Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

30. zk., 2020ko otsailaren 13a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
776

EBAZPENA, 2020ko urtarrilaren 8koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Ura – Uraren Euskal Agentziak Zadorra ibaian, Langraiz Okan, ur-emariaren neurketa-estazioa eraikitzeko sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena.

AURREKARIAK

2019ko uztailaren 12an, Uraren Euskal Agentziak Zadorra ibaian, Langraiz Okan, ur-emariaren neurketa-estazioa eraikitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntari hasiera emateko eskaera bete zuen, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Proiektuak adierazitako prozedurari jarraitu behar dio, aipatutako arauaren 7.2.b artikuluan xedatutakoaren arabera.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, 2019ko urriaren 7tik azaroaren 19ra, ingurumen-organoak kontsulta egin zien proiektuaren eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, aipatu proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaion zehazte aldera informazioa biltzeko, eta horren emaitza espedientean jasota dago. Aipatu diren txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak badu nahikoa judizio-elementu ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da oinarriak ezartzea ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautzeko; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.b artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren xede izango dira aipatu arauaren I. eta II. eranskinean sartuta ez dauden proiektuak, baldin eta nabarmen, zuzenean edo zeharka eragiten badiete Natura 2000 Sareko eremu babestuei. Beraz, Zadorra ibaian, Langraiz Okan, ur-emariaren neurketa-estazioa eraikitzeko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua aplikatu behar zaio. Ebaluazio horrek zehaztuko du proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-txostena zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (erakunde hori da eskumenduna aipatutako otsailaren 27ko 3/1998ko Legearen arabera, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan aztertuko da aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen, eta, ondorioz, proiektuari ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura egin behar zaion.

Honako hauek ikusi dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Zadorra ibaian, Langraiz Okan, ur-emariaren neurketa-estazioa eraikitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzea, honako baldintza hauetan:

A) Proiektuaren helburua Zadorra ibaiaren erdiko tartean ur-emariaren neurketa-estazioa eraikitzea da, arro horretako estazioen sarea osatze aldera.

B) Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena emateko ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere:

1.– Proiektuaren ezaugarriak:

Proiektuaren helburua Zadorra ibaiaren erdiko tartean, Langraiz Okan, ur-emaria neurtzeko estazioa eraikitzea da. Nagusiki, 20 metroko tarte batean, hainbat parametro hidrauliko (emaria, abiadura, ur-geruzaren altuera, eta abar) neurtzeko kontrol sekzio bat egokituko da.

Estazioaren kokapena eta mota aukeratzeko azterketa egin ondoren, hauek dira aurkeztutako proiektuaren ezaugarriak:

Ibilguaren alde bietan luzeran 20 metro dituen esparruan jardungo da. Alde bietan sekzio trapezoidala sortuko da eta harri-lubeta sikua duten alderdi biak estaliko dira hamar metroko tartean, estalkiaren lodiera metro batekoa izango dela. Ezpondak ibaiaren ibilguarekin bat egiten duen lekuan hormigoizko harri-lubetadun oina eraikiko da. Harri-lubeta horretatik ibaian gora eta ibaian behera ezponda berriz ere profilatuko da bost metroko luzeran, inguru naturalera arteko trantsizio-elementua horixe izango dela.

Ibaiaren ezkerreko aldean ur-emariak neurtzeko etxola eraikiko da hormigoi armatuz. 6 m2-ko azalera izango du eta bertan egongo dira datuak neurtzeko, biltzeko eta bidaltzeko ekipamenduak eta elektrizitate-ekipamenduak.

Eskuineko aldean horma bat eraikiko da, gehienez ere 3 m-ko altuera eta 50 cm-ko lodierakoa, eta bertan, ur-emariak neurtzeko etxolako zutabe metalikoaren aurrean egongo den beste zutabe bat jarriko da, neurketa-mekanismoa ainguratzeko. Horma bien artean kablea jarriko da, eta kable hori etxolaren horman finkatuta egongo den tornu elektriko baten bidez martxan jarriko da, eta hori guztia, era berean, ibaiaren leku ezberdinetan neurketak egitea ahalbidetzen duen gailuaren oinarria izango da.

Proiektua egikaritzeko behin-behineko hiru sarbide hauek egon beharko dira:

– Ibilguaren ezkerreko aldera joateko antzinako N-1 errepidearen ondoan dagoen aparkalekuko sarbidea. Bide horren luzera 103,7 m-koa da, eta zabalera 4 m-koa.

– Ibaiaren ezkerreko aldetik eskuineko aldera joateko eta ibilguan lan egiteko plataforma bat edo ur-agor bat jarriko dute, ibaiaren eskuineko aldean ez baitago sarbiderik. Ur-agorraren zabalera 20 m-koa izango da, eta metro bateko diametroa izango duten bost hodik zeharka gurutzatuko dute, ibaiko ura igaro ahal izateko. Ur-agorra proiektua bukatzean kontrol-sekzioa eta trantsizio-eremua kokatuko diren lekuan egongo da.

– Hirugarren sarbidea eskuineko aldean egongo da, eta horretarako, ibaiaren ezpondan arrapala bat egingo dute ur-agorrarekin lotuta dagoen lekutik ezpondaren goiko aldera arte, eta hala, horma eraikiko den lekuraino makinak sartu ahal izango dira. Horma horretan zimenduak jarri ondoren eta zutabea jartzen dutenean, arrapala kenduko dute eta harri-lubeta eraikiko dute.

Indusketa-lanak egiten dituztenean gaur egungo atseden-guneko plataforma jaitsiko dute, eta bertan egongo da ur-emaria neurtzeko estazioko kontrol-etxola. Horrez gain, harri-lubetaren burualdera arte sarbidea induskatuko dute eta zimenduak eta harri-lubetaren oinarriak induskatuko dituzte. Kalkuluen arabera, lur eta haitzekin 2.485 m3-ko soberakina sortuko da.

Bulegoa eta makinaria-parkea jada zolatuta dagoen plataformaren zati batean egongo dira, antzinako N-1 errepidearen ondoan.

Obra horiek egikaritzeko aurreikusitako epea hamaika astekoa da.

2.– Eremuaren ingurumen-ezaugarriak:

Ur-emaria neurtzeko estazioa kokatuko den Zadorra ibaiaren ibilguaren tartea Langraiz Oka udalerrian dago, Arabako Lurralde Historikoan. Eraginpeko eremua Zadorra ibaiaren Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) barne dago, Natura 2000 Sarearen barruan (ES2110010 kodea), Arabako Lurralde Historikoko bost ibai Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen dituen martxoaren 17ko 35/2015 Dekretuaren bidez izendatua izan zen eremuan hain zuzen ere.

Zadorra ibaiaren tarte hori era berean Interes Bereziko Eremua da honako espezieentzat, zeintzuek Kudeaketa Plana duten Arabako Lurralde Historikoan. Horrenbestez, espezie hauek KBEko oinarrizko elementuak dira:

– Bisoi europarra (322/2003 Foru Agindua, azaroaren 7koa, Arabako lurralde historikoan Mustela lutreola Bisoi europarraren Kudeaketa Plana onartzekoa).

– Igaraba [880/2004 Foru Agindua, urriaren 27koa, Arabako lurralde historikoan igaraba arruntaren (Lutra lutra) (Linnaeus, 1758) kudeaketa plana onartzekoa].

– Iparraldeko katxoa [339/07 Foru Agindua, apirilaren 18koa, galzorian dagoen eta babes-neurri bereziak eskatzen dituen «iparraldeko katxoaren» (Squalius pyrenaicus) kudeaketa plana onartzen duena].

Ibilgu horretako arrain komunitatea oso interesgarria da, besteak beste, loinak, errutilo hegalgorriak, mazkar arantzadunak, amuarrainak eta ibai-kabuxak daudelako. Horrez gain, naiadeak, apoarmatuak eta ibai-ibilguetako hegaztiak ere badaude, besteak beste, koartza hauskarak, martin arrantzaleak eta uhalde-enarak.

Landarediari dagokionez, aipatu behar da kontserbazio-egoera onean dagoen ibaiertzetako landaredia dagoela. Eraginpeko-eremu barnean nagusiki Salix alba espezieak eta Populus alba espezieak osatzen duten galeria-basoak, haltzadiak eta lizardiak daude. Trenbide ondoko tartean Quercus faginea eta Quercus canariensis iberiar haritzez osatutako unada dago, eta proiektuaren eraginpeko eremutik kanpo Quercus ilex eta Quercus rotundifolia espezieez osatutako baso-masa garrantzitsua dago. Horiek guztiak Batasunaren intereseko habitatak eta KBEko oinarrizko elementuak dira.

Era berean, eremu horretan, irailaren 27ko Diputatuen Kontseiluaren 829/2005 erabaki bidez onetsi zen «Arabako Lurralde Historikoko Paisaia Berezien eta Bikainen Katalogoan» bikain gisa sailkatutako hiru paisaia daude. Alde batetik, «Zadorra-tarteko ibilgua» ibaiak osatzen duen paisaia, eta bestetik Tuio mendizerrak eta Gasteizko Mendiek osatzen dituzten paisaiak; horietan dago hain zuzen ere jarduketa gauzatuko den tartea.

Horretaz guztiaz gain, proiektua kokatuko den eremua interes bereziko eremu konektorea da, eta «Zadorra ibaiko meandroak» izeneko interes geologikoko ibilbidearen barne dago. Hala ere, ez dago interes geologikoko leku baten barne.

Bestalde, proiektuaren eraginpeko eremuak bat egiten du lehentasunezko fluxu-eremuarekin eta uholde-arriskua duen zaintza-eremuarekin, 10 eta 100 urteko errepikatze-denborarekin.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak:

Natura Sarea 2000 barneko Zadorra ibaiko Kontserbazio Bereziko Eremuko (ES2110010) kontserbazio helburuei eragin diezaiekete ur-emaria neurtzeko estazioaren eraikuntza-proiektuko ekintzek. Hauek dira:

Ebazpen honen 1. apartatuan deskribatutako proiektuaren jarduketak gauzatzen direnean, lurrak mugituko dira eta Batasunaren intereseko habitatetako landaredian sasiak garbitu eta zuhaitzak moztuko dira; horien artean dago lehentasunezkoa den 91E0* -haltzadiak eta lizardiak habitata.

Ibaiaren ibilgura arteko sarbidea eraikitzeko lanetan gutxi gorabehera 990 m2-ko azalerari eragingo zaio; horietatik 663 m2 «landaredia erruderal nitrofilo» gisa sailkatuta daude, eta 325 m2 «lertxundi-haltzadi mediterraneoa eta/edo trantsiziokoa» gisa daude sailkatuta; gainerako 2 m2-etan ez dago landarerik. Batasunaren intereseko habitatei dagokienez, ibilgurako sarbidea gauzatuko den lekuan habitataren 315 m2-tan lan egingo dute, eta bertan «92A0 - Salix alba eta Populus alba galeria-basoak» daude. Horrez gain, «91E0* - haltzadiak eta lizardiak» lehentasunezko habitataren 12 m2-tan ere lan egingo dute. Leku horietan, sasi guztiak kenduko dituzte, eta horrez gain, lurra mugituko dute. Obrak bukatzean, eremua lehengoratuko dute eta jatorrizko egoeran utziko dute, eta hala, ustiapen-fase horretan, ez dute inpakturik sortuko zehaztutako eremuan.

Horrez gain, ibilguaren alde bietan sasiak kenduko dituzte eta zuhaitzak moztuko dituzte ezpondak berriz ere profilatzeko, harri-lubetak eraikitzeko eta ur-emariaren neurketa-etxola jartzeko. Lan horiek honela eragingo dute 877 m2-tan: «landaredia erruderal nitrofiloko» 304 m2-ri, «lizardi-zumardi» motako 229 m2-tan, «lertxundi-haltzadi mediterraneo eta/edo trantsizioko» motako 209 m2-tan; eta «erkamezti azpikantauriar» motako 111 m2-tan. Gainerako 24 m2-tan ez dago landarerik. Batasunaren intereseko habitatei dagokienez, honako azaleretan lan egingo da: 443 m2-ko «92A0 – Salix alba eta Populus alba galeria-basoak, 127 m2-ko «9240 - Quercus faginea eta Quercus canariensis harizti iberiarrak» eta 1 m2-ko lehentasunezko «91E0* - haltzadiak eta lizardiak» izeneko habitata. Behin-behinean, ezkerreko aldean hainbat elementu bilduko dira.

Bestalde, obretan, 1.000 m2 inguruko eremuan, uharriak metatuko dira. Obrak bukatzean, eremua lehengoratuko dute. Leku horietan gaur egun «landaredia erruderal nitrofiloa» eta «lertxundi-haltzadi mediterraneoa eta/edo trantsiziokoa» daude, bakoitza 500 m2-ko azalerakoa. Batasunaren intereseko habitatei dagokienez, «92A0 - Salix alba eta Populus alba galeria-basoak» habitataren 491 m2-ri eragingo zaie, eta «91E0* - haltzadiak eta lizardiak» lehentasunezko habitataren 1 m2-ri.

Lan horien ondorioz, baliteke ibai ekosistemarekin lotura duten fauna espezie batzuen habitatak aldatzea. Landaredia kentzean sortuko diren inpaktuak handi samarrak izango dira, eta beraz, neurri zuzentzaileak eta konpentsatzaileak aplikatuko dira.

Obretan, ibaiaren ibilgua ur-agorra zeharkatuko duten hodietatik igaroko da, eta beraz, aldi batean arrainen eta ornogabeen fauna espezieen habitatetan eraginak sortuko dira. Obrak bukatzen direnean, ur-agorra kenduko dute eta ibilgua lehengoratuko dute. Behin-behineko inpaktu hori ere handi samarra izango da. Edonola ere, arrain espezieen aldi kritikoak proiektuaren ingurumen-baldintzatzaile garrantzitsua dira, bereziki ugalketa-aldiak.

Obrek irauten duten bitartean, airearen kalitatea aldi baterako murriztuko da lurrak mugitzean, makinak erabiltzean eta ibilgailuekin lan egitean, izan ere, partikula esekiak eta partikula kutsatzaileak ugaritu egingo dira, baita zarata handitu ere.

Aurreikuspenen arabera, obren inpaktuak ez dira garrantzitsuak izango, izan ere, eragin-eremua txikia da, eta obrak egikaritzeko denbora laburra. Horrez gain, ur-masaren egoera ekologikoa ere ez da kaltetuko.

Ustiapen-fasean, eraginpeko eremuetan ur-emaria neurtzeko estazioa osatzen duten egiturak egongo dira modu iraunkorrean, eta beraz, ibaiertzeko igarobide ekologikoa eten eta zatikatu egingo da. Era berean, Zadorra ibaiaren tarte horretako ibai-paisaia aldatu egingo da, baina hala ere, eraginpeko eremuaren luzera laburra da eta ikusgarritasuna txikia. Horrez gain, eraberritze-neurriak ezarri ahal izango dira, eta beraz, inpaktu hori ez da garrantzitsua izango.

Neurketa-sistema ezartzeko kableak oztopo izan daitezke aireko ibai-igarobiderako, eta inpaktuak sortu ahal izango dira hegazti-faunan. Hegaztiek instalazioan egongo den kable baten aurka talka egitea ekiditeko, disuasio-elementu bisualak jarriko dira, eta beraz, inpaktua bateragarria izango da.

Ustiapen-fasean, instalazioak ez du inpaktu garrantzitsurik sortuko ibaiaren iragazkortasunean, izan ere, ur-emaria neurtzeko estazioaren azpiegiturak ez dira oztopo izango ibilguak funtzionatzen jarraitzeko.

Kontsulten izapidean, Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzako Ondare Naturaleko Zerbitzuak, hau da, Zadorra ibaia KBEaren organo kudeatzaileak, proiektuaren aldeko txostena egin zuen, betiere zenbait prebentzio neurri, neurri zuzentzaile eta konpentsazio-neurri ezartzen baldin badira. Berdina adierazi zuen Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak, Zadorra ibaia KBEaren izendapenaren organo arduradunak eta KBE horren kontserbazio-helburuak definitu zituen organoak, hain zuzen ere.

Bigarrena.– Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako eta baimen sektorialetan adierazitako neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileak albo batera utzi gabe, kontuan hartu beharko dira baldintza hauek:

Aipatu diren inpaktuak mugatu, gutxitu edo murrizteko dira neurri horiek, eta obra-fasean nagusiki garatu beharreko gomendioak eta jarduerak dira. Besteak beste, honelako neurriak jasotzen dira: lurzorua eta baliabide hidrikoak babesteko neurriak, bertan bizi daitekeen fauna babestekoak, argi-kalitatea zaintzekoak, sortutako hondakinak behar bezala kudeatzekoak, landaredia-inpaktuentzako neurri zuzentzaileak eta ingurumen-egoera lehengoratzera eta proiektua paisaian integratzera bideratutakoak.

Nolanahi ere, neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo ataletan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-pleguetan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak ezarri beharko dira.

Ondoko atal hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira:

Natura-ondarea babesteko neurriak.

– Laneko azalera obrak egiteko ezinbestekoa dena bakarrik izango da. Lurzorua erabiltzea eragiten duten lanak eta instalazioak proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Obrako materialek ahalik eta espazio txikiena hartu beharko dute, eta makineria eta ibilgailuak ezingo dira horretarako prestatutako eremuetatik kanpo ibili. Obren Zuzendaritzak onartu beharko du eremu horiek zehazki non egongo diren, egokitzapen-lanak hasi baino lehen eta ingurumen-eragin gutxiena sortzeko irizpideak kontuan hartuz. Kasu bakoitzean, aurretik in situ balizatu beharko da. Adierazitako eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatuz gero, neurri zuzentzaile eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.

– Ahal den heinean, ur-emariaren neurketa-estazioa eraikitzeko jarduketa eta instalazio osagarriak N-1 errepideko antzinako aisialdi-eremuan kokatuko dira. Aldi baterako instalazioak ezin dira egon intereseko landaretza duten espazioetan (bertako zuhaiztiak, ibaiertzeko landaretza eta lehentasunezko intereseko habitatak). Horri dagokionez, ezkerreko aldeko obretarako pilaketa-lekuak ibaiertzeko basoko landaredia-ertzetatik kanpo kokatu beharko dira.

– Bisoi europarraren (Mustela lutreola), igarabaren (Lutra lutra) eta iparraldeko katxoaren (Squalius pyrenaicus) kudeaketa-planen eremuan egitekoak diren jarduerak foru-organo eskumendunak ezarritako baldintzei jarraikiz gauzatuko dira. Organo horrek mugak ezar ditzake, bai lanak egiteko moduan, bai horiek egikaritzeko unean, betiere kontuan hartuta zein diren kontu handiagoz jardun beharreko aldiak espezie horien eta bestelako arrain-fauna espezieen ziklo biologikoen barnean.

– Obrak hasi aurretik, adituek eraginpeko eremuan ibaiertzetako egoera aztertuko dute habiak edo gordelekuak dauden jakiteko, eta hala izanez gero, horren berri emango diete Arabako Foru Aldundiaren Ondare Naturaleko Zerbitzuari, eta zerbitzuko langileek jarraitu beharreko irizpideak zehaztuko dituzte kasuaren arabera.

– Zuhaitzak moztu aurretik markatu egingo dira, eta ahalik eta mozketa gutxien gauzatuko dira. Zadorra ibaiko KBEko zuinketa-fasean eta lanetan zehar, Arabako Foru Aldundiaren Ondare Naturalaren Zerbitzuko teknikari batek egon beharko du bertan.

– Halaber, leku horietan, lanek eragindako eremua in situ mugatuta geratu beharko da, eta obra-ingurunetik hurbil dauden balio handiko elementu naturalak behar bezala babestuta egongo dira, ustekabeko eraginak ekiditeko.

– Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak eta abar) lehengoratuko dira. Landareztatzea, espezie autoktonoak sartuta, ahalik eta lasterren egingo da erosio-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak ekiditeko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horiek inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotuko dira.

– Batasunaren intereseko habitatetan, eta bereziki lehentasunezko habitatetan, sortutako kalteak garrantzitsuak ez izateko, ibaiertzetako landaredia-masa helduak deuseztatuz gero, kantauriar haltzadiko espezieak landatu beharko dira, horien kopurua ugarituz. Beraz, proiektua bukatzean, habitat hori gaur egun dagoena baino handiagoa izan beharko da, eta hala, konpentsazio-neurri gisa, aurreko ataletan adierazitako espezieekin egindako birpopulatzeak proiektuaren eragin zuzenik jasan ez duten eta Zadorra ibaiaren KBEaren barnean dauden lursail hondatuetan gauzatu beharko dira, eta beharrezkoa izanez gero, desjabetu beharreko azalera handituko da. Neurri hori Arabako Foru Aldundiaren Ondare Naturaleko Zerbitzuak eta Uraren Euskal Agentziak ezarriko dute, eta Zadorra ibaiaren ur-emaria neurtzeko estazioa eraikitzeko proiektuan jasota egongo da.

Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

– Albo batera utzi gabe uren arloan eskumena duen organoak prozedura aplikagarrien esparruan ezartzen dituen baldintzak, ez da inolako isuririk egingo jabari publiko hidraulikoan, ezta bere babes-zortasunean ere, eta urek ez dute jasoko solido-arrasterik edo zuhaitz-ebaketen edo -inausketen hondarrik.

– Zehazki, sedimentuak eusteko hesiak jarri beharko dira sarbide-bidean eta ur-agorrean iragazgaizte sistemak ezarri beharko dira, materialak mugitzea ekiditeko.

– Halaber, erabat debekatuta dago makinak konpontzea edo makinei olioa aldatzea, horretarako berariaz jarritako guneetan ez bada. Obrak egiten ari diren inguruan ez badago horretarako azpiegitura egokirik, berariazko gune bat egokitu beharko da lan horiek egiteko. Esparru hori mugatuta egongo da, eta zorua iragazgaiztu egin beharko da; era berean, efluenteak jasotzeko sistema bat izango da, zorua eta urak kutsatzea ekiditeko.

– Zangan ustiaketa-lanak eginez gero, lurzoruaren horizonteak xehetasunez bereiziz eta bilduz gauzatuko dira, gero lurzoruaren jatorrizko profila lanak abiarazi aurreko egoerara lehengoratzeko.

– Indusketetan, landare-lurrari dagozkion horizonteak modu selektiboan kenduko dira, eta horiek berehala birbanatu edo, posible ez bada, pilatu egingo dira. Pilaketak ibaiaren uholde-arriskuko gunetik kanpo egin beharko da. Landare-lur hori berrerabili egingo da landaredia lehengoratzeko lanetan edo landatutako laborantza-guneetan.

– Hormigoia jartzeko lanak sikuan egin beharko dira, eta beraz, ez da arriskurik egongo zementu-materialak ibaiaren ibilguan desegiteko edo horiek ibaira iristeko.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

– Lanek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

– Halaber, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonifikazio akustiko, kalitate-helburu eta igorpen akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-igorpenei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko eragiketen ondoriozkoak barne.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira hondakinak, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balioztatzeko beste modu batzuk, balioztatze energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik balioztatzea bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

– Eraikuntza- eta eraispen-jardueren ondorioz hondakinak sortzen badira, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak honako hauen arabera kudeatuko dira: hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretua, Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea eta betelanak exekutatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua, eta horien aldaketak.

– Eraikitzeko edo eraisteko obren hondakinei dagokienez, kutsatu gabeko induskatutako lurzoruak eta obretan induskatutako material naturalak badira eta obra gauzatzeko soberakin gisa sortzen badira, eta betelanetara edo jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetara zuzentzen badira, induskatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balioztapen-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua aplikatuko da, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 28. artikuluko aurreikuspenak aplikatuz.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

– Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da sortutako olio erabilia.

– Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Hala badagokio, eremu jakin batzuk egokituko dira aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-poteak, iragazkiak, olioak, margoak, eta abar. Gainera, hondakin geldoentzako edukiontziak ere jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregaiak eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

Kultura-ondarea babesteko neurriak.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, obrak egitean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak.

– Lurrak mugiaraztea eragiten duten obra-leku bakoitzeko lanak amaituta, jarduketen eraginpeko lursailaren oneratze edafiko eta geomorfologiko bat egingo da.

– Lehengoratze edafikoaren lan horiek iraun bitartean, landare inbaditzaileak –hala nola, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana– hedatzea eragozteko ekintzak gauzatuko dira. Ildo horretan, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.

– Baso-lanetarako erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propagulu edo haziak hedatzeko arriskurik ez izateko.

– Era berean, ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduera-gunetik.

Jardunbide egokien sistema bat hartzea.

Langileek jardunbide onen sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek ahalik eta gehien bermatzeko:

– Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.

– Natura-interes handiko landaretza-guneen gaineko eragina kontrolatzea.

– Ibilguen gaineko eta beren bazterretako landaretzaren gaineko eragina kontrolatzea, eta, ondorioz, bisoi europarren eta igarabaren habitataren gainekoa ere bai.

– Hondakinen eta olioen isurketen eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ekiditea.

– Proiektuan inplikatutako herriguneko biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

– Lanak epearen barne egiteko ezarritako programazioa zehatz-mehatz beteko da.

Garbiketa eta obra-bukaera.

Obra bukatu ondoren, garbiketa zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegingo dira.

Hirugarrena.– Organo substantiboak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako ingurumena zaintzeko programa alde batera utzi gabe, honako baldintza hauek hartu beharko dira kontuan:

Ingurumena zaintzeko programa gauzatzeko, bete beharrekoa izango da sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa; horretaz gain, jarraian zehazten diren kontrolak egin beharko dira.

Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontua izango du.

1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesleak, zuzentzaileak eta konpentsaziokoak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Erregistro hori eskuragarri egon beharko da Ingurumen Administrazioko Zuzendaritzak gainbegira dezan. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak. Horri dagokionez, obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarrean dagoen legediak hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako jasotzen dituen agiriak erantsi beharko dira txosten horretan.

2.– Laneko eremuetako mugen kontrola.

Egiaztatu egingo da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako azalera baino eremu handiagoa.

3.– Lehengoratzearen arrakastaren kontrola.

Obra amaitu ondoko bi urteetan, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuak eragindako eremuen lehengoratzeak izan duen arrakasta-mailari.

4.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina egin beharko du sustatzaileak, eta bertan bilduko ditu ingurumen-dokumentuan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak.

Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak xehetasun-kartografian non dauden kokatuta; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.

5.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak.

Ingurumena zaintzeko programako txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari organo substantiboaren bidez bidaliko zaizkio. Obrak bukatuta eta lehengoratze-lanen berme-aldia amaituta egingo da bidalketa hori, zehazki, lehengoratzea egin eta bi urtera. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako entitate independente batek egindako txostena ere aurkeztu beharko da. Txosten hori emaitzen analisi bat izango da, aldi horretan gertatutako gorabeherak, balizko kausak eta konponbideak bereziki aipatuta, eta aldez aurretik zehaztu ez denean, laginak hartzearen xehetasunak baita ere.

Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikatu beharreko araudia betetzeko.

Laugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan izanik sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz bigarren puntuan adierazitakoek eta baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusi ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortuko denik. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Zadorra ibaian, Langraiz Okan, ur-emaria neurtzeko estazioa eraikitzeko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.

Bosgarrena.– Uraren Euskal Agentziari eta Langraiz Okako Udalari ebazpen honen berri ematea.

Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua baimentzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 8a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala