Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

24. zk., 2020ko otsailaren 5a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
579

EBAZPENA, 2020ko urtarrilaren 17koa, Trafikoko zuzendariarena, Bide Prestakuntzako irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko ikastarorako deialdia egiten duena.

3256/1982 Errege Dekretuak, urriaren 15ekoak, xedatutakoaren babesean; apirilaren 11ko 83/2017 Dekretuak 17.4.a) artikuluan Trafiko Zuzendaritza honi emandako eskumenekin bat; eta urriaren 17ko 1295/2003 Errege Dekretuaren bidez onartutako Ibilgailu Motordunen Gidari Eskola Partikularrak Arautzen dituen Erregelamenduak 48. artikuluan ematen dituen eskumenen arabera; Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko ikastarorako deialdia egiten da.

Deialdia oinarri hauek arautuko dute:

Lehenengoa.– Parte hartzeko betekizunak.

1.1.– Prozeduran parte hartu nahi dutenek baldintza hauek guztiak bete beharko dituzte, onartuak izango badira:

– Aldez aurretiko eskaera egitea.

– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua edo Teknikariaren titulua (Erdi Mailako Lanbide Heziketa) izatea ala dokumentuz ikasketa baliokideak edo goragoko mailakoak dituela egiaztatzea.

– Eskuzko martxa-aldaketak dituzten ibilgailuak gidatzeko gaitzen duen B motako (edo hortik gorako) gidabaimenaren titularra izatea, gutxienez duela bi urtetik, eta baimen hori baliozkoa izatea eta indarrean egotea.

– Maiatzaren 8ko 818/2009 Errege Dekretuaren bidez onartutako Gidarien Erregelamendu Orokorrak 45. artikuluan xedatutakoaren arabera, gaur egun 2. taldeko baimena lortzeko eskatzen diren baldintza psikofisikoak eta psikoteknikoak betetzea. Salbuespen gisa, halakorik izan gabe, B motako gidabaimena edo B motako ezohiko baimena –baldintza murriztaileei lotua– izatea, gutxienez duela bi urtetik eta Gidarien Erregelamendu Orokorreko 7.2 artikuluan xedatutakoaren babesean lortu dena; halakorik dutenek arlo teorikoaren ikaskuntzara mugatutako Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortu ahal izango dute.

Gaitasun-agiri horien titularrek, gidarien 2. taldeari eskatzen zaizkion gaitasun psikofisikoak dituztela egiaztatzen badute, mugarik gabeko titulua lortu ahal izango dute. Horretarako, aldez aurretiko proba praktikoa eta presentzia-fasea gainditu dituztela egiaztatu beharko dute.

– 1/2007 Legegintzako Dekretuak, irailaren 11koak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren tasei eta prezio publikoei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, xedatutakoaren arabera, izena emateko tasak ordaindu izana, 2.3 oinarrian xedatutakoarekin bat.

1.2.– Baldintzak eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean bete beharko dira, eta prestakuntza-prozesuan indarrean jarraitu beharko dute.

1.3.– Uneren batean, kalifikazio-epaimahaiak jakiten badu norbaitek ez dituela betetzen eskatutako baldintzetako bat edo batzuk, edo egiaztatutako ziurtagirietatik ondorioztatzen bada eskabideak akatsak edo faltsutasunak dituela eta horiek Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzea galarazten dutela; kasu horietan –aldez aurretik interesdunari entzunda– bazter utziko da pertsona hori.

1.4.– Hautagaiek eskabidean ematen duten informazio guztia zein hautaketa-prozesu honi buruzko datuak Trafiko Zuzendaritzak tratatuko ditu eta «Gidari-eskolak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko ditu. Horren xedea da Bide-prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko ikastaroaren tramitazioa erraztea.

Xede horren oinarrian interes publikoa dago, baita Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legean jasotako lege-betebeharra betetzea ere.

Hautatzen diren pertsonei buruzko datuak gordeko dira espediente horiek gordetzeko egutegiak ezartzen duen denbora-tartean zehar. Hautatu gabeko pertsonei buruzko datuak hautaketa-prozesua amaitu ondoren ezabatuko dira. Interesdunek datuetara iristeko, datuak zuzentzeko, ezabatzeko eta transferitzeko, eta datuen tratamendua mugatzeko edo aurka egiteko eskubideak, eta tratamendu automatizatuan baino oinarritzen ez diren erabakiak jasan behar ez izateko eskubidea ere erabili ahal izango dituzte, hala dagokionean, Trafiko Zuzendaritzaren aurrean, helbide honetan: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Bigarrena.– Eskabideak.

Ikastaroan parte hartu nahi duten pertsonek –aurreko deialdietan aldez aurretiko hautaketa-proba gainditu edo ez– beherago zehazten diren epean eta moduan aurkeztu beharko dute euren eskabidea.

Ebazpen honen 7.2 oinarrian jasotako kasuetan dauden pertsonek ez dute eskabiderik aurkeztu behar.

2.1.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

2.1.1.– Epea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

2.1.2.– Aurkezteko modua.

Ikastaroan parte hartu nahi duten pertsonek eskabidea Interneten bidez egingo dute, eta, hartarako, honako helbide elektronikoan eskura izango den eskabide-eredua bete beharko dute: www.trafikoa.eus

Internet bidezko eskabidea Eusko Jaurlaritzaren KZGune zentro publikoen bidez egin daiteke. KZguneen zerrenda eta kokapena helbide elektroniko honetan ikus daitezke: www.kzgunea.net

2.2.– Eskabidearen edukia eta ondorioak.

Onartuak izateko, hautagaiek eskabidearen atal guztiak bete beharko dituzte eta tasa ordaindu beharko dute. Era berean, zinpeko aitorpena edo promesa egin beharko dute, adierazteko lehenengo oinarrian jasota dauden baldintza guztiak betetzen dituztela.

Tasa eskabideak aurkezteko epearen barruan ordaindu ezean, hautagaia prozeduratik baztertuta geratuko da, prozesuan onartzeko 1.1. atalean eskatutako baldintza ez betetzeagatik. Hala eta guztiz ere, ordaindutako zenbatekoa okerra izanez gero, hamar egun balioduneko epean okerra zuzentzeko eskatu zaio hautagaiari.

2.3.– Izena emateagatiko tasa ordaintzea.

Deialdi honetako 1.1 oinarrian ezarritako baldintza betetzeko, tasa eskabideak aurkezteko epearen barruan ordaindu beharko da, erakunde hauen edozein sukurtsaletan: Kutxabank, Laboral Kutxa, BBVA, Sabadell Guipuzcoano, CaixaBank, Bankoa, Banco Santander eta Bankia, edo beste erakunde batzuen txartelak.

Tasa ordaintzeko, bi aukera daude:

– Off-line ordaintzea: finantza-erakunde laguntzaile horien bulego-sarearen edozein puntutara joatea eta sistemak emandako ordainketa-gutuna aurkeztea. Ordainketa-gutunak barra-kodea duenez, irakurketa optikoa duen edo datuak eskuz jaso ditzakeen kutxazain automatiko baten bidez ordain daiteke.

– On-line ordaintzea: banku-sukurtsalera joan gabe, banka elektronikoaren sistemaren bidez ordaintzea, betiere aipatutako erakunderen batean banka elektronikoaren bezeroa izanez gero. Modalitate hori eguneko 24 orduetan erabil daiteke.

Hau da tasa horren zenbatekoa: 45,96 euro.

Tasa ordaintzen ez bada edo ordaindutako zenbatekoa okerra bada, oinarri hauetako 2.2 atalean zehaztutako ondorioak sortuko dira. Nolanahi ere, tasa ordaintzea eta ordainagiria aurkeztea ez da nahikoa izango; izan ere, eskabidea osorik eta behar den epearen barruan aurkeztu behar da, 2.1. oinarriak dioenaren arabera.

Eskatutako tasa bakarrik itzuliko da, baldin eta zerga-egitatea ez gauzatzearen arrazoiak subjektu pasiboari egotzi ezin bazaizkio; beraz, interesdunari egotz dakiokeen arrazoi batengatik hautaketa-prozesutik baztertuta geratzen bada, ez da tasa itzuliko. Bazter uztea gertatzen bada deialdian eskatutako betekizunak ez betetzeagatik edo agiriak ez aurkeztegatik, ez da tasa itzuliko.

Hirugarrena.– Hautagaiak onartzea.

Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, epaimahaiko lehendakariak ebazpena emango du, aldez aurretiko hautaketa probarako onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onartzeko, baita hautaketa-proba hori aurreko deialdietan gainditu dutelako oraingoan proba hori egitetik salbuetsita daudenen zerrenda ere. Behin-behineko zerrenda horren aurkako erreklamazioak ebazpen horretan zehazten den epearen barruan aurkeztu beharko dira.

Epaimahaiak aurkezten diren alegazioak aztertu ondoren, epaimahaiko lehendakariaren ebazpenaren bidez zerrenda hauek argitaratuko dira: aldez aurretiko hautaketa-proba egiteko onartuen eta baztertuen zerrenda, eta azken bi deialdietan gainditu izanagatik salbuetsita daudenen zerrenda.

Laugarrena.– Aldez aurretiko hautaketa-proba.

Salbuetsita ez dauden onartuek aldez aurretiko hautaketa-proba egingo dute. Bi proba baztertzaile izango dira, bata teorikoa eta bestea praktikoa. Aldez aurretiko hautaketa-proba gainditzeko, hautagaiek bi probetan gai kalifikazioa lortu beharko dute.

Parte hartzaileek probara indarrean dagoen gidabaimena eraman beharko dute, baita NAN edo indarrean dagoen identitate- edo bizileku-txartela, edo, horiek izan ezean, pasaportea ere. Epaimahaiak, probak egiten diren bitartean, dokumentu horiek aurkezteko eska dezake, eta aurkeztu ezean, pertsona hori ez da proban onartuko eta prozesutik baztertuta geratuko da.

Aurreko dokumentuez gain, proba praktikora, erabiliko den ibilgailuari dagokion dokumentazioarekin agertuko dira. Proba praktikoa egin baino lehen, lehenengo oinarrian zehazten den bezala, hautagaia gutxienez duela bi urte B motako gidabaimenaren titularra den ala ez egiaztatuko da. Baldintza hori betetzen ez badu, prozesutik baztertuta geratuko da, eta ez du kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izango.

Aldez aurretiko hautaketa-probarako deialdi bakarra egingo da, eta agertzen ez diren pertsonak baztertuta geldituko dira, alega daitekeen arrazoia edozein dela ere.

Proba hau etengo zaio, eta ez-gai kalifikazioa emango zaio, proban zehar ordena nahasten duenari edo proban iruzurra edo iruzur-ahalegina egiten duenari, darabilen modua edo prozedura edozein dela ere.

4.1.– Proba teorikoa.

Proba teorikoa gidarien, ibilgailuen eta zirkulazioaren arauei, zirkulazioa arautzeko seinaleei eta bide-segurtasuneko gaiei buruzkoa izango da, eta baztertzailea izango da. Emandako inprimakian, idatziz erantzun beharko zaio aipatutako gaiei buruzko 30 galderako galdera-sortari (gehi erreserbako beste 4 galdera), horretarako aukera anitzeko sistemari jarraituta.

Proba egiteko denbora galderako minutu batekoa izango da.

Proba hori baztertzailea denez, kalifikazio-epaimahaiaren ebazpen baten bidez emango dira argitara behin-behineko emaitzak, Internet-eko helbide honetan: www.trafikoa.eus; eta, hala badagokio, erreklamazioak egiteko epea zehaztuko da.

4.2.– Proba praktikoa.

Proba praktikoa salbuetsi gabeko pertsona onartuek egingo dute, 7.1 oinarrian xedatutakoarekin bat, eta trafikoari irekitako bideetan gidatzeko eta zirkulatzeko teknikei eta horiek menderatzeari buruzkoa izango da. Gutxienez hogeita bost minutu iraungo du.

Trafiko orokorrari irekita dauden hiri-bideetan nahiz hirien artekoetan egingo da eta eskuzko martxa-aldaketa duen turismoa erabiliko da. Turismo hori pertsona interesdunak ekarri beharko du.

Proba baztertzaile horren helburua hauexek aztertzea izango da bereziki: hautagaiak ibilgailua eta horren aginteak maneiatzeko eta zirkulazioa arautzen duten arauak eta seinaleak betetzeko duen gaitasuna eta esperientzia, trafikoan eragiten duten faktore ezberdinen aurrean dituen portaera eta jarrerak, baita eraginkortasunez gidatu eta zirkulazioaren gorabeheretara nahiz egoeretara moldatzeko duen gaitasuna aztertzea ere; eta proban segurtasunari arreta berezia jarriko zaio.

Proba praktikoa gainditzen dutenek ikastaroa egingo dute, zeina bosgarren oinarrian xedatutakoarekin bat garatuko baita.

4.3.– Aldez aurretiko hautaketa-proban gai kalifikazioa lortu dutenen zerrenda.

Aldez aurretiko hautaketa-proba amaitzen denean, epaimahaiko lehendakariaren ebazpen baten bidez, gai kalifikazioa lortu dutenen behin-behineko zerrenda argitaratuko da. Emaitzen aurkako erreklamazioak, bai proba teorikoari, bai proba praktikoari dagozkienak, ebazpenean adierazitako epearen barruan aurkeztu beharko dira. Aurkezten diren alegazioak aztertu ostean, aldez aurretiko hautaketa-proban gai kalifikazioa lortu dutenen behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtuko da.

Behin betiko zerrendan honako hauek sartuko dira: aldez aurretiko hautaketa-proban gai kalifikazioa lortu dutenak eta aurreko deialdietan gainditu izanagatik salbuetsita daudenak. Horiek guztiek 5.1 oinarrian aipatzen den urrutiko irakaskuntza-fasea egingo dute.

Bosgarrena.– Ikastaroaren araubidea.

Ikastaroa teorikoa eta praktikoa izango da eta bi fase izango ditu: bata, urrutiko irakaskuntzarena, eta, bestea, ikastaroa ematen den zentroan aurrez aurreko prestakuntzarena. Biak dira baztertzaileak.

5.1.– Urrutiko irakaskuntza-fasea.

Fase hori teorikoa izango da, eta gai edo irakasgai hauei buruzkoa izango da:

– Bideko zirkulazioa erregulatzen duten arauak eta seinaleak.

– Bide-segurtasunari buruzko gaiak. Trafiko-istripuak.

– Ibilgailuen erregelamendu orokorra eta, bereziki, ibilgailu hauei buruzko erregelamendua: astunak, pertsonen eta merkantzien garraiorako ibilgailuak, lehentasunezkoak eta bereziak.

– Ibilgailuen asegurua.

– Gidabaimenak, gidabaimen motak eta haiek lortzeko gaitasun-probak erregulatzen dituen araudia.

– Gidatzeko ikasketak eta gidarien prestakuntza-zentroak erregulatzeko araudia.

– Gidatzeari aplikatutako pedagogia eta psikologia.

– Ibilgailuen mekanika eta oinarrizko mantentze-lanak.

– Trafiko-istripuen aurrean izan beharreko portaera eta lehen sorospenak.

Programa zehatza eta jakintzagai bakoitzaren gaiak aldez aurretik emango dira argitara, eta behar besteko aurrerapenarekin, fase hau prestatzeko denbora nahikoa izateko.

Urrutiko irakaskuntza-fasean zehar bi ebaluazio egingo dira, eta bi ebaluazio horien arteko tartea hilabetekoa izango da gutxienez.

Ebaluazio bakoitzean idatziz erantzun beharko zaio, horretarako emango den inprimakian, jakintzagai bakoitzari buruzko hamar galdera dituen galdera-sorta bati. Ikasleek jakintzagai bakoitzari buruzko galderei erantzuteko gehienez hogei minutu izango dituzte.

Ebaluazioak egiteko, ikasleak probara NANarekin edo indarrean dagoen identitate- edo bizileku-txartelarekin edo, horiek izan ezean, pasaportearekin azalduko dira. Epaimahaiak, probak egiten diren bitartean, dokumentu horiek aurkezteko eska dezake, eta aurkeztu ezean, pertsona hori ez da proban onartuko eta prozesutik baztertuta geratuko da.

Urrutiko irakaskuntza-fasean, ebaluazioak egun bakarrean egingo dira, eta euretara agertzen ez direnak bazter utziko dira, alega daitekeen arrazoia edozein dela ere.

Proba hau etengo zaio, eta ez-gai kalifikazioa emango zaio proban zehar ordena nahasten duenari edo proban iruzurra edo iruzur-ahalegina egiten duenari, darabilen modua edo prozedura edozein dela ere.

Ebaluazio bakoitzean lortutako behin-behineko emaitzak kalifikazio-epaimahaiaren ebazpen baten bidez emango dira argitara, Interneteko helbide honetan: www.trafikoa.eus; eta hala badagokio, erreklamazioak egiteko epea zehaztuko da.

Ohiko bi ebaluazioetara aurkeztu eta sartutako jakintzagaietako bat gainditu ez dutenek horien errekuperazioa egiteko aukera izango dute. Bigarren ebaluazioaren eta errekuperazioaren artean hilabeteko tartea izango da gutxienez. Errekuperazio-ebaluazioan, ikasleek hogei minutu izango dituzte erantzuteko jakintzagai eta ebaluazio bakoitzeko.

Urrutiko irakaskuntza-fasea bukatutakoan, epaimahaiko lehendakariaren ebazpen baten bidez argitara emango dira fase horretako behin-behineko emaitzak, eta erreklamazioak aurkezteko epea ere adieraziko da.

Aurkezten diren erreklamazioak aztertutakoan, epaimahaiko lehendakariaren ebazpenez argitara emango dira hauek: urrutiko irakaskuntza-faseko behin betiko emaitzak eta aurrez aurreko prestakuntza-fasean izango diren pertsonen behin betiko zerrenda, ebazpen honen bosgarren oinarriko 5.2 atalean adierazitakoarekin bat, eta lortutako kalifikazioaren hurrenkeraren arabera.

Aurrez aurreko prestakuntza-fasean onartzeko behin betiko zerrendan agertzen direnek, kalifikazio-epaimahaiak ezarritako epean, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako tituluaren edo Teknikariaren tituluaren (Bigarren Mailako Lanbide Heziketa) ala titulu baliokidearen edo goragoko mailakoaren kopia edo fotokopia, originalarekin behar bezala erkatuta.

Titulu baliokidea izanez gero, baliokidetasun hori frogatu egin beharko da dagokion hezkuntza-agintaritzak emandako egiaztagiriaren bidez.

Espainiakoa ez den hezkuntza-sistema batean ikasketak egin dituzten pertsonek ziurtagiriaren edo homologazioaren bidez –Hezkuntza Ministerioak egina, hala badagokio– egiaztatu beharko dituzte ikasketak.

– 2. taldeko gidariei eskatzen zaien gaitasun psikofisikoaren txostena, 1. oinarrian xedatutakoa alde batera utzi gabe. Txosten hori gidariei osasun-azterketak egiteko zentro batek eman beharko du.

Arestian aipatutako dokumentuak aztertu ondoren, norbaitek ebazpen honen 1. oinarrian eskatutako baldintzak betetzen ez dituela ikusten bada, hamar eguneko epean akatsa konpontzeko edo derrigorrezko dokumentuak eransteko eskatuko zaio.

Aurreko paragrafoan finkatzen den epearen barruan, eskatutako dokumentazioa aurkezten ez bada edo dokumentazio hori aztertu ostean hautagaiak ebazpen honen 1. oinarrian eskatutako baldintzetako bat betetzen ez duela ikusten bada, aurkezten diren alegazioak aztertu ondoren, hautagai horren jarduerak baliogabetuko dira, ikastaroan onartzeko eskabidea faltsutzeagatik izan dezakeen erantzukizuna alde batera utzi gabe.

5.2.– Aurrez aurreko prestakuntza-fasea.

Urrutiko irakaskuntzako faseari dagozkion irakasgai edo jakintzagai guztiak gainditzen dituzten pertsonak aurrez aurreko fasera pasatuko dira, lortutako kalifikazioen araberako hurrenkeran.

Aurrez aurreko fasera joateko, hautagaiak behar beste talde eta txandatan banatuko dira, eta ondoz ondo emango zaie fase horretarako hitzordua.

Aurrez aurreko fasearen txanda bakoitzerako gehienez onartutako plazen kopurua 100eko 5ean handitu daiteke irakaskuntza teorikora mugatuta dagoen Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria eskatzen dutenentzat.

Fase horretarako hitzordua izan eta bertaratzen ez direnek beren eskubideak galduko dituzte, kalifikazio-epaimahaiak justifikazio egokitzat jotzen duen arrazoirik frogatu ezean.

Aurrez aurreko faseak hamar asteko iraupena izango du, gutxi gorabehera; tarte horretan denbora proportzionalki banatuko da irakaspen teorikoen eta horien aplikazio praktikoaren artean, kalifikazio-epaimahaiak prestatutako programaren arabera.

Fase hau etengo zaio eta ez-gai kalifikazioa emango zaio proban zehar ordena nahasten duenari edo proban iruzurra edo iruzur-ahalegina egiten duenari, darabilen modua edo prozedura edozein dela ere. Fase hau emateko ardura duen erakundeak edo enpresa esleipendunak horri buruzko txostena igorriko dio kalifikazio-epaimahaiko lehendakariari, eta, horrek, interesdunari entzun ostean, ebazpena emango du.

Seigarrena.– Non egingo den.

Aldez aurretiko hautaketa-proba eta urrutiko irakaskuntza-faseko ebaluazioak Vitoria-Gasteizen egingo dira.

Aurrez aurreko fasea Vitoria-Gasteizen egingo da, eta kalifikazio-epaimahaiak jartzen duen ordutegiari eta programari egokituta.

Zazpigarrena.– Salbuespenak.

7.1.– Aldez aurretiko hautaketa-proba.

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak, Trafiko Zuzendaritza Nagusiak edo Servei Català de Trànsit izenekoak eginiko ikastaroen azken bi deialdietakoren batean proba gainditu duten pertsonak salbuetsita egongo dira aldez aurretiko hautaketa-proba egitetik, teorikoa zein praktikoa, baldin eta proba horiek deialdi honen aurreko lau urteetan izan badira; urriaren 17ko 1295/2003 Errege Dekretuaren bidez onartutako Gidari Eskola Partikularrak Arautzen dituen Erregelamenduak xedatutakoaren babesean.

Trafikoari irekitako bideetan gidatzearen eta zirkulatzearen gaineko proba praktikoa egitetik salbuetsita daude honako hauek: C1 motako edo goragoko mailetako gidabaimenen (indarrean daudenak) titularrak, baldin eta baimen horiek 2020ko otsailaren 5a baino lehen lortu badituzte.

Aldez aurretiko proba teorikoa egitetik salbuetsita egongo dira honako baldintza hauek betetzen dituztenak: irakaskuntza teorikora mugatuta dagoen Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortu izana, gidarien 2. taldeari eskatzen zaizkion gaitasun psikofisikoak dituztela egiaztatzea, eta mugarik gabeko gaitasun-ziurtagiria eskatzea.

Aldez aurretiko hautaketa-probari dagokion proba praktikoa egitetik salbuetsita egongo dira honako hauek: Gidarien Erregelamendu Orokorraren 45. artikuluko gidarien 2. taldearentzat eskatutako gaitasun psikofisikoak ez dituztela-eta, arlo teorikora mugatutako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortu nahi dutenak.

7.2.– Urrutiko irakaskuntza-fasea.

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak egindako deialdietakoren batean (idazki hau argitaratzean amaitu gabekoren batean) aurrez aurreko fasera bertaratu eta gainditu gabeko irakasgairen bat dutelako fase hori gainditu ez dutenak edo deialdi horren kalifikazio-epaimahaiaren ebazpenez hala aitortutako halabeharrezko edo aurreikusi ezinezko kausa bat dela-eta joan ezin izan direnak salbuetsita daude deialdi honetako urrutiko irakaskuntza-fasea egitetik. Kasu bietan ere, aurrez aurreko fasea osorik burutu beharko dute.

Urrutiko irakaskuntza-fasea egitetik salbuetsita egongo dira, honako baldintza hauek betetzen dituztenak: irakaskuntza teorikora mugatuta dagoen Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortu izana, gidarien 2. taldeari eskatzen zaizkion gaitasun psikofisikoak dituztela egiaztatzea, eta mugarik gabeko gaitasun-ziurtagiria eskatzea.

Zortzigarrena.– Kalifikazio-sistema.

8.1.– Aldez aurretiko hautaketa-proba.

Aldez aurretiko hautaketa-probako proba teorikoen eta praktikoen kalifikazioa gai edo ez-gai izango da.

Proba teorikoa gainditzeko eta proba praktikoa egin ahal izateko, 27 galderari edo gehiagori zuzen erantzun beharko zaie.

Proba praktikoa kalifikatzeko, kalifikazio-epaimahaiak zehaztutakoari erreparatuko zaio. Horrek Gidarien Erregelamendu Orokorrean eta hori garatzeko arauetan xedatutakoak kontuan hartuko ditu, eta nahikoa aurrerapenez informazio-ohar baten bidez argitaratuko du.

8.2.– Urrutiko irakaskuntza-fasea.

5.1 oinarrian zehaztutako irakasgai edo jakintzagai bakoitza gehienez ere hamar puntuz kalifikatuko da ebaluazioko. Erantzun zuzen bakoitzeko puntu bat lortuko da. Jakintzagai edo irakasgai bakoitza gainditzeko, ebaluazio bakoitzean, gutxienez, zazpi puntu lortu beharko dira.

Errekuperazioa gainditzeko, errekuperatu beharreko jakintzagai eta ebaluazio bakoitzean, eginiko hamar galderetatik, gutxienez zazpi zuzen erantzun beharko dira. Hala ere, errekuperazioa kualitatiboa izango da, hau da, errekuperatua ala ez errekuperatua.

Urrutiko irakaskuntza-faseari dagokion kalifikazio globala honelaxe lortuko da: ohiko bi ebaluazioetako jakintzagai bakoitzeko puntuazioak batuta. Jakintzagairen bat errekuperatu bada, kalifikazio globala lortzeko, ohiko ebaluazioan lortutako puntuazioa baliatuko da.

8.3.– Aurrez aurreko prestakuntza-fasea.

Ikastaroaren fase hau kalifikatzeko, ebaluazio jarraituaren sistema erabiliko da. Horretarako, jakintzagai bakoitzean ebidentziak jasoko dira, ezagutzen, trebetasunen eta jarreren globalizazioa eta integrazioa ebaluatu ahal izateko.

Amaierako kalifikazioa gai edo ez-gai izango da. Prestakuntza-fase hau osatzen duten ikasgaietako bakoitzean, 10 puntutik gutxienez 5 puntuko kalifikazioa lortzen duenak gai kalifikazioa lortuko du.

Aurrez aurreko prestakuntza-denboraren % 75 igaro eta gero hautagai batek emandako ebidentzietatik ondorioztatzen bada zailtasunak izango dituela jakintzagairen bat gainditzeko, orduan, prestakuntza-zentroak dei egingo dio, zehazten duen denboran eta eran, berariazko proba bat egin dezan. Proba hori ebidentzia gisa gehituko da, jakintzagaiaren azken kalifikazioa lortzeko.

Deituak izan direneko txandan aurrez aurreko fasea amaitzen edo gainditzen ez dutenek –bertaratu badira– gainditu gabeko irakasgaiak errepikatu egin beharko dituzte, epaimahaiak erabakitako txandan, halako bat baino gehiago programatu bada.

Aurrez aurreko fasean txanda guztiak amaitu ostean, jakintzagai guztiak gainditu ez dituztenek oso-osorik errepikatu behar dute deituko den hurrengo ikastaroan ezartzen den aurrez aurreko fasea.

Aurrez aurreko fasea bukatutakoan, Epaimahaiko lehendakariaren ebazpen baten bidez argitara emango da hura gainditu dutenen zerrenda, non alegazioak aurkezteko epea ere zehaztuko baita.

Aurkezten diren alegazioak aztertutakoan, deialdi hau amaitutzat joko da, eta epaimahaiko lehendakariaren ebazpen baten bidez argitara emango da ikastaroa gainditu dutenen behin betiko zerrenda.

Bederatzigarrena.– Aurrez aurreko prestakuntza-faseko gastuak.

Urrutiko irakaskuntza-fasea gainditu eta aurrez aurreko prestakuntza-fasea egingo duten hautagaiek enpresa esleipendunari edo fase hori egiteaz arduratzen den erakundeari zuzenean 2.000 euro ordainduko dizkiote, eta, hala badagokio, zenbateko horri lehenengo txanda egiten den urteko urtarrilaren 1era arte metatutako KPIa gehitu beharko zaio.

Gaixotasuna edo kalifikazio-epaimahaiak egoki justifikatutako eta baloratutako ezinbesteko arrazoiak direla-eta, hasi ondoren prestakuntza-fasea utzi behar duten pertsonei itzuli egingo zaie enpresa esleipendunari edo erakundeari ordaindutako zenbatekoa, burututako prestakuntza-denboratik parte proportzionala kendu eta gero.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa ez zaie aplikatuko proban zehar ordena nahastu edo proban iruzurra edo iruzur-ahalegina egiteagatik fase hori bertan behera utzi behar izan duten partaideei.

Hamargarrena.– Informazioa.

Deialdi honetan agertzen direnez gain, informazio gehiago, osagarria eta ezinbestekoa, hauek argitaratzeko zerrendetan jaso eta jakinaraziko dira: aldez aurretiko hautaketa-probarako onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda, aldez aurretiko hautaketa-probetan gai kalifikazioa lortu dutenena eta urrutiko irakaskuntza-fasean onartutakoena, ebaluazio desberdinetan lortutako kalifikazioena, urrutiko irakaskuntza-fasea gainditu dutenena, aurrez aurreko prestakuntza-faserako deitutakoena edo bestelakoak; edo bestela, informazio-oharrak egingo dira. Horiek guztiak Interneteko helbide honetan argitaratuko dira: www.trafikoa.eus

Aldez aurretiko hautaketa-proba osatzen duten probak eta urrutiko irakaskuntza-faseko ebaluazioak egiteko deialdiak, gutxienez, hogeita lau orduko aurrerapenaz argitaratuko dira.

Hamaikagarrena.– Errekurtsoak.

Epaimahaiaren behin betiko ebazpenen eta izapide-egintzen aurka –azken horiek gaiaren funtsari zuzenean edo zeharka eragiten badiote eta deialdian aurrera egiteko ezintasuna badakarte edo legezko interesei edo eskubideei kalte konponezina badakarkie–, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Trafikoko zuzendariaren aurrean, hilabeteko epean, haiek argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 121. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera.

Era berean, interesdunek beren interesak defendatzeko komenigarritzat jotzen duten beste edozein errekurtso jar dezakete.

Hamabigarrena.– Kalifikazio-epaimahaia.

12.1.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak kide anitzeko organoetarako xedatutakoarekin bat jardungo du kalifikazio-epaimahaiak. Hala, ebazpen honen interpretazioari buruz eta ikastaroaren funtzionamenduari eta kudeaketari buruz, plantea daitezkeen zalantzak eta gaiak ebazteko behar adina aldiz bilduko da.

Jakinarazpenetarako eta gainerako gorabeheretarako, epaimahaiaren egoitza honakoa izango da:

Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko Epaimahaia.

Trafiko Zuzendaritza.

Donostia kalea, 1.

01010 Vitoria-Gasteiz.

Hauek izango dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

– Lehendakaria: Ander Hormaetxe Azumendi jauna.

– Ordezkoa: M.ª Victoria Dueñas Beltrán de Heredia andrea.

– Bokalak:

M.ª Jesús Iturralde Arriaga andrea.

Carolina Fernández Santos andrea.

Iñaki Eguiara Garay jauna.

M.ª Victoria Fernández García andrea.

– Ordezkoak:

Arantza Agirre Vicente andrea.

Elisabeth Navarro Lizarralde andrea.

Igor Basterretxea Gandarias jauna.

Naiara Molinuevo González andrea.

– Idazkaria: M.ª Esther Montes Pereda andrea.

– Ordezkoa: Idoia Berasain Teruelo andrea.

Gainera, Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren ordezkari hauek jardungo dute kalifikazio-epaimahaian, bokal:

– Titularra: Justiniano Redondo Bermejo jauna, Arabako Trafikoko probintzia-burua.

– Ordezkoa: Esther Martín Jiménez andrea, Bizkaiko Trafikoko probintzia-burua.

12.2.– Hautaketa-probaren kalifikazio-epaimahaian parte hartzea honela ordainduko da: zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren ordezkari gisa parte hartzen dutenei ere araudi bera aplikatuko zaie.

Hamahirugarrena.– Gaitasun-agiria ematea.

Aurrez aurreko prestakuntza-fasea gainditzen dutenei Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria emango zaie, dagokion tasa ordaindu ondoren.

Hamalaugarrena.– Azken xedapena.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Segurtasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 47. eta 48. artikuluekin lotuta 112.1 artikuluan xedatuta dagoenaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 17a.

Trafikoko zuzendaria,

SONIA DÍAZ DE CORCUERA RUIZ DE OÑA.


Azterketa dokumentala