintza Ondare Eraikia Babesteko Plan Bereziaren Aldaketak ingurumen-efektu kaltegarri esanguratsurik izango duenik, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoari jarraikiz. Horrenbestez, ez zaio ingurumen-ebaluazio arruntik egingo.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraziko zaio.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, «Donostiako Hirigintza Ondare Eraikia Babesteko Plan Bereziaren Aldaketa» onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 17a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala