Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

24. zk., 2020ko otsailaren 5a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
574

AGINDUA, 2020ko urtarrilaren 17koa, Hezkuntzako sailburuarena, Donostiako udalerrian (Gipuzkoa) Haur Hezkuntzako ikastetxe pribatu bat ireki eta jardunean jartzeko baimena emateko dena.

Aztertuta geratu da «Asociación LVF– Asociación promotora del centro educativo trilingüe de la Eurorregión en Donostialdea» erakundearen ordezkariak aurkeztutako eskaera, zeinaren bidez eskatzen baita Donostiako udalerrian Haur Hezkuntzako ikastetxe pribatu bat irekitzeko eta jardunean jartzeko baimena ematea Haur Hezkuntzako irakaskuntzak emateko.

Espediente hori ezarritako prozeduraren arabera izapidetu da, indarreko arauek eskatzen dituzten agiriak erantsi zaizkio, eta arlo horretan eskumena duten erakundeek horri buruzko txostena eman dute.

Arau hauek ikusi dira: Araubide orokorreko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzak eskaintzeko baimenak ikastetxe pribatuei emateari buruzko apirilaren 3ko 332/1992 Errege Dekretua (9ko BOE); apirilaren 3ko 332/1992 Errege Dekretua aldatzen duen otsailaren 12ko 131/2010 Errege Dekretua (martxoaren 12ko BOE); otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretua, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek bete behar dituzten derrigorrezko baldintzak ezartzen dituena (martxoaren 12ko BOE); azaroaren 16ko 215/2010 Dekretua, 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako haur-eskolek bete beharreko gutxieneko baldintzak ezarri, eta abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuaren artikulu batzuk (azken dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko zero urtetik hiru urtera bitarteko umeen haur-eskolak arautu zituen 2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetan) indarrean iraunarazten dituena (azaroaren 19ko EHAA), eta gai horretan aplikatu beharreko gainerako legeak. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Jarraian zehazten den ikastetxe pribatua irekitzeko eta jardunean jartzeko baimena ematen da:

Kode zenbakia: 20015433.

Izen generikoa: haur hezkuntzako ikastetxe pribatua.

Izen espezifikoa: «Liceo Vasco-Francés Larrun».

Titularra: «Asociación LVF– Asociación promotora del centro educativo trilingüe de la Eurorregión en Donostialdea».

Helbidea: Zorroaga pasealekua, 7.

Udalerria: Donostia.

Lurralde historikoa: Gipuzkoa.

Baimentzen diren irakaskuntzak:

– Haur Hezkuntzako 1. zikloa. Edukiera: unitate 1, bi urtetik hiru urtera bitarteko haurrentzat, 15 ikaspostuko edukierakoa.

– Haur Hezkuntzako 2. zikloa. Edukiera: 3 unitate, bakoitza 20 ikaspostuko edukierakoa.

2. artikulua.– Indarrean dauden arauak betetzera behartuta dago ikastetxea, agindu honen bidez baimenduko diren irakaskuntzak emango dituzten irakasleen titulazio akademikoari eta hizkuntza-eskakizunari dagokienez. Bestela, bidezkoa litzateke emandako baimena baliogabetzea.

3. artikulua.– Ikastetxeak martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Eraikingitzaren Kode Teknikoa bete beharko du, bai eta indarreko legeriak ezartzen dituen higiene-, osasun-, akustika-, bizigarritasun-, segurtasun- eta irisgarritasun-baldintzak ere. Ikastetxearen titularraren erantzukizuna izango da baldintza horiek betetzea.

4. artikulua.– Baimendutako irakaskuntzak egun indarrean dagoen antolamendu akademikoak ezarritakoari jarraituz irakatsiko dira, eta irakaskuntza horietan edozein aldaketa egin nahi izanez gero, beharrezkoa izango da Hezkuntza Sailaren baimena izatea.

5. artikulua.– Indarrean dauden arauak betetzera behartuta dago ikastetxea, eta agindu honetako lehenengo artikuluan adierazitako daturen bat aldatu behar bada, ikastetxea behartuta dago dagokion baimena eskatzera

6. artikulua.– Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen Lege Organikoaren 23. artikuluaren arabera, emandako baimena baliogabetu egingo da ikastetxeari baimena ematerakoan jarraitutako araudiak ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, edo baimenduta dituen irakaskuntzak egungo indarreko antolamendu akademikoak ezarritako arauen arabera irakatsiko ez balira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ikastetxea sortzeko eta jardunean jartzeko emandako baimenak 2020-2021 ikasturtetik aurrera izango ditu ondorioak, eta ikastetxea Ikastetxeen Erregistroan inskribatzea ekarriko du.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honetan dagoen baimen-emateak ez du esan nahi hezkuntza-itunen araubidearen bitartez dirulaguntzarik lortuko denik.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 17a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala