Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

28. zk., 2020ko otsailaren 11, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
692

2/2020 DEKRETUA, otsailaren 10ekoa, Lehendakariarena, Eusko Legebiltzarra desegin eta hauteskundeetarako deia egiten duena.

Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 7.c) eta 50. artikuluek Lehendakariari ematen dioten ahalmenaz baliatuz, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2020ko otsailaren 4an egindako bilkuran aztertu ostean, Eusko Legebiltzarra desegitea eta hauteskundeetarako deia egitea ebatzi dut.

Horregatik, xedapen horietan ezarritakoa aintzat hartuz, eta Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legearen 46. artikuluan eta aplikatu beharreko gainerako legeetan xedatutakoaren arabera, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Eusko Legebiltzarra desegitea eta hauteskundeetarako deia egitea.

1.– Desegin egiten da 2016ko irailaren 25ean aukeratutako Eusko Legebiltzarra.

2.– Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako deia egiten da: 2020ko apirilaren 5ean egingo dira, igandean.

2. artikulua.– Aukeratu beharreko legebiltzarkide-kopurua.

Euskal Autonomia Estatutuaren 26. artikuluan eta ekainaren 15eko 5/1990 Legearen 10. artikuluan ezarritakoarekin bat, hauteskunde barruti bakoitzeko, 25 legebiltzarkide aukeratuko dira.

3. artikulua.– Hauteskunde-kanpaina.

Ekainaren 15eko 5/1990 Legearen 68.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, hamabost egun iraungo du hauteskunde-kanpainak. Martxoaren 20ko 00:00etan hasiko da eta apirilaren 3ko 24:00etan amaituko da.

AZKEN XEDAPENA

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legearen 46.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan sartuko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko otsailaren 10ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala